Euskal Herriko Bakearen Aldeko Koordinakundea
Euskal Herriko Bakearen Aldeko Koordinakundea (gaztelaniaz Coordinadora Gesto por la Paz de Euskal Herria) plataforma bakezale , hiritarra, unitarioa, pluralista eta independentea da.
1989an sortu zen gizarte zibilaren erantzun antolatu bat bezala Euskal Herriak pairatzen duen indarkeri politikoari aurre egiteko asmoz. "Bakearen aldeko Koordinakundea" eta "Euskal Herriko Bakearen aldeko Elkartea" bildu zituen.
Bakea lortzeko bere proiektuaren xede nagusiak honako hauek dira: hiritarron mobilizazioa handitzea eta indartzea, gizartea kontzientziaraztea indarkeriaren aurka eman beharreko erantzun baketsu baina tinko eta garbiaz duen erantzukizunaz, instituzio publikoek indarkeria desagerrarazteko egiten duten lana legearen barnean eta giza eskubideak errespetatuz egiten ote den ikuskatzea eta bakearen kultura sustatzea.
Eduki-taula |
[aldatu] Historia
Bakearen aldeko Koordinakundearen aurrekariak 1982an koka daitezke, Bakearen aldeko Artisauak izeneko higikundea kontzentrazio isilak antolatzen hasi zenean. Hilketa bat zuzenean gaitzesteko aurreneko kontzentrazioa 1985ean egin zen, eta orduz geroztik Euskal Herriko hainbat puntutan deitzen dituzte kontzentrazioak heriotzaren bat eragiten duen edozein erasoren ondoren.
Bakearen aldeko Koordinakundea 1986an sortu zen, baita Euskal Herriko Bakearen aldeko Elkartea ere. 1988an egin zuen bere lehenengo manifestazioa Bakearen aldeko Koordinakundeak, Bilbon, Bakea zure esku dago goiburuaz. Urte berean, Bakearen aldeko Nazioarteko Martxa antolatu zuen.
1989. urteko maiatzean Euskal Herriko Bakearen Aldeko Koordinakundea sortu zen, bi higikunde horiek bat egin ondoren. Urte hartako urrian, Eusko Legebiltzarrak 1990eko Nobel sarirako proposatu zuen Koordinakundea.
1993an, Julio Iglesias Zamora ingeniari gipuzkoarra ETAk bahituta zeukala, haren askatasuna aldarrikatzeko begizta urdina proposatu eta zabaldu zuen, hainbat urtez ikur bilakatuko zena.
Azken urte hauetan hainbat manifestazio, kanpaina, kontzentrazio eta ibilaldi egin ditu, beste ekitza askoren artean, Bakearen aldeko Koordinakundeak. ETAren jarduna ezbairik gabe salatzeaz gainera,eta ETAren aurkako higikunde hiritarrean erreferentzia bilakatzearekin batera, presoen Euskal Herriratzea, GAL auzia argitzea eta indarkeria mota guztiak deuseztatzea eskatu izan du. ETAren aurkako higikunde hiritarraren inguruko hainbat ekimen azken urteotan erabat gogortu badira ere, Bakearen aldeko Koordinakundeak, oro har, jatorrizko ezaugarriei eutsi die.
[aldatu] Ikus, gainera
[aldatu] Kanpo loturak
[aldatu] Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek lizentzia librearekin laga zituen, euskal Wikipedia osatzeko proiektu baterako.