Eusko Itsas Gudarostea

Wikipedia, Entziklopedia askea

Eusko Itsas Gudarostea edo Gudontzidiaren Laguntzako Ontzitaldea Espainiako Gerra Zibilean Eusko Jaurlaritzak sortu zuen Eusko Gudarostearen itsas armada izan zen. Errepublikako Gobernuaren iparreko flotatik independentea zen; bere buruzagitza zuen. Nagusiki kanoiez armaturiko bakailao-ontziz osatu zen ontziteria, bouak, alegia; besteak, berriz, arrantza-ontzi eta itsasontzi txikiagoak ziren.

Ontzien eskifaia eskarmentuzko euskal herritar arrantzaleekin eta marinelekin osatu zen. Atlantikoko portu frantziarrekin komunikazioak ez galtzeko, armatutako ontziez gain, posta eta garraio lanak betetzen zituzten itsasontziak ere bazeuden.

Sorrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1936ko urrian, Euzko Jaurlaritzako Lehendakaritza eta Guda Sailak, Agirre lehendakariak bera buru zela, Eusko Itsas Gudarostea sortu zuen (Gudontzidiaren Laguntzako Ontzitaldea) Errepublikako guda-ontzidiari haren itsas-trafiko eta arrantza babesteko misioetan laguntzeko, eta bere jurisdikzio uretan zeuden minak garbitzeko.

Alabaina, Bizkaiko golkoan zegoen Errepublikako Gudontzidiaren etekin apalak mesfidantza giroa sortu zuen Laguntzako Ontzitaldearen eta Errepublikako Ontzidiaren artean. Horren adibide Indalecio Prieto Errepublikako Ontzidi eta Aire ministroari Jose Antonio Agirrek idatzitako eskutitza:[1]
(Gaztelaniaz)

« Hemengo portuetara iritsi diren itsas gudarosteko unitateen jokaera arras dohakabea berehalakoan zabaldu da iritzi publikora, ez soilik kritika zorrotz moduan, erdeinua iseka bidez ere adierazi baita... Ciscar destruktoreko komandanteak, kokainazaleak, behar baino gehiago hitz egiten du... Ciscar destruktorean anarkiak eta diziplina gabeziak agintzen dutela argi geratu da... Portugaleten dagoen itsaspekoaren komandantea gordelekuan egoten da aulki batean eserita, bazter haietara azaltzen den edonoren barre algarak eraginez...[Oh 1] »

Jose Antonio Agirre, Eusko Jaurlaritzako lehendakaria


Datu orokorrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eusko Itsas Gudarostearen indarrak hauek ziren:[2]

Itsasontziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Motak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bouak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Bou»

Gerra Zibilaren bando biek zituzten arrantza-ontziek bou zuten izena.

1936ko urrian, Agirre lehendakariak PYSBEren lau bakailao-ontzi hartzeko agindua eman zion[3]. Ontziak Gipuzkoatik irtenda Bilbon zeuden: Hispania, Euzkal-Erria, Mistral eta Vendaval bakailao-ontziak. Errepublikako guda-marinak brankan 101’6 mm kanoi eta zubian metrailadore bi jarri zizkioten, gainera Mistral itsasontziari popan 76’2 mm kanoia jarri zion. Abenduan Araba, Bizkaya, Gipuzkoa eta Nabarra birbataiatu zituzten eta 1937ko urtarrila eta otsailean, Bizkaya, Gipuzkoa eta Nabarra ontzietako popan 101’6 mm kanoi bana jarri zieten. Araba, aukeran ez zenez, konpontzeko desmuntatu zuten eta, Bilbo galdu zenean, oraindik konpontzeke zegoen. Itsasontziek 50 metroko luzera zuten eta 10 - 11 korapiloko abiadura.

Beste arrantza-ontzi txiki bi ere armaz hornitu zituzten: Goizeko-Izarra eta Iparreko-Izarra. Biek popan 57 mm kanoia zuten eta Iparreko-Izarrakmetrailadore bat. Itsasontziek 25 metroko luzera zuten eta 10 korapiloko abiadura.

1936ko abenduan bere eskifaia matxinatu eta ofizialak harrapatu ondoren, Bilbora Virgen del Carmen bou frankista heldu zen. Ontziari Donostia izena jarri zioten. Brankan Gipuzkoak zuen 76,2 mm eta popan ekarri zuen 47 mm kanoiak jarri zizkioten. Gainera metrailadore bi eta sei oldar alemaniarrak zituen. Bouak 36 metroko luzera zuen eta 10 korapiloko abiadura.

1937ko udaberrian beste bou bi armaz hornitzeko prestakuntzak hasi ziren: Gasteiz eta Iruña, tamalez prestakuntzak ezin ziren bukatu Bilbo galdu baino lehen.

Minaketariak eta motordun txalupak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euzko Jaurlaritzaren kontrolpean zeuden portuen sarrera minaz garbitzeko, bikoteko arraste-arrantza ontziek erabili zen. Hauek minaketariak zuten izena.

1937ko urtarrilan sei baino ez izan arren, Bilboko portuaren sarrera garbitzeko (frankistek sarritan minatua) maiatzerako hogeita lau ziren. Izena baino, zenbatzaile eman zieten: D-1tik D-24raino.

Gainera, Euzko Jaurlaritzak sei motordun txalupa edo laguntzaile zituen, L-1tik L-6raino, eta zenbait ontzi lguntzaile, yate eta kanoa. Azken hauek portu-pilotu lanak egiteko edo Bilbo eta Baiona arteko loturak egiteko erabili ziren.

Guda Zibila bukatu eta gero, "bizirik" zeuden ontziak bere antzinako jabeen eskuetara itzuli ziren.

Destruktoreak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1937ko maiatzaren 31an, Euskadiko Ontziteriaren kideek José Luis Díez eta Císcar destruktore errepublikarrak hartu eta 200 ofizial eta marinelez bete zituzten. Itsas-ontziak gutxirako zeuden Eusko Jaurlaritzaren eskuetan, baina segitalde misioren bat egiteko aukera bazuten. Ekainaren 15ean Bilbotik ihesi ziren autoritate zibil eta militarrak Iparraldera eraman zituzten. Gero Espainiako Bigarren Errepublikaren eskuetara itzuli ziren.

Zerrenda[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hona hemen Euskadiko guda-ontzi laguntzarako ontzien zerrenda[4]:

Euskadiko guda-ontzi laguntzarako ontziteria
Izena Mota Jatorrizko izena Azken Kapitaina Bukaera
Araba Boua Hispania Santiago Asolo 1937ko ekainaren 6an Sestaon autohondoratua[5]
Bizkaya Boua Euzkal-Erria Francisco Murga Espainiako Bigarren Errepublikaren eskuetara
Donostia Boua Virgen del Carmen Francisco Elortegi Espainiako Bigarren Errepublikaren eskuetara
Gipuzkoa Boua Mistral Andres Corsino Espainiako Bigarren Errepublikaren eskuetara
Goizeko Izarra Boua Antonio de Zinkunegi 1937ko urtarrilaren 17an, Bilboko itsasadarran mina batek hondoratua.
Iparreko Izarra Boua Pedro Ruiz de Loizaga Espainiako Bigarren Errepublikaren eskuetara
Nabarra Boua Vendaval Enrique Moreno Plaza 1937ko martxoaren 5ean, Matxitxakoko itsas guduan galdua[6].
Gasteiz Boua Alejo Bilbao 1937ko abuztuaren 27an, Santoñan galdua.
Iruña Boua 1937ko ekainaren 19an, Bilbon galdua.
Jose Luis Diez Destruktorea Espainiako Bigarren Errepublikaren eskuetara
Ciscar Destruktorea Espainiako Bigarren Errepublikaren eskuetara
Jaimin Minaketaria Jose Etxaburu 1937an arrantza egitera itzuli zuen.
Rafael Cantos Minaketaria Eladio Cruz 1937an arrantza egitera itzuli zuen.
Mari Toya Minaketaria Manuel Basante 1937ko urtarrilaren 17an, Bilboko itsasadarran mina batek hondoratua.
D-1 Minaketaria Maria Angeles Jose de Ormaza 1937an arrantza egitera itzuli zuen.
D-2 Minaketaria Julito Agustin Marques 1937an arrantza egitera itzuli zuen.
D-3 edo Napartarra Minaketaria Domayo Luciano de Andonegi 1937an arrantza egitera itzuli zuen.
D-4 edo Arabarra Minaketaria Mourisca Vicente Artadi 1937an arrantza egitera itzuli zuen.
D-5 Minaketaria Gure Artizar Basilio Badiola 1937an arrantza egitera itzuli zuen.
D-6 Minaketaria Gure Izarra Juan Uriarte 1937an arrantza egitera itzuli zuen.
D-7 Minaketaria Alque Jesus Aldamiz Gogeaskoa 1937an arrantza egitera itzuli zuen.
D-8 Minaketaria Alcion Amadeo Uribe 1937an arrantza egitera itzuli zuen.
D-9 Minaketaria Nuevo Constante Juan Paz 1937an arrantza egitera itzuli zuen.
D-10 Minaketaria Constante Barreiro Juan Lijo 1937an arrantza egitera itzuli zuen.
D-11 Minaketaria Arco Angel Eizagirre 1937an arrantza egitera itzuli zuen.
D-12 Minaketaria Iris Francisco Valencia 1937an arrantza egitera itzuli zuen.
D-13 Minaketaria Motriko Lorenzo Uribe 1937an arrantza egitera itzuli zuen.
D-14 Minaketaria Ondarroa Jose Ignacio Murelaga 1937an arrantza egitera itzuli zuen.
D-15 Minaketaria Eduardito Agustin Marques 1937ko ekainaren 13an, Portugaleten hegazkin batek hondoratua.
D-16 Minaketaria Anthon Mari Andres Sustaeta 1937an arrantza egitera itzuli zuen.
D-17 Minaketaria Marcos Jose Etxaburu 1937ko abuztuaren 14an, Nojan istripuz hondoratua.
D-18 Minaketaria Delfina Eladio Cruz 1937ko maiatzaren 5ean, Bilboko itsasadarran Ciscar destruktoreak hondoratua.
D-19 Minaketaria Ibai-Ederra Pedro Artetxe 1937an arrantza egitera itzuli zuen.
D-20 Minaketaria Salvadora Lorenzo Arrieta 1937ko ekainaren 6an, Portugaleten hegazkin batek galdua.
D-21 Minaketaria Nazareno Nº 6 Justo Ibarloza 1937an arrantza egitera itzuli zuen.
D-22 Minaketaria Aralarko Mikel Deuna Angel Chans 1937an arrantza egitera itzuli zuen.
D-23 Minaketaria Eugenio Fernando Santos 1937an arrantza egitera itzuli zuen.
D-24 Minaketaria Julia Eladio Cruz 1937ko ekainaren 6an, Portugaleten hegazkin batek hondoratua.
L-1 Motordun txalupa Nazareno N.º 1 Leon Agirregomezkorta Espainiako Bigarren Errepublikaren eskuetara
L-2 Motordun txalupa Angel de la Guarda Esteban Exposito 1937ko ekainaren 6an, Portugaleten hegazkin batek galdua.
L-3 Motordun txalupa Josuren Ama Jose Pombo 1937an arrantza egitera itzuli zuen.
L-4 Motordun txalupa Nazareno N.º 9 Luis Burgaña 1937an antzinako jabeak berreskuratua.
L-5 Motordun txalupa San Isidro Jose Ibarloza 1937an arrantza egitera itzuli zuen.
L-6 Motordun txalupa San Ignacio de Loyola Jose Maria Aranguren 1937an arrantza egitera itzuli zuen.
Trintxerpe Ontzi auxiliarra Vicente Artadi 1936an arrantza egitera itzuli zuen.
Danak-Ondo Ontzi auxiliarra Francisco Suarez 1937an arrantza egitera itzuli zuen.
Danak-Batian Ontzi auxiliarra Ramon Vidal 1937an arrantza egitera itzuli zuen.
Marce Ontzi auxiliarra Ramon Vidal 1936an arrantza egitera itzuli zuen.
Severiano Asarta Yate Nazareno Nº1 Francisco Orozco Industriari itzulia.
Izaro Yate Epaila 5 Isidro Barañano 1937an uztailaren 12an, Baionan etsaiak bahitua.
Txepetx Kanoa Antonio Castro Espainiako Bigarren Errepublikaren eskuetara
Kayue Kanoa Juan Ibarluzea 1937ko ekainaren 23an santurtzin erreta.
Sheabe Kanoa 1937ko otsailan baztertua.
Cedard Bird 1212 Kanoa Sorgina 1937ko ekainaren 19an Bilbon utzita.
Isi-Anton Kanoa Comandante Moreno 11/88 1937ko ekainaren 22an Portugaleten utzita.
Izaro Auxiliar Kanoa Epaila 5 L Izaro bezala
Jaungoikoa Lagun Kanoa Trinkertxu 1937ko abuztuaren 27an Santoñan harrapatuta.
Pili Kanoa Miren Koldobike Ezezaguna
S.C. Kanoa Aitor 1937ko abuztuaren 27an Santoñan harrapatuta.
Tio Maco Kanoa Berabile 1937ko abuztuaren 27an Santoñan harrapatuta.

Marinelak: itsas gudariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1936ko urriaren 15ean, Eusko Jaurlaritzaren Guda Sailburuak Joaquin de Egia Untzueta Ontzidiaren Sekzioaren buru izendatu zuen eta Eusko Itsas Ontzidia antolatzeari ekin zion.

1936ko azaroaren 10ean, Eusko Jaurlaritzak «gogozko itxastar gudaritza»[7] sortzeko agindua argitaratu zuen. Itsasoan esperientzia zuen boluntario zibilak sortutako gudarostea zen. 3000 boluntario baino gehiago izan zituzten, 18 eta 60 urte artean. Hasieran 350 gizon hautatu ziren, baina azkenean ia 700 ziren. Nahiz eta halako uniforme izan (lohihartzeko eta zamarra, prakak, itsas-botak eta txapela beltza), ez zituzten ez entseinarik ez galoirik.

Gehienak Hego Euskal Herriko kostaldeko herrietatik zetozen. Erdia baino gehiago bizkaitarrak ziren (asko, Bermeokoak), laurdena gipuzkoarrak, arabar eta nafarren batzuk (% 1 baino gutxiago), eta beste alde batzuetatik etorritako besteren batzuk ere (gehienbat galiziarrak). Politikoki, % 10 besterik ez zen alderdiren bateko kide: % 10 horietatik, erdia baino gehiago ELAkoak edo jeltzaleak ziren, % 20 PSOEkoak edo UGTkoak, eta gainerakoak CNTkoak edo Eusko Abertzale Ekintzakoak.

Misio eta ekintza nagusiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Segitalde misioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskadiko guda-ontzi laguntzarako ontzien misio gehienak segitaldeko misioak ziren, gehienetan Espainiako Bigarren Errepublikarako armak edo hornigaiak ekartzen zituzten merkataritza-ontziak babesteko. Batzuetan halakoetan bou frankisten erasoen jasanez, adibidez 1937ko urtarrilean Blackhill britainiarra laguntzen. 1937ko uztailean, Ciscar, Eusko Gudarosteko marinelen kontrolpean, 50 itsas-miliatik Bilbora Gobeo petrolio-ontzia ekarri zuen.

Harrapaketak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1936ko abenduan, bere marinelek Virgen del Carmen bou frankista harrapatu zuten eta Donostia izatera aldatu.

Abenduan ere, eusko ontziek Pluto alemaniar merkataritza-ontzia harrapatu eta Bilbora eraman zuten, hala ere Espainiako Bigarren Errepublikako buruzagiek askea uzteko agindua eman zieten. Abenduaren 23an eusko gudariek Palos alemaniar merkataritza-ontzia harrapatu eta Bilbora eraman zuten. 28an Königsberg gurutzontziak Bilbora heldu zen Palosen askatasuna eskatuz. Eusko gudariek Palos ontziari joaten utzi zuten, zamaren zati bat eta espainiar bidaiariaren bat gabe.

Mina garbiketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bilboko itsasadarrean Velasco itsasontzi frankistak etengabeko lanak minaketarien beharra eragin zuen. Minaketarien lana ona bazen ere, tamalez Bilboko portuaren uretan Goizeko-Izarra (17 ontzilariekin) eta Mary-Toya minaketaria (6 kiderekin, tartean minak kentzearen arloko eusko buruzagia) hondoratu ziren minen eraginez. Behin Bilbo galdua, eusko minaketariek Santander, Xixon eta Aviles garbitzen lagundu zuten.

Borrokak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Matxitxakoko itsas gudua»

Euskadiko guda-ontzi laguntzarako ontziteriaren lehendabiziko borroka 1936ko azaroaren 15ean zen: Velasco destruktore frankista eta Mistral eta Euzkal-Erria Euskadiko bouen artean. Euskotarrek Velasco jo zuten eta zauritu bat eta matxura batzuk izan zituen; frankistek, ostera, Mistral ere jo egin zuten eta Euskadikoek zauritu bi izan zituzten.

1937ko urtarrilan ondorio gabeko kanoikadaren elkartrukea izan zuten Nabarra eta Velasco itsasontziek, azken honek Bilboko itsasadarra minatzen ari zela.

1937ko martxoaren 5ean, eusko bouen Canarias gurutzaontziaren arteko Matxitxakoko itsas gudua izan zen. Guduaren ondorioz, euskotarrek Nabarra boua galdu zuten.[8][9]

1937ko maiatzean, Ciscar, Gipuzkoa eta Bizkaya itsasontziek Bermeo bonbardatu zuten, Eusko Gudarosteak herri hura berreskuratzearren egindako saiakera laguntzeko.

Ebakuazioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskadiko guda-ontzi laguntzarako ontziteriak frankistak lortutako portuak ebakuatzeko lagundu zuen, Bilbo galduta ere, Santander edo Xixon hiriak.

Orainaldia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Juan Azkarate, Eusko Itsas Gudarosteko gudarietatik bizirik dirauen azkena, 2016an.

Artea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Literaturan, Cecil Day-Lewis poeta irlandarrak (Daniel Day-Lewis aktorearen aita) Matxitxakoko itsas guduan aritutako gudarien omenez Nabarra izeneko poema idatzi zuen. Honela dio:

« Euskal lurraren gizonak

Bizkaiko golkoaren semeak
Bizitzari ospe mitikorik
eskatu ez zioten jende xehea.
Eta asko maite zutelako
bere garbitasun apalean
Nahiago zuen, bere bihotz latzetan
Hil errenditu baino.

»

[10]

Bestalde, Mikel Begoña sopelaztarrak eta Ricardo Sendra argentinarrak Mar de plomo izeneko komikia idatzi zuten Matxitxakoko itsas guduari buruz.[11] Euskarazko bertsioa ere argitaratu zuten: BERUNETZKO ITSASOA. MATXITXAKOKO GUDA.

Itsas gudari eguna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Matxitxakoko itsas gudua oroitzeko, itsas gudari eguna sortu zen,[12] Bermeoko Eusko Alkartasunak antolatuta; martxoaren 4an ospatzen da, Bizkaiko herri hartan. 2007. urtean, artelan berriak ordezkatu zuen lehendik zegoen oroitzapen monolitoa, artelan biak Nestor Basterretxearenak[13] dira.

Ontziteriaren hondamenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2008an, Eusko Jaurlaritzak esan du Nabarra bouaren kokapena aurkitu duela.[14][15][16]

Oharrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Jarraian jatorrizko bertsioa gaztelaniaz: La actuación de las unidades de Marina que han venido a estos puertos ha sido tan desdichada que ya ha cundido en la opinión pública, no ya la crítica acerba, sino hasta el desprecio burlón... El comandante del Ciscar, cocainómano, frecuentador de cabarets, habla más de la cuenta... La anarquía y la indisciplina a bordo del Ciscar son evidentes... El comandante del submarino que está en Portugalete se pasa el día en el refugio con una silla, provocando la hilaridad de cuantos se acogen a aquel lugar...

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]