Euskaldunon Egunkaria

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Euskaldunon Egunkaria
Euskaldunon Egunkaria
Mota informazio orokorra
Lehen zenbakia 1990eko abenduaren 6a
Azken zenbakia 2003ko otsailaren 20a
Banatze lurraldea Euskal Herria
Argitaratze hiria Andoain, Gipuzkoa
Hizkuntza euskara
Maiztasuna asteartetik igandera
Argitaratzea goizez
Argitaletxea Egunkaria S.A.
Zuzendaria Martxelo Otamendi
www.egunkaria.info

Euskaldunon Egunkaria (1990-2003) euskarazko egunkaria izan zen. Egoitza nagusia Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean zuen, eta Euskal Herri osora banatzen zen egunero. XX. mende amaieran, euskaraz argitaratzen zen egunkari bakarra zen; haren aurrekari bakarra Eguna izan zen (1937ko urtarriletik uztailera bitartean), Gerra Zibil betean Eusko Jaurlaritzak argitaratua.

2003ko otsailean, Espainiako Audientzia Nazionaleko Juan del Olmo epaileak Euskaldunon Egunkaria —euskara hutsean argitaratzen zen egunkari bakarra— itxiarazi zuen, ETAren tresna izatea leporatuta, eta Egunkarian zuzendaritzako kide edo arduradun ziren hamar lagun atxiloarazi, ETAri loturik izatea egotzita.[1] Erabaki horiek neurrigabetzat eta eskubideen zapalketatzat jotzen zituen ahots ugari agertu zen Euskal Herrian —bereziki (baina ez soilik) eusko abertzaleen aldetik—[2][3][4][5][6] eta nazioartean.[7][8][9] Euskal Herrian, protestak, diru bilketak, manifestazioak... antolatu ziren, eta laster sortu zen Berria, Egunkaria ordezkatu zuena. Euskal Herrian nahiz nazioartean, askok eta askok[10] (baita PSOEk berak ere)[11] eskatu zuten auzi hori lehenbailehen erabaki zedin, adierazpen askatasuna ez urratzearren, baina epaia ez zen iritsiko zazpi urte igaro arte. 2010ean plazaratutako epaiarekin jakingo zen Egunkaria ixteko eta hamar lagun horiek atxilotzeko neurriak inolako oinarririk gabekoak zirela, eta ETArekin loturarik ez zutela ez batak, ez besteek.[12]

Kronologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Juan Mari Torrealdai.

1989[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1989ko azaroaren 1ean euskarazko egunkari bat sortzeko lehen batzarra egin zuten Donostian, Joxemiel Barandiaran lizeoan, Euskal Kulturaren Batzarreak (EKB) deituta. Abenduan, Durangoko Azokan zehaztu zituzten egunkariaren ezaugarri nagusiak edo hamaika oinarriak deiturikoak: euskaltzalea, nazionala, zabala, baterakoia, alderdi politikoekiko independentea, erdal komunikabideekiko independentea, ez-instituzionala baina bai diruz lagundua, profesionala, militantea eta berria.

1990[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1990eko urtarrilaren 21ean Donostiako Udalaren Euskal Txokoan Egunkaria Sortzen ekimena abian ipini zuen talde eragileak, 75 lagunek osatua. Kide guztiak banakako gisa agertu ziren, euskal kultura arloko herritar ezagunak tartean.

Herriz herri 185 batzorde eratu zituzten Euskal Herrian zehar, 143 herritan. 3.000 bat lagun aritu ziren lanean egitasmoa ezagutarazten. Dirua lortzeko akzioak salgai jarri ziren: 5000 pezetako (30 euro) partaidetza-akzioak merkaturatu ziren, eta akzionista izan nahi zuenarentzat 500.000 pezetako (3.000 euro) akzioak zeuden. Guztira 90.000 euskal herritar inguru inplikatu ziren, eta egitasmoak 50 bat milioi pezeta (300.000 euro) biltzea lortu zuen. Uztailaren 15ean jaialdi erraldoia egin zuten Anoetako belodromoan (Donostia), kanpainaren amaiera moduan. Horrela sortu zen Egunkaria S.A., geroagoko egunkariaren enpresa.

Azkenik, urte hartako abenduaren 6an, lehendabiziko alea kaleratu zuten, 32 orrialdekoa. Administrazio Kontseiluan, Martin Ugalde lehendakaria zen, Joxemi Zumalabe kontseilari ordezkaria eta Joan Mari Torrealdai Kontseilu Editorialeko presidentea, Pello Zubiria zuzendaria eta Iñaki Uria zuzendariordea.

1992[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1992ko martxoaren 10ean, kolore gorria gehitu zuten azalean, eta 32 orrialdetik 40ra pasatu zen kazeta.

1993[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urte hartan, Bilboko Aste Nagusian beste konpartsa bat sortu zuten, "Hor Dago!" izenekoa eta euskarazko kazetarekin lotutakoa. 1993ko ekainaren 9an Martxelo Otamendik ekin zion Egunkariako zuzendaritza-lanari.

1994[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen aldiz Eusko Jaurlaritzak diru laguntzak eman zituen egunerokoarentzat, baina kantitatea txikia izan zen: 70 milioi pezeta (420.000 euro).

1995[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1995eko uztailean, 10. urteurrena ospatzeko, Zintzarria jaialdia antolatzen lagundu zuen Egunkariak, Zugarramurdin. Urriaren 21ean kolorezko egunkari bilakatu zuten; itxura eta edukia berriztatu eta 50 orrialdetik gora eskaini zuten. Urte hartan 12.000 ale baino gehiago saltzen zituzten.

1999[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1999. urtean, eguneroko orriez gain gehigarriak ere ematen hasi ziren: Unibertsitatea, Barkatu Ama, Mundu Mira, Begira, Xingola, Kazeta, Nafarkaria eta Bizkaia, besteak beste. Ordurako 64 orrialde zituen egunkariak eta ia 14.000 ale saltzen zituen. Gorakada nabarian, 1998tik 1999ra bitartean salmentak ia %6 hazi ziren.

2003[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Itxi aurretik, Euskaldunon Egunkariak euskal gizartean errotzea lortua zuen. Egunean 70 orrialde zituen batez beste, 15.000 aleko salmentak, 44.000 irakurle, bere webgunea eta beste edozein egunkarik adinako kalitatea.

Sakontzeko, irakurri: Euskaldunon Egunkariaren itxiera

Baina 2003ko otsailaren 20an, oraindik argitu gabeko arrazoiengatik, orduko Espainiako Gobernuak eta Del Olmo epaileak kazeta ixteko agindu zuten, batera kaleratutako autoaren bidez. Guardia Zibilak itxi zuen hedabidea. Hainbat kazetarik eta langilek torturak salatu zituzten egun haietan atxilotze prozesuan.

Otsailaren 22an Donostian inoiz egin den manifestaziorik handiena egin zuten milaka herritarrek Egunkariaren aurkako erasoa salatzeko. Ekainaren 21ean Berria egunkariak lehen zenbakia kaleratu zuen, eta geroztik Egunkaria ordezkatu du.

Ordutik, etengabekoak izan dira norbanakoek eta erakundeek (bertakoak zein kanpokok izan) egindako eskaerak, auzia bertan behera uzteko asmoz. Katalunian nabarmena izan da auzi honen oihartzuna eta kazetaren aldeko babesa, baina nazioarteko erakunde batzuk ere aipagarriak dira aritze honetan, hala nola Amnesty International, Reporters Sans Frontières edo Nazioarteko Kazetarien Elkartea.

2004[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ameriketako Estatu Batuetako PEN elkarteko lehendakari Salman Rushdiek, bere izenean eta bere erakundearen izenean, elkartasuna adierazi zien Euskaldunon Egunkariaren itxierak eragindakoei. Idazle ospetsuak adierazi zuenez, «izugarria da teorian libre diren herrialdeetan gizabanakoak horrela tratatzea, eta espainiar Estatuaren gisako estatuetan berez ezinezko diruditen gertaerak gertatzea».[13]

2005[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2005eko martxoaren 18an aurkeztu zen Egunkariaren Alde Babes Taldea, Euskal Herriko hainbat pertsona ezagunek osatua.

2009[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2009ko abenduaren 19ko Bilboko manifestazio jendetsua.

Egunkariaren Alde Elkarteak egunkaria.info/international/ webgunea argitaratu zuen abenduan, auziaren inguruko informazioa atzerrira ere helarazteko.

2009ko abenduaren 14an hasi zen epaiketa Espainiako Auzitegi Nazionalean, Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi eta Xabier Oleaga auzipetuen aurka. Abenduaren 19an manifestazio jendetsua egin zen Egunkariaren alde Bilboko kaleetan.

2009ko Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren 57. Ekitaldian Kursaal jauregiaren aurrealdean Euskal Herriko zinemagintzako eta kulturako hainbat pertsonak Euskaldunon Egunkariaren itxieraren aurkako gaitzespen eta protesta ekitaldia burutu zuten.

2010[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Apirilaren 12an 5 auzipetuak zigorrik gabe utzi zituen Espainiako Auzitegi Nazionalak, deliturik egin ez zutela argudiatuta. Epaileek aho batez hartu zuten erabakia.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «El juez Del Olmo cierra el periódico 'Egunkaria' por ser "instrumento" de ETA», El País, 2003-02-21.
  2. (Katalanez) (Gaztelaniaz) «Dues visions d'una manifestació contra el tancament d'Egunkaria», Contrastant, 2003-02-29.
  3. «Los nacionalistas vascos responden a la clausura con indignación», El País, 2003-02-21.
  4. (Gaztelaniaz) Terra fundazioa eta EFE agentzia: «Reacciones por el cierre del diario Egunkaria», 2003-02-20.
  5. Miguel Ángel BARROSO: «Mikel Buesa-Gorka Landaburu: La manifestación de las víctimas, a debate», ABC, 2005-06-03.
  6. Teresa AGIRREAZALDEGI eta Txema RAMIREZ DE LA PISCINA (2008): «Diario Euskaldunon Egunkaria: Testigo y actor de la cultura vasca», Komunikazio ikasketen aldizkaria, 26. zenbakia, 2009, 185-209. orrialdeak.
  7. Mugarik Gabeko Berriemaileak: «Reporteros Sin Fronteras pide explicaciones sobre el cierre del periódico vasco Euskaldunon Egunkaria», Mugarik Gabeko Berriemaileak, 2003-02-20.
  8. Egunkariaren aldeko Madrilgo plataformako atxikimenduak.
  9. (Gaztelaniaz) «Exdirector de Egunkaria denuncia la situación de encarcelamiento que aún vive el consejero delegado del periódico clausurado por justicia», Noticiasdot.com, 2004-05-21.
  10. Amnesty International: «España: Debe investigarse sin demora el cierre de un periódico vasco», Amnesty International, 2003-02-25.
  11. EFE agentzia: «El PSOE espera que el periódico vuelva a editarse lo antes posible: pide 'rapidez' para esclarecer la relación con ETA», El Mundo, 2003-02-21.
  12. (Gaztelaniaz) Espainiako Audientzia Nazionaleko Zigor Arloko epaimahaia: 27/2010 Epaia, 2010-04-12.
  13. (Gaztelaniaz) «Exdirector de Egunkaria denuncia la situación de encarcelamiento que aún vive el consejero delegado del periódico clausurado por justicia», Noticiasdot.com, 2004-05-21.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Euskaldunon Egunkaria Aldatu lotura Wikidatan