Euskal Herriko ardoak

Wikipedia, Entziklopedia askea
Euskal Herriko ardoen mapa:
Nafarroako Ardoa:      Behe Erribera      Goi Erribera      Lizarraldea      Izarbeibarra      Behe Mendialdea Errioxako Ardoa      Errioxako Ardoa
Irulegiko Arnoa      Irulegiko Arnoa
Txakolinak      Arabako Txakolina      Bizkaiko Txakolina      Getariako Txakolina
Euskal Herriko ardo produkzioa

Euskal Herriko ardoak 6 sor-markatan banatuta daude, eskualdearen eta ezaugarrien arabera. Horietako bat, Nafarroako Ardoa, 5 azpizonaldetan banatzen da. Araban, Errioxako Ardoa eta Arabako Txakolina ekoizten dira.

Bizkaian Bizkaiko Txakolina eta Gipuzkoan Getariako Txakolina. Nafarroa Beherean Irulegiko Arnoa ekoizten da eta Nafarroa Garaian Errioxako Ardoa egiteaz gain Nafarroako Ardoaren bost eskualde daude: Behe Mendialdea, Lizarraldea, Izarbeibarra, Behe Erribera eta Goi Erribera.

Nafarroako Ardoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Nafarroako Ardoa»

Nafarroako Ardoak guztira 18.841,45 Ha mahasti ditu bere baitan.[1]. 5 eskualde ezberdinetan banatzen da ardoak sailkatzerakoan.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ardoaren Iturria Iratxeko monasterioan

Nafarroan ardoa historiaurretik egin izan da. Jada I. mendean ardoa egiten zela dokumentatua dago, erromatarrek Funes, Andelos, Ledea eta Faltzesen modu industrialean egiten zuten. Kaskante eta Zentronikon ere ardoa biltzeko. Goi Erdi Aroan (XIII eta XV. mendeen artean) Ebro ibarretik Pirinioetara hedatzen ziren mahastiak, baina oso jende gutxi bizi zenez produkzioa ere ez zen oso handia. Ezkabarte eta Arakilen ardoak egiten zirela aurkitu da. Lurrak monasterioen esku zeudenez Iratxeko monasterioa bezalako guneek produkzio handia egiten zuten. Done Jakue bideak ere eragin handia izan zuen ardogintzan eta kronika ezberdinetan agertzen da Nafarroako ardoen kalitatea. Nafarroako Erresumako errege-erreginek berezko ardoa zuten ere.[1]

Pizkundetik XVIII. mendea ardo ugari egiten zen Nafarroan. Horregatik autoritateek kanpoko ardoa ekartzearen aurkako neurriak hartu zituzten eta mahasti gehiago landatzea debekatu zuten. Gehiegizko produkzio hori Donostiako portutik eramaten zuten atzerrira. Iruñeak ere Erriberako ardoa sartzea debekatu zuen, bere produkzioa babestu asmoz. XIX. mendean lehen ardo enpresa sortu zen eta inoiz egon den mahasti kopururik handiena zegoen, 50.000 Harekin. 1885an mildiuak krisi handia sortu zuen ardoan eta 1896an lehendabizikoz agertu zen mahats-zorria Nafarroa Garaian, Etxaurin hain zuzen ere. Buztin-lurrek eta uda beroek hiru aldetik zabaldu zuten intsektua: hegoalderantz, Tafallarantz eta Erriberrirantz; ekialderantz Agoitz eta Irunberriko mahastietara; eta Viana eta Los Arcoserantz. Hiru artean, 1899an, Ebro zeharkatu zuen: Sajazarra (Errioxa) eta Borja eta Tarazonaraino (Zaragoza).[2][3] Filoxera intsektuak jatorrizko 50.000 ha. 700etan utzi zuen. XX. mendean kooperatibak sortzen dira, lehenengoa Erriberrin. 1980an 70 kooperatiba zeuden jada eta kalitatea igotzeko agentzia sortu zen.[1]

Mahats motak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nafarroako Ardoak beltzak, gorriak eta zuriak dira. Horretarako mahats ezberdinak erabiltzen dira:

Hala ere, historikoki, gorriek izan dute fama handiena, nahiz eta azkeneko urtetan ardo beltzek eta zuriek ere indarra hartu duten.

Ekoizpena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nafarroako Erreserbako ardo beltza
Chivite ardo berezia
Bodegas Valdorba, Orbaibarren.

Nafarroako Izendapenaren Kontseiluaren arabera mahatsaren ekoizpena honako hau da:

Urtea Kiloak Kalif. Urtea Kiloak Kalif.
1985 93.802.186 Ona 1995 69.172.608 Bikaina
1986 71.998.186 Ona 1996 95.031.176 Oso ona
1987 52.920.474 Ona 1997 85.669.681 Ona
1988 47.946.167 Oso ona 1998 79.481.524 Oso ona
1989 72.993.873 Oso ona 1999 72.334.047 Oso ona
1990 66.873.090 Ona 2000 125.224.590 Oso ona
1991 58.087.291 Ona 2001 94.166.199 Bikaina
1992 85.149.627 Ona 2002 80.048.719 Oso ona
1993 68.711.120 Oso ona 2003 107.937.450 -
1994 68.108.739 OSo ona 2004 145.101.241 Bikaina
2005 113.099.521 Bikaina

Gutxi gora behera 70 litro ardo egiten dira 100 kilo mahatseko.

Eskualdeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nafarroan 5 eskualde daude ardoaren ekoizpenean, bakoitzak bere berezitasunekin, nahiz eta jarraikortasun bat duten euren artean.

Behe Erribera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nafarroako hegoaldean dago eta garrantzitsuena da azaleran bai eta ardandegi kopurua dela eta. Guztira 5.666 hektarea ditu eta hektarea horietako bakoitzean 7.405,08 kilo mahats ekoizten dira. Guztietan eskualderik lehorrena da, 448 mm. euri urtean. Mahatsak hazteko onuragarriak diren egunak 241 dira.[1]

Goi Erribera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mahastia Santakaran

Nafarroako Erdialde eta Hegoaldean, Erriberriren inguruan 5.944 hektarea ditu guztira eskualde honek. 6.360,89 kilo ekoizten dira hektareako. Gehienez ere 513 mm. euri egiten ditu urtean Erriberrin eta gutxienez 444 mm. Martzilla inguruan. Mahatsa hazteko egun onak 238 eta 245 artekoak dira.

Izarbeibar[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Izarbeibarreko eskualdean ere ardoa egiten da eta bertan Done Jakue bideak eragin handia izan du. Guztira 1.493 ha mahasti daude eta horietako bakoitzak 5.918,77 kilo mahats sortzen ditu batez beste. Klima lehorretik azpihezerako trantsizio eskualdean dagoenez euri gehiago egiten du eskualde honetan, 593 mm. gutxi gorabehera. Mahatsak 218 egun ditu hazteko.

Behe Mendialdea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eskualde hau Nafarroako erdi-ekialdean dago, Aragon ibaiaren ertzetan. 2.655 hektarea mahasti daude eta bakoitzak 5.298,26 kilo sortzen ditu batez beste. Guztietan hezeena da, 683 mm eurirekin, baina 232 egun daude hala ere mahatsak hasteko.

Lizarraldea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lizarraldeko ardoak 3.083 hektarea mahasti ditu eta horietako bakoitzak 5.894,12 kilogramo mahats sortzen ditu urtero. Klima Izarbeibarren antzekoa da, euria egiten du baina ez gehiegi. Done Jakue bidean egoteak eragin handia izan du ardoaren historian.

Txakolina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Txakolin»
Txakolin botila bat
Txakolin (Donostia)

Txakolina ardo zuri-berde mota berezia da. Tradizionalki baserrietan egin izan dute, baina gaur egun profesionalizatuago dago prozesua. Gaur egun, 340 hektareatan zabaltzen dira mahastiak, hiru jatorrizko izendapen bananduta, ia 1.800.000 litro ekoiztuz urtean: Getariakoa (165 hk. eta 900.000 l.), Bizkaikoa (120 hk. eta 700.000 l.) eta Arabakoa (55 hk. eta 180.000 l.).

Bi mota nagusi ditu, zuria eta gorria, lehenengoa izanda hedatuena. Bigarrena Bizkaian batez ere ekoizten dute: Bakion, Balmasedan eta Txorierriko eskualdean. Apur bat karbonaturik dago eta 10.5-12º inguru ditu normalean.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Penintsula osoan dago mahatsondoei buruzko dokumentazioa, erromatarrak etorri ziren garaitik hasita. Hala ere, txakolin izena XVI. mendeko dokumentu historikoetan azaltzen da lehen aldiz. Espainiarrak eta frantsesak gerran zebiltzan Nafarroako erresuma menderatzeko asmoarengatik, eta Donostiara tropak heldu zirenean horra zer eman zien kontzejuak soldaduei: besteak beste, 3 pipa (500 bat litroko upelak ziren) txakolin ardo eta 45 pegar sagardo. Beste testu batzuetan aurkitu direnengatik, 1520 urtekoa da txakolin ardoari buruzko lehen aipamena. Bestalde, 1571n, gure txakolina penintsulako ardorik onenetakoa zela adierazi zuen Esteban Garibai historialari arrasatearrak.

Esanak esan, XVII. mendean lehen txakolin tabernak ireki zituzten, eta baxoerdi, orduko ohiko neurria, ateratzen zuten. Itziar auzokoak ospe handia zuen.

Mahats motak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arabako txakolina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Zuria: Hondarribi zuri (gomendatua), Hondarribi Zuri Zerratia, Izkiriota, Izkiriota ttipia, Riesling, Sauvignon zuria eta Chardonnay (baimenduak).
  • Gorria edo beltza: Hondarribi beltza.

Bizkaiko txakolina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Zuria: Hondarribi zuri eta Mune mahatsa (gomendatuak), Hondarribi Zuri Zerratia, Izkiriota, Izkiriota ttipia, Riesling, Sauvignon zuria eta Chardonnay (baimenduak).
  • Gorria edo beltza: Hondarribi beltza.

Getariako txakolina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Zuria: Hondarribi zuri (gomendatua), Hondarribi Zuri Zerratia, Izkiriota, Riesling eta Chardonnay (baimenduak).
  • Gorria edo beltza: Hondarribi beltza.

Jatorrizko izendapenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txakolin mahastia, Zarauztik Getariara bidean.
Lurretik aldenduak daude, hezetasunetik babesteko.
  • Getariako Txakolina: 1990ean eskuratu zuen izendapena Espainiako gobernuaren eskutik. Txakolin tradizionaletakoa da eta, hainbaten ustez kalitate handienekoa. Kantitateari dagokionez ere Getaria nagusia da, euskal ekoizlerik handiena izanda. Aian eta Zarautzen ere lan egiten dute jatorrizko izendapen honetako. 2008an Gipuzkoako beste hainbat udalerrik ekoitzi hala izango dute txakolina Getaria, Aia eta Zarautzez gain: Arrasate, Eibar, Mutriku, Deba, Zumaia, Zestoa, Orio, Hondarribia, Villabona, Urnieta, Oñati, Beizama, Zerain eta Olaberria.

Irulegiko Arnoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Irulegiko Arnoa»

Irulegiko Arnoa Nafarroa Behereko arno mota da, Irulegi inguruko mahastietan ekoitzia. Jatorri-izendapena duen Ipar Euskal herriko mahasti bakarra da, 1970. urtetik sor-marka duena.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Baigorri

Mahastiaren historia Done Jakue Bideari lotua dago. Orreagako fraideek sortu zuten XI. mendean, erromesei eskaintzeko asmoz. Pirinioetako Ituna sinatzean 1659an, fraideek mahastia utzi behar izan zuten eta biztanleek hartu bere gain.

1912an ia desagertu egin zen, mahats-zorria (filoxera) intsektuaren eraginez. 1970ean jatorria babesten duen sor-marka jaso zuen Frantziako gobernutik. Gaur egun, 50 bat ardogile daude Irulegi jatorri-izendapenarekin ardoa ekoizten.

Mahats motak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Zuria: Xuri Zerratia (Hondarribi zuri zerratia) eta Ixiriota Xuria (Izkiriota).
  • Gorria eta beltza: Axeria eta Bordelesa.

Antzina, hainbat mahats mota erabiltzen ziren: Xuri zerratia, Kroxenta, Pikapota, Izkiriota, Axeria edo Zorra Negra, Kamalua, Mantzinga, Bordalesa, Erre Mantxaua eta Pino beltza[4].

Mahastia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sor-markaren barnean dauden mahastien eremua 200 ha ingurukoa da, Garazi eta Baigorri-Ortzaize eskualdeetako udalerri hauetan daudela banaturik[5]: Aintzila, Anhauze, Arrosa, Azkarate, Baigorri, Bidarrai, Buztintze-Hiriberri, Donazaharre, Duzunaritze-Sarasketa, Irulegi, Izpura, Jatsu, Lasa, Lekunberri eta Ortzaize.

Ardo ekoizpena 5500 hektolitrokoa da, gutxi gorabehera honela banatua: %70 ardo beltza, %20 ardo gorria eta %10 ardo zuria.

Errioxako Ardoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Errioxako Ardoa»

Errioxako ardoa jatorrizko izendapena daukan ardoa da. Errioxa, Nafarroa zein Araban kokatuta dauden upeltegitan egiten da. Iberiar penintsulako hoberenetarikoen artean dago, eta mundu mailan ere aspaldi honetan oso ospetsu bilakatu da. Errioxako eskualde osoak 57.000 hektareako mahastiak ditu, urtero 250 milioi litro ardo ekoiztuz, %85a beltza. Hala ere Arabako Errioxa eta Nafarroako hegoaldean egiten den ardo kopuruak ez ditu hainbeste hektarea betetzen.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen erreferentzia idatzia 873. urtekoa da, Donemiliaga Kukulan jasotakoa. Geroago, Nafarroa eta Aragoiko erregeak Errioxako ardoaren lehen lege aitortzea egin zuen 1102an. Halaber, XIII. mendean Gonzalo de Berceok ere ardoa aipatzen du bere idatzietan.

1790ean Real Sociedad Económica de Cosecheros de Rioja elkartea sortu zuten eta 1852an Luciano Murrieta hasi zen bere ardo ezagunak sortzen, Bordeleko ereduari jarraituz. 1991n eskualdeko ardoek jatorrizko izendapena jaso zuten, Europar Batasunak baimendurik.

Mahats motak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Ardo beltza: Tempranillo (%61), Garnatxa (%18a), Mazuelo (%3,5a) eta Graciano (%0,7a).
  • Ardo zuria: Viura (%15a), Malvasía (%0,25a) eta Garnatxa (%0,09a).

Azpieskualdeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arabako Errioxa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arabako Errioxako ardoaren produkzioa.
Mahastiak zaintzeko gordeleku bat, Guardian

11.737 hektarea mahats beltz eta 1.037,33 hektarea mahats txuri lantzen dira. Klima atlantiar eta mediterraneoak eragiten du.

Mahasti gehien dituzten herriak hauexek dira:

Errioxa Beherea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

20.907 hektareako azalera du guztira, horietatik 6.774 Nafarroan[6]. Klima mediterraneoak eraginda. Nafarroako eskualde bat hartzen du barne, honako udalerri hauekin[7]:

Udalerria Beltza (Ha) Txuria (Ha) Ardandegiak
Andosilla 841,18 27,09 4
Aras 73,11 2,05 1
Azagra 1324,15 25,79 2
Bargota 339,7 14,26 1
Mendabia 1518,88 18,11 2
San Adrian 524,35 26,03 1
Sartaguda 30,09 0,37 0
Viana 1.421,69 104,03 3
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Euskal Herriko ardoak


Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d Consejo Regulador Denominacion de Origen Navarra
  2. Piqueras, J. (2005). «La filoxera en España y su difusión espacial: 1878-1926» Cuad. de Geogr. (77): 101-136..
  3. Oestreicher, A.. (1996). «La crisis filoxérica en España - Estudio comparativo sobre las consecuencias socio-económicas de la filoxera en algunas regiones vitivinícolas españolas» Hispania LVI/2 (193): 587-622..
  4. Le Canu, La vinification (XIX), aipua X. Arbelbideren artikulua "Irulegiko ardoa" (ikus Kanpo loturak).
  5. Cave irouleguy webgunea [1][Betiko hautsitako esteka]
  6. Evolución del viñedo inscrito por Comunidades Autonomas de la D. O. C. La Rioja. (Hectareas)[Betiko hautsitako esteka]
  7. Distribución de viñedos productivos por localidades[Betiko hautsitako esteka]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]