Euskara-islandiera pidgina

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Euskara-islandiera
Non mintzatzen den: Islandia 
Eskualdea: Vestfirðir
Hizkuntza galdua: Bai
Hizkuntza familia: Euskara
Estatus ofiziala
Hizkuntza ofizialtzat duten lurraldeak:
Erakunde araugilea: Ez
Hizkuntza kodeak
ISO 639-1: ez du
ISO 639-2: gehitzeko
ISO 639-3:

 

Vestfirðir.png
Vestfirðir (euskaraz: mendebaldeko fiordo) Islandiako zortzi eskualdeetako bat.
 

Euskara-islandiera pidgina XVII. mendean Islandiako Vestfirðir eskualdean erabilitako pidgin hizkuntza izan zen[1]. Islandiara joandako euskaldun arrantzale eta merkatariek bertako biztanleekin sortu zuten.[2][3] Pidgin horrek ingelesaren eta frantsesaren eragina zuen, eta Ipar Atlantikoan hainbat herrialdetako arrantzaleen arteko bizikidetzan eta hartu-emanetan oinarritzen da.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bizimodua ateratzeko, euskaldunak lehenak izan ziren Bizkaiko golkoan baleak harrapatzen[4]. Jarduera horren lehen idatzizko agiria 670. urtekoa da. Agiri horren arabera, Lapurdiko arrantzaleek Frantzia iparraldean 40 poto lumera (balea-olio) saldu zituzten[5].

Ipar Atlantikoan Euskal Herriko arrantzaleei egindako lehen aipamena, berriz, 1412. urtekoa da. Urte hartan islandiarrek diote Grundarfjörðuretik 500 itsas milia mendebaldera Euskal Herriko hogei baleontzi inguru zebiltzala.[5]

Ziurrenik euskaldunek dagoeneko hamarkada batzuk eginak zituzten ur hauetan, balea-ehizan eta merkataritza-jardueretan. Balea-ehizak irabazi handiak ematen zituen, eta baliabide ekonomiko ezinbestekoa zen. XIII. mendean baleak harrapatzeko hainbat portu eraiki zituzten euskaldunek, horien artean 1204an Getariakoa edo Lekeitiokoa. Hala ere, 1334. urterako balearen gainbehera hain zen nabaria Bizkaiko golkoan, ezen Alfontso XI.a Gaztelakoak arrantzarako behin behineko debekua ezarri baitzuen[5], stock haditzeko asmoz. Horrek arrantzaleak beste itsasoetara bultzatu zituen.

XV. mendean, euskaldunak Kanadan zeuden balea eta bakailao arrantzan. Bertara ailegatzeko Islandia eta Groenlandiatik igaro behar zuten. Horretarako, gutxienez bederatzi arrantza-gune ezarri zituzten Labrador eta Ternuan, handienak 900 lagunentzako lekua zuen eta Red Bayn zegoen.

Islandiarren eta Euskal Herriko baleazalen arteko harremanak ez ziren beti baketsuak izan. Adibidez, liskar hauek zirela eta gertatu zen Islandiako historian izandako sarraskirik latzena, Spánverjavígin (espainiarren sarraskia) izenarekin ezaguna: 1615 eta 1616 artean, hiru baleontzi hondoratu ziren Vestfirðirren edo mendebalderagoko fiordoetan, eta orduan Piarres Agirre, Esteban Telleria eta Martin Villafrancakoak zuzendutako 50 marinel hil zituzten islandiarrek[6].

Aurkikuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1905 aldera, Jón Helgason filologo eta poeta danimarkarrak Kopenhagengo Unibertsitateko Arnamagnaeana liburutegian bi hiztegi [7]aurkitu zituen pidgin honi erreferentzia egiten ziotenak: Vocabula gallica ("Frantsesezko hiztegia") eta Vocabula biſcaïca ("Bizkaierako hiztegia")[1][8].

Aipatutako eskuizkribua XVII. mende bukaerakoa edo XVIII. mende hasierakoa da[9] eta Kopenhageko Unibertsitateko Arnamagnaeana liburutegian dago. Guztira hiztegi bi dira: lehendabizikoa 16 orrialde eta 517 hitzetakoa eta bigarrena 10 orrialde eta 228 hitzetakoa. Hau da, guztira 745 hitz ditu.

Eskuizkribuan eguneroko hitzak ez ezik balea ehizarekin eta bere ingurumariarekin lotutakoak ere aurki ditzakegu. Egileak ez dira ezagutzen, baina ikertzaileen ustetan jarduera horretan aritzen ziren idazle bi izan ziren egileak, Euskal Herriko arrantzaleak, bertako biztanleekin lotura estua zutenak.[1] Hiztegiak lapurterazko hitzak dakartza gehienbat, baina beste hizkuntzen ekarpenak ere baditu, tartean frantsesarenak, gaztelaniarenak eta ingelesarenak.[9]

Helgason Christianus Cornelius Uhlenbeckekin harremanetan jarri zen, Leidengo Unibertsitateko euskal gaietarako aditua. 1927an, Nicolaas Gerardus Hendricus Deen hizkuntzalari herbeheretarrak (Uhlenbeck euskalariaren ikaslea), Euskal Herrira bidaiatu zuen Julio de Urquijorekin elkarlanean aritzeko. 1937an, Deenek gai honen inguruan idatzi zuen Leidengo Unibertsitatean aurkezturiko doktore-tesian[1]. Tesiak "Glossaria duo vasco-islandica" izenburua zuen, 125 orrialde zituen eta latinez idatzita zegoen[10].

F. Mullerrek zuzendutako tesia 135 orrialdeko liburutxo bat besterik ez da. Bere onarpen zientifikoa, ordea, Espainiako Gerra Zibilak (1936-1939), eta Bigarren Mundu Gerrak (1939-1945) eklipsatu zuten. Hala ere, Nicolaas Gerardus Hendricus Deenen tesia ezagunagoa izango zatekeen latinaren ordez beste hizkuntza moderno batean argitaratu izan balu.

Tesian ikerketa ortografikoa eta fonetikoa egin zituen eta bukaeran, eranskin moduan, hiztegi biak kopiatu zituen. Hitzaurrean, Urquijori eskerrak eman ondoren, Deenek honela dio[11]:

« Utinam renascatur pulchrius ac fortius Vasconia et bona cum pace iamiam vivat Hispania
«Utz ezazue Euskal Herria inoiz baino sendo eta ederrago biziberritu, eta Espainiarekin laster bakean bizi ahalko delako esperantza!»
 »

Deenek lau zutabetan argitaratu zituen hiztegiak: euskara / islandiera / alemaniera / gaztelania.

Lana ez da Julio de Urquijoren liburutegian aurkitu[12], baina Angel Irigaraik berreskuratu zuen[13] Gipuzkoako Foru Aldundiaren liburutegian.

Eskuizkribuak 1986an itzuli zituzten Islandiara, baina horietako bat galdu egin zen.

Adibideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Baleontziak 1790. urte inguru
Bolungarvíkeko arrantza postua-museoa

Hona hemen euskara-islandierazko esaldi batzuk[14][15]:

  • for ju mala gissuna. "Gizon gaiztoa zara".
  • normandia chave andia. "Frantziarrek asko dakite"
  • Sumbatt galsardia for?. "Zenbat galtzerdiagatik?"
  • Presenta for mi locaria. "Eman niri lokarriak"
  • For mi presenta for ju biskusa eta sagarduna. "Bixkotxa eta sagardoa emango dizkizut"
  • Presenta for mi berrua usnia eta berria burra. "Emadazu esne beroa eta gurina berria"
  • Christ Maria presenta for mi balia, for mi, presenta for ju bustana. "Kristo eta Mariak balea ematen didatenean emango dizut buztana"
  • Zer travala for ju?. "Zertan egiten duzu lan?"
  • Ungetorre. "Ongi etorri
  • Fenicha for ju.. "Zurekin larrua jo.
  • Gianzu caca.. "Janzazu kaka.


Euskara-islandiera Euskara Frantsesa Ingelera
sua sua le feu fire
harria harria pierre stone
eskora aizkora hache ax
kanavita ganibeta couteau knife
schularua eskularrua gant glove
unat honat! venez ici come here!
lingva mihi langue tongue
trucka trukatu troquer to buy

Hona hemen XVII. mendeko hiztegitik ateratako hitzak:

Euskara-islandiera Euskara Islandiera
Gessurtia Gezurtia Sträkur
Satto Zatoz Kom pu
Nescagastia Neska gaztea Ögift kona
Ez tacit Ez dakit Eg veit echi
Suas camporat Zoaz kanpora Fardu frä mier
Gekiseite Jaiki zaitez Fardu ä faetur

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]