Euskal presoen sakabanaketa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Euskal Presoak Euskal Herrira! kanpainako bandera bat, Zarauzko LABeko egoitzan

Euskal presoen sakabanaketa edo urrunketa Espainiak (1988tik 2023ra arte) eta Frantziak (2019ra arte) ETAko eta euskal gatazkarekin lotutako preso guztiekin erabilitako politika penitentziarioa izan zen. Politika honen helburua presoen bakartzea zen, ETAk haiengan omen zuen eragina txikiagoa izan zezan. 2008ko abenduan, Espainiako Barne Arazoetarako ministro Rubalcabak (eta beranduago PPko beste politikari batzuk) adierazi zuten espetxe politika ETAren aurka Espainiako Estatuak zerabilen estrategia zela, eta presoak baliatzen zituztela ekinbide horretan. [1][2] 2009ko irailean, EAEko Barne sailburu Rodolfo Aresek berretsi zuen espetxe politika borroka antiterroristarako tresna bat zela.[3] Espetxe politika horren ondorioz EPPKko kide diren presoetako gehienak Euskal Herritik kanpo zeuden kartzelatuta. Sakabanatze politikaren aurka ekimen ugari egin dira, horietako bat Euskal Presoak Euskal Herrira dinamika.

Nahiz eta hasieran presoen sakabanaketa soilik etakideen aurka erabili, beranduago Dena da ETAren preso guztien aurka erabiltzen zen politika bat bihurtu zen. Adibidez Segi edo Haikako partaidea izateagatik kondenatuta izan zirenak edo eta ETAren aldeko apologia egin zutenekin.

Etxerat presoen senideen elkartearen esanetan, 2007ko irailean guztira ziren ETAko eta Euskal Nazio Askapenerako Mugimenduko 608 presoetatik, Espainiako 51 kartzelatan zeuden 450; eta gainerako 153ak, Frantzian, 32 espetxetan. Euskal Herrian, 16 baino ez zeuden.

Etxerat presoen senideen elkartearen esanetan, 2017ko azaroan guztira ziren ETAko eta Euskal Nazio Askapenerako Mugimenduko 312 presoetatik, Espainiako kartzeletan sakabanatuta 238 zeuden; eta 64, Frantziako gartzeletan sakabanatuta, Portugalen, Alemanian eta Brasilen denetara 4 preso zeuden. Euskal Herrian, 6 baino ez zeuden.

2018ko abuztuan, Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroaren hitzen arabera, Espainiako gartzeletan zeuden presoen artean, 203 euskal preso lehen graduan zeuden, 28 bigarren graduan eta bi hirugarrenenean —Sanz eta Moreno—. Horietatik 205 gizonak ziren eta 28 emakumeak. Txosten horretan, ez zuen argitzen Dena da ETAko presoak, (Alfredo Remirez edo Altsasuko gazteak adibidez) datu hauen barnean zeuden hala ez [4].

2022ko hasieratik sakabanaketa hasi eta 30 urte baino beranduago, lehenengo aldiz Hego Euskal Herriko kartzeletan preso gehiago zeuden kanpoko kartzeletan baino[5]. Hurrengo urteko martxoaren 24an, Espainiako Espetxeetako Idazkaritza Nagusiak iragarri zuen Euskal Herriaz kanpoko azken presoak bertara lekualdatu zituela, era horretan 34 urteko sakabanaketari amaiera emanez[6].

2018, urrunketaren amaieraren hasiera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Frantzian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2018ko otsailean lehenengo aldiz Frantziak euskal presoak hurbiltzen hasi zen. 2017ko abenduan eman zuen horren berri eta Zigor Garro eta Julen Mendizabal izan ziren gerturatutako aurreneko bi presoak, otsail amaieran Sant Maurretik eta Osnytik Mont-de-Marsanera mugituta. Ondoren lekualdatu zituzten Josu Urbieta, Raul Aduna eta Jon Salaberria, martxoan; Urbieta eta Aduna Poitiers-Vivonnen zeuden, 550 kilometro ingurura, eta Salaberria Alençonen, 830 kilometrora. Jon Gurutze Maiza eta Alberto Ilundain izan ziren hurrengoak; martxoan eraman zituzten Saint Maurretik Lannemezanera.

Beranduago, Arkaitz Agirregabiria eta Iurgi Garitagoitia hurbildu zituzten: Garitagoitia Poissyn zegoen, eta Fresnesen Agirregabiria; biak, ia mila kilometrora[7].

Hasiera batean, hildakoak eragin ez zituzten Etakideak eta Dena da ETAren partaideak hurbildu zituen Gobernu frantsesak[8].

2018ko azarorako Frantziako gartzeletan zeuden ETAko presoen erdia baino gehiago Ipar Euskal Herrian edo Euskal Herriko presondegi hurbilenetan zeuden[9].[10]

2018ko abenduan, Frantziak falta ziren gainerako ETAko presoak gerturatuko ez zituela adierazi zuen. Preso hauek buruzagiak edo eta odol delituak zituztenak omen ziren. Gainera, Ipar Euskal Herrian emakumeen gartzelarik ez egotean, emakumeen hurbilketa ere arazo omen zen, betiere Frantziako gobernuaren arabera. Presoak urrun mantentzearen arrazoiak, Frantziako Gobernuaren arabera bi zirenː ETAren biktimen erakundeek jazan ahal zuten sumina eta Espainiako Gobernuak ez lukeela ondo ikusiko.

Ipar Euskal Herriko eta euskal presoen hurbilketaren aldeko erakundeen iritziz ordea, Frantziak ez zituen gainerako presoak hurbildu Espainiak PSOEko gobernu berria zuenetik, gobernu berriarekin egindako politika negoziazioaren ondorioz egindako hitzarmenen ondorioz.[11]

2019. Ia preso guztien hurbilketa egina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2019ko urrirako, euskal presoen urrunketarekin ia amaitu zuten. 2019ko urrian Iñaki Reta euskal presoa Fresnesetik Mont-de-Marsanera hurbildu zuten[12] Azkeneko gerturatzearen ondorioz, Frantzian ziren euskal preso gizonezkoen artean lau geratzen dira bi kartzela horietatik kanpo: Josu Urrutikoetxea Parisen daukate, La Santen (ia 900 kilometrora), Joseba Fernandez eta Ion Kepa Parot Mureten (385era) eta Jakes Esnal Saint Martin de Ren (500era). Euskal ordezkaritzak esan izan duenez, Parisek eta biek adostu gabeko lekualdatzea egin zuten Fernandezekin. Urrutikoetxea, berriz, behin-behineko presoa da, eta, halako egoeretan, Frantziak ez du hurbilketarik egin izan.

Zortzi euskal preso emakumezko ere badaude Frantziako Estatuan (2019an), guztiak Euskal Herritik 700 kilometrora baino gehiagora. Akitaniako espetxeetan emakumeentzako modulurik ez dagoenez, Ipar Euskal Herriko ordezkaritzak eta Frantziak emakumezko presoak Roazhongo espetxean batzea proposatu dute.[13]

2021. Emakume presoak urrunduta[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal preso politikoen sakabanaketa, 1981-2011 (Berria)

2021. urtean emakume presoak ez zituzten hurbildu ez daudelako emakumeentzako presondegiak Euskal Herritik hurbil baina horrez gain, nahiz eta elkarrekin egoteko proposamenak egon sakabanatuta jarraitzen zuten Roazhon (Rennes, Bretainia), Reau eta Roanneko espetxeetan[14].

Espainian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2018ko abuztuan, Espainiako gobernuak euskal preso politikoak hurbiltzen hasi zen. Lehenengo biak, Bizkaia Komandoko laguntzaileak izan ziren. Lehenengo biak Olga Sanz Martin eta Xabier Moreno Ramajo, Villabonako espetxetik (Asturias, Espainia) Basaurira (Bizkaia) lekualdatu zituzten. Sanz eta Moreno Sopelakoak dira (Bizkaia), eta Bilbon atxilotu zituzten 1998an. Hortaz, hogei urte inguru eman zituzten espetxean. Hasieran ETAren Bizkaia komandoko kide izatea egotzi zieten: Morenori 74 urteko espetxe zigorra ezarri zioten, eta Sanzi, berriz, 71 urtekoa[15].

Azkenean Olga eta Xabier ETAren Bizkaia Komandoaren laguntzaileak izateagatik zigortu zituzten[16].

Hirugarrena gerturatzen Alfredo Remirez txiolari eta ekintzailea izan zen. Sasoi hartan bakarrik Berria[17] eta Gara[18] egunkarian eman zuten honen berri. Gaztea Zaragozako gartzelan zegoen eta hurbildu zuten hirugarren preso politikoa izan zen.

Espainiak Frantziaren bidetik jarraituko zuela esan zuen eta hasieran behintzat odolezko deliturik ez zituztenak eta preso gaixoak bakarrik hurbiltzeko intentzioa zuela adierazi zuen Espainiako gobernuak[19].

Laugarrenak gerturatzen, 2018ko abuztuaren amaieran eman ziren. Hilabete horretan Altsasu auziko gazteak gerturatzen hasi ziren[20]. Dena da ETAren auzi esanguratsu honen Jon Ander Cob eta Julen Goikoetxea Altsasuko gazteak Soto del Realgo espetxetik (Madril) Euskal Herriko Zaballara hurbildu zituzten[21].

2018ko irailean bi preso hurbildu zituzten. Nahiz eta Hego Euskal Herriko gartzeletan lekua egon[22] hurbildutako presoak Logroño eta Zaragozara hurbildu zituzten[23].

Gauzak horrela, Espainiako Gobernuaren politika 2018. urtean, orokorrean, ez zen izan presoak Euskal Herrira hurbiltzea, baizik eta nahiko era mailakatu eta geldoan Euskal Herriko hurbileko probintzietara (Zaragoza, Kantabria...) gerturatzea. Gainera hurbildutako presoak Grande Marlaskaren esanetan, "ondo pentsatutako erabaki puntualak izango dira, orokorrean odol deliturik ez dituztenak eta kondenako ia urte gehienak beteta dituztenean"[24].

Joseba Azkarraga Sare euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen aldeko sare herritarraren bozeramailearen ustez, presoak Zuerako (Zaragoza) eta Logroñoko espetxeetara lekualdatzea ez zen dispertsio politikarekin amaitzea, Pedro Sanchezen Gobernuak agindu zuen bezala.

Sareren bozeramaileak Pedro Sanchezen Gobernuaren "konpromiso falta" salatu zuen, Espainiako presidente berriak kargua hartu zuenean "egungo espetxe politikarekin amaitzeko asmoa" zuela adierazi baitzuen. Azkarragaren hitzetan, Sanchezek "ez du bere hitza bete", eta horrek "frustrazio handia" sortzen zuen presoen eta senide eta lagunen artean.

Gaixotasun larriak zituzten ETAko presoak espetxeetatik etxera eramateko eskatu zuen berriro Azkarragak, eta ETAko gainerako presoak Euskal Herriko espetxeetara aldatzeko eskatu zuen, baina ez, Zuera bezala, "250 kilometrora daudenetara".

Hala ere, Azkarragaren ustez, senideentzat presoak Logroñon edo Zaragozan egotea Algecirasen edo Puerto de Santa Marian egotea baino "askoz ere garrantzitsuagoa" zen[25].

2018ko azaroan EPKK sei kide bakarrik gerturatu zituen, betiere Hego Euskal Herriko kanpoko gartzeletara. Teoria batzuen arabera Pedro Sanchezek zuen opozizioa izan zen aldaketa mugatu eta geldo hauen arrazoi nagusiena. Hau da, Espainiako orduko gobernuko hauteskundeak aurreratzearen mehatxua eta PP, Herritarron Alderdia eta ETAren aurkako biktimen taldeen presioek euskal presoen alorrean aldaketa askorik ez egotea eragin zutela ziurtatu zuten batzuek[9].

Urrunketa indarrean egoteko arrazoia, Espainiako Gobernuaren ordezkariaren iritzian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2018an Jesus Lozak Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkariak horrela arrazoitu zuen ETA desagertu eta sei hilabeteetara oraindik euskal presoen urrunketaren politika indarrean egotea[26]. Elkarrizketa honetan, bitxikeri moduan Alfredo Remirez txio batengatik preso dagoela esaten du eta baita ere Kepa Arronategiren gaisotasuna larria dela. Hala eta guztiz, "Espetxeetako Zuzendaritzaren osasun txostenak badio larri dagoela gaixo, baldintzapean aske", eta ez du gai honi buruz gehiago esaten.

- Kazetariaː Urrunketa kasik blokean eta oso denbora gutxian egin zuen Madrilek. Zergatik ez blokean eta azkar gerturatu edo Euskal Herriratu?

- Jesus LozaːKontuan hartu behar ditugulako sentsibilitate asko. Batez ere, ETAren biktimena. Baina Espainiako gizartearena ere. (...)

- Kazetariaː Orain arte urrats gutxi egin dira.

- J.L.ː Bi preso Basaurira ekarri ditugu, txio bategatik preso dagoen bat ere Euskadira ekarri dugu, Altsasuko auziko zazpiak Zaballan [Araba] eta Iruñeko espetxeetan daude dagoeneko, eta beste bi preso gerturatu egin ditugu.

- Kazetariaː Ez al zaizu iruditzen urrunketagatik trafiko istripuen arriskua handiagoa dela? Eta adineko askok ezin dituzte etxekoak bisitatu.

- J.L.ː Saiatuko gara pausoak ahal den azkarren ematen, baina sentsibilitate denak kontuan hartuta. Asko sufritu da azkeneko 50 urteotan.

- Kazetariaː Zergatik hitz egiten duzue gerturatzeaz eta ez Euskal Herriratzeaz? Espainiako legediak dio presoak etxetik gertueneko kartzelan egon behar duela.

- J.L.ː Gizarteratzea da helburua, eta prozesu bat egingo da. Presoak lehenik Zuerara [Aragoi] eta Villabonara [Asturias] eramatea aurreikusten dugu. Langraiz bidean berdintsu egin zen; laborategi moduan hartu zen, presoaren gogoeta sakontzeko, eta ondoren ekarri zituzten Euskadira. Ondo atera zen. Antzekoa egingo dugu.

- Kazetariaː Kepa Arronategi preso eria Almeriatik Zuerara gerturatu dute. Zergatik ez Euskal Herrira?

- J.L.ː Hark daukan gaixotasunari buruzko espetxe unitaterik onena Zaragozan [Aragoi] dagoelako.

- Kazetariaː Batetik, «bereziki arriskutsuak» izateagatik ezartzen diete presoei lehen gradua. ETA desagertu da. Bestetik, ustez erregimen arruntera (bigarren gradua) eta irekira (hirugarrena) egokitzen ez direlako ere ezartzen diete. Estatuan preso sozialen %2 daude lehen graduan. Euskal presoek haien aldean hain portaera desberdina al daukate espetxean?

- J.L.ː ETAk diziplina jakin bat ezartzen zien presoei: batere ez kontuan hartzea espetxeko legedia. Preso sozialek ez dute hori egiten. Baina gauzak aldatzen ari dira, ETA desagertu baita. Presoek nahikoa dute kartzelan jarrera ona izatea.

2019, 2020, 2021, 2022an, Espainian Euskal presoak, auzi politikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2019ko urrian Espainian 218 euskal preso; %96, EPPKkoak. Badaude kalkuluak aterata: egungo martxan, azkeneko euskal presoa 2057an irtengo da kartzelatik. Gainera, oraindik epaiketen mehatxupean daude Marixol Iparragirre eta Josu Urrutikoetxea behin-behineko presoak; iaz ETAren desegite adierazpenari ahotsa jarri zioten biak.

2019rarte PSOEren gobernuak eta epaileek zera egin zuten euskal presoen aferanː Publikoki esan zutenez, 30 euskal preso pasatu zituzten lehen gradutik bigarrenera, eta, bigarrenetik hirugarrenera, bost; egun batzuetarako bost irteera baimen eman zituzten; beste hiru kasutan, baldintzapeko askatasuna; 29 gerturatu zituzten Euskal Herrira —dena dela, haietako asko 300en bat kilometrora zituzten—; lau ekarri zituzten Euskal Herriko kartzeletara; eta gaixotasun larria zuten bi lagun kaleratu zituzten, eta beste bat etxean ezarri zuten preso.

Kartzela politika berrian, Euskal Herriratutakoak, hirugarren graduaren baimena izan zutenak, irteera baimenak eta baldintzapeko askatasunen onuradunak Langraiz bidekoak, berriki EPPK utzitakoak, Segirekin lotutakoak, txiolari bat, pintaketa egile bat, herri harresietako bat eta gaixorik larri dauden presoak izan dira.

Halaber, PSOEren gobernuak espetxe mugimendu gehien Kongresuak aurtengo aurrekontu egitasmoa atzera bota artean egin zuen; joan den otsail erdian Sanchezek apirileko hauteskundeak iragarri zituenetik, Madrilek jaitsi egin zuen erritmoa: alderdi sozialistaren agintaldiaren lehen zortzi hilabeteetan mugimenduen bi heren egin zituzten, eta azkeneko zazpietan, beste herena. PSOEk hauteskunde, inbestidura eta gobernu zentratu baten interesak izan dituenean, euskal presoekiko lehengo tantakako bilakaera gehiago moteldu du.

Etxeratek ekainean zioen 2017ko udazkenetik ordura arte Espainiako Estatuan EPPK-ko kideen %66k (142k) ekin ziotela ibilbide juridikoari, baina orduan lehen graduan zeuzkaten kolektiboko %80 —eta AEM inguruko bostak—, eta, beraz, eragotzi egiten zieten legedia jarraitzea. Horrez gain, bigarren graduan zeudenei epaileek etengabe ezeztatzen zizkieten irteera baimen eskaerak, eta ezin zuten hirugarrenerako bide legala jorratu; ondorioz, ez zieten kalerako atea barrundatzen uzten ere. Gainera, EPPKkoen erdiak eta AEM inguruko guztiak Euskal Herritik 600-1.100 kilometrora zeuzkaten.[27]

2019ko urriaren 30an Dena da ETAko (eta urte horretan egin zen) azken epaiketan Jon Enparantza Zaballako (Gasteiz) kartzelan —11/13 auziko epaiko zigorra betetzeko—; martxoaren 1erako zuen irteera eguna ezarria, baina Espainiako Espetxeetako Erakundeak gartzekala sartu eta bereala Zaballatik atera zuen, beste zentro batera eramateko, haren familiari deus esan gabe, presoari etxera telefono deirik egiten uzteke, eta jendaurrean esan gabe nora zeramaten. Bost egun beranduago amaitu zen Enparantzaren lekualdatzea, Estremerako (Madril) espetxera iritsita. Handik deitu zion familiari. Zaballatik atera zutenetik, Burgosen, Valladoliden, Topasen (Salamanca), Palentzian eta Valdemoron (Madril) izan dute. Urruntzearen bidez, Madrilek «salbuespen politikari» eustea deitoratu zuen Inaxio Oiartzabal Sareko bozeramaileak. «Tortura hutsa» izan dela salatu zuen sendiak.[28]

Hortik gutxira (2019ko azaroaren 10an) Jon Enparanzarekin batera kondetatutako Arantxa Zulueta euskal preso eta abokatua Zaballako kartzelatikn (irailaren 30tik zegoen bertan) Picassenteko Valentziako espetxera urrundu zuten.[29]

2018ko ekainetik, 46 euskal preso gerturatu eta hamahiru Euskal Herriratu zituzten; 2020ko ekainaren 20tik hogei ziren hurbildutako presoak. Kontutan hartu behar da "hurbildu" hitzak garai hartan Zaragoza, Soria edo eta Madril bezelako espetxeetara hurbiltzea esan nahi zuela[30]. ELA, LAB, UGT, ESK, Steilas, LKN, CNT, EHNE, Hiru eta Etxalde sindikatuek 2020ko irailean berrekin zioten bestelako espetxe politika baten alde hilean behin egin ohi zuten mobilizazio dinamikari. Bilboko Plaza Eliptikoan elkartu ziren, "Konponbide garaia da. Orain presoak" lelopean. Bertan izan ziren, besteak beste, Mitxel Lakuntza, Garbiñe Aranburu eta Raul Arza, hurrenez hurren ELAko, LABeko eta UGTko idazkari nagusiak, eta Espainiako Gobernuari eskatu zioten «salbuespeneko» espetxe politika amaitzeko.

2021, hurbilketak baina zehatzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espainiako 2019ko azaroko hauteskundeek eta pandemiak etena ekarri zuten: 2019ko abendutik 2020ko ekainera ez zuten preso bat bera ere hurbilduko zutenik iragarri.

2020ko ekainetik hona, ordea, biderkatu egin dira Euskal Herriratze eta hurbiltze iragarpenak: Euskal Herri inguruko kartzeletara 75 mugimendu iragarpen egin dituzte, eta Euskal Herrira 25. Azken hilabeteotan astero bospasei hurbilduko dituztela iragarri dute Espainiako Espetxe Erakundeek; abenduaren 25ean ez zuten iragarpenik egin, eta abenduaren 31n hamar gerturatuko zituztela jakinarazi

Zenbat hurbildu dituzte?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

ETAren mugimenduak mugimendu, 2010etik aurrera handituz joan zen Euskal Herritik 300 km eta 900 km artean edo urrunago zeuden presoen kopurua, % 60 baino gutxiago izatetik 2015ean ia % 70 izateraino. Urte horretatik 2018ra, artean, presoen % 60tik gora zeuden 300 km edo urrunago.[31] Gaur-gaurkoz (2021ko urtarrila), 2018ko ekainetik 128 euskal preso hurbilduko dituztela iragarri dute Espainiako Espetxe Erakundeek —mugimendu horietako batzuk ez dituzte oraindik gauzatu, baina mapa interaktibo honen akaberan guztiak batu ditu BERRIAk, lekualdatzeak eginak baleude bezala—.

Egindako iragarpenak, guztira, gehiago dira, ordea: 132. Nolatan aldea? Bada, euskal preso batzuk bi jauzitan mugitu dituztelako: lehenik hurbildu, eta ondoren Euskal Herriratu —hamalau euskal presoren kasua da—.

Nora eramaten ari dira?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herriko kartzelak aparte utzita, Euskal Herritik 250-300 kilometroko tartean dauden espetxe hauetara ari dira mugitzen presoak, nagusiki: Zuerara (245 kilometro), Logroñora (170 kilometro), Soriara (260 kilometro), Burgosera (215 kilometro), Dueñasera (310 kilometro) eta El Duesora (170 kilometro).

Beste preso batzuk, berriz, Darocara (345 kilometro), Villabonara (285 kilometro) eta Mansillara (370 kilometro) ari dira mugitzen, baita Madril aldera ere —BERRIAk ez ditu azken horiek hurbiltze gisa zenbatzen, baina mapan ageri dira mugimendu horiek ere—.

Orain arteko iragarpenak gauzatzen direnean, beraz, preso kopuru esanguratsua egonen da Euskal Herriaren inguruko kartzela horietan.

Hurbildutako edota Euskal Herrira ekarritako preso horietako batzuk libre gelditu dira, bestalde: izan ere, zigorren zati handiena betea dutenak hurbiltzen dituzte maiz —ez beti—. Kopurua jaisten ari da, edozein moduz. 2018 amaieran, euskal presoak 309 ziren (300 EPPK-koak); 2019 amaieran, 275 (260 EPPK-koak); 2020 amaieran, 230 (218 EPPK-koak) —mapan guztiak ageri dira—.

Zenbat kilometrotara daude?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Etxerat elkarteak 2020. urte bukaeran emandako datuen arabera, Euskal Herrian 25 euskal preso zeuden —horietatik zazpi etxean ari ziren zigorra betetzen—. Espainiako administraziopean zeuden presoen erdiak zeuden 400 kilometro baino urrunago. Frantziaren administraziopean zeudenen %77 daude gertuko kartzeletan, eta gainerakoak, laurden bat, 600 eta 1.100 kilometro artean.

Espainiako Espetxe Erakundeak bigarren graduak ematen hasi ziren hurbiltzen dituzten preso batzuei: abendu erdialdeko iragarpenean, erraterako, bortzi. 2020ko bukaeran, Etxerat-en arabera, 107 preso zeuden lehen graduarekin, 71 bigarren graduarekin, eta bederatzi hirugarren graduarekin.

Bertzelako aldaketak ere baziren: bakartze moduluetatik atera zituzten presoak Huelvan, Kordoban, Estremeran eta Sevillan.

Zer espetxe ari dira husten?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Frantziako Estatuan gertatu bezala, pixkanaka bada ere, espetxe batzuk euskal presorik gabe gelditu ziren Espainiako Estatuan ere, hamarkada askoren ondoren: Algeciras, Ocaña eta Badajozko espetxeak adibidez. 2020ko amaieran euskal preso bakan batzuk gelditzen badiren ere, hurbilduko zituztela iragarria zuten jada.

Herrera de la Manchan, Foncalenten (Alacant, Herrialde Katalanak) eta Curtisen (Galizia), berriz, iragarritako mugimenduak egin eta gero euskal preso bakarra gelditu zen kartzela bakoitzean.

2018ko urtarrilean, euskal preso gehien zituzten Espainiako kartzelak hauek ziren: Valentzia (14), Granada (13), Villena (12), Puerto III (12), Algeciras (11), Puerto I (10), Sevilla (10), Curtis (10), Huelva (10), Kordoba (10) eta Murtzia II (12). 2020 bukaeran, iragarritako mugimenduekin, euskal preso gehien dituzten Espainiako espetxeak hauek dira: Zuera (15), Logroño (14), Dueñas (12), Puerto III (11), Dueso (11) eta Burgos (10).

Bertze espetxe batzuetan, ordea, mugimendu guti sumatzen da: Puerto III kartzelatik, adibidez, ez zuten presorik hurbildu. Bai ordea Puerto Ietik.

Non daude bide itsuak?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hurbilduta ere dena ez da urre, ordea. Izan ere, badira Euskal Herri inguruan egonda ere gradu progresiorako oztopo diren espetxeak: Zuerakoa da horietako bat. Foro Sozialak abendu hasieran salatu zuenez, kartzela horretan lehen graduan dauden presoei ez diete aukerarik ematen bigarrenera igarotzeko, eta bigarren graduan daudenek, berriz, ez dute irteera baimenik eskuratzen.

Foro Sozialak, bestalde, 2021ko urtarrilaren 4an salatu du Euskal Herriko kartzeletan badagoela leku aski euskal preso gehienak edo guztiak hartzeko, eta bertara eraman ordez inguruko kartzeletara ari zirela eramaten[14].

2022, presoen erdia baino gehiago Euskal Herrian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2022ko urtarrilean Espetxeetako Idazkaritza Nagusiak eta Lakuako Gobernuak iragarritako lekualdaketa batzuen berri eman zuen. Gauzatu zirenean, EPPK-ko presoen erdia Euskal Herriko espetxeetan zeuden[32].

2022ko hasieran 101 preso zeuden Martutene, Basauri, Iruñea eta Zaballan (edo etxean espetxealdi arinduan), eta 71 oraindik kanpoko kartzeletan, Estatu espainolari dagokionez[5].

2023, azken preso sakabanatuak Euskal Herrira[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2023an, Espetxeetako Idazkaritza Nagusiak iragarri zuen amaitu egin zuela azken preso sakabanatuak euskal herriratzen, Euskal Herriko kartzeletara Irantzu Gallastegi (ordu arte Estremeran, Madrid), Faustino Marcos (Darocan, Zaragoza), Asier Borrero (El Dueson, Kantabria), Garikoitz Etxeberria eta Gregorio Eskudero (Dueñasen, Palentzia) lekualdatuz. Artean, Jaione Jauregi Madrilgo Alcalan zen une horretan, prebentzioko kartzelaldian epaiketaren zain[6].

Ondorioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Trafiko istripuetan jendea hil edo zauritzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Argi Iturralde eta Iñaki Balerdiren omenezko ekitaldia Lasarten, espetxe bisita bateko istripu batean hilak

Sakabanaketa dela eta, hainbat senide eta adiskide hil dira errepideetan, presoren bat bisitatzera zihoazela.[33]

Hildako pertsonez gain, 2010erarte senide eta hurkoen 268 trafiko istripu zenbatu ziren bi estatuetako errepideetan, eta ondorioz ehundik gora lagun zauritu ziren.

Hona hemen hildako senide eta adiskideen zerrenda:

Kostu ekonomikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hain urrun egotea, kostu ekonomiko handiak ditu begibistakoa denez.

« Bidaiatzen dugun heldu guztien artean autobusa ordaintzen dugu. Pertsona bakoitzak 125 € ordaindu behar ditu. Horrez gain, bazkaria eta afaria ordaindu behar ditugu, hori gutxienez. »
Euskal preso baten senidea, 2017
« Kontu honetan nik… lana daukat eta moldatu egin naiz, baina egia da beste gauza batzuetarako ezer ere ez zaizula geratzen. Aukeratu behar da. Jendeak galdetzen dit: nola moldatzen zara? Eta bai, hemendik eta handik kendu behar duzu zer edo zer, baina nik argi izan ditut beti lehentasunak. Diru asko gastatzen duzu, eta noizean behin joaten den jendeak, tira, baina bikotekidea han badaukazu eta hilero joan behar baduzu… eta gainera Almeriara. »
Euskal preso baten senidea, 2017
« Gure kasuan (nire emaztearen eta bion kasuan) biok soldata bana daukagu eta ez daukagu gastu handirik egiteko. Baina hasten bazara horri kentzen bidaia bakoitzak kostatzen duena, normalean 220 € izaten dira gasolioarengatik eta autobidearengatik, joan eta etorri –autobidea bakarrik 90 euro dira. Hori da hasteko behar duzuna. Normalean, hasteko etxean ogitartekoa jaten dugu, eta bideari ekiten diogu. Gero, lo egiteko ere ordaindu behar da. Han, Bretainian, mota guztietako presoen senideei edo presoei beraiei, kartzelarik irteten direnean, zerbitzua ematen dioten sekularren zentro bat dago. Han lekua badago, ongi, merkea delako, baina lekurik egon ezean, hotela bilatu behar da eta orduan beste 50 edo 60 euro dira. Eta gero autoa, izan ere guk hemen autotxo bat geneukan gure ingurunean mugitzeko, baina noski, horrekin ezin gara Bretainiaraino joan. »
Euskal preso baten senidea, 2017
« Egun bat lehenago irtetea, eta ahal dela janaria eramatea, hotelarekin eta besterekin dezente ordaindu behar da-eta. Lehengo egunean, Roannera Iparraldeko lagunaren familiarekin joan ginenean, autobidetik joan beharrean, hau da Burdeos edo Limogetik, Angoulêmetik joan ginen, autobiatik, bidesariaren erdia ordainduta, eta hau dela eta bestea dela zeu bakarrik bazoaz, bidesariaren eta gasolinaren artean egizu 350€ izango direla, joan eta etorri Roannetik, 1.600 kilometro, kristoren dirutza. Hura bisitatzera jende gutxi badoa eta 15 egunez behin bazoaz kristoren dirutza da, gehi janaria eta hotela (…) euskal presoak hurbileko kartzeletan egongo balira, aguantatzeko eta antolatzeko erakutsi duten ahalmenarekin, ongi antolatutako bidaiak izango lirateke, gutxieneko kostu batekin eta ia-ia erabateko segurtasun-bermeekin. »
Euskal preso baten senidea, 2017
« Gure kasuan bilobek bi urte eta erdi eta lau urte eta erdi dauzkate. Bidaia oraingoz zerbait berria da eta eramaten dute, nik uste dut ez direla konturatzen horren guztiaren norainokoaz, horrek dakarren tamainaz eta kargaz. Hemendik bi edo hiru urtera nagusiena ziurrenik bueltak ematen hasiko zaio, ‘zergatik dago han?’, ziur galdetuko duela. Adin horrekin, bidaia horretan, haientzat saiatu behar duzu haiek ez nekatzea, ez aspertzea… nik gidatzen dut euren aita joan ezin denean, urrun lan egiten duelako, alaba, andrea, bi semeak eta bostok goaz. Alabak eta biok entretenitu egiten ditugu ipuinekin, kantuekin, gelditzen zara eta eurekin apur batean jolasten zara, bidaia oso luzea delako eta ahalik eta jasangarriena izan dadila saiatzen zara: hasi haize errotetatik edo Parisko dorretik, ez dakit noiz baina negu batean laser-izpia zeukan-eta… umeak oraindik adin horretan bizipen horiek azal-azalean dauzka, sakontasun handiagorik gabe. Hori bidaiari berari buruz; gero alde ekonomikoan benetako odoljarioa da; izan ere, noski; bidaiaren erdian bi gelako ostatua han, janari aldetik dakarren guztia, etxetik zerbait eramaten saiatzen zarelako baina han beti zerbait erosi behar, begiratu ea hartzen duzun ostatuak sukaldea edo mikrouhin-labea daukan, zerbait berotzeko, bestela… kristoren dirutza da, abenduan 1.000-1.500€ inguru utzi genituen. »
Euskal preso baten senidea, 2017

Lehenago agerian geratu denez, elkarrizketatuetako batzuek beharrizan bereziak dauzkaten senideekin bidaiatzen dute. Etengabeko zainketa behar duen semea duen laguntzaile horren kasuan, nahitaez espetxetik hurbilen dagoen hotel batean hartu behar dute ostatua, gaztearen ongizatea ziurtatzeko.


« Baldintza egokiak dauzkan hotel bat behar duzu, aulki gurpildunetarako gutxieneko egokitzapenak dauzkana… Normalean autoa hartzen dugu, eta bera non dagoen, hurbil dagoen hotel bat hartzen dugu. Orain hurbil dauden bi hotel edo dauzkagu eta ongi, eta han igarotzen dugu denbora, zure janari kontuak eramaten dituzu, mikrouhin labeari etekina ateratzen diozu eta aurrera egiten duzu (...)

Ekonomia aldetik sekulako dirutza da, ez soilik hotela, baizik eta autobideetako bidesariak, gasolina eta beste... diru asko da.

»
Euskal preso baten senidea, 2017

Joan-etorriek dakartzaten etengabeko gastuak are garestiagoak izan daitezke osasunarengatik, ikasketengatik edo bestelakoengatik ezinbestekoak diren beste gastu batzuk gehitzen baditugu, halakoek familientzat galera ekonomiko handi samarra ekarri ahal baitute.

« Orain hau eraman behar diogu (erakutsi egiten du), lupa batzuk dira betaurrekoetan jartzeko, ea ikusten duen, orain daukanarekin letra txikia ezin duelako irakurri. Ezin du irakurri. Begi bat galdua dauka dagoeneko, eta bestean ehuneko 40 pasatxo. Berak betaurrekoan lupa hau jartzen du eta horrekin ikasten du. Orain hau bezalako lupa bat dauka, 1,5ekoa, baina hau, 3,5ekoa, eramateko eskatu digu. Sartzen uzten badigute… Berak eskatu du. (…) Bion artean kobratzen dugunarekin ez gara 1.000 euroetara heltzen. Gastu finko batzuk dauzkagu lekualdatzeetarako, gasolinarako, hango egonaldirako, egiten ari den ikasketen liburuetarako, eta gainera, hau erosi behar izatea bezalako kontu zehatz bat sortzen bada… gauza asko kendu behar izaten ditugu.

—Gainera, hilero pekulioa sartu behar diogu.

»
Euskal preso baten senidea, 2017

Urruntze-politikaren eraginpeko presoren bat duten familien kasuan, senide bat zigor bat betetzen edukitzeak dakartzan gastu arruntei (gorago aipatutako pekulioaren kasua, adibidez), joan-etorrien, ostatuaren eta mantenuaren hileko aparteko gastuak gehitzen zaizkie, eta horiek aztertzen dira atal honetan. Horrek guztiak kopuru handi samarra ematen du, honako testigantza honetan ikus daitekeenez.

« Zuk dirua sartu behar duzu. Zuk dirua sartzen ez baduzu, presoak ezin dizu telefonoz deitu, deia txartelarekin egin behar duelako, telefonorako txartela Ekonomatuan erosi behar du. Deia denboragailu automatiko batek kontrolatzen du eta denboragailu horrek txistua jotzen du “Ama, hiru segundo”, eta eten egiten da, presoak ez du deia mozten, automatikoki mozten zaizu… baina dirua sartu behar diozu jan dezan, bestela gosea eduki dezake. Arropa ordaindu behar diozu, ikasketak ordaindu behar dizkiozu ikasten badago, irakurtzeko liburuak… benetako eromena da egoera hori, hainbesteraino non iaz Auzitegi Nazionalak Etxerateko kide batzuei dei egin zigun, galdeketa egiteko, ea dirua nork ematen zigun bidaiak ordaintzeko (…) Niri zehazki galdetu zidan ea nondik ateratzen nuen dirua bidaiak egiteko eta honetarako guztirako. Eta nik esan nion: hileroko nominatik. Baina kontua da adineko aita bati, Gipuzkoako agure bati galdetu ziola ea zeukan pentsioarekin nola moldatzen zen, ea nork ematen zion dirua, pentsio horrekin ez zuela hara jaisteko beste… Eta gizonak zera erantzun zion: “familia daukadalako eta lagunak dauzkadalako, bestela ezin izango nintzateke jaitsi semea ikustera, eta horixe bera gertatzen zaie askori’, ezin dituzulako gastuak ordaindu, ezinezkoa da. »
Euskal preso baten senidea, 2017

[36]

Nekearen ondorioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Senide presoak hain urrun egoteak eragin oso txarra dauka batez ere nagusienentzat.

« Alde batetik busean joaten den adineko jendea dago. Nik 71 urte dauzkat, oraingoz ongi moldatzen naiz, baina 80 urte baino gehiagoko pertsona batzuk daude, Algeciraseraino joaten direnak.

Beste pertsona batzuek etzanda bidaiatzeko arazoak dauzkate eta jesarrita egin ohi dute bidaia. Haientzat benetako infernua da. Normalean 4 edo 5 jesarleku uzten dira ohatze bihurtu gabe, jesarrita joan behar dutenentzat, eta bidaia guztietan baten batek okupatzen ditu. Hori jasatea ez da batere erraza, bidaian ematen ditugun ordu guztiak kontuan hartuta. Bizkarreko arazoak dauzkan jendea izan ohi da, edo goiko ohatzeetara igotzeko gauza ez den jendea, indarrik edo bizkortasunik ez dutelako… gauza horiek pasatzen zaizkigu. Kasu batzuetan bisitak egitera aitona-amonak joaten dira eta zailtasunak euren kasuetan agerian daude.

»
Senide bat, 2017ko azaroa

Haur motxiladunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Haur motxiladun deitu zaien haurrak preso dagoen senide bat ikusteko urruneko kartzeletara joan behar izaten duen haurra da. Astero ehunka kilometrora bidaiatu behar dute beren senideak ikusteko eta honen ondorioz asteburuetan ume gehienek egiten dituzten gauzak ezin dituzte egin senideak bisitatzera joateko behar dituzten ordu luzeen ondorioz.

Sakabanatuta daudenen edo egon direnen adibide batzuk[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Esan bezala, ETA edo Espainiako legedian eta interpretazioan ETArekin harremana zuten guztiak sistematikoki sakabanatu eta urrundu zituzten. Hona hemen etakideak izan ez arren, politika hau jaso zuten adibide batzuk:

Hau da, laburbilduz,

Sakabanaketaren aurka eta alde[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakabanaketaren aurka[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakabanaketaren aurka euskal gizarte gehiena dago, euskal sindikatu guztiak (ELA, LAB, CC.OO., UGT, Steilas, ESK, EHNE, HIRU, Etxalde eta CGT)[43], Eusko Legebiltzarraren gehiengoa eta Nafarroako Legebiltzarraren gehiengoa.

Sakabanaketaren alde[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herrian Alderdi Popularra[44], Ciudadanos[45], VOX[46] eta UPN[47] dira sakabanaketaren alde dauden alderdi politiko bakarrak.

Bitxikeriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Giza Eskubideen Europako Auzitegia euskal presoen urrunketaren alde[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2017an ETAko hiru presok gerturatzeko egindako eskaera baztertu zuen Estrasburgok. Alex Zobaran, Urko Labaka eta Ione Lozano presoek Frantziaren kontrako auzia Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegira eraman zuten. Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ez du tramitera onartu hiru euskal presok urruntzearen kontra aurkeztutako helegitea. 2013an jo zuten Estrasburgoko Auzitegira eta garai hartan Frantziako Lyon-Corbas espetxean zeuden, bizilekutik 800 kilometrora.

Alex Zobaran Arriola, Urko Labaka Larrea eta Ione Lozano Miranda presoek Frantziako Estatua auzitegietara eraman zuten. Labaka eta Lozano 2016an eta 2015ean espainiaratu zituzten, Frantzian zigorra bete ondoren. Hala ere, Estrasburgoko Auzitegiak orain aztertu du horien eskaera.

Hiru presoak 2011ko martxoan atxilotu zituzten Frantzian, eta Paris inguruko hainbat espetxetatik igaro ostean, Lyongo kartzelara eraman zituzten. Zobarani 8 urteko kartzela zigorra ezarri zioten, 6 urtekoa Labakari eta 5 urtekoa, berriz, Lozanori. 2013an jo zuten Estrasburgoko Auzitegira, bakarka.

Frantziako Gobernuaren arabera, bertako espetxeetan egon ziren bitartean 343 eta 453 bisita artean jaso zituzten eta telefonoz 426 eta 1.283 komunikazio artean izan zituzten.

Estrasburgoko Auzitegiak eskariaren funtsean sartu gabe argudiatu duenez, presoek bisita eta telefono bidezko elkarrizketa ugari izan dituzte beren hurbilekoekin. Epaileek ebatzi dute ezerk ez duela frogatzen presoen hurbilekoek bisitan joateko "arazo oso zailak edo gaindiezinak" izan zituztenik. Auzitegiak gaineratu zuenez, hiru presoek ez zioten argi eskatu beren familietatik gertuago egotea 2012an instrukzio epaileari bidalitako gutunean. Are gehiago, gerturatze eskaera bat egin ahal zutela uste du[48].

2019an Estrasburgok atzera bota zuen Gorka Fraile Etakideak sakabanaketaren aurka jarritako helegitea. Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren iritzian, legeak babestu egiten du sakabanaketa politika. Beraz, Espainiako Justiziak ez zituen Fraile presoaren eskubideak urratu. Badajozko kartzelan preso jarraitzeko erabakia hartu zuen Espainiako Gobernuak, Fraileren eskariari muzin eginda. Azken horrek helegite bidez eskatu zuen Euskal Herrira gerturatzea, familia hurbilago izan nahi zuelako. Alabaina, Estrasburgoren iritzian, legeak babestu egiten du sakabanaketa politika, eta Espainiak ez ditu preso durangarraren eskubideak urratu.

“Agintari espainiarren helburua zen espetxeetako diziplina egokia bermatzea eta ETAko presoei dagokien politika aplikatzea”, astearte honetan emandako epaiaren arabera. Horrenbestez, kasu honetan, sakabanaketak "errespetatu" egiten ditu oinarrizko eskubideak, Europako Auzitegiko magistratuen aburuz[49].

2016an, espetxe aldaketa eskatu zuen, senideek Badajozera joateko arazoak zituztela argudiatuta.

Auzitegi Nazionalak atzera bota zuen Fraileren eskaera, eta Auzitegi Konstituzionalak erabakia berretsi zuen gero, “urrun egoteak ez dituelako oinarrizko eskubideak urratzen”. Hori dela eta, Estrasburgora eraman zuen auzia.

Horrekin lotuta, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ondorioztatu zuen familia harremanean eragina izan duela sakabanaketa egoerak, baina, epaiaren arabera, neurri hori Espainiako legerian oinarritu da, eta horren arabera aplikatu da.

Horregatik, familia harremanean izandako eragina onartu arren, ez zuen erabakia neurrigabetzat edota bidegabetzat jo. Erabakia hartu zuen epaimahaia zortzi epailek osatu zuten, Maria Elosegi donostiarra tarteko[50].

Giza Eskubideen Europako Auzitegia errusiar eta ukraniar presoen urrunketaren aurka[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak, Errusiako Gobernuak Khodorkoviskiy-Lebedev eta Vintman presoen urrundu zituen eta honen aurkako iritzia eman zuen.

2016an Estrasburgok arrazoia eman zion jaioterritik urrundu zutelako helegitea aurkeztu zuen Ukrainako preso bati. [51]. Europako Giza Eskubideen Auzitegiak ebatzi du presoa jaioterritik 1.000 kilometro ingurura zegoen espetxe batera eramanda Giza Eskubideen Itunaren 8. artikulua urratu zuela Ukrainako Estatuak.

Oleg Leonidovitx Rodzevillo presoari arrazoia eman zion auzitegiak. Ladizhinska espetxean dago preso, Vinnitsiako eskualdean, bere sorterritik —Simferopoldik (Krimea)— mila kilometro ingurura. Hark hainbat aldiz eskatu dio Ukrainako Gobernuari senideekiko gertuago dagoen kartzela batera lekualda dezatela, gurasoen eta semearen bisitak errazteko. Presoak argudiatu zuen gurasoak adinekoak zirela eta ezin zutela hain bidaia luzerik egin, ez osasun aldetik ezta ekonomikoki ere. Haren aitaordea 2014ko apirilean hil zen.

Ukrainak ez zituen eskari horiek aintzat hartu, eta Estrasburgoraino jo zuen Rodzevillok. Kexatu zen eskaerei uko eginda Ukrainak bidegabeki jokatu zuela eta ez zuela aintzat hartu bere egoera pertsonala; horrela, Giza Eskubideen Hitzarmeneko zortzigarren artikulua urratu zuela.

Artikulu horren arabera, pertsona orok du eskubidea bizitza pribatua errespetatua izateko, eta agintaritza publikoak ezin du esku hartu "segurtasun nazional edo publikoagatik beharrezkoa ez bada". Europako Giza Eskubideen Auzitegiak gogorarazi du hitzarmenak ez diela presoei eskubidea ematen beren espetxea aukeratzeko eta "nolabaiteko" urruntzea "saihestezina" dela, baina erantsi du Ukrainak, bisitak "zaildu" edo "ezinezko" eginda, presoaren familia bizitzan "esku hartze neurrigabea" izan duela[52].

Europako Parlamentua euskal presoen urrunketaren aurka[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2017an Europako Parlamentuak presoen urruntzea salatu zuen. Europako Parlamentuaren txostenak zioen sakabanaketa "presoen senideei ezarritako zigor gehigarria" zela.

Horrez gain, gaixotasun larriak dituzten presoengan arreta berezia jartzea eskatzen zuen, "osasunerako eskubidea bermatuta dutela ziurtatzeko". Ildo horretan, gaitz larriak dituzten presoen "zigorrak berriro aztertzeko aukera aintzat hartzeko" galdegin die kide diren estatuei[53].

Bergeron izeneko txostenak babes zabala jaso du: 474 baiezko, 109 ezezko eta 34 abstentzio.

Espainiako PPk ekimenaren kontra bozkatu zuen, Europako Alderdi Popularraren Taldeko gainerako kideek aldeko botoa eman duten bitartean.

Ciudadanoseko eta UPyDko diputatuek ere aurka bozkatu zuten, euren talde parlamentarioan (ALDE) dauden beste estatuetako kideek txostena babestu bazuten ere.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Rubalcabak onartu du presoak baliatzen dituztela ETAren aurka»[Betiko hautsitako esteka].
  2. https://elpais.com/elpais/2018/07/02/opinion/1530551319_048550.html
  3. «Ertzaintza Baionako polizia etxean egongo dela ziurtatu du Aresek», berria.info
  4. https://web.archive.org/web/20180830004954/https://www.berria.eus/albisteak/156074/presoak_legediaren_eta_bakarkako_irizpideen_arabera_hurbiltzeko_asmoa_azaldu_du_marlaskak.htm
  5. a b https://www.naiz.eus/eu/info/noticia/20220222/bost-preso-gehiago-euskal-herrira-71-oraindik-espainiar-kartzeletan
  6. a b (Gaztelaniaz) SL, TAI GABE DIGITALA. (2023-03-24). «El anuncio de cinco traslados sella el fin de la dispersión tras 34 años de sufrimiento» naiz: (Noiz kontsultatua: 2023-03-25).
  7. https://web.archive.org/web/20180813210603/https://www.berria.eus/paperekoa/1833/005/001/2018-04-13/mont_de_marsango_presondegira_hurbildu_dute_ekaitz_sirvent_presoa.htm
  8. http://www.europapress.es/nacional/noticia-gobierno-frances-transmite-covite-solo-acercara-presos-eta-delitos-sangre-20180123135439.html
  9. a b https://www.diariovasco.com/politica/gobierno-ralentiza-acercamientos-20181123012858-ntvo.html
  10. http://www.corsicainfurmazione.org/1311302/corse-prisonniers-politiques-basques-incarceres-en-france-au-18-octobre-2018/2018/
  11. https://www.elcorreo.com/politica/francia-descarta-aproximar-20181218221954-nt.html
  12. https://web.archive.org/web/20191028123348/https://www.berria.eus/paperekoa/1913/004/002/2019-10-03/iaki-reta-euskal-presoa-hurbildu-du-frantziak-fresnestik.htm
  13. https://web.archive.org/web/20191029111703/https://www.berria.eus/albisteak/172024/emakumezko-presoak-roazhongo-espetxean-batzea-adostu-du-ipar-euskal-herriko-ordezkaritzak.htm
  14. a b https://www.berria.eus/albisteak/191298/urruntzearen-akabera-noiz-iritsiko.htm
  15. https://web.archive.org/web/20180814001634/https://www.berria.eus/paperekoa/1890/006/001/2018-08-08/hirugarren_gradua_eman_diete_olga_sanz_eta_xabier_moreno_presoei.htm
  16. https://www.eitb.eus/eu/albisteak/politika/osoa/5778757/etako-presoen-hurbilketaz-loza-lekualdatze-gehiago-egon-litezke-2018ko-udan/
  17. https://web.archive.org/web/20180813210357/https://www.berria.eus/paperekoa/1929/007/001/2018-08-11/alfredo_remirez_presoa_zaballara_gerturatu_dute.htm
  18. https://www.naiz.eus/eu/actualidad/noticia/20180811/sare-espera-que-el-traslado-de-alfredo-remirez-no-sea-un-hecho-aislado
  19. https://www.elcorreo.com/politica/espana-mira-espejo-20180813084317-nt.html#ns_campaign=mod-lo-mas&ns_mchannel=ver-top-50&ns_source=estandar&ns_linkname=estandar&ns_fee=3
  20. https://web.archive.org/web/20180820173009/https://www.berria.eus/paperekoa/5001964/007/004/2018-08-18/altsasuko_gazteetako_bi_euskal_herrira_ekarriko_dituzte.htm
  21. https://www.deia.eus/actualidad/2018/08/18/jovenes-caso-altsasu-seran-trasladados-4841416.html.
  22. https://www.naiz.eus/eu/hemeroteca/gara/editions/2018-03-29/hemeroteca_articles/en-las-carceles-vascas-hay-sitio-de-sobra-para-todos-los-presos-vascos
  23. https://www.diariovasco.com/politica/interior-confirma-acercamiento-presoseta-20180913154518-nt.html
  24. https://www.lasprovincias.es/politica/marlaska-confirma-acercamiento-20180913124007-ntrc.html
  25. https://www.eitb.eus/eu/albisteak/politika/osoa/5852105/azkarraga-presoak-zuera-eta-logronora-eramate-ez-da-dispertsioarekin-bukatzea/
  26. https://web.archive.org/web/20180928210712/https://www.berria.eus/paperekoa/2079/004/001/2018-09-28/giro_ona_dago_jada_eta_badira_baldintzak_gerturatzeak_egiteko.htm
  27. https://www.berria.eus/paperekoa/1933/006/001/2019-09-25/euskal-presoak-auzi-politikoa.htm
  28. https://www.berria.eus/paperekoa/1893/005/001/2019-10-29/tortura-hutsa-da-hau.htm
  29. https://www.berria.eus/albisteak/173598/arantza-zulueta-valentziako-espetxera-urrundu-dute.htm
  30. https://www.berria.eus/paperekoa/1877/007/001/2020-09-19/bost-preso-gertuago.htm
  31. Ansa, Maddi Ane Txoperena Iribarren Mikel P.. «Urruntzearen akabera noiz iritsiko» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-01-10).
  32. https://www.naiz.eus/eu/info/noticia/20220102/iragarritako-azken-lekualdatzeekin-ondotik-eppk-ko-presoen-erdiak-euskal-herrian-egonen-dira
  33. Sakabanaketaren datuak eta presoen egoera, 2007ko irailean
  34. Pili eta Fontsoren oroimenez ekitaldi ugari izan ziren atzo Laudion[Betiko hautsitako esteka] aiaraldeacom
  35. [1] BIDEOA: Pili eta Fontsoren heriotzak 20 urte Sakabanaketa politika] aiaraldeacom
  36. http://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/documentos_paz_convivencia/eu_def/adjuntos/8-Informe-alejamiento.pdf
  37. https://www.argia.eus/albistea/aske-geldituko-da-ekainaren-11n-jone-amezaga-gaztea
  38. https://www.argia.eus/albistea/altsasuko-gurasoak-epaiketaren-ebazpenean-justizia-egitea-espero-dugu
  39. https://plaentxia.eus/soraluze/1456934195365-aske-gelditu-da-arnaldo-otegi
  40. https://web.archive.org/web/20180813210618/https://www.berria.eus/albisteak/86222/teresa_toda_aske_geratu_da.htm
  41. https://web.archive.org/web/20181116173806/https://www.berria.eus/albisteak/88477/arkaitz_bellon_elorrioko_presoa_hilik_aurkitu_dute_puerto_i_espetxeko_ziegan.htm
  42. https://www.naiz.eus/eu/actualidad/noticia/20191111/arantza-zulueta-ha-sido-alejada-a-la-carcel-de-valencia
  43. https://www.eitb.eus/eu/albisteak/politika/osoa/5700867/presoen-sakabanaketa-amaitzea-eskatu-dute-hego-euskal-herriko-sindikatu-guztiek/
  44. https://www.eitb.eus/eu/albisteak/politika/osoa/5661888/eragindako-mina-aitortzea-eta-sakabanaketa-amaitzea-eskatu-du-legebiltzarrak/
  45. https://www.eldiario.es/politica/ciudadanos-defiende-dispersion-eta-mediatico_1_2139902.html
  46. https://www.voxespana.es/noticias/vox-pide-al-parlamento-que-rechace-el-acercamiento-de-presos-de-eta-a-cantabria-20201219?provincia=cantabria
  47. https://euskalerriairratia.eus/nafarroa/1516022686429-sakabanaketa-amai-dadin-espetxe-politika-aldatzeko-eskatu-dute-geroa-baik-eh-bilduk-eta-ahal-duguk
  48. https://www.eitb.eus/eu/albisteak/politika/osoa/4678163/estrasburgok-ez-du-onartu-urruntzearen-aurkako-hiru-presoren-helegitea/
  49. https://www.eitb.eus/eu/albisteak/politika/osoa/6437923/estrasburgok-atzera-bota-du-frailek-sakabanaketaren-aurka-jarritako-helegitea/
  50. https://www.argia.eus/albistea/estrasburgoko-auzitegiaren-arabera-bidezkoa-da-gorka-fraile-ez-euskal-herriratzea
  51. https://www.naiz.eus/es/hemeroteca/gara/editions/2016-01-16/hemeroteca_articles/tercer-fallo-de-europa-contra-la-dispersion-en-un-caso-analogo-al-de-los-vascos
  52. https://www.berria.eus/albisteak/118621/estrasburgok-arrazoia-eman-dio-jaioterritik-urrundu-zutelako-helegitea-aurkeztu-zuen-ukrainako-preso-bati.htm
  53. https://www.eitb.eus/eu/albisteak/politika/osoa/5128571/presoak-europako-parlamentuak-presoen-urruntzea-salatu-du/

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]