Euskararen Foru Legea

Wikipedia, Entziklopedia askea
Foru Legearen araberako hizkuntza zonifikazioa: Arrosa argiz eremu euskalduna, arrosa ilunez eremu mistoa eta urdinez eremu ez-euskalduna.

Euskararen Foru Legea (gaztelaniaz Ley Foral del Vascuence) Nafarroako Parlamentuak hizkuntzaren estatusaren inguruan 1986an onartutako legea da, eremuka ofizialtasuna sailkatzen duena eta horren arabera hezkuntza arloan eta administrazioan haren presentzia edo absentzia ezartzen duena.

Legea aurrera atera zuten urte hartako abenduan, aldeko 29 botorekin (tartean, PSN eta UPNren parlamentari batzuk), aurkako 3rekin (EA), eta 11 abstentziorekin (tartean, HBko sei parlamentarirenak, aldez aurretik instituzioetan parte hartzeari uko egitea erabaki baitzuten).

Historia

Nafarroako Parlamentuak 1986ko abenduaren 2an eztabaidatu zuen euskararen legea eta abenduaren 17an argitaratu zuten Nafarroako Aldizkari Ofizialean. Aldeko 29 boto lortu zituen (PSNrenak, Alderdi Moderatuarenak, Koalizio Popularrarenak eta talde mistoarenak); hiru kontra (EA); eta 11 abstentzio (UPN)[1].

Zonifikazioa izan zen eztabaidagai nagusietako bat legea onartzeko garaian. Euskara Nafarroa osoan ofiziala izateko ebazpena onartu zuen Nafarroako Parlamentuak 1980. urtean, Foru Hobekuntza izango zenaren oinarriak sinatzean. Ebazpen horrek aldeko 33 boto jaso zituen, tartean alderdi sozialistarenak barne. Parlamentuak ordezkaritza osatzean proposamena Madrilen defendatzeko; baina itzultzean euskara «eremu euskaldunean» baino ez zen ofiziala. Hori biltzen zuen 1982ko Nafarroako Foru Hobekuntzak[1].

Irizpide hori hartu zuen oinarri 1986. urteko euskararen legeak. Parlamentuak 1980an onartutakotik urrundu zen testua, eta hiru eremutan banatu zuen Nafarroa. Eremu euskaldunerako bakarrik gorde zuen hizkuntzaren ofizialtasuna gobernu sozialistako Hezkuntza kontseilari Roman Felones bultzatzaile nagusi izan zuen legeak[1].

Helburuak

Lege honen arabera, Euskara koofiziala da Nafarroako «eremu euskaldun»ean. Era berean, Nafarroako berezko hizkuntzatzat euskara nahiz gaztelania hartzen ditu 2. artikuluan. Euskararen erabilera zehazten eta mugatzen du. Helburu bezala, honakoak aitortzen ditu 1. artikuluan:

  1. Herritarrek euskara erabili eta erabiltzeko eskubidea babestu eta eraginkor bihurtzeko tresnak zehaztu.
  2. Euskararen berreskurapena eta garapena babestu, bere erabilera sustatzeko bideak ezarriz.
  3. Euskararen erabilera eta irakaskuntza bermatzea, borondatezkotasun, mailakatze eta begirune irizpideak jarraituz, betiere errealitate soziolinguistikoaren arabera.

Legearen I eta II tituluek egiten duten erregulazioa Nafarroako Foru Erkidegoko eremukako banaketaren araberakoa da. Eremuaren arabera, herritarrek eskubide ezberdinak dituzte. Eremu euskaldunean euskara koofiziala da eta estatus zabala aitortzen zaio erabilera nahiz irakaskuntzan; eremu mistoan, berriz, euskara ez da ofiziala baina nolabaiteko babes eta sustapenaz gozatzen du. Sustapen neurririk ez da aurreikusten eremu ez euskaldunean.

Nafarroako euskalkiak babes berezia izan behar dute (1. artikulua). Legeak ez ditu euskalkiak zehazten, baina ikerketa ezberdinen arabera, Nafarroan gaur egun hegoaldeko eta iparraldeko Goi-nafarrera erabiltzen dira. Honez gain Gipuzkera, Lapurtera, hegoaldeko Behe-nafarrera eta iparraldeko Behe-Nafarrera ere erabiltzen dira eremu txikiagotan.

Kontsultarako erakunde ofizial bezala Euskaltzaindia ezartzen du 3. artikuluak.

Irakaskuntza

Legeak Nafarroako gobernuari euskarazko ikasketa plangintzak nola aplikatuko diren erabakitzeko ahalmena ematen dio. Era berean, Nafarroako gobernua, irakaslegoa euskarazko irakaskuntzarako gaitua izan dadin “behar diren ekintzak” aurrera eramango dituela dio 1986ko Legeak.

Eremu euskaldunean, hezkuntza maila ez unibertsitarioan 2 hizkuntzen irakaskuntza derrigorrezkoa da, oinarrizko eskolatzearen bukaeran 2 hizkuntzetan gaitasun maila nahikoa frogatu dezaten. Hala ere, eremu horretan ohiko ez den bizilekua dutela justifikatzen dutenek, euskararen irakaskuntzatik salbuetsiak izan daitezke.

Eremu mistoan: eskatzen duten ikastetxeetan sartuko da euskara irakaskuntzan. Eremu ez euskaldunean: eskariaren arabera, botere publikoek euskara bultzatuko dute eta hala behar izanez gero partzialki finantzatuko dutela adierazten du legeak.

2014an, Nafarroako eremu ez-euskaldunean D ereduan ikasteko aukerari atea zabaldu zion euskararen legea aldatzeko proposamenak, sare publikoan. Ikastolek bermatu zuten euskarazko irakaskuntza bitartean[2]. Euskararen legearen aldaketak euskararen egoera hobetuko zuen, Lizarrako, Tafallako eta Tuterako ikastoletako zuzendarien aburuz eta ikastoletan eragina izango zuela ere uste zuten[3].

Komunikazio sozialak

Euskararen presentzia egokia bultzatuko du komunikabide sozial publiko eta pribatuetan, hala nola Nafarroak kudeatzean dituenetan eta bestelako azalpen kultural eta artistikoetan.

1999tik 2005era diru laguntzek %16 behera egin zuten. 2007. urtean, 210.000 euro izan zen euskarazko hedabideentzako onartutako diru saila[1].

Hizkuntza politika horren ondorioz Euskalerria irratiaren auzia dago[1].

Legearen garapena

70/1994 Foru Dekretua Lanpostu publikoetan euskararen balorazioa arautzen zuen. Derrigortasun eta meritu noiz, non eta nola izango zen zehazten zuen, eremu euskaldun nahiz mistoan.

135/1994 Foru Dekretua Zirkuitu elebidunak, irudi instituzionala eta lanpostuen derrigortasun eta balorazioa arautzen zuen.

372/2000 Auzitegi Gorenak baliogabetu zuen.

139/2001 Nafarroako Osasun Zerbitzuari eragiten dio, non euskara jakitearen derrigortasuna desagerrarazi zuen osasun arloko edozein postutan, baita eremu euskaldunerako ere.

2014ko urriaren 20an, PSNk, Geroa Baik eta Ezkerrak D eredua sare publiko osora zabaltzeko eskaera aurkeztu zuten Parlamentuan. Bilduren eta Aralar-NaBairen botoekin legea aldatzearen aldekoak gehiengoa ziren Nafarroako Parlamentuan[4]. Azaroaren 27an, legea aldatzeko proposamena aurrera atera zen Nafarroako Parlamentuan, nahiz eta, UPNk eta PPk aurka bozkatu. Onarpena, hala ere, ez zen behin betikoa[5].

Abenduaren 11ean, Nafarroako Parlamentuak euskararen zonifikazioa ezabatzea ukatu zuen UPNk, PSNk eta PPk aurka bozkatuta[6].

2015eko urtarrilaren 14an, euskararen legea aldatzeko lehen urratsa eman zen Nafarroako Parlamentuan. UPNk eta PPk bakarrik izan ziren babestu ez zutenak. Ikastolen egoeraz desadostasunak egon ziren[7].

Eremuen banaketa

Eremu euskalduna

Euskararen ofizialtasuna Euskal Herrian eremuka.

1986an Euskararen Foru Legea onartu zenean eremu euskalduna honako udalerri hauek osatu zuten:

Abaurregaina, Abaurrepea, Altsasu, Anue, Araitz, Arantza, Arano, Arakil, Arbizu, Areso, Aria, Aribe, Arruazu, Auritz, Bakaiku, Basaburua, Baztan, Bera, Bertizarana, Betelu, Donamaria, Doneztebe, Etxalar, Etxarri Aranatz, Elgorriaga, Eratsun, Ergoiena, Erroibar, Esteribar, Ezkurra, Garaioa, Garralda, Goizueta, Hiriberri (Aezkoa), Igantzi, Imotz, Irañeta, Ituren, Iturmendi, Labaien, Lakuntza, Lantz, Larraun, Leitza, Lesaka, Luzaide, Oitz, Olazagutia, Orbaitzeta, Orbara, Orreaga, Saldias, Sunbilla, Ultzama, Urdazubi, Urdiain, Urrotz, Uharte Arakil, Ziordia, Zubieta eta Zugarramurdi.[8]

Ondoren eremu euskaldunari beste bi udalerri gehitu zitzaizkion: Lekunberri eta Irurtzun.

Honela bada, 2010eko otsailaren 3an eremu euskaldunean denera 63 udalerri zeuden, hauetan denera 2009. urtean 58.932 biztanle bizi ziren, Nafarroa osoko biztanleriaren %9,35a.[9]

Eremu mistoa

Euskararen Foru Legeak hauxe dio eremu mistoari dagokionez:

« Euskara irakaskuntzan sartuko da pixkana-pixkanaka, progresiboki eta behar adina, ikastetxeetan euskarazko irakaskuntza duten lerroak sortuz, hala eskatzen dutenendako.

Hezkuntza maila ez-unibertsitarioetan euskara ikasketak emanen zaizkie hala nahi duten ikasleei, oinarrizko eskolatzearen bukaeran euskararen jakintza nahikoa izan dezaten[1]

»

1986an Euskararen Foru Legea onartu zen unean eremu mistoa udalerri hauek osatu zuten:

Ondoren eremu mistoari udalerri hauek ere gehitu zitzaizkion: Berriobeiti, Berriozar, Orkoien eta Zizur Nagusia. 2010an Nafarroako Legebiltzarrak Aranguren, Belaskoain, Galar Zendea eta Noain Elortzibar udalerriak ere eremu mistoan sartzea onartu zuen.[11] Hauetatik hiru lehenak, hots, Aranguren Ibarra, Belaskoain eta Galar Zendea erabakia berretsi dute.

2010eko otsailaren 3an eremu mistoan denera 343.585 biztanle bizi ziren, Nafarroa osoko biztanleriaren %54,49a, hots, Nafarroa osoko bost udalerrietatik bat eremu mistoan kokatzen da.[12]

2014ko abenduaren 30ean, eremu mistoko euskarazko irakaskuntza murrizteko, zuzenketa aurkeztu zuen PPk, izan ere, D ereduaren eskaintza publikoa eremu ez-euskaldunekoaren pare jarri nahi zuen. Ikastolek eskariari erantzuten zietela adierazi zuen[13].

Eremu ez-euskalduna

Euskararen Foru Legeak hauxe dio eremu ez-euskaldunario dagokionez:

« Botere publikoek euskararen irakaskuntza lagunduko dute, eta behar denean, osoki edo zati batean finantzatuko dute, sustapen eta promozio irizpideei jarraikiz eta eskariaren arabera.[1] »

Eremu ez-euskalduna honako udalerri hauek osatzen dute:

Abaigar, Aberin, Ablitas, Adios, Aguilar Kodes, Allin, Allo, Ameskoabarrena, Antzin, Andosilla, Añorbe, Aranaratxe, Aras, Arellano, Arguedas, Armañanzas, Arronitz, Artaxoa, Artazu, Aiegi, Azagra, Azuelo, Barasoain, Barbarin, Bargota, Barillas, Beire, Berbintzana, Beriain, Biurrun-Olkotz, Buñuel, Cabanillas, Cabredo, Cadreita, Caparroso, Cárcar, Cascante, Castejón, Cintruénigo, Corella, Cortes, Deikaztelu, Desoio, El Busto, Eneritz, Elizagorria, Erriberri, Esa, Eslaba, Esprontzeda, Etaio, Eulate, Ezprogi, Faltzes, Fitero, Fontellas, Funes, Fustiñana, Galar, Galipentzu, Galoze, Garinoain, Gazteluberri, Genevilla, Girgillano, Ibargoiti, Iguzkitza, Irunberri, Izagaondoa, Kaseda, Lana, Lapoblación, Larraga, Larraona, Leatxe, Legarda, Legaria, Leotz, Lerga, Lerin, Liedena, Lodosa, Longida, Los Arcos, Lukin, Mañeru, Marañón, Martzilla, Mélida, Mendabia, Mendaza, Mendigorria, Metauten, Milagro, Mirafuentes, Miranda Arga, Monreal, Monteagudo, Morentin, Mués, Murchante, Murieta, Murillo el Cuende, Murillo el Fruto, Muruzabal, Nabaskoze, Nazar, Obanos, Oibar, Oko, Olexoa, Oloritz, Orisoain, Oteiza, Peralta, Petilla de Aragón, Piedramillera, Pitillas, Pueio, Ribaforada, Romanzado, Sada, San Adrián, San Martin Unx, Sansol, Santacara, Sartaguda, Sesma, Sorlada, Tafalla, Tebas-Muru Artederreta, Tirapu, Torralba del Río, Torres del Río, Tutera, Tulebras, Ukar, Uxue, Untziti, Untzue, Urraulgoiti, Urraulbeiti, Urrotz, Uterga, Valtierra, Viana, Villafranca, Villamayor de Monjardín, Villatuerta, Xabier, Zangoza, Zarrakaztelu, Zirauki eta Zuñiga.[14]

2010an otsailaren 3an Nafarroako Legebiltzarrak Aranguren, Belaskoain, Galar Zendea eta Noain Elortzibar udalerriak eremu ez-euskaldunetik atera eta eremu mistoan sartzea onartu zuen.[15]

Eremu ez-euskaldunean denera 157 udalerri daude, hots, Nafarroa osoko udalerri guztien erdia baino gehiago. Honela bada, eremu ez-euskaldunean denera 228.061 biztanle bizi dira, Nafarroa osoko biztanleriaren %36,17a.[16].

2014ko abenduaren 14an, Euskaraz Bizi eta Ikasi herri ekinbideak euskararen legeak ezarritako zonifikazioa bertan behera uzteko eskatu zuten Tafallan. Egiten ari zen aldaketa ontzat jo zuten baina ez zen nahikoa[17].

Abenduaren 29an, Geroa Baik eremu euskaldunetik kanpo zeuden sei ikastolarentzako laguntzak (Tafallako, Zangotzako, Vianako, Irunberriko, Fontellaseko eta Lodosako ikastolak) eskatu zituen[18].

Ikus, gainera

Erreferentziak

Kanpo loturak