Euskal Pizkundea

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Euskal Pizkundea edo "Lehen Euskal Pizkundea" euskal literaturak bizi izandako garai emankorraren izena da, XIX. mendeko bigarren erdialdetik XX. mendeko lehen erdialdera arte luzatutakoa. Mugimendu euskaltzale hori Hegoaldeko lurraldeetan gerra karlistak galdu eta foruak deuseztu zireneko galera-sentimenduarekin dago lotua, erromantizismoaren eragin nabarmenarekin.

Aro hau mugatu zuten gertakariak Hirugarren Gerra Karlista eta Espainiako Gerra Zibila izan ziren, zehazki 1876tik 1936 arte iraunez Hego Euskal Herria.

Mugimendua kulturaren arlokoa ez ezik politikoa izan zen, abertzaletasuna sortu zeneko giroan egonik. Europako beste prozesu antzekoekin batera gertatu zen, hala nola Katalunia eta Galiziakoekin. Bi herri horietako kulturgileekin "Galeusca" ekimen komuna abiatu zuten euskaldunek 1923an. Data honek markatu zuen garai honen lehenengo erdialdea, orduan hasi baitzen Miguel Primo de Riveraren diktadura, 1930 arte luzatu zena.

Beste bi urte esanguratsu 1918 eta 1919 izan ziren, Eusko Ikaskuntza eta Euskaltzaindiaren sorrerena, hurrenez hurren. Urte batzuk lehenago, eztabaidak hasi ziren euskara batuaren beharraren inguruan, eta hizkuntzaren akademia sortzeak egitasmoa garatzen lagundu zuen. Hala ere, nahiz eta orduan batasunerako proposamen interesgarriak egon, gerraostera arte ez zen asmoa erabat gorpuztu (1968).

Bestela, batik bat euskararen ingurukoa bazen ere, Pizkundean idazle eta kulturgile euskaltzale eta erdaldun batzuek ere parte hartu zuten. Bultzatzaileen artean, Anton Abbadia, Sebero Altube, Sabin Arana, Resurreccion Maria Azkue, Arturo Campion, Andima Ibinagabeitia, Sorne Unzueta (eta Emakume Abertzale Batzako beste kide batzuk), Julio de Urquijo eta Iokin Zaitegi ditugu garai guztian zehar.

Azkenik, Gerrate Zibila amaitu ondoren eta frankismoko azken urteetan, "Bigarren Euskal Pizkundea" sortu zen, bere molde eta ezaugarri bereziekin.

Eduki-taula

[aldatu] Lore Jokoak

"Euskal Lore Jokoak" pizkunde honen agerraldi nagusietakoa izan ziren. Jaialdi hauek Anton Abadia zientzialari euskaltzalearen dirulaguntzei esker hasi ziren. Poesia sariak izaten ziren funtsean, bestelako lehiaketak ere izan arren. Jokoak herri jakin batean egiten ziren, hainbat musika-emandaldi eta jolasekin. Ipar Euskal Herrian lehenagoak 1853an egin ziren, eta Hegoaldera 1879an eraman ziren lehen aldiz, Elizondora (Nafarroa).

Azken ekitaldiak XX. mendeko lehenengo hamarkadan egin zituzten.

[aldatu] Literatura

Lehen erdialdean, Grazian Adema ("Zaldubi"), Txomin Agirre, Felipe Arrese, Evaristo Bustintza ("Kirikiño"), Joan Batista Elizanburu, Pablo Fermin Irigarai ("Larreko"), Francisco Navarro Villoslada eta Antonio Trueba idazleak nabarmendu ziren, besteak beste.

Bigarren erdialdean, Juan Arana ("Loramendi"), Jose Ariztimuño ("Aitzol"), Rosario Artola, Errose Bustintza, Koldobika Jauregi ("Jautarkol"), "Xabier Lizardi", Jules Moulier ("Oxobi"), Tene Mujika, Nikolas Ormaetxea ("Orixe") eta Estepan Urkiaga ("Lauaxeta") "olerkariak" ditugu.

[aldatu] Musika

Musika arloan, oso azpimarragarria izan zen Aita Donostia eta Jose Manterolak egindako lana, euskal herri-kantutegia bilduz. Beste aldetik, musikagileen artean aipatzekoak dira Jesus Guridi ("Amaya" eta "El caserio") eta Jose Maria Usandizaga ("Mendi-Mendiyan") konpositoreak, euskaraz egindako lehendabiziko opera eta zarzuelak idatzi baitzituzten, eta lan kostunbrista horiek arrakasta handiz taularatu.

[aldatu] Ikus, gainera

[aldatu] Kanpo loturak

Portal.svg
Wikipedian atari bat dago honi buruz:
Euskara
Tresna pertsonalak
Izen-tarteak

Aldaerak
Ekintzak
Nabigazioa
Inprimatu/esportatu
Tresnak