Euskal Herriko geografia fisikoa
Euskal Herriko geografia fisikoa oso aldakorra da, nahiz eta hedaduraz txikia den herrialde bat izan. Kostaldeko paisaia malkartsutik Bardeetako basamorturaino hedatzen da Euskal Herria eta bide horretan lautadak, mendilerroak eta bailara ugari ditu.
Mugakide natural nagusiak Kantauri Itsasoa (Bizkaiko Golkoa) ipar eta mendebaldean eta Ebro ibaia hegoaldean dira, eta tokirik gorena Hiru Erregeen Mahaiaren tontorra da (itsas mailatik 2438 metro gorago).
Eduki-taula |
[aldatu] Kostaldea
Bizkaiko Golkoan, Euskal Herriak mutur batetik bestera 252 kilometrotako kostaldea du, eta bertan, 104 hondartza inguru aurki daitezke. Bizkaia da kostalde luzeena duen euskal herrialdea: 154 kilometro ditu, eta 35 hondartza. Gipuzkoak 66 kilometroko kostaldea du, eta 28 hondartza, eta Lapurdik, 32 kilometrotako kostaldea eta 41 hondartza. Lapurdi da, beraz, kostalde laburrena izan arren, hondartza gehien duen herrialdea.
Euskal Herriko kostak hiru alde ezberdin ditu, ia-ia modu zuzenean Bizkaia, Gipuzkoa eta Lapurdiko mugekin bat egiten dutenak. Bizkaiko kostaldea malkartsua da, baina orokorrean hondartza handiak daude. Gainera bi itsas-adar daude bertan: Nerbioiko itsasadarra eta Urdaibai.
Gipuzkoako kostak gorabehera handiagoak ditu eta orokorrean hegiak handiagoak dira. Hondartza txikiagoak eta harritsuagoak daude Bizkaiko mugatik Zumaiararte eta hortik aurrera geroz eta luzeagoak diren hondartzak. Ibai ezberdinen itsasoratzetan estuario txikiak sortzen dira (Oria), eta beste batzuetan itsasadarrak (Urumea, Bidasoa).
Lapurdiko kostaldea, ordea, askoz lauagoa da. Hondartza geroz eta luzeagoak daude eta hegiak altuera txikikoak dira. Bidaso eta Atturri ibaiek beren urak hortxe isurtzen dituzte.
[aldatu] Mendiak
Euskal Herria oso herri menditsua da. Mendilerro gehienak mendebalde-ekialde ardatzean kokatzen dira. Arrokarik garrantzitsuena kareharria da, baina badira beste material batzuetaz osatutako mendiak, adibidez Aiako Harria granitoz osatuak daude.
Euskal Herriko mendirik altuenak Pirinioetan daude, altuena Hiru Errege Mahaia delarik. Mendilerro hau itsasoan bertan jaio eta ekialderantz igotzen doa, Orhi delarik 2.000 metrotik gaindi dagoen lehenengo mendia.
Araba eta Nafarroako hegoaldean Kantauriar mendilerroaren ekialdeko muga dago. Kodes edo Toloño bezalako mendilerroak dira Kantauriar mendilerroaren parte.
Bi mendilerro garrantzitsu hauen artean Euskal Herriko arkuko mendiak daude, ekialde-mendebalde orientazio orokorra duten mendilerroak, besteak beste: Urbasa, Andimendi, Aralar, Anbotoko mendilerroa, Gorobel, Ordunteko mendilerroa eta Aizkorri.
[aldatu] Ibaiak
Ebro da Euskal Herria zeharkatzen duten ibaien artean luzeena (910 km). Europako Mendietan sortzen da eta Mediterraneo itsasoan isurtzen du bere emaria. Bide horretan, hainbat kilometroz Euskal Herriko hegoaldeko muga da, Araba eta Nafarroan. Ibai handi guztien antzera, beste ibai eta errekek bertara isurtzen dituzte beren urak besteak beste, Zadorra, Baias, Ega eta Aragoi ibaiek. Azken hau da, Aragoi ibaia alegia, euskal lurretan zehar ibilbide luzeena egiten duena, 192 km Esako urtegian jaio eta, Nafarroa Garaia zeharkatu ondoren, Ebro ibaira isurtzen ditu bere urak.
Euskal Herriko kostaldean ura isurtzen duten ibaietatik Aturri da luzeena eta uremari handiena duena. Tourmalet inguruan jaiotzen denetik Baionan itsasoratu arte, 335 kilometro inguru zeharkatzen ditu, azken 30ak euskal lurretatik. Bide luze horretan, Pirinioetan jaiotako hainbat ibai eta errekaren emaria jasotzen du (Biduze, Errobi, Aran ibaia...). Aturrik bezala, beste euskal ibai askok ere Bizkaiko Golkoan isurtzen dituzte euren urak: Nerbioik, Bidasoak, Oriak, Debak, Urolak, Urumeak... Nerbioi ibaia da, hain zuzen ere, Bizkaiko golkoan ura isurtzen duten ibaien artean Euskal Herriko lurraldeetan ibilbiderik luzeena egiten duena (75 km).
[aldatu] Basoak
Euskal Herriko basorik handiena Iratiko oihana da, Nafarroa Beherea, Zuberoa eta Nafarroa Garaiko lurraldeetan hedatutakoa. Halaber, hauxe dago Europako pagadirik zabalenen artean.
Bestela, hosto erorkorreko basoak zabaltzen dira bereziki Nafarroako ipar-mendebaldean, Sakanatik Aezkoaraino. Arabako ekialdean, Mendialdea izeneko eskualdeann eta ipar-mendebaldean Aiaraldean. Zuberoan eta Behe Nafarroa Beherean ere lurralde osoan ditugu mota honetako zuhaitzak. Azkenik, Gipuzkoan, Urola Erdian eta Goierrin Aralar inguruan daude.
Bizkaian hosto iraunkorreko basoa nagusia da ia probintzia osoan (%66a), pinudiak batez ere. Enkarterriko inguru batzuk eta Durangaldean Urkiolako natur parkea sabuespen nagusiak dira. Gipuzkoan ere koniferoak dira nagusi (%56a), baina Araban %28a baino ez dira.
Gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoko azalaren %55a zuhaitzek estalia da, Nafarroako Foru Erkidegoan %45a den bitartean.
[aldatu] Basamortua
Bardeetako natura parkea basamortu handiena da, Nafarroako hego-ekialdean kokatutakoa. 41.845 hektareako eremua hartzen du, 45 km iparraldetik hegoaldera eta 24 km mendebaldetik ekialdera.
[aldatu] Muturreko puntuak
Hauek dira muturreko puntu kardinaletan dauden euskal udalerriak: Iparraldeen Samatze (Nafarroa Beherea), hegoaldeen Ablitas (Nafarroa), ekialdeen Eskiula (Zuberoa) eta mendebaldeen Lanestosa (Bizkaia).