Euskaltzaindia
| Euskaltzaindia | |
|---|---|
| Goiburua: Ekin eta Jarrai | |
Euskaltzaindiaren Bilboko egoitza nagusia. |
|
| Sorrera | 1919 |
| Egoitza nagusia | Plaza Barria, 15. |
| Arabako ordezkaritza | Alava Jeneralaren kalea, 5. |
| Gipuzkoako ordezkaritza | Hernani kalea, 15. |
| Nafarroako ordezkaritza | Conde Oliveto kalea, 2. |
| Iparraldeko ordezkaritza | Gaztelu Berria. Paul Bert plaza. |
| Euskaltzainburua | Andres Urrutia |
| Webgune ofiziala | |
Euskaltzaindia euskara zaindu, aztertu, zabaldu, batu eta hobetzea helburu duen akademia ofiziala da. Zuzenbidez, Hego Euskal Herriko lau aldundiek sortu zuten, Eusko Ikaskuntzarekin batera. Egoitza Bilboko Zazpikaleetako Plaza Barrian du, eta ordezkaritzak ditu Gasteizen, Donostian, Iruñean eta Baionan.
Euskaltzaindiaren finantzaketa iturri nagusia diru laguntzak dira, eta lau erakunde publiko hauek ditu finantzatzaile nagusi: Eusko Jaurlaritza, Arabako Foru Aldundia, Bizkaiko Foru Aldundia eta Gipuzkoako Foru Aldundia. UPNren Nafarroako Gobernuak dirulaguntzak ukatu zizkion, akademiak Nafarroa Euskal Herriaren barruan agertzen duelako.[1]
Euskaltzaindiaren goiburua Ekin eta jarrai da.
Eduki-taula |
Historia [aldatu]
Eusko Ikaskuntzaren lehenengo biltzarrean, lau herrialdeetako (Araba, Bizkaia, Nafarroa eta Gipuzkoa) aldundien babesean sortu zuten, Oñatin, 1919an. Sortze-ekitaldian orduko Espainiako erregeak, Alfontso XIII.ak honako hau esan zuen:
| « | Sagaratu zaitezke ikasketa eta sustatu ahal den guztian Herriaren aurrerapen eta garapenerako, zeuon hizkuntza landu, milaka urteko euskara beneragarria, gizateriaren altxorraren bitxi preziatua, zeuon gurasoengandik jaso duzuena eta zeuon semeei osorik oinordetzan utzi behar diezuena. | » |
| Alfontso XIII.a[2] | ||
Irailaren 5ean izendatu ziren lehen lau euskaltzainak: Resurreccion Maria Azkue, Luis Eleizalde, Julio Urkixo eta Arturo Kanpion.
1919an onartu zen hamabi euskaltzain izendatzeko araudia eta honakoak izendatu ziren: Txomin Agirre, Pierre Bruzain, J. Blaise Adema, Erramun Intzagarai, Jose Agerre, Juan Bautista Eguskitza, Raimundo Olabide eta Pierre Lhande. Resureccion Maria Azkue izan zen lehenengo euskaltzainburua eta hamabiak izan ziren lehen euskaltzain oso.
Erakundearen helburuak, era honetan agertzen dira lehenengo Arautegian: "1. Izkeraketz eta gizarteketz, euskera ayolaz landu ta yagoten zain egotea, Bazkun aunen elburua da: andik ere bere izena. 2. Zainbide bioi dagokienez, Sail bitan ere bereizturik euskaltzaiñak beren arloan diardukete; euskal-ikerleen sailean, ta yagoleenean, lagun bakoitza bietan dagokelarik."
Aurrera egin ahala kopuru hori handitu egin da eta egun euskaltzain osoak 24 dira. Euskaltzain osoez gain, urgazleak 150 inguru dira. Ohorezko euskaltzainak: J. Alliers, J. Bilbao, J. Caro Baroja, Basarri, J. Etxaide, J. Garate, N. Holmer, J.M. Jimeno, B. Larrakoetxea, G. Lopez de Gereñu, A. Martinet, S. Onaindia, R. de Rijk, H. W. Terence, P. de Irizar eta Y. Zytsar. Euskaltzain osoen kopurua finkoa da, baina ohorezkoena eta urgazleena beharren araberakoa da. Euskaltzain osoek hitza eta botoa dute, baina gainerakoek hitza bakarrik.
Euskaltzaindia, hasieran, bi ataletan banatu zen: ikerketa-atala, euskararen hizkuntza arazoak bideratuko zituena, eta ariketa lana burutuko zuen atala, hau da, gizarteko alor guztietara euskararen erabilera bultzatuko zuena. Hasierako urteetan batzarrak gazteleraz egiten ziren eta konpondu behar izan zituen arazoen artean euskara batuarena zegoen. Halaber, neologismoen ugaltze handiko garaiak ziren eta berauek arautu eta onartu beharra zegoenez, lan horri ere ekin zion. Elerti lehiaketak antolatu zituen, euskara ikastegietan irakats zedin saiatu zen, euskara neurtzeko azterketak gertatu eta burutu eta bertsolari txapelketak antolatu zituen. Euskaltzaindiaren erabakiak argitaratzeko "Euskera" aldizkaria sortu zen.
Espainiako Gerra Zibilak eta Mundu-Gerrak eragin handia izan zuten, euskaltzainak bi bandoetan bereizirik eta sakabanaturik gelditu baitziren. Azkueri euskaltzain-taldea berpizteko eskaria egin zitzaion, baina, Azkue zaharra zen eta Krutwig arduratu zen lan horretaz (1941). Nola hala, berriro lanean hasi ziren eta aldizkaria ere berrargitaratu zen; 1956az geroztik eten gabe argitaratu da.
Euskararen arazoaren inguruan biltzarrak antolatzen ditu; lehena Arantzazun egin zen, 1956an. Oihartzun berezia izan zuen Euskaltzaindiaren 50. urteurrena zela eta 1968an Arantzazun burututakoa. Bertan, euskara batua sortzeko bideari ekin zioten eta hizkuntza idatziari buruz arauak eta erabakiak hartu zituzten: idazkera, joskera, jokabidea, aditza eta hiztegia. Euskaltzaindiak bigarren aldi horri ekin zionetik lan joria egin du, literatur lehiaketak, gramatika lehen urratsak eman (EGLU), hiztegigintza erabakiak, idazkera landu, euskal alfabetatze eta euskalduntzean lehen urratsak eman, Euskararen Gaitasun Agiria (EGA), eta abar.
Azken urteotako lan nagusiak lau dira: Orotariko Euskal Hiztegia, Euskararen Herri Hizkeren Atlasa, Euskal Gramatika eta Hiztegi Batua.
Zuzendaritza [aldatu]
2012ko urriaren 18an, Bilbon, Akademiaren egoitzan egin zen bilkura berezian, euskaltzainek datozen lau urtetarako Zuzendaritza berria aukeratu zuten, lagun hauek osatua, hain zuzen ere:[3]
| Euskaltzaindiaren Zuzendaritza | |||||
|---|---|---|---|---|---|
| Euskaltzainburua | Euskaltzainburuordea | Idazkaria | Diruzaina | Iker sailburua | Jagon sailburua |
| Andres Urrutia | Xarles Videgain | Xabier Kintana | Sagrario Aleman | Adolfo Arejita | Jean-Baptiste Coyos |
Euskaltzainak [aldatu]
Euskaltzainak dira Euskaltzaindiko kideak, hau da, euskararen akademialaria. Eginkizunen arabera, hiru mailatan sailkatuta daude:
- Euskaltzain osoak: Erakundearen Osoko Bilkura osatzen dute. Kide berriak izendatzeko gaitasuna daukate bai eta erabakietan esku hartzekoa ere.
- Euskaltzain urgazleak: Eginkizun murriztuagoa dute, baina batzordeetan esku har dezakete.
- Ohorezko euskaltzainak: Izendapen ohoragarria da.
Euskaltzainburuak [aldatu]
- Resurreccion Maria Azkue (1919-1951).
- Inazio Maria Etxaide (1952-1962).
- Jose Maria Lojendio (1963-1966).
- Manuel Lekuona (1967-1970).
- Luis Villasante (1970-1988).
- Jean Haritxelhar (1989-2004)
- Andres Urrutia (2005-...)
Batzordeak [aldatu]
- Ahoskera.
- Argitalpena.
- Azkue Liburutegia.
- Corpusa.
- Dialektologia-Atlasgintza.
- Euskara Batua.
- Gramatika.
- Hiztegigintza.
- Lege-ekonomia.
- Literatura.
- Onomastika.
- Sustapena.
Aldizkariak [aldatu]
1919an hasi ziren Euskera aldizkaria argitaratzen, eta etenaldi izan zituen, halabeharrez.
2009ko urrian Erlea aldizkaria argitaratzen hasi da, Bernardo Atxagaren zuzendaritzapean.[4]
Erreferentziak [aldatu]
- ↑ Alberto BARANDIARAN: «Euskararen tratamendua Sanzen garaian. Kronologia (1999-2002)», Jakin, 2003ko martxoa-apirila, 135. zenbakia.
- ↑ 1976ko Otsailaren 26eko 573/1976 Dekretua
- ↑ Zuzendaritza berria Euskaltzaindian. Euskalgintza, Felix Ibargutxi. 2012ko urtarrilaren 3a. Diariovasco.com (Euskaraz)
- ↑ (Euskaraz) Erlea aldizkaria kalean da
Ikus, gainera [aldatu]
Kanpo loturak [aldatu]
- Euskaltzaindiaren webgune ofiziala (Euskaraz) (Gaztelaniaz) (Frantsesez) (Ingelesez)
- Euskaltzaindiari buruzko erreportajea "Argia" aldizkarian (2009-12-06, 2.209 zbnk)
- Euskaltzaindiari buruzko erreportajea, Ibaizabal Telebistak Hamaika Telebistarentzat egina.