Euskara

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Euskara
Basque Country location map.png
Euskal Herriaren kokalekua
Non mintzatzen den: Espainia eta Frantzia
Euskal diaspora 
Eskualdea: Euskal Herria
Hiztunak: 714.136[1]
Hizkuntza familia: Hizkuntza isolatua 
Estatus ofiziala
Hizkuntza ofizialtzat duten lurraldeak: Euskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroako Foru Erkidegoko iparraldea (Espainia)
Erakunde araugilea: Euskaltzaindia
Hizkuntza kodeak
ISO 639-1: eu
ISO 639-2: baq (B)  eus (T)
ISO 639-3: eus

 

Euskal hiztunen proportzioa, erdaldun hutsen aldean.

Euskara Euskal Herriko hizkuntza da.[2] Hizkuntza isolatua da, ahaidetasunik ez baitzaio aurkitzen, eta morfologiari dagokionez hizkuntza ergatiboa da. Euskaraz mintzo direnei euskaldun deritze. Gaur egun, Euskal Herrian bertan ere gutxitua dago, lurralde horretan gaztelania eta frantsesa nagusitu baitira.

Euskararen sustrairik zaharrenak (Erromatar Inperioaren aurretikoak) Akitania osoan eta Bizkaiko golkotik Andorraraino bitarteko Pirinioen bi aldeetan agertu dira eta Erdi Aroan behintzat Errioxan eta Burgosko ipar-ekialdean ere hitz egin zela dokumentatuta dago. Gutxitze prozesu latza jasan du, eta etenik gabe lurraldeak galdu. Nafarroa Garaian, bereziki, prozesu hori oso nabarmena izan da azken mendeotan. XIX. mendearen bukaeran eta XX. mendearen hasieran, hainbat intelektual eta politikariren eraginez (Arturo Kanpion, Sabin Arana...) nolabait biziberritu zen, eusko abertzaletasunari estuki loturik. Frankismoan (1936-1977) jazarpen latza pairatu ondoren, XX. mendearen erdialdetik aurrera hasi da indartzen, idatzizko estandarizazioak lagunduta.

1980ko hamarkadatik aurrera, erakundeen onarpena lortu du, lurralde zatiketa handiekin bada ere. Gernikako Estatutuak euskara Euskal Autonomia Erkidegoko berezko hizkuntza izendatu eta gaztelaniarekin batera ofizial egin zuen Araba, Bizkai eta Gipuzkoan (Trebiñun eta Villaverde Turtziozen ez). Nafarroa Garaian, Euskararen Legearen eraginez, herrialdeko ipar-mendebaldean (eremu euskalduna) soilik da koofiziala. Iruñean eta erdialdeko beste hiri garrantzitsuetan (eremu mistoa), onarpen maila txikiagoa eta traba handiagoak ditu. Nafarroa hegoaldean (eremu ez-euskalduna), berriz, euskara ez dago onartuta. Ipar Euskal Herrian, euskarak ez du aginpidea duten erakunde publikoen onarpenik: hizkuntza ofizial bakarra frantsesa da.

« Euskararen egiazko misterioa iraupena da, ez jatorria.  »
Koldo Mitxelena[3]

Izena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Etimologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaur egun onartuena den teoriak dioenez, hitzaren jatorria beharbada aitzineuskarako hau da: *enau(t)si (esan) + -(k)ara (era).[4]

Euskalkietako izenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskarak euskalkietan hainbat izen ditu, euskara batuan onartu denaz beste: euskera, euzkera, euskala, eskuara, eskuera, eskara, eskera, eskoara, euskiera, auskera, uskara, üskara, oskara, uskera, uskaa, uska.[5]

Sailkapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskara hizkuntza isolatua da. Mapan Europako hizkuntza ez indoeuroparrak (finlandiera, samiera, kareliera, estoniera, hungariera eta turkiera, euskaraz gain) ageri dira.

Indoeuropar hizkuntza erromantzez inguratuta dagoen arren, euskara hizkuntza isolatua da, ez du bere familiako beste hizkuntzarik.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Artikulu nagusia: «Euskararen historia»

Euskararen jatorria eta ahaidetasunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskararen jatorria ezezaguna da. Gaur egun, euskararen hizkuntzalaritza historikoan aditu direnen artean, hipotesi onartuena da euskara milaka urtez hitz egin dela Pirinioen inguruan.

Hizkuntzalaritzan egin ohi denez, euskara hemen sortu den ala inondik etorri den jakiteko, beste hizkuntzekiko ahaidetasuna bilatu zaio. Hainbat teoria egin dira euskarak kaukasiar hizkuntzekin, amazigerarekin, iberierarekin eta beste hainbatekin ahaidetasuna baduela esan dutenak. Hizkuntzen arteko alderaketarako hizkuntzalaritzak taxutu dituen metodoak erabiliz, ordea, frogatu da teoria horiek ez dutela behar besteko oinarririk. Orain arte jakin denez, beraz, beste hizkuntzen artean euskarak ez du ahaiderik (indarra izan duten baina hizkuntzalarien artean baztertuak diren teorien berri jakiteko, ikus: euskararen ahaideak, euskal substratuaren teoria, britainiar eta irlandarren euskal jatorriaren teoria).

Aitzineuskara[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Aitzineuskara»

Euskara Europan sustrai luzeena duen hizkuntza delakoan daude euskalariak; duela 8.000 bat urte euskararen aurrekari zen hizkuntza bat hitz egiten bide zen Pirinioen inguruan, eta orduz geroztik etenik gabeko historia izan bide du gure hizkuntzak inguru honetan.

Historia horretan, hizkuntzalariek gutxi gorabehera azken hiru mila urteko historia aztertu ahal izan dute. Aldi horren hasiera, berreraikitze lanen bidez ezagutzen dugu:

Antzinatean, euskararen hiztunen multzoa Ebro ibaitik Garona ibairaino eta Pirinioetan Kataluniako lurretaraino zabaltzen zen. K.o. lehenengo milurtekoan eremu horrek atzerakada itzela izan zuen Pirinioetan eta iparraldean, batez ere Erromatar Inperioaren eraginez. Erromatarrek latina ekarri zuten berekin, hizkuntza hura beren menpeko lurralde guztietara zabaldu baitzuten.

Orain arte, euskaraz ezagutzen diren lehen hitz idatziak, Akitaniako lurretan (Ipar Euskal Herria barne) eta Euskal Herriaren hegoaldean, Sorian, Errioxan, Zaragozan eta Huescan aurkitu dira. Pertsona izenak edo jainko-jainkosen izenak dira, eta hilarrietan idatzi zituzten, K.o. I. mendetik III. mendera. Nafarroako Lerga herrian erromatarren garaiko hilarri bat topatu zuten, euskal pertsona izenekin, I. mendekoa.[6]

Euskara erromatarren garaian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herriko tribu protohistorikoen mugak.

Erromatarrak iritsi zirenean, euskarak gaurkoa baino askoz ere hedapen zabalagoa zeukan. Euskarazko hilarriak aurkitu dira Garona (iparraldetik) eta Ebro (hegoaldetik) ibaien arteko eskualdean; eta toponimiari begiratuta, euskararen erabileraren erakusgarriak erdialdeko Pirinioetaraino (ekialdetik) ere heltzen zen. Euskararen mendebaldeko mugak, berriz, ez dira oso argiak. Euskalarien artean nagusi den iritziak dioenez, garai hartan euskaraz honako tribu hauek mintzo ziren: akitaniarrak, baskoiak, barduliarrak, karistiarrak, iakatarrak eta, agian, autrigoiak. Beste ikerlari batzuek baskoitze berantiarraren teoria defendatzen dute, alegia, euskaraz mintzo zirenak akitaniarrak eta baskoiak zirela, eta mendebalderagoko tribuek indoeuropar hizkuntza zutela.

Hala ere, zaila da ulertzea nola inposatu ahal izan zieten beren hizkuntza baskoiek, Euskal Herriko leinu protohistorikoetan erromatartuena osatzen zutenek, beste gens-ei. Izan ere, gaztelaniazko vascongado hitzak ez du «baskoitua» esan nahi, baskoien zabalpenaren aldekoek adierazi ohi duten bezala, «euskalduna» baizik: XIX. mende arte nafar gehienak vascongadoak ziren, eta arabar eta enkartau asko ez ziren vascongadoak, romanzadoak edo latinadoak baizik.

Hauek dira egungo Euskal Herriko lurretan bizi ziren tribu protohistorikoak:

  • Akitaniarrak, Julio Zesarren arabera, Garona ibaiaren eta Pirinioen artean bizi ziren. Hizkuntza propioa zuten, eta antz handia zuten Pirinioez bestaldeko herriekin. Akitanieraz (euskararen arbaso —edo, beharbada, euskararen arbasoaren ahaide— den hizkuntza) mintzo ziren.
  • Autrigoiak gaur egungo Bizkaiko Enkarterrin eta Arabako, Kantabriako eta Burgosko zatietan bizi ziren. Oso litekeena da haien hizkuntza indoeuroparra izatea, zeltikoa ziurrenik; izan ere, haien lurralde eremuan, garai hartakoak izan daitezkeen euskarazko toki izenak oso-oso gutxi dira, askoz gehiago dira zelta jatorrikoak.
  • Barduliarrak gaur egungo Gipuzkoan eta Arabako ekialdean bizi ziren. Herri euskalduna bide zen.
  • Beroiak egungo Errioxan, Arabako hegoaldean eta Nafarroako Erriberaren zati batean bizi ziren. Zeltiberiar herria zen, zeltiberieraz mintzo ziren.
  • Baskoiak gaur egungo Nafarroa Garaian eta Gipuzkoako, Huescako, Zaragozako eta Logroñoko probintzien zati banatan bizi ziren. Kostaldera heltzen ziren iparraldetik (Irun aldean), Ebroren eskuinaldeko lur zerrenda bat hartua zuten hegoaldetik, eta Aragoin barneratzen ziren ekialdetik. Euskaraz mintzo ziren; baina, erromatarrak heldu zirenerako, zeltiberiera eta iberiera erabiltzen hasiak ziren hegoaldeko mugetan.
  • Karistiarrak gaur egungo Bizkaian eta Arabako mendebaldean bizi ziren. Herri euskalduna bide zen.

Gaur egungo Euskal Herriko mugetatik at, euskaldunak ziren, iparraldeko akitaniarrez gainera, ekialdeko iakatarrak. Iakatarrak egungo Huescan eta Lleidako iparraldean bizi ziren, eta Iaca —egungo Jaka— zuten hiriburu. Ekialderago, baliteke andosinoak ere euskal hizkuntzaren batez mintzo izatea. Andosinoak gaur egungo Andorraren inguruan bizi ziren, eta oraingoz hipotesi onartuena da haien etnonimoak «handi» euskal hitzarekin zerikusia duela.[7]

Euskaldunek ez zuten erromatarrekin gatazka larririk izan; aitzitik, nekazaritza teknika ugari ikasi zizkieten; eta euskarak bai latinetik, bai honen ondorengo erromantzeetatik mailegu ugari hartu zuen, apurka-apurka bere sistema fonetikora egokituko zituenak. Euskararen egitura sintaktikoak, berriz, nortasun propioarekin jarraitu du, eraginak gorabehera.

Erromatarrek ekarritako latinaren ezarpenak eta zabalpenak garai hartan euskara inguratzen zuten gainerako hizkuntza guztiak desagerrarazi zituen: indoeuropar hizkuntzak (galiera, zeltiberiera eta lusitaniera) eta hizkuntza ez indoeuroparrak (iberiera eta tartesiera). Galdu ziren hizkuntza haietan mintzo ziren gizataldeek, dena den, garapen kultural handia izan zuten, eta hizkuntza haien idatzizko testigantzak utzi zituzten. Euskal Herriak eutsi egin zion bere hizkuntzari; hala ere, erromatarren kokaguneen ondoko lurraldeak latinizatu egin ziren, elebidun bihurtu ziren.

Euskara Erdi Aroan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erdi aroko hizkuntzen eremuen mapa.

Erdi Aroan latinak garapen ezberdina izan zuen eskualdearen arabera, eta hizkuntza erromanikoak sortu ziren. Hala ere, euskarak eutsi zion latinaren eta hizkuntza erromanikoen hedapenari.

Erdi Aroan latinetik eratorritako hizkuntzek euskara inguratzen zuten:

  • Okzitaniera: Okzitaniera ere aditzen eta idazten zen Euskal Herriko hiri nagusietan, Nafarroan batez ere. Hiri horietan Okzitaniatik etorritako jende multzo handiak egokitu ziren, merkatariak gehien bat. Gaskoia Euskal Herriko Iparraldean mintzatzen zen: adibidez, Baionan hizkuntza nagusienetako bat zen. Bearneraz mintzatzen ziren familia eta talde okzitaniarrak ere bazeuden Zuberoako ekialdean. Urte askotan beren hizkuntzari eutsi eta testu asko idatzi zituzten.

Arabieraz mintzo zen jende multzoa ere bizi zen Tuterako eskualdean. Hor musulmanek ia lau mendez botere politikoa izan zuten. Musulmanek 711. urtetik aurrera penintsula ia osoa mende hartu zuten, Euskal Herriaren mugaraino. Euskaldunen eremuan ez zuten kokapen iraunkorrik izan, nahiz eta hainbat razzia egin zituzten, Arabako lurretan adibidez. Nafarroan, hala ere, harreman onak izan zituzten euskaldunekin hainbat mendez.

Hebreera ere hitz egiten zuten gutxi batzuek euskal lurraldeetan. Haatik, haren erabilera bestelakoa zen, erlijioari lotuta zegoen batez ere; nahiz eta gero juduen hizkuntza nagusia tokian tokikoa izan.

Hala eta guztiz ere, euskara zen Euskal Herriko hizkuntza nagusia. Ia Euskal Herri osoan mintzatzen zen garai hartan. Dena den, nagusitasun geografiko horri ez zegokion nagusitasun administratibo edo ofizialik. Inongo erakundeak ez zuen erabiltzen euskara bere jardun administratiboan edo dokumentazio ofizialean. Hizkuntza erromanikoek hartu zioten euskarari zegokion funtzio hori. Garai goiztiar hartatik hizkuntza haiek idatziaren prestigioa bereganatu zuten, eta euskara, berriz, herri xehearekin lotuta zegoen.

Aipatzekoa da Euskal Herriaren gaur egungo mugetatik kanpo ere euskaraz egiten zela, Pirinioetako zenbait tokitan eta Errioxako nahiz Burgoseko gune jakin batzuetan, hain zuzen ere. Errioxa eta Burgos aldeko euskaldun haiek, Erdi Aroan musulmanak lur haietatik egotzi eta gero egindako birpopulaketen ondorio izan zirela dirudi.

Beste hizkuntzekiko harremanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskarak inguruko hizkuntzekin milaka urteko harremana izan du. Kristo aurreko garaietan, iberierarekin eta zelta hizkuntzekin. Kristau aroa hastean, latinarekin —erromatartzeak eta kristautzeak ekarria— eta, handik berehala, arabierarekin eta Erdi Aroko erromantze jaioberriekin (okzitaniera/gaskoiera, aragoiera edo nafar erromantze eta gaztelaniarekin).

Aro Moderno-Garaikideetan, auzoko lehiakide gogorrenak frantsesa (geroago hurbildua) eta gaztelania ofizialduak izan ditu. Berrikitan izan ezik, euskarak ez du izan historian legezko aitorpen ofizialik.

Hedadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antzinako euskara (K. a. II. mendea)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal eremuak, antzinaroan.

Antzinako euskararen mugak zehaztea ez da erraza. Esku artean ditugun zuzeneko testigantzek (Akitania eta Euskal Herriko hilarrietako hitzek) geografo klasikoek idatzitakoek eta toponimiak gorde dituen izenek erakusten digute euskaraz mintzo zela Garona eta Ebro artean eta Bizkaitik Erdialdeko Pirinioetaraino.

Herauscorritse izeneko jainkosari eskainitako erromatar aldare-harria. Maidalena, Zuberoa.
  • Katalunia: Kataluniako mendebaldeko toponimiak erakusten du han behiala euskaraz egiten zela. Joan Corominesen ikerketen ondotik onartzen da Katalunia euskalduna Urgellen eta Andorran hasten zela eta Aran, Ribagortza eta Pallarsen barna hedatzen zela. Toponimiak edo leku izenek frogatzen dute eskualde horren euskalduntasuna.
  • Aragoi: Gaurko Huescako probintzia eta Zaragozako iparraldea ere euskaraz mintzo ziren. Latinak berak itzali zituen hango euskal hizkerak, baina leku batzuetan euskarak luzeago iraun zuen, Anso ibarrean, esate baterako. Interesgarria da Zaragozako Cinco Villas eskualdean (Ejea, Sádaba...) agertu den euskal pertsona izenen multzoa.
  • Errioxa: Errioxa eta Soriako erromatarren garaiko hilarri batzuetan euskal izenak agertu omen dira. Bestalde, Errioxan, batez ere, eta neurri apalagoan Burgosen, toponimo askok ere euskal jatorria dute, baina badirudi horren jatorria Erdi Aroan dela, hau da, Errekonkista garaian musulmanak lur horietatik egotzi eta gero Arabako eta Bizkaiko euskaldunekin egindako birpopulaketari zor zaizkiola euskal toponimo horiek.
  • Akitania: Akitanian aurkitutako hilarriak funtsezkoak izan dira euskararen historia ezagutzeko. Bertan agertu diren hitzek euskararen hedadura zehazteko balio izan dute batetik, eta bestetik, garai hartako euskara nolakoa zen jakiteko ere. Hona hemen horietako izen eta hitz batzuk: Bihos (bihotz), Belex (beltz), cison (gizon), ilun (ilun), losa (lotsa), nescato (neskato), sembe (seme), andere (andre), corri (gorri).
  • Euskal Herria: Nabarmena denez Euskal Herri osoa sortzen zen antzinako euskararen mugen barrenean. Hala ere, badirudi Nerbiotik harago eta Ebro ibarrean euskarak oso goiz egin zuela atzera. Hizkuntza zeltikoen aurrean hasieran eta latinaren aurrean geroago. Dena den garai hartako euskararen testigantzak oso urriak dira. Horiek, batez ere, garai hartako hilerrietan bildu dira, pertsona eta jainko izenak gehienbat. Ugarienak Akitanian agertu dira.

Euskararen hedadura azken mendeetan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Linguistic map Southwestern Europe.gif
  • K.A. II. mendean erromatarrak sartu ziren iberiar penintsulan eta latina ezarriko da. Latinak garaiko euskara inguratzen zuten hizkuntza guztiak irentsiko ditu. Euskal Herriak ostera eutsi egin zion oro har bere hizkuntzari. Dena den euskarak ere lur eremu handiak galdu zituen: Iparraldeko Akitania, Aragoi, Nafarroa eta Arabako hegoaldea….
  • V. mendean erromatar inperioa deuseztatzen ari zela herri germaniar multzo batzuk (bandaloak, sueboak, eta alanoak) Pirinioak zeharkatzeari ekin zioten.
  • VI. mendean frankoek iparraldetik bultzaturik, bisigodoak sartu ziren penintsulan. Hauek germaniarren artean nolabait aurreratuenak edo zibilizatuenak”. Erresuma Bisigodoa sortuko zuten, penintsula ia osoa menpe hartu ondoren. Erromatarrek ez bezala bisigodoek harreman txarra izan zituzten euskaldunekin; ia hiru mendean etengabeko gerran aritu ziren. Iberiar penintsulan latinizazioak sustrai sakonak zituen eta bisigodoen erresuma gorabehera latinak (edo honen forma bilakatuak) bizirik iraun zuen, euskarak bezala. Bisigodoak eurak ere latinizatu egin ziren eta VII menderako penintsulan ia galdua zuten euren hizkuntza. Hala ere herri germaniarrek zenbait hitz utzi zituzten: gerra, xaboi, sala, harpa, gisa, arropa...
  • VIII. mendean arabiarrak penintsulan sartzen hasi ziren 711. urtetik aurrera, zapi urtean penintsula ia osoa mende hartu zuten, Euskal Herriko mugaraino. 700 urte igaro zuten arabiarrek penintsulan, Gaztelak hasitako gerraren ondorioz kanporatu zituzten arte.
  • X. mendean kristauen Errekonkista erresuma musulmanen kontra hasi zen. Errekonkistak birpopulatzeak ekarri zituenez, hizkuntzan ondorio batzuk eragin zituen Euskal Herrian. Batetik, badirudi euskaldunak hegoaldean ugaritu zirela. Arabako hegoaldean, Errioxan, Burgosen eta Sorian eta Nafarroako erdialdetik hegoaldera. Bestetik, Bizkaiko mendebaldean, Enkarterrian, hiztun erromanikoak sartu zirenez, bertako hainbat tokitako euskara galdu egin zen.
  • XI. eta XII. mendeen artean Gaztelako Erresumak Bizkaia (1180), Araba (1199) eta Gipuzkoa (1200) bereganatu zituen. Sarritan interpretatzen da gertaera horiek ekarri zutela Euskal Herriko administrazioetan hizkuntza ofiziala gaztelania izatea. Izan ere, garai hartan garatzen ari zen gaztelania. Euskararen mugetan jaio zen eta Errekonkistan lortutako botere politikoaren bidez, Gaztelak menderatuz joan zen lurraldeetan ezarri zuen, beste erromantze batzuk zokoratuz. Nafarroari dagokionez, Antso Azkarra Nafarroako erregearen garaian euskara lingua navarrorum izendatu zen (1167) alegia, nafarren hizkuntza.
  • XIII – XVI mendeen artean Gaztelako Erresumak Nafarroako erresuma konkistatzea amaitu zuen (1200-1512). Beraz, botere politikoaren hizkuntza idatzia (gutxi batzuek zerabiltena) erromantze nafarra izatetik Gaztelania izatera pasatu zen.
  • XVI – XVII. mendeek gure literatura idatziaren hasiera markatu zuten. Izan ere, 1545. urtean argitaratu zen lehen liburua euskaraz "Linguae Vasconum Primitiae". Poema liburua da eta haren autorea, Bernart Etxepare, Nafarroa Behereko herri txiki bateko apaiza izan zen. Hala ere, gogoratu behar da 1539. urtean Frantzisko I. Frantziako erregeak latinaren ordez administrazioan frantsesa erabiltzeko agindua ezarri zuela eta Ipar Euskal Herriko hizkuntza gaskoia izatetik frantsesa izatera pasatu zen. Hala bada, ez agirietan, ez testu teknikoetan euskarak ez zuen zabalkunderik izan. Hegoaldean, hizkuntza mintzatuari dagokionez, Arabako hegoaldeko hainbat eskualdetan eta Nafarroako hegoaldean gaztelaniak euskarari gaina hartzen jarraitu zuen poliki-poliki. Euskarak eusten zion, nola edo hala, baina galdua zuen prestigioaren eremua. Euskara ezin zen erabili erakundeetan, ez eskolan... Euskara galtzeko atea zabalik geratu zen.
  • XVIII. mendean euskarak atzerakada handia izan zuen Arabako lautadan, beteak beste, Gasteiz hiria (mendebaldeko euskararen sorgune nagusia izan zena) ordurako erabat erdaldundua zelako, eta handik eragin erdaltzailea zetorrelako inguruko lurretara. Ipar Euskal Herrian, Iraultza Frantsesaren garaipenak (1789) foruak deuseztatu zituen; geroago, 1793. urtean frantsesa nahitaez erabiltzeko betebeharra ezarri zen legez. Bestalde, euskarak lurralde zati handi bat eta hiztun kopuru handi bat galdu zuen Nafarroan. Euskaldunen Amerikarako joerak ere Euskal Herriko nekazaritzagune askotan (euskaldunenetan, beraz) eragin handia izan zuen. Mendearen bukaera aldean, gainera, euskal herriaren historia garaikidea markatuko zuten gertakari erabakigarriak izan ziren: foruak deuseztatzea, industrializazioaren hasiera eta euskal nazionalismoaren eta sozialismoaren hastapenak.
  • 1800. urterako Arabako euskararen galtzea ia erabat burutu zen, iparraldeko hainbat ibarretan izan ezik eta Nafarroan atzerapena nabarmena egin zen. Nafarroako erdialde guztian, Iruñerrian eta Pirinioetako ibar batzuetan euskara desagertzen edo ahultzen ari zen garai hartan. Mende hartan Euskal Herriak pairatu zituen etengabeko gerrek eta haien ondorioz gertatu zen foruen edo lege zaharren galerak bizkortu egin zuten euskararen atzerakada.
  • Gaur egun euskararen transmisio naturalari eutsi dion eremua honako hau da: Bizkaiko eta Ipar Euskal Herriko lurralde ia osoa, Gipuzkoa osoa, Nafarroako ipar-mendebaldea eta Arabako ibar bat. Baina Euskal Herriko eskualde horietaz gain, euskara nonahi entzun eta erabil daiteke. Haur eta gazte gehienenek euskaraz ikasten dute eta hiztunen kopurua etengabe igotzen ari da. Euskara, aspaldiko partez, muga estuak puskatzen ari da.

Gaur egungo euskararen mugak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskara Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa eta Zuberoa herrialdeetan hitz egiten da. Euskal Herritik kanpo, Nafarroa Beherearekin muga egiten duten Gaskoniako herrietan eta Zuberoarekin muga egiten duen Biarnoko mugaldean (Oloroeko kantonamenduan: Eskiula edo Jeruntze herrietan,...) entzun dezakegu halaber. Euskal diasporan ere, euskara, ehun mila lagunek gorde edo berreskuratu dute, besteak beste, tokian tokiko euskal etxeei esker. Oro har, milioi bat lagun inguruk hitz egiten duten hizkuntza dugu.

Euskal Herrian bertan euskararen hedadura ez da berdina lurralde guztietan.

Euskal Autonomia Erkidegoan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eustaten 2006ko estudioaren arabera, EAEko biztanleen % 60 euskara ondo edota hala-hola hitz egiteko gai da.[8] Guztira, 775.000 lagunek euskara ondo ulertu eta hitz egiten dute eta 459.000 lagunek ondo ulertu, baina hitz egiteko zailtasunak dituzte EAEn. Lurraldeka, Gipuzkoan biztanleen % 53k euskaraz daki, Bizkaian % 31k, eta Araban % 25ek.

Euskararen ofizialtasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskararen ofizialtasuna Euskal Herrian.

Euskarak, historian zehar, ia ez du onarpen ofizialik izan. Herriaren hizkuntza izan da beti, baina inoiz ez da erabili administrazioan. Gaur egun, Euskal Herriko eremu batzuetan hizkuntza koofiziala da.

Gaur egun, euskaraz hitz egiten den lurraldeak ez dauka batasun politikorik, Euskal Herria politikoki hiru administraziotan banatuta baitago. Administrazioak honako hauek dira:

Administrazio bakoitzak euskararen erabilerari tratamendu diferentea ematen dio eta, horren ondorioz, euskara arautzen duten bost araudi ezberdin daude. Egoera nahasi hau ez da batere mesedegarria euskararentzat.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoa: euskara ofiziala da, gaztelaniarekin batera, Euskal Autonomi Erkidegoan. Euskararen legea 1982. urtean onartu zen.
  2. Nafarroako Foru Erkidegoa: Hiru eremutan banatuta dago. Ofizialtasun partziala deitu izan zaio Nafarroa Garaian euskarari eman zaion estatusari, bai eta bere baitan hartzen dituen hiru erregimenei ere. Nafarroako Garaiko euskararen legea 1986. urtean onartu zen eta horren arabera herrialdea hiru eremutan banatu zen euskarak hartzen zuen babesaren arabera.
    • Eremu euskalduna (iparraldea): euskara ofiziala da, gaztelaniarekin batera, Nafarroako Foru Erkidegoko eremu euskaldunean. Eremu horretan lurraldearen iparraldea bakarrik sartzen da. Nafarroa Garaiko biztanleen % 10 bizi da eremu horretan.
    • Eremu mistoa: euskara ez da ofiziala eremu mistoan. Hala ere, Nafarroako euskararen legeak eremu mistoko herritar guztiei ezagutzen die Nafarroako herri-administrazioarekiko harremanetan euskara erabiltzeko eskubidea. Era berean, legean aurreikusten da herri-administrazioek zehaztu behar dutela zein lanpostu publikotarako izango den beharrezkoa euskaraz jakitea. Eremu mistoko eskoletan euskaraz ikas daiteke eta euskara ikasgaiaren irakaskuntza jaso daiteke, horrela nahi izanez gero. Hegoaldeko nafarren % 53 bizi dira eremu horretan.
    • Eremu ez-euskalduna (hegoaldea): euskara ez da ofiziala eremu ez euskaldunean. Nafarroako eskualderik zabalena da hau, lurraldeko erdialde eta hegoalde gehiena hemen kokatuta dago. Hizkuntza ofizial bakarra gaztelania da. Hegoaldeko nafarren % 37 hor bizi da.
  3. Ipar Euskal Herria: Euskara ez da hizkuntza ofiziala. Ipar Euskal Herriko hizkuntza ofizial bakarra frantsesa da, Frantzian ofizial den hizkuntza bakarra.

Euskalkiak eta euskara batua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskalkien hedadura
██ Mendebalekoa██ Erdialdekoa ██ Nafarra██ Nafar-lapurtarra ██ Zuberotarra

Euskalkiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Euskalki» eta «Euskal Herriko hizkerak»

Euskalkiak euskararen dialektoak dira. Sortzen lehena mendebalekoa izan zen, VIII. mendearen inguruan, Asturiasko erresumak Araba-Bizkaietan zuen eraginagatik segur aski; eta hurrengo mendeetan eratu ziren gainerako euskalkiak. Aurretik, euskarak batasun handia zuen eta Euskal Herriak izandako zatiketa politikoen eraginez sortu ziren euskalkiak.[9][10]

1729an, Manuel Larramendi jesuitak El Imposible Vencido. El arte de la lengua bascongada izeneko euskararen gramatika bat argitaratu zuen Salamancan. Bertan hainbat dialekto edo euskalki bereizi zituen: gipuzkera, bizkaiera, nafarrera eta lapurtera, eta azken bi horiek bat bera zirela jo zitekeela adierazi zuen.

Luis Luziano Bonapartek euskalkien beste banaketa bat egin zuen, egundaino indar handiz iritsi dena. Euskaltzaindiko lehen presidente Resurreccion Maria Azkuek (1864-1951) Bonaparteren banaketa berrikusi zuen. Besteak beste, erronkariera (1991n hil zen azken hiztuna) euskalki berezitzat jo zuen, Bonapartek zubereraren barnean sailkatu arren.

1997an Koldo Zuazok eginiko sailkapen berriaren arabera, berriz, euskalkiak honela izendatu dira:

Tradizioan, gipuzkera, bizkaiera, lapurtera eta zuberera izan dira euskalki literarioak, hau da, euskal literatura egiteko, aldaera horiexek erabili izan dira. Mendeetan zehar, lapurtera (Ipar Euskal Herrian) eta gipuzkera (Hego Euskal Herrian) izan dira euskalki erabilienak, maila jasoan. Bizkaierak, era berean, erabilera handia izan zuen XX. mendeaaren hasieran, Bizkaian Sabin Aranaren abertzaletasunak izan zuen indarrak bultzaturik.

Euskarazko ereduetan matrikulatutako eskola umeen ehunekoa (2000-2005).

Euskara batua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Euskara batua»

1960ko hamarkadan, euskara batuaren sortze prozesuari ekin zitzaion, euskalkien arteko zatiketa gainditzeko eredu estandarizatuari, alegia. Bizitzaren esparru guztietara zabaltzeko eta, finean, egungo gizartean aise moldatzeko oinarriak eman zizkion batuak hizkuntzari. Zehazkiago, 1968an Euskaltzaindiak Arantzazuko Batzarrean (Oñatin) egin zuen bileran abiatu zen batasun prozesutik sortu zen.

Bilera hartan euskara bateratzeko lehenengo arau multzoak finkatu zituzten, idatzian erabili beharreko ortografia, morfologia, deklinabidea eta neologismoei buruzko arauak emanez. Hizkuntzaren batasunerako, gipuzkera eta lapurtera euskalkiak hartu ziren oinarritzat, baina gainontzeko euskalkien berezitasunak eta aldaerak kontuan hartuta.

Batasuna ez da bat-bateko gauza izan, eta, nahiz eta neurri handi batean egina dagoen, aurrera doan langintza da oraindik ere. Izan ere, Euskaltzaindiak pixkanaka onartu eta argitaratu ditu euskararen alorrak finkatzeko arauak eta gomendioak, eta jardun horretan segitzen du gaur egun ere.

Hizkuntzaren egitura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Morfologikoki hizkuntza eranskaria da, tipologia ergatibokoa edo aktibokoa (deskribatzailearen ikuspegi teorikoaren arabera). Hitzen ordena neutroan subjektua objektuaren aurretik doa, eta objektua aditzaren aurretik (SOV ordena).

Ezaugarri fonologikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskararen sistema fonologikoak bost bokal ditu: /a/, /e/, /i/, /o/, /u/ (horiei zubereraren /ü/ gehitu behar zaie). Munduan hedatuen dagoen tipo bokalikoa da. Beraz, euskara batez bestekoaren barruan dago. Diptongoekin ez da berdin gertatzen: euskarak bost dauzka (goitik beherakoak deritzen motakoak), /ai/, /ei/, /oi/, /au/ eta /eu/. Horrek nolabaiteko konplexutasuna ematen dio bokalismoari, eskuarki gaztelaniarenaren oso antzekoa denari (ekialdean /ui/ diptongoa ere bada, baina haren erabilera mugatua da oso).

Kontsonanteei dagokienez, euskarak, barietate estandarrean, 21 unitate dauzka. Sistemaren oinarriak hauexek dira: alde batetik, ahostun / ahoskabe oposizioa (kontsonante ahoskabeak alde batean eta ahostunak bestean, baina bakarrik herskarien artean) eta, bestetik, artikulazio moduen zatiketa hirukuna: badaude kontsonante herskariak (/p/, /t/, /k/, /b/, /d/, /g/), frikariak (/s/, /z/, /x/, /j/) eta afrikatuak (/tz/, /ts/, /tx/). Ozenek osatzen dute kontsonantismoa (sudurkariek eta urkariek, dardarkari bakunen eta anizkunen artean oposizioa dagoela) eta, ekialdeko eskualde batzuetan, aspirazioak (/h/), frikari glotala bera. Oro har, sistema kontsonantikoak ez dauka ezaugarri bereziki deigarririk, salbu eta, agian, fonema frikari eta afrikatuen kopuru handi samarrean.

Euskararen azentua intentsiboa izan ohi da. Ezin da errazki azaldu zertan datzan, zubereraz izan ezik, euskalki horretan azentuazioa finkoa baita, hitzeko azkenaurreko silaban. Beste euskalkietan, arau hauek dute indarra:

  1. hitzaren erroa monosilabikoa denean, hitzak berak silaba gehiago izanik ere, azentua lehen silaban doa: lúrra < lurr-a, lúrretan < lurr-etan;
  2. erroa bisilabikoa bada eta bokalez bukatzen bada, kasu horretan ere lehen silaban doa azentua: méndi, áte;
  3. beste kasuetan, silaba anitzetako hitzetan, azentua azkenaurreko silaban doa (gizón, gizóna) eta bigarren mailako azentu bat gehitu dezakete hitzaren bukaeran, hitzak lau silaba edo gehiago dituenean (gizónarentzàt).

Ezaugarri morfologikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egitura morfologikoaren aldetik, euskara hizkuntza eranskarien barruan dago. Hizkuntza multzo horretan, morfemen arteko mugak argi eta garbi azaltzen dira, eta segmentu morfologikoetan esanahi bana adierazten da. Ezaugarri hori, morfemen arteko bereizketa gardena, euskarari aplikatu dakioke eskuarki. Hala ere, zenbait alor gramatikaletan, osagai morfologikoen arteko zatiketa eta esanahia duten unitateekiko lotura ez dira hain begi bistakoak.

Izen morfologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Izen morfologiari dagokionez, euskara genero gramatikalik gabeko hizkuntza da. Haren ezaugarrietako bat da izenen flexio aberatsa: izenek, izenordainek eta adjektiboek osatutako sintagmek kasuak hartzen dituzte: postposizio sintagmak dira (euskarak deklinabidea duela esan izan den arren, ez baita oso zehatza hori; berez, postposizioak dira, eta ez deklinabide kasuak).[11] Postposizio sintagma horiek, deskripzioen arabera, 16 edo 18 dira. Egia esan, hamar kasu daude atzizki bakuna dutenak. Horien artean hauexek: absolutiboa (etxea, singularrean), ergatiboa (etxeak), datiboa (etxeari), genitiboa (etxearen), instrumentala (etxeaz), lokatibo edo inesiboa (etxean), ablatiboa (etxetik), adlatiboa (etxera), lokatibo adnominala (etxeko) eta prolatiboa (etxetzat). Absolutiboaren ukoak partitiboaren erabilera dakar berekin (etxerik ez du). Horren funtzionamendua paradigma numeral mugagabera mugatua dago eta, batzuetan, ez da sisteman egoteko eskubide osoa duen kasutzat hartzen.

Atzizki bakunean oinarritzen diren postposizio sintagma hauetaz gain badira atzizki konposatu itsatsia duten beste postposizio batzuk. Horiek sortzeko, genitiboaren edo adlatiboaren forma ondoren doan beste atzizki batekin konbinatzen da. Kasu konposatu horiek hauexek dira: soziatiboa edo komitatiboa (etxearekin), hurbiltze adlatiboa edo direkzionala (etxerantz), muga adlatiboa (teliko edo terminatibo ere deitua) (etxeraino), destinatiboa (edo benefaktiboa) (etxearentzat), motibatiboa (edo kausala) (etxearengatik) eta destinatiboa (etxerako). Postposizio horietan guztietan, bereizten ahal dira, alde batetik, oinarrizko atzizkia (genitiboa edo adlatiboa) eta, bestetik, berariazko atzizkia. Adibidez, etxe-a-ren-tzat (artikuluari dagokion -a- bat barne) edo etxe-ra-ino. Ikuspegi historikotik, zenbait formaren kasuan, gaur egun duten itxura bi atzizki batzearen ondorio da, aurreko adibideetan bezala, edo paradigmaz kanpoko osagaiei esker gorpuztu da, kausalean edo, kasu konposatuen artean, lokatibo adnominalean gertatu den moduan.

Lekua adierazten duten postposizioetan (lokatiboa, ablatiboa, adlatiboa eta azken honen oinarrian eratzen diren kasu konposatuetan) erreferentzia biziduna duten izenek atzizki osagarri bat erakusten dute (-ga(n)-), gehienetan genitiboarekin konbinatuta agertzen dena: ablatiboaren kasuan honako forma hauek konpara daitezke, etxe-tik eta gizon-a-ren-gan-dik, edo lokatiboaren kasuan beste hauek, etxe-a-n eta gizon-a-ren-gan.

Horiek guztiak postposizio itsatsiak dira. Badira beste gisa bateko batzuk, postposizio askeak deitzen ditugunak. Horrela osatzen dira postposizio askeko paradigmak: etxe ondoan, herritik hurbil, maldan behera, eta abar.

Postposizio sistema horrek hiru forma edo paradigma multzo dauzka: bat singularrerako, beste bat pluralerako eta beste bat numero marka gaberako (mugagabe deitu izan da gramatiketan), hots, artikulurik ez daukan eta, numero gramatikalari dagokionez, indiferentea den horretarako. Ikus bedi lagin hau, liburu izenerako:

Kasua/Numeroa Singularra Plurala Mugagabea
Absolutiboa liburu-a-Ø liburu-ak liburu-Ø
Ergatiboa liburu-a-k liburu-e-k liburu-k
Datiboa liburu-a-ri liburu-e-i liburu-ri
Genitiboa liburu-a-ren liburu-e-n liburu-ren
Lokatiboa liburu-a-n liburu-e-ta-n liburu-tan

Euskal kasuak antolatzeko sistema dela eta, aipatu behar da haren funtsezko ezaugarri bat: izaera sintagmatikoa da, alegia, kasua markatzen duen atzizkia sintagma edo talde nominalaren azken osagaiari gehitzen zaio, ez osatzen duten guztiei: liburu-an irakurri zuen, liburu har-tan irakurri zuen, liburu erosi berri-an irakurri zuen. Berezitasun hori numero pluralaren adierazpenera ere zabaltzen da: sintagmako azken osagaia bakarrik agertzen da markaturik plural gisa: liburu berri-ak, liburu berri hori-ek. Sistemaren beste bereizgarri bat, hizkuntza aglutinatzaileetan gertatu ohi dena, forma nominaletan desinentzien markak metatzeko aukera da (elipsiaren ondorio gisa): lagun-a-ren-e-tik, genitiboko -ren- atzizkia eta ablatiboko -tik atzizkia metaturik.

Aditz morfologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «euskal aditz» eta «adizki»
Izan eta *edun aditzen taula osoa, non aditz laguntzaileen jokaera ikus daitekeen.

Euskarazko aditzaren morfologia konplexuagoa da izenarena baino. Kategoria unibertsalak ez ezik (tenpusa edo aldia, aspektua, modua, numeroa eta pertsona), euskaraz forma sistema jori bat dago: aditz batzuetan (dozena bat, aditz laguntzaileak barne) forma analitiko edo perifrastikoak (eramaten dut), alde batetik, eta, bestetik, forma sintetikoak edo trinkoak (daramat, eraman aditz berekoa) bereizten dira; horrez gain, konjugazio orokor bat dago, pluripertsonala deritzona, non aditzaren ekintzan diharduen edo parte hartzen duen bakoitzarentzat markak ageri baitira; eta gainera konjugazio alokutibo bat ere bada, formak modu batean edo bestean osatzerakoan entzulearen sexua kontuan hartzen duena (hiketa).

Forma sintetikoen bidez, aspektuaren esanahi progresiboa adierazten da, forma perifrastikoen esanahi puntualaren kontrakoa: dator alde batetik, eta etortzen da bestetik; darama alde batetik, eramaten du bestetik (aditz estatiboetan, ordea, erlazio hori ez da gertatzen: daki, dakusa). Adibideotan ikus daitekeenez, forma perifrastikoen aditz laguntzailea (da / du) aldatzen ahal da eta aditzaren izaera semantikoaren arabera benetan aldatzen: aditza iragangaitzen taldekoa bada (edo, hobe, adituek «inakusatiboak» deitzen dieten horretakoa) laguntzaileak izan-eko formak hartzen ditu. Aitzitik, aditza iragankorra bada edo iragangaitza baina aktiboa bada, laguntzailea *edun paradigmatik hartzen da (forma hori ez dago dokumentatua, horregatik izartxo batekin markatzen da):

izan *edun
Orainaldia
Lehenaldia
Orainaldia
Lehenaldia
1. pertsona singularra naiz nintzen dut nuen
2. pertsona singularra zara zinen duzu zenuen
3. pertsona singularra da zen du zuen
1. pertsona plurala gara ginen dugu genuen
2. pertsona plurala zarete zineten duzue zenuten
3. pertsona plurala dira ziren dute zuten

*edun-etik datorren laguntzailearekin osaturiko aditz multzoetako subjektuek ergatiboaren marka daukate (-k singularrean). Esan den bezala, ezaugarri hori egitura iragankorrei (Anek liburua irakurri du) ez ezik, esanahi aktiboko egitura iragangaitzek osaturiko azpitalde txiki bati ere badagokio (Anek ondo dantzatzen du, emanaldiak luze iraun du). Horregatik, egile batek baino gehiagok pentsatzen du euskara ez dela zehazki hizkuntza ergatibo bat, kontzeptua ezaugarri morfologiko eta sintaktikoetatik abiaturik definitu ohi den moduan, egitura aktiboko hizkuntza bat baizik.

Konjugazio edo aditz komunztadura pluripertsonalak adizki bakar batean partaide batzuk biltzen ahal ditu: subjektua, osagarri zuzena (gehienetan, markatu gabe) eta zeharkako osagarria. Darama adizkia daramakio adizkiarekin alderatuz gero, berehala atzematen da ekintzako hirugarren partaidea, zeharkako osagaiarena egiten duena. Ikus ditzagun beste adibide batzuk:

  • ekarri d-i-da-zu: laguntzaileko d- orainaldiaren adierazlea da, -i- artizki bat da, -da- singularreko lehen pertsonaren adierazlea, eta -zu singularreko bigarren pertsonarena.
  • ekarri d-i-o-zu: laguntzaileko d- orainaldiaren adierazlea da, -i- artizki bat da, -o- singularreko hirugarren pertsonaren adierazlea, eta -zu singularreko bigarren pertsonarena.
  • ekarri d-i-gu-te: laguntzaileko d- orainaldiaren adierazlea da, -i- artizki bat da, -gu- pluraleko lehen pertsonaren adierazlea, eta -te pluraleko hirugarren pertsonarena.
  • ekarri z-i-z-ki-gu-te-n: laguntzaileko z- lehenaldiaren adierazlea da, -i- artizki bat da, -z- pluralaren adierazlea, -ki- beste artizki bat (datibozko markarekin lotua), -gu- pluraleko lehen pertsonaren adierazlea, -te- pluraleko hirugarren pertsonarena, eta -n lehenaldiaren marka da.

Adizkiak, bereziki konjugazio pluripertsonalaren barruan, oso modu ikusgarrian zailtzen ahal dira, adibide hauek frogatu bezala (egiazko kasuak dira, baina gutxi erabiliak): ziezazkiguketen, z-ieza-z-ki-gu-ke-te-n morfemetan zatitua, edo generamazkionan (emakume bati hika hitz egiten zaionean), ge-ne-ram(a)-z-ki-o-na-n morfemetan zatitua.

Azkenik, konjugazio alokutiboak solaskidearen sexuaren arabera bereizten diren adizki-paradigmak biltzen ditu. Adizki horiek orokorrei buruz diferenteak dira, ez bakarrik hizlariak espresuki bere solaskidea aipatzen duenean (ikusi duk [mask.], ikusi dun [fem.]), hori beste aditz pertsona bati baitagokie, baizik eta solaskideak ekintzan parte hartzen ez duenean ere bai: liburu hau irakurri diat (gizon bati hitz egiten zaionean), liburu hau irakurri dinat (emakume bati hitz egiten zaionean); adizki markatugabea, solasaldiaren erreferentziarik egiten ez duena, liburu hau irakurri dut esaldian dago. Forma berezi horien erabilera harreman eta egoera jakin batzuetara mugatuta dago: erabiltzen diren barietateetan, aditz-joko alokutiboa arrunta da anai-arreben artean eta adin bertsuko adiskideen artean; ohikoagoa, dena den, gizonezkoen artean emakumezkoen artean eta harreman mistoetan baino. Bestelako egoeretan forma alokutiboen erabilera urria da, edo ez da gertatzen.

Ezaugarri sintaktikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskaraz, hitzen ordena SOV (Subjektua Objektua Aditza) izan ohi da, marka ergatiboa duten hizkuntzetan oso zabaldua dagoena. Hala ere, euskarak malgutasun sintaktiko nabarmena du. Esaldien mailako ordenarik ohikoena (Jonek(S) auto berria(O) erosi du(V)) izenen eta postposizioen arteko harremanarekin bat dator (euskaraz ez dago preposiziorik): aulkiaren atzean, iritzi horren aurka. Gaztelaniatik harturiko preposizioak, euskarak onartu eta gero, beste postposizioak bezala portatzen dira: iritzi horren kontra. Izen sintagmaren eta haren genitibozko osagarriaren arteko ordena (aitaren etxea) bat dator tipologikoki hitzen oinarrizko ordenarekin. Gauza bera esan daiteke egitura konparatiboez: hauetan, konparazioaren bigarren osagaia adjektiboaren –hau dagokion graduan– aurretik agertzen da (zu baino gazteagoa).

Mendeko perpaus erlatibodunak laguntzen duten substantiboaren aurretik joan ohi dira ([erosi berri dudan](Rel) liburua). Hala ere, hori ez da modu bakarra klausula erlatibodunak sortzeko: maila batzuetan zeina izenordaina erabiltzen da, erromantzearen egituraren antzera, hots, erlatiboa substantiboaren ondoren. Gaurdaino ia-ia iraun ez duten eraikuntza zaharretan, erlatiboa erreferentearen atzetik ere bazihoan, hala nola: monument ageri eztiradenak (Rel) bezala zarete (Leizarraga, 1571, Lukas XI, 44). Joskera hori oraingoarekin alderatzen ahal da (ageri ez diren (Rel) monumentuak bezala(koak) zarete). Barne erlatiboko klausulak dira, seguru asko. Horrenbestez, euskarak izan litezkeen aukera tipologiko guztiak dauzka mendeko esaldi erlatiboak osatzeko.

Ezaugarri lexikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskararen lexikoa da hizkuntzaren gainean gutxien ezagutzen den kontuetako bat eta horrek bide eman die balizko iritzi etimologiko guztiei, fundamentuarekin edo gabe. Zoritxarrez, azken hauek izan dira nagusi historian zehar. Badakigu euskara latinezko eta erromantzezko hitzez elikatu dela lotsarik gabe. Mailegu batzuk begi bistakoak dira (bake < lat. pace(m), ohore < lat. (h)onore(m), liburu < lat. libru(m), herren, herrenka < esp. renco, rengo), baina beste batzuk ez hainbeste (aizkora < lat. asciola, begiratu < lat. vigilare, biao < lat. meridianu(m), aitortu < aragoiera zaharreko aytorgar).

Askoz gutxiago izanik ere, litekeena da antzinako hizkuntza zeltetatik harturiko lexikoa ere izatea (mando, gori, maite, agian izokin, baina azken hitz horren jatorria latin berantiarreko esocina izan liteke, Asturietako esguín «izokin gaztea» kide izanik) eta germaniar hizkuntzetatik ere bai (agian urki). Arabieratik harturiko hitzak ere badira (alkandora, azoka, gutun —arabierazko kutub «liburuak» hitzetik—), baina gehienak erromantzeak iragazirik etorri dira.

Ondare-lexikoari dagokionez, oso gutxi dakigu zehazki. Hala ere, gaur egungo ikerketek (Joseba A. Lakarraren eskutik) adierazten dute, antza, jatorrizko lexikoaren multzoaren muina erro laburretan, monosilabikoetan, oinarritzen zela eta, hortik abiaturik, hizkuntzaren bilakaeraren ondorengo urratsetan, bi silaba edo gehiagoko erroak sortuz joan zirela. Euskarak hiztegi etimologiko on baten premia gorria du.

Idazkera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskarak, XVI. mendean idazten hasi zenetik, alfabeto latindarra erabili du, bere kokaleku geografikoaren eraginez. Gaur egun, euskal alfabetoak bost bokal ditu:

  • a, e, i, o, u. Zubererak seigarrena ere badu: ü.

eta ondorengo kontsonante hauek:

  • b, d, f, g, h (gorra mendebaldeko euskalkietan, hasperendua ekialdekoetan), j (gipuzkeran, ahoskera belarra du, gaztelaniaz bezala; gainerako euskalkietan eta euskara batuan, sabaikaria), k, l, m, n, ñ, p, r, s, t, x, z.

Gainera, beste bost kontsonante ere baditu, beste hizkuntzetikako maileguak idazteko:

  • c (eta haren aldaera ç), q, v, w, y.

Kontsonante horietako batzuk konbinatuz, ondorengo digrafo hauek sortzen dira:

  • dd, rr, tt, ts, tx, tz.

Azentuari dagokionez, ez da idazkeran adierazten.

Literatura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ahozko literatura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Ahozko euskal literatura»

Ahozko literaturak aipamen berezia behar du. Euskararen idatzizko garapen mugatua dela eta, ahozko literaturaren agerpenek indar berezia izan dute. Horrela, atsotitzak, baladak eta kopla zaharrekin batera, besteak beste, berebiziko munta du bertsolaritzak.

Sakontzeko, irakurri: «Bertsolaritza»

Nahiz eta lehenagoko aztarnak ere badiren, bertsolaritza XIX. mendetik aurrera garatu zen Euskal Herrian. Ez zen lurralde guztietan indar berarekin hedatu, ordea. Gipuzkoako eskualde batzuek eman zituzten bertsolaririk ezagunenak. XIX. mendeko gerra eta gatazka ugariek eskaini zuten bertsotarako gairik. Hori dela eta, frantsesen aurkako, karlisten garaiko eta Kubako gerrei buruzko bertso mordoxkak iritsi zaizkigu: ahoz aho banaka batzuk, idatziz gehienak. Kanta paperen bidez zabaldutako bertsoak oso modan egon ziren, eta zenbait kasutan orduko gertaera eta albisteak jakinarazteko modurik herrikoienetako bat zen.

Mende hartako bertsolari zaharrenen artean Xenpelar errenteriarra dugu ospetsuena. Haren bertso-sorta askok bizirik diraute euskal kantutegian: Betroiarenak, Pasaiako zezenarenak edo Ia guriak egin du, esaterako. Bat-bateko bertsolari moduan nabarmendu ez baziren ere, Jose Mari Iparragirre eta eta Bilintxen bertsoak ere aipagarriak dira. Lehenaren Ume eder bat eta Gernikako arbola edo bigarrenaren Bein batian Loiolan eta Loriak udan intza bezela, oso ezagunak dira. Azpimarratzekoak dira Iparraldeko koblakariak ere, hala nola Zuberoako Piarres Topet "Etxahun" barkoxtarra (Ürx'aphal bat badügü, Maria Solt eta Kastero...) eta Nafarroa Behereko Joanes Oxalde bidarraitarra (Lurreko ene bizia, Iruñeko ferietan...).

Euskara idatziaren lehen urratsak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskara idatziaren lehen urratsak.

Euskaraz idatzitako lehenengo hitzak Akitania eta Pirinio inguruetan aurkitutako erromatarren garaiko hilarrietakoak dira ( I. mendea) Jainko eta Jainkosen izenak izan litezke: sembe > seme; anderexo > andereño; cison > gizon...

Gaur egun ezagutzen den euskara ez da antzinaro hartakoa bera. Horregatik aitzineuskara deritzo garai hartako euskaldunen mintzairari; eta aitzineuskaratik gaur egungo euskarara, garai hartako latinetik gaur egungo gaztelaniara dagoen antzeko aldea edo handiagoa legoke.

Orain arte euskaraz idatzita aurkitu diren esaldirik zaharrenak Donemiliagako glosak dira (X. mendea). Horren zergatia hauxe da, herri literatura eta tradizioa ahoz transmititu izan direla batez ere.

Glosak, latinezko testuak ulertzeko monje kopistek idazten zituzten oharrak dira, hau da, zatirik zailenei buruzko ohar batzuk "Guec ajutuezdugu" (ez dugu laguntzarik) eta "Içioki dugu" (piztu dugu) dira.

Bernat Etxepareren Linguae vasconum primitiae liburua euskaraz argitaratutako lehena da, 1545ekoa. Izenburua latinez dago, baina liburu osoa euskaraz. Idazleak idazterakoan ez zuen eredurik izan. Horregatik, grafia asmatu behar izan zuen eta euskararen soinuak, hotsak, paperean emateko erdaran erabiltzen ziren letrez baliatu zen: apeza izanik, baitzekien erdaraz idazten.

Jesus Krist Gure Jaunaren Testamentu Berria (1571) Joanes Leizarragak idatzi zuen. Apaiz katolikoa zen, baina garaiko Nafarroako erregina protestante bihurtu zenean higanot bihurtu zen, beste kristau asko bezala. Erreginak Itun Berriaren itzulpena euskarara egitea eskatu zion Leizarragari, dotrina kalbinista zabaltzeko. Horrela, Jesus Krist Gure Jaunaren Testamentu Berria argitaratu zuen 1571. urtean. Liburua Vulgatatik itzulia bada ere, baditu itzulpena ez diren beste atal batzuk: horien artean, Nafarroako erreginari zuzendutako gomendio gutuna, non Euskal Herria izenari lurraldea zehazten zaion, baita euskara eta euskalkien izan zituen arazoak azaltzen dituen "Heuscalduney" deritzon atala ere.

Gero (1643) euskal prosaren gorengo emaitza da, eta aszetika deritzon azpijeneroko obra unibertsala, nolabait 1643. urtean azaldu zen, Bordelen inprimaturik. Haren egile Pedro Agerre Azpilkueta (Axular) Nafarroa Garaiko Urdazubi herrixkan jaio zen. Axular goitizena bere jaiotzeko baserritik datorkio. Iparraldeko Saran eman zituen Axularrek bere urterik gehienak, hango errektore edo parroko. Liburuaren hizkuntza eredua, geroago lapurtera klasikoa deitu zena da. Eredu horretara heltzeko, Axularrek herriak ulertzeko moduko hitzak eta adierazpideak bilatzen ditu, baina horretan aberastasunik batere galdu gabe. Horregatik esaten da Axular dela euskal prosaren benetako sortzailea, Leizarragak bidea nolabait jorratu bazuen ere.

Eguna (1937) euskara hutsean idatzitako lehenengo egunkaria da. 1921ean sortutako Donostiako Argia astekaria bilakatzeko ahalegin guztiek lur jo bazuten ere, hazia ereinik zegoen euskaltzaleen artean. Egunkaria gerra hasi arte, hala ere, ez zen gauzatu, Eusko Jaurlaritzak 1937. urtearen hasieran Eguna plazaratu zuen arte. Sei hilabete eskas iraun zuen lehenengo euskal egunkariak, militarrek ekainean Bizkai osoa kontrolatu bitartean, alegia.

Literatura idatzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Euskal literatura»

Euskarak lapurtera idatziaren bidez, batik bat, bizi zuen berpizkundea. Ondokoak izan ziren euskal literaturari hasiera ematen zioten autoreak:

Hurrengo mendeetan gainerako euskalkiek idatzizko garapen handiagoa izan zuten. Euskalki literarioak lapurtera, bizkaiera, gipuzkera eta, apalkiago, zuberera izan ziren. Berpizkunde osasuntsu baten ondoren, hegoaldean XVIII. mendean geldiune bat jazo zen, non erlijio-testuen itzulpen txepelen erdian Agustin Kardaberazen Eusqueraren berri onac nabarmendu zen. Era berean, egile handirik izan zen: Axular XVII. mendean, Juan Antonio Mogel eta Pedro Antonio Añibarro XIX.enean eta Estepan Urkiaga Lauaxeta, Txomin Agirre, Xabier Lizardi eta Gabriel Aresti besteak beste, XX.enean.

1968tik aurrera, euskara batuaren garapenarekin, euskarazko literatura azkar hazi zen, eta egun asko dira euskal idazleak, besteak beste:

Euskara munduan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herriaren inguruan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskara Bearnoko hainbat herri eta auzunetan mintzatua da. Herri eta auzune horiek Zuberoaren inguruan daude. Honako hauek dira: Aramitze, Arriba, Arribalda, Azpilda, Ereta, Hagoeta, Jeruntze, Lixoze, Nabarzi, Orin eta Tabaila-Uzkaine. Batzuek zerrenda horretan sartzen dituzte Eskiula, Jeztaze eta Ozaraine-Erribareita ere, baina gehienetan Zuberoako herritzat hartzen dira.

Aspaldiko bisitariak: Donejakue bidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herria Donejakue bidean izateak Europako bisitari ugari ekarri ditu.

Euskal Herria igaroleku zelako beste froga bat Donejakue bidea da. Erdi Aroan hasi zen, eta denbora luzez (X. mendetik XIX.eraino) erromes asko heldu ziren Europa osotik Konpostelara, Done Jakue apostoluarena omen zen hilobia ikustera, zerua irabazteko bidea zelakoan. Bideko pausaleku handienetakoa zen Orreagako monasterioak, konparazio batera, oraindik XVII. mendean urteko 20.000 janari ematen zituen. Euskarak harridura pizten zuen bidaiarien artean. Itsaso erromanikoaren barnean euskararen uharte ikusgarria ageri zen. Horregatik, bidaiariek hiztegitxoak osatu zituzten, batzuk oso zaharrak, XII. mendekoak.

Beilarien artean Aymeric Picaud frantsesa dugu famatuena gure historian. Picaud frantziar erromesak Done Jakue bidea egin zuen XII. mendean eta ikusitakoaren gida bat latinez idatzi. Bertan euskaldunak eta lurraldea deskribatzen ditu eta kexu ageri da eman dioten tratuaz. Hala ere, euskarazko hitzen zerrenda bat bildu zuen, ezagutzen den lehen euskal hiztegitxoa bilduz. Codex Calixtinus (1132-1135) latinezko liburuan Pirinio hegoaldeko biztanleak «nafarrak» (nauarri) deitzen ditu; iparraldekoak, ordea, «euskotarrak» (bascli). Hala ere, ez direla bereizten dio: berdin jan, jantzi eta hitz egiten dutela.

Arnold von Harff alemaniar zalduna, 1496-1499 urteen artean egindako erromesaldietan, Euskal Herrian ere izan zen, eta erromesaldi horien berri eman zuenean, euskarazko hiztegitxo bat jaso zuen.

Euskara bidaiari[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskalduna euskaraz hitz egiten duen pertsona da, non jaio zen edo non bizi den berdin dio. Beraz, euskaldun guztiak ez dira Euskal Herrian bizi, Euskal Herritik kanpo ere euskaldunak bizi dira eta horren froga bizia dira munduan zehar topa daitezkeen Euskal Etxeak edo Euskara edo Euskal Kultura irakasgai dituzten zenbait Unibertsitate.

Historian zehar ez dira gutxi herria utziz mundu zabalera abiatu zirenak. XVI. mendeaz geroztik, Amerikarako bidea izan zen norabide nagusia. Ameriketan egiten zituzten lanbideak desberdinak dira, baina zenbait garaitan artzaintza nagusia zen. Argentinan, Buenos Aires hiriburuan esne industria XIX. mendean euskaldunen eskuetan zen, hala nola, gazitegiak (okela kontserbatzeko industria, alegia); bi lan horiek «euskaldunen lanak» deitzeraino heldu ziren. Horretaz gain, euskaldunak aritu ziren Ameriketako hainbat eta hainbat jardueratan: Kaliforniako urre-meatzeak, ostatuak eta merkataritza, Argentinako Pampa ordekan, unai gisa...

Euskal etxeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Euskal etxeak»

Euskal etxeak atzerrira joandako euskaldunak batzen diren lekuak dira. Elkarte horien helburua elkarren arteko laguntza eta euskal nortasuna babestea dira. Horretarako ekintza ezberdinak antolatzen dira: Euskarazko klaseak, kanta eta dantza taldeak, aldizkariak, liburuak, festak, bertsolari txapelketak, eta abar.

Munduan zehar dauden euskal etxeetatik zaharrena Montevideoko (Uruguai) Laurak Bat euskal etxea da, 1876. urtekoa. Urte berean, Argentinan Laurak Bat izena duen beste euskal etxe bat zabaldu zuten halaber.

Gaur egun, guztira 162 euskal etxe ofizial daude mundu osoan zehar eta beste 30 bat inguru oraindik ofizialak ez direnak.

Euskara, munduko unibertsitateetan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskarak eta euskal kulturak interesa sortzen dute Euskal Herritik at. Horren oinarrian arrazoi desberdinak daude, zientifikoak eta sentimentalak.

Arrazoi zientifikoek mugiarazten dituztenentzat, euskara ikasgai edo ikergai da. Horientzat, euskal hizkuntzaren eta kulturaren ezaugarri bereziak dira interes-sortzaile; adibidez, euskara lurralde berean sustraituta gutxienez hogei mendetik gora egin duen hizkuntza izatea, eta ahaide ezagunik gabeko hizkuntza izatea.

Arrazoi sentimentalak dituztenak, ordea, garai bateko egoera sozio-ekonomikoak bultzatuta, bizimodua ateratzera atzerrira joan behar izan zutenak edo horien ondorengoak dira. Migrazioaren ondorioz, euskotarren komunitateak sortu dira han-hemenka, eta euskaldunak dira haietako hainbat.

Edonola ere, arrazoia bata ala bestea izanik, interes horri esker euskararen eta euskal kulturaren presentzia asko hedatu da munduan zehar.

Euskal pidginak Islandian eta Kanadan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «euskara-islandiera pidgina» eta «algonkin-euskara pidgina»

Euskal Herriko baleazaleek pidgin bi sortu zituzten Ipar Atlantikoan egindako bidaietan: Islandian euskara-islandiera pidgina, eta Ternua eta Labradorren algonkin-euskara pidgina. XVIII. mendearen inguruan galdu ziren, baina idatzizko lekukotasun apur batzuk gorde dira.

Euskararen aldeko gizarte mugimendua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskara, hizkuntza gutxitua izanik, ez da egoera arrunta bizitzen ari bere lurraldean. 1980ko hamarkadatik hainbat aurrerapauso eman badira ere (hizkuntza koofiziala da Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroako iparraldean), zenbait esparrutan oso presentzia eskasa du. Horri aurre egiteko, frankismo bukaeratik talde ugari sortu dira euskararen alde lan egiteko, zeregin horretan jada ziharduten taldeei gehituz.

Erakundeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Elkarteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hedabideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Eusko Jaurlaritza: V. Inkesta Soziolinguistikoa, Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia, 2011.
  2. «euskara», Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa.
  3. Koldo MITXELENA: «Euskararen bide luze bezain malkarrak», in Euskararen liburu zuria, Euskaltzaindia, 1978.
  4. Alfontso Irigoien (1977). «Geure hizkuntzari euskaldunok deritzagun izenaz», Euskera, XII, 513-538 orrialdeak.
    Alfontso Irigoien (1990). «Etimología del nombre vasco del vascuence y las vocales nasales vascas descritas por Garibay», Fontes Linguae Vasconum, 56.
  5. «euskara», in Koldo Mitxelena: Orotariko Euskal Hiztegia, Euskaltzaindia.
  6. Ikus argazkia, azalpena eta honen irakurketa, Alicia M. Canto doktoreak hemen egina: "La Tierra del Toro: Ensayo de identificación de ciudades vasconas", Archivo Español de Arqueología 70 zk., 1997, 31-70 orr., 35 orr., 9 nota y 6. irudia edición digital. Hilarrian hau aipatzen da:Narhunges, Abissunhari filius eta bere balizko lehengusua Umme, Sahar(i) f(ilius)
  7. Francisco Beltrán Lloris: «Los andosinos ¿una antigua etnia pirenaica?», Recull de conferències 2008 : 2225 anys des dels andosins ; 3rs Debats de recerca, Societat Andorrana de Ciències, 2010. 69-82. orrialdeak.
  8. «EAEko herritarren %60 euskara ondo edo hala-hola hitz egiteko gai dira», Eitb24.com.
  9. «Araba euskararen lurralde peto-petoa», Euskaraba, 2010-02-25.
  10. Koldo Zuazo (2007), «Euskalkien jatorriaz eta bilakaeraz», Berria, 2007-12-09.
  11. Pello Salaburu: «Kasu markak», Sareko Euskal Gramatika.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Portal.svg
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskara
Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Euskara Aldatu lotura Wikidatan