Euskal Herriko onomastika

Wikipedia, Entziklopedia askea

Euskal Herriko onomastikaz hitz egiterakoan, euskarari lotutako toponimiaz eta antroponimiaz hitz egingo da, batez ere, artikulu honetan. Euskal Herrian euskara ez den beste zenbait hizkuntzetatik ulertu behar diren hainbat toponimo eta antroponimo ere badaude: zelta hizkuntzetatik datozenak, latinetik, hizkuntza erromanikoetatik... Euskaltzaindiak urtetan argitaratu ditu onomastikari buruzko txostenak, Onomasticon Vasconiae izenburupean[1], Jimeno Jurio, Juan San Martin, Henrike Knörr, Roberto Gonzalez de Viñaspre, Elena Martinez de Madina, Patxi Salaberri, Mikel Gorrotxategi, eta beste hainbat hizkuntzalari eta filologo ibili dira lan horietan. Baina euskal onomastikaz egindako ikerketa lan guztiak ez dira Onomasticon Vasconiae bilduman sartu. Aipagarriak dira, esaterako, Koldo Mitxelenak eta Joakin Gorrotxategik egindako lanak.

Antzinatea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erromatarren garaiko akitanieraren onomastika aztertu zuen XX. mendean Joakin Gorrotxategik[2]. Mitxelenak ere akitanieraren garaiko antroponimo izan zitekeen adibide bat edo beste ematen zuen bere Textos Arcaicos Vascosen.

Erdi Aroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mitxelenak antroponimo eta toponimo batzuk bildu zituen bere Textos Arcaicos Vascosen. Corpusik garrantzitsuena, baina ez bakarra, 1025. urtean datatutako Donemiliagako goldea. Dokumentu honek garrantzi handia du Arabako toponimiari buruz daukan informazioarengatik, 307 herrixken izenen berri ematen du. XI. mendean, golde hortza (dokumentuko latinean, «rega»), burdinazkoa, hamarrenak ordaintzeko unitatea zen, eta agirian Arabako Lautada eta Mendialdeko herrien izenak agertzen dira, herri horiek Errioxako San Millán de Susoko monasterioari ematen zizkioten ordainak zehazten zen dokumentuan.

Toponimo gehienak euskaldunak dira eta nahiko itxura arkaikoa dute: Zornoztaegi, Irossona, Horivarri, Udalha, Barrandiz, Galharreta; baina erromantzezko izenak ere badaude: Billa luenga, Forniello, Quintaniella.

Euskal toponimia eta antroponimiaren arteko loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herriko onomastikaren arloan aipagarria da euskal toponimia eta antroponimiaren arteko loturak, emakumezkoen izenen artean lurraldez lurralde hainbat adibide ditugularik. Nafarroa da herrialderik emankorrena esparru honetan, eta bigarrena Gipuzkoa dugu.

Jarraian zerrendatuko ditugu toponimoak diren antroponimoak herrialdez herrialde eta alfabetikoki ordenaturik.

Emakumezkoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Araba[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Estibalitz izena[3] Gasteiz inguruan dagoen santutegiko toponimotik dator eta gaur egun emakumezko eta gizonezko antroponimo oso zabaldua da herrialde osoan.

Bizkaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Izen bera daukan Bilboko auzoa eta zehazki bertan dagoen basilikak Begoña izen ezaguna eman du, etimologia oso argia ez duena. Bizkaitar jatorriarekin ere askoz ezezagunagoak ditugu bestela Udiarraga (Ugao) eta Ziortza (Ziortza-Bolibar).

Gipuzkoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Debagoienekoak ditugu Aloña, Arantzazu eta Dorleta izenak. Lehenengoa, naturatik hartua; eta beste biak, erlijio kutsu indartsuarekin.

Debabarrenekoak dira, bestalde, Itziar (Deba) eta Olatz (Mutriku).

Tolosaldean daude Izaskun (Ibarra) eta Larraitz (Abaltzisketa).

Urola Erdian, Loiola (Azpeitia).

Eta azkenik, herrialde horretan bertan, Goierriko eskualdean daude Lierni (Mutiloa), Kizkitza (Ezkio-Itsaso) eta Loinatz (Beasain).

Lapurdi[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pirinio aldeko Ainhoa udalerri ederretik izena eman diote hainbat emakumeri.

Nafarroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Baztanen Amaiur, izen bereko herritik eratorria.

Sakanan Aitziber (Urdiain).

Erronkarin Idoia (Izaba).

Zangozako merindadeak hainbat emakumezko izen eman ditu, merinerriko iparraldekoak Idoia, Nagore, Orreaga eta Muskilda alde batetik, eta hegoaldeko Alaitz eta Leire bertzetik.

Bertzalde, Lizarrako merindadekoak ditugu Iratxe, Irantzu, Kodes eta Puy, eta Iruñeko merindadetik datoz Saioa eta Araitz iparraldetik eta Olatz eta Eunate hegoaldetik.

Azkenik, Uxue izena Erriberriko merindadeko izen bereko herritik dator.

Nafarroa Beherea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Garazi izen bereko eskualdetik dator, Nafarroa eta Zuberoarekin konpartitutako Irati ezaguna bezala, eta bertako jatorria du Ainhitzek ere bai.

Zuberoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zuberoa izenak arrakasta jaso du Hego Euskal Herrian, eta herrialdeko izenaz gain Garden (Erronkari) dagoen baseliza batena ere bada.

Gizonekoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gipuzkoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urola Erdian dagoen Azpeitia udalerriko auzotik Oinatz gizonezko izena dator.

Nafarroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Izen bereko udalerrian jatorria duen Xabier izena.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Euskaltzaindia. «"Onomasticon Vasconiae" bilduma osoa Euskaltzaindiaren webgunean kontsultagai - Euskaltzaindia» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2019-11-23).
  2. Gorrochategui Churruca, Joaquín.. ([1984?]). Onomástica indígena de Aquitania. Servicio Editorial Universidad del País Vasco y la colaboración de Universidad de Salamanca, Secretariado de Publicaciones e Intercambio Científico ISBN 84-7585-013-8. PMC 14272684. (Noiz kontsultatua: 2019-11-23).
  3. «Euskaltzaindia EODA - "Estibaliz" Bilaketa» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2019-11-22).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]