Euskal Herriko kosta
Euskal Herriko kosta[1] Euskal Herriko lurrak eta Kantauri Itsasoko urak elkartzen diren eremua da. Hiru alde ezberdin ditu, ia-ia zuzenean Bizkaia, Gipuzkoa eta Lapurdiko mugekin bat egiten dutenak.
Oro har oso kosta basatia da, eraikitzeko aukera handirik eman ez duena, ibaien itsasoratzean ez bada. Labartsua da, eta abrasio lautada handiak ditu. Hondartza txikiak, beste itsaso batzuetan daudenekin alderatuta, eta leku batetik bestera aldapa handiak daude. Hainbat puntutan 100 metro baino altuagoak diren itsas-labarrak daude, eta berehala igarotzen da itsasoaren altueratik altuera handi batera. Ibai asko baina txikiak daude. Ibai aho nagusiak Bilboko itsasadarra, Urdaibaiko itsasadarra, Oria, Urola, Urumea, Bidasoa eta Atturri dira. Uharteei dagokienez, gaur egun bat bera ere ez dago populatuta. Handiena Santa Klara da (Donostia).
Eduki-taula |
Lurraldeka [aldatu]
Bizkaia [aldatu]
Bizkaiko kosta malkartsua da, baina orokorrean hondartza handiak daude. Gainera bi itsas-adar daude bertan: Nerbioiko itsasadarra eta Urdaibai.
Bizkaiko kosta bost zonalde nagusi egin ditzakegu errazago aztertzeko. Lehenengoa Muskizetik Abrara doa. Bigarrena Abratik Plentziara. Hirugarrena hortik Urdaibaira. Laugarrena Urdaibai bera litzateke eta bosgarrena Urdaibaitik Ondarroara. Gune hauetariko bakoitzak bere ezaugarriak ditu, nahiz eta orokorrean nahiko antzekoak izan.
Bizkaiko kostan Euskal Herrian iparraldeenen dagoen lekuetako bat dago, Matxitxako lurmuturra. Gainera, hainbat uharte daude; konparazio batera, Billano, Izaro eta Aketx.
Kostako puntu batzuetan itsasoak hegi handiekin topo egiten du, adibidez, Ogoño lurmuturran, 200 metro baino gehiago dituena.
Gipuzkoa [aldatu]
Gipuzkoako kostak gorabehera handiagoak ditu eta orokorrean hegiak handiagoak dira. Hondartza txikiagoak eta harritsuagoak daude Mutrikutik Zumaiaraino eta hortik aurrera geroz eta luzeagoak diren hondartzak. Ibai ezberdinen itsasoratzetan estuario txikiak sortzen dira (Oria), eta beste batzuetan itsasadarrak (Urumea, Bidasoa).
Bizkaiko kostarekin alderatuta oso hondartza gutxi ditu Gipuzkoakoak. Ingurune gehienak oso menditsuak dira eta, adibidez, Donostiatik Hondarribira ez dago hondartzarik. Jaizkibel mendiak edo Zumaiako inguruneak itsaso labar altuak ematen ditu.
Ibaien itsasoratzetan badiak sortzen dira, Kontxa edota Pasaian bezala. Orion ere antzeko egoera ematen da.
Lapurdi [aldatu]
Lapurdiko kosta, ordea, askoz lauagoa da. Hondartza geroz eta luzeagoak daude eta hegiak altuera txikikoak dira. Bidasoa eta Atturri ibaiek bere urak bertan isurtzen dituzte.
Duna sistema batek babesten du barnealdea itsasotik hondartza gehienetan.
Hondartzak [aldatu]
Mendebaldeko mutur batean dagoen La Arenako hondartzatik (Muskiz) beste muturreko Barra hondartzaraino (Baiona), Euskal Herriko kostan hamaika hondartza daude.
Izan ere, toki batzuk surf egiteko erreferentziazkoak dira.
Uharteak [aldatu]
Mendebaldetik ekialdera uharte hauek ditugu:
- Billano (Gorliz)
- Aketxe (Bermeo)
- Gaztelugatxe (Bermeo)
- Txatxarramendi (Sukarrieta)
- Izaro (Bermeo)
- Sandinderi (Mundaka)
- Garraitz edo San Nikolas (Lekeitio)
- Bedua (Zumaia)
- Mollarri (Zarautz)
- Santa Klara (Donostia)
- Faisaien uhartea, Galera uhartea, Santiago Aurrea eta Hirukanale (Irun eta Hendaia)
- Txorien uhartea edo Oiseaux uhartea (Hendaia)
- Dunbarriak eta Txurruta (Hendaia)
Portuak [aldatu]
Bermeoko portua baxurako arrantza kairik garrantzitsuena da gaur egun euskal lurralde osoan. Alturakoari dagokionez, Ondarroakoa da nabarmenena.
Merkataritza kairik handienak, bestalde, Bilboko portua, Baionakoa eta Pasaiakoa dira.
Itsasargiak [aldatu]
Mendebaldetik ekialdera Billanokoa (Gorliz), Matxitxakokoa (Bermeo), Santa Katalinakoa (Lekeitio), Getariakoa, Igeldokoa, Higerkoa (Hondarribia), Ziburukoa eta Biarritzekoa aipatzekoak dira.
Erreferentziak [aldatu]
- ↑ Euskaltzaindiko Exonomastika Batzordea: «Kosten izenak», Euskera, LII, 2007, 3.