Euskal abertzaletasun

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea
Eusko abertzale» orritik birbideratua)

Artikulu hau serie honen zatia da:
Euskal
abertzaletasuna

Euskal abertzaletasuna Euskal Herriaren naziotasuna eta bere autodeterminazio eskubidea defendatzen duen ideologia politikoa da. Bere ustez, herritartasuna eta naziotasuna berezko hizkuntza, kultura, historia eta nortasun kolektiboan dautza. XIX. mendearen bukaeran agertu bazen ere —Sabin Aranarekin— aurrekariak ditu aurreko mendeetan. Bere barnean pentsamolde ugari daude: independentismoa, subiranismoa edota konfederalismoa. Baina pentsamolde guzti hauek esaldi batean bat datoz: Euskal Herria euskaldunen eta euskal herritarren aberria da, hortik abertzale izendapena.

Oinarria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikurrina, euskal abertzale gehienek erabiltzen duten bandera

Abertzale hitzak, berriz, «aberria maite duena, aberriaren alde saiatzen edo borrokatzen duena» esan nahi du.[1] Nahiz eta abertzale hitzak edozein aberriren zaleak izendatzeko balio duen,[2] besterik zehazten ez bada, aberritzat Euskal Herria dutenak izaten ditu aipagai, gehienetan.

Izena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Historian, zein aberritako abertzale ziren bereizteko, Euskal Herriaren abertzaleek eusko abertzale terminoa erabili dute, jeltzaleek ez ezik (Sabino Arana Goiriren garaitik), baita ezker abertzalekoek ere (ikus, adibidez, Eusko Abertzale Ekintza alderdiaren izena bera).

Arrano Beltza, hainbat eusko abertzalek erabilia

Esanahi horrekin berarekin euskal abertzale erabiltzen da gaur egun,[3] segur aski EAJk Eusko Abertzaleak izena erregistratu zuelako, 1980ko hamarkadan, eta ordezkaritza duen hainbat tokitan bere hautetsien taldeak izendatzeko erabiltzen duelako.[4] Eusko Alkartasuna ere saiatu zen izen hori bereganatzen, baina EAJ aurreratu zitzaion.[5] Gerora, bi alderdi politikoak koalizioan aritu zirenean, Gipuzkoan elkarrekin erabili zuten izen hori, 2001ean.[6] Nolanahi ere, badirudi azkenaldian ezker abertzaleak uko egin diola eusko abertzale izenari (Eusko Ekintza alderdiaren izenean izan ezik), nahita edo Espainiako legeak horretara bultzatuta. Izan ere, Espainiako legeak gaztelaniazko izen generikoak erregistratzea galarazten duen arren (edonork izen horiek libre erabiltzeko aukera izan dezan), ez ditu berdin babesten gainerako hizkuntza ofizialak.

Bestetik, maila akademikoan erabiliagoa da euskal nazionalismoa forma[7][8], ziur aski nazioartean nazionalismo kontzeptua erabili ohi delako nazionalismoari buruzko ikasketetan (maiz, ingelesez: nationalism studies).

Izana[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal abertzaletasunak, oinarrian, Euskal Herriaren nazio izaera aldarrikatzen du. Era berean, eta maila ezberdinetan bada ere (maila sinbolikotik independentzia proposamenetaraino), Euskal Herriaren lurralde batasuna aldezten du, Euskal Herriaren lurralde eremua zehaztean terminoaren usadiozko definizioa hartuta.[9]

Herritartasuna edo naziotasunaren defentsak berezko hizkuntza -euskara-, kultura, nortasuna/identitatearen aldeko jarrera aktiboa hartzera eramaten du euskal abertzaletasuna.

Euskal Herrian, hainbat erakunde politikori deitzen zaie abertzale (euskal abertzale esanahiarekin): Abertzaleen Batasunari, Aralarri, EH Bilduri, EH Bairi, Eusko Ekintzari, Eusko Alkartasunari, Euzko Alderdi Jeltzaleari, Geroa Bairi, Sorturi, eta abarri.

Alderdi politikoez harago, abertzaletasunak eragin handia du Euskal Herriko gizarte eragile, herri mugimendu, sindikatu, kultur elkarte nahiz erakunde anitzetan.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aurrekariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nazioaren aipamena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herriari aipamena egiten dion horma-irudia, Belfasteko kaleetan.

Hainbat idatzi zaharretan Euskal Herriaren naziotasuna aipatzen da, nahiz eta hitz horren esanahia -gaur egungoarekin alderatuta- oso bestelakoa izan.

  • aipamenik zaharrena, hainbat egileren arabera [10] Fredegario frankoak egiten du, VII. mendean: "Wasconium nationem" idazten du [11]
  • 1643an Axularrek Euskal Herriaren lurraldeak zehazten ditu: "Ceren anhitz moldez eta differenqui minçatcen baitira Euskal herrian, Naffarroa garayan, Naffarroa berrean, Çuberoan, Lapurdin, Bizcayan, Guipuzcoan, Alaba-herrian eta bertce anhitz leccutan".
  • Nafarroako Diputazioak, Espainiako erregeari XVII. mendean bidalitako gutun batean, behin eta berriz "Nación Bascongada" esamoldea erabiltzen du, "lurralde honetako seme-alabak" izendatzeko ez ezik, baita "Bizkaiko Jaurerri Txit Agurgarriarenak, zein Gipuzkoako eta Arabako Probintzienak ere" [12]
  • 1675ean Dominique Bidegarai apaizak euskara-frantsesa-gaztelania-latinera hiztegia egiterakoan "Euskal Nazioaren eta bere seme-alaben onurako" egina duela aitortzen du [13]
  • 1745ean, euskal nazionalismo modernoaren sorreraren baino 150 urte lehenago, Manuel Larramendi gipuzkoarrak lehenengo proposamen independentista egiten du, Euskal Herriko lurraldeak "Nazio bereizirik, berezko Nazioa, Nazio librea eta besteekiko independentea" izan zitezen [14]
  • 1745ean ere, Joan Filipe Bela militar zuberotarrak Frantziako errege Luis XVarengandik agindu bat jaso zuen, euskal gudariz osatutako gudaroste bat sortu zezan ("basques de nation", hitzez hitz). "Kantabriako Errege Gudarostea" osatu zen [15]
  • Juan Perotxegik, 1769an, "Origen de la Nación Bascongada y de su lengua" liburua argitaratzen du Iruñean [12]
  • 1816an, "Euskal Nazioak" aipatzen ditu Juan Antonio Zamakola bizkaitarrak "Historia de las Naciones bascas de una y otra parte del Pirineo septentrional y costas del mar Cantábrico" bere liburuan,
  • Euskal Herria XIX. mendean bisitatu zuten atzerritarren artean ere oso aipatua da euskal herritartasuna: Saint de Bois le Compte frantsesak ("Euskal Nazioak"), Humboldt prusiarrak ("Euskal Nazioa"), Thomas Roscoe britainiarrak ("Euskal nazionalitatea"), Victor Hugo frantsesak ("Foruen Nazioa"), etab. [16]

Zazpiak bat[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gehiago jakiteko, irakurri: «Zazpiak bat»
Zazpiak Bat, jatorrizko armarriak zituen lurraldeen ikur eta posizioekin.

Euskal Herriko lurraldeen nolabaiteko batasuna beste zenbait egileengan ere topa daiteke:

« Zazpi Eskual Herriek
bat egin dezagun

Guziak beti, beti,
gauden gu Eskualdun

»
Grazian Adema


Euskal aurrenazionalismoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Manuel Larramendi[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Historialari gehienak bat datoz Manuel Larramendi jesuita gipuzkoarrari (1690-1766) lehenengo euskal aurrenazionalista kalifikatzailea ipintzerakoan. Andoainen jaioa eta hazia, bere bizitzaren zati luze bat Espainia aldean osatu zuen, bere azken urteak Loiolan pasatu arren. Jakituria handikoa eta hizlari aparta, Espainiako Karlos II erregearen alargunaren konfesore izatera iritsi zen Madrilen.

Larramendik idatzi zituen lan eta liburu guztiei euskaltzaletasuna darie. Euskal Herriaren identitatearen zutabeak -hizkuntza, foruak, erakundeak- sutsu defendatu zituen bere bizitza osoan. Erdaldunek euskararekiko agertzen zuten arbuio eta mesprezuaren aurrean, euskarari gorazarrea eginez erantzuten zuen. Iberiar penintsulako hizkuntza zaharrena izateaz gain, hizkuntza garbia eta kutsadurarik gabekoa zela, eta goi mailako kulturarako ere gaitasuna zuela frogatzen ahalegindu zen. Era berean, euskal lurraldeen foruak -eta bereziki Gipuzkoakoak- defendatu zituen, eta foru-pribilegioen kontrako kanpaina bultzatu zuten gaztelauei foruak "euskal probintzien jatorrizko independentziaren zantzuak" zirela gogoratu zien.

Foruen eta hizkuntzaren defentsa sutsuak jarrera independentista garbiak azaltzera eraman zuen andoaindarra. Bere obraren hainbat pasartetan nabarmen geratzen da abertzaletasunaren aitzindaria izan zela:


« Zergatik euskarak ezin du bere hiztun guztiak elkarrekin ikusi, Nazio bakar batean bildurik, aske eta beste hizkuntza eta nazioen menpekotasunetik at?. Zergatik egon behar dute Espainiako hiru lurraldek (Gipuzkoak, Arabak eta Bizkaiak) Gaztelaren menpean (eta zer ez nuke esan behar Nafarroako erresumaz?) eta beste hiruk (Lapurdik, Zuberoak eta Nafarroa Behereak) Frantziaren menpean? »


« Gaztelaren utzikeriak gure askatasunaz hausnartzera eraman gaitu; honetaz baliatuko gara atsekabe bana Gaztelari eta Frantziari emateko, ekarri dizkiguten zorigaitzengatik.... Pirinioetako Probintzia Batuak izango gara.... Eta baskongadoz osatutako Errepublika sortuko dugu »


« Anbizio eta harrokeriari ateak irekiko dizkiete Frantziak eta Espainiak, eta gerra deklaratuko digute. Ez gaitezen beldurtu.... Hogeita hamar mila gizon prest egongo dira etsaiari aurre egiteko, saiatu eta adoretsuak, haien askatasuna defendatzeko.[23] »


Dominique Garat[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dominique Joseph Garat lapurtarrak (1749-1833) kargu garrantzitsuak bete zituen Frantziako Iraultzaren garaian, eta Napoleon beraren lankidea izan zen. 1808an, "Euskal Estatu Nazional" baten sorrera proposatu zion enperadoreari, Fenizia Berria izenekoa, zazpi euskal lurralde historikoak bilduko zituena. Estatu berria Frantzia eta Espainiaren arteko lurralde neutroa izango litzateke, bi estatu horien arteko ohiko tentsioak baretuko zituena [24].

Bonaparte konbentzitu nahian, bere txostenean (Recherches sur le Peuple primitif de l'Espagne, sur les révolutions de cette péninsule, sur les basques espagnols et françois) Garatek argudio sendoak ematen zituen euskal estatu horren alde: Pirinioetako bi aldetako euskaldunek harreman sendoak mantentzen dituzte haien artean; iparraldekoek ez dituzte berenganatu frantsesen hizkuntza eta ohiturak, eta hegoaldekoek, ezta Espainiakoak ere. Euskal estatu berrian euskara izango litzateke hizkuntza bakarra, eta Ingalaterrari aurre egiteko itsasoko potentzia bihurtuko litzateke. [25]. Egitasmoa ezerezean geratu zen Napoleonen gainbehera etorri zenean.

Agosti Xaho[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Tomas Zumalakarregi jeneral karlista

Euskal abertzaletasunaren aitzindaria, Agosti Xaho zuberotarra (1811-1858) oso pertsonaia heterodoxoa izan zen bere garaian (errepublikazalea, agnostikoa, iraultzailea, esoterista...); ez dira gutxi ezkerreko abertzaletasunaren oinarriak bere figuran ere ikusten dituztenak.

Bere garaiko erromantiko handien antzera, bizitza laburra, abenturazalea eta trinkoa izan zuen. Bere ideologiaren ardatz nagusiak hiru izan ziren: demokrazia eta errepublikanismoa, aurrerakoitasuna eta euskaltzaletasuna. 1848ko Frantziako Iraultzan parte hartu zuen, eta bere ideia politikoak zirela-eta bi aldiz erbesteratu zen. Frantziako idazle eta intelektual askoren laguna, ideia aurrerakoiak uztartu zituen, inongo gatazkarik gabe, bere sakoneko euskaltzaletasunarekin eta aurrenazionalismoarekin.

Aitorren mitoaren sortzailea, euskaraz argitaratutako lehenengo egunkariaren bultzatzailea (Uskal Herriko Gaseta) eta Euskal Herriko historiaren liburu baten egilea (Histoire primitive des euskariens-Basques), besteak beste, heriotzak harrapatu zuen hiztegi mardul bat egiten ari zela (euskara, frantsesa, gaztelania eta latinarena). Bere lan gehienak frantsesez idatzi bazituen ere, ez dira gutxi euskaraz osatu zituenak.

Bere lehenengo lanetan (Les paroles d'un Biscaïen aux liberaux de la reine Christine-n, adibidez) nazionalismoaren zantzuak sumatzen dira iadanik, "euskal nazioa"-ren aipamenak behin eta berriz azaltzen direlako, ageriko zentzu politiko batekin (Euskal Herriko Errepublika Federatuak zituen amets). Lehenengo karlistadak arrasto sakona utzi zuen bere pentsamenduan; horren lekuko zuzena, liburu ospetsu batean (Voyage a Navarre pendant l'insurrection des Basques) karlismoari buruzko bere irizpideak laga zizkigun.

Espainiako historialari gehienen interpretazioen aldean, Xahok ez du karlismoan ikusten erregimen zaharraren aldeko borroka dinastikoa; aitzitik, Zumalakarregik gidatzen zuen armadaren atzean euskal foruen eta independentziaren aldeko borroka dakusa. Beste egile batzuek ideia bera defendatuko dute gero.

Azpimarratzekoa da, halere, Xaho ez zela inoiz benetako karlista bat izan, foruzalea baizik. Hots, euskaldunen eskubide nazionalen aldekoa zen, baina ez zen monarkikoa edo katolikoa.

1846an hau idatzi zuen Ariel aldizkarian:


« Arrazak eta hizkuntzak, hots, jatorrizko ezaugarriek, Herri bati ematen diote bere independentzia politikoaren eskubidea... Euskal nazionalitatearen berrezarpena urruti dago oraindik, dudarik gabe, baina egunen batean iritsiko da, esana dugu aspaldian... Baskoniako bereizgarriak berreskuratuko dira.[26] »


Xabier Zabaltza historialariak esaten duenez: "Xahok Bidasoako bi tradizio euskaltzaleak bildu zituen: Ipar Euskal Herrian, bertako euskaltzaleak baino politikoagoa izan zen; Hegoaldean, foruzaleak eta lehenengo abertzaleak baino euskaltzaleagoa" [27]

Arturo Kanpion[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Xaho hil zen garaian jaio zen Arturo Kanpion nafarra (Iruñea, 1854-Donostia, 1937). Zuberotarraren aldean, Kanpion tradizionalista eta kontserbadoreagoa izan zen, baina Xaho bezain euskaltzalea eta foruzalea. Bere bizitzaren azken urteetan nazionalista bihurtu zen [28].

Kanpionen bizitzaren goiburua, berak idatzitako liburuetan ezarritako esaldi honek laburbiltzen du: "Euskal Erriaren alde" [29]. Euskaldun berria eta euskaltzale amorratua, XIX. mendeko Nafarroako euskararen galeraren lekuko etsia izan zen, gai honetaz artikulu eta lan saminak idatziz. Arlo politikoan, foruen galera ere ikusi zuen, eta honek ideologia foruzale, hasieran, eta aurrenazionalista, gero, hartzera eraman zuen.

Arlo linguistikoan bere lanik gorena "Gramática de los Cuatro dialectos literarios de la lengua eúskara" da, 1884koa. Euskaraz ere lan batzuk argitaratu zituen ("Orreaga" balada, esaterako). Euskaltzaindiaren sorreran parte aktiboa izan zuen, eta euskaltzain osoa izan zen sorreratik hil arte.

Kanpionentzat euskal hizkuntza da euskal naziotasunaren zutabe nagusia. Sabin Aranaren aldean (gai honetaz bien arteko desadostasuna nabarmena zen), arrazak ez du izango iruindarrarentzat bizkaitarrak ematen dion garrantzia. Hizkuntza, aldiz, Herri baten arima eta motorra da:


« Euskal nortasunaz mintzatzen naizenean, ezaugarri anatomikoak ez ditut aintzakotzat hartzen, bere interesa aitortu arren. Ontzat emango bagenu ere antropologiak euskal talde etniko eta euskal arraza aipatzea, honek ez lituzke azalduko euskal taldeen eta beste taldeen arteko aldeak. Horrek animalia ezagutzeko balioko luke, ez gizakia. Gizakiak arima eta gogoa du, eta hizkuntza da arima eta gogo horren funtsa.[30] »


Izuturik euskararen atzerakada orokorraren aurrean (batez ere, Nafarroan), Kanpionek -beste nafar euskaltzalekin batera- Nafarroako Euskara Elkargoa sortu zuen, 1877an. Elkarte honek euskara eta euskal kultura eta nortasunaren aldeko lan itzela burutuko du XIX. mendearen bukaeran.

Ekarpen linguistikoak egiteaz gain, liburu historikoak ere idatzi zituen Kanpionek, eta euskal kutsuko gaztelaniazko eleberri batzuk ere.

Arlo politikoan, ez zen inoiz alderdi politikoko kide bat izan, kargu politikoak izan arren (Iruñean zein Madrilen). Kanpionen abertzaletasuna ez dator bat Sabin Aranarenarekin. Sabinen antzera, eboluzio bat izan zuen foruzaletasunetik nazionalismoraino, eta euskal lurraldeen burujabetza eskubidea onartzen du, baina planteamendu independentistaraino iritsi gabe. Sabinek, aldiz, independentzia garbi aldarrikatuko du.

Kanpionek esana:


« Mella diputatuak arestian galdetzen zuen ea Espainia nazioen multzo bat den, eta ezetz esaten zuen. Niretzat, aldiz, nabarmena da baietz. Multzo horretan gaztelar nazioa, katalana eta euskal nazioen multzoa sartu behar dira »


« Nazioaren batasunaz eta aberri komunaz eztabaidatu dezagun: guri dagokigunez, euskal estatuek Espainiako monarkian itunen bidez daudela esango dugu. Espainiako estatuak itun horiek apurtu ditu, eta guk berriz indarrean jarri nahi ditugu. Horiek dira gure nazionalismoaren helburuak.[31] »


Kanpionen aurrenazionalismoak hizkuntza jarri zuen euskal nazioaren bizkarrezurrean. Horrek ahalbidetuko du arrazan ez oinarritutako nazionalismo integratzaile baten sorrera, Sabin Aranaren ostean -XX. mendeko erdialdetik aurrera- nagusituko dena.

Euskal abertzaletasunaren hastapenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Euskal nazionalismoaren hastapenak»
Sabin Arana.

XVIII. eta XIX. mendeetan azaldutako aurrenazionalismoa euskal sentimenduan, euskaltzaletasunean eta Euskal Herriko lurralde batasunean zetzan. Karlistaden ostean, eta bereziki 1876tik aurrera, eduki politikoagoa hartuko du, Sabin Aranaren abertzaletasun apurtzaile iristeraino.

Euskal nazionalismoa XIX. mendearen bukaeran Euskal Herriak izan zuen berrikuntza politikoaren osagai funtsezkoetako bat izan zen. Mendearen amaieran, batez ere bi prozesuren ondorioz, eratu zen ideologia politiko, doktrina edo jokabidetzat jotzen den euskal nazionalismoa.

Batetik, industrializazioak Bizkaian demografia-aldaketak eta kultura-aldaketak ekarri zituen; aldaketa hauek Espainiarekin lotura estua zuten bi klase sozialetan islatu ziren: burgesia monopolista eta langileria. Bi hauen artean zegoen klasea, hau da, aginpide ekonomiko eta politikotik at zegoen burgesia txikia, izan zen euskal nazionalismoaren oinarri soziala. Horretaz gain, industrializazio horrek etorkinen uholde handia ekarri zuen Bizkaira, Espainiako Gaztelatik batez ere. XIX. mendearen erdialdean Bizkaia ia guztia euskalduna zen, baina XIX mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran euskarak atzerakada nabarmena izan zuen, batez ere Bilbo inguruan. Hizkuntza ez ezik, etorri berriek euren kultura, ohiturak eta idiosinkrasia ere ekarri zituzten. Bizkaitar askok inbasio gisa ikusi zuten egoera, eta testuinguru horrek Sabin Aranaren nazionalismoaren hedapena erraztu zuen [32]

Bestetik, 1876ko uztailaren 21ean indarrean jarri zen abolizio legeak biderik gabe utzi zituen Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako foruak. Horiek berreskuratzeko ahaleginak izan ziren euskal nazionalismoaren lehen urratsak. Ondorengo urteetan, Sabin Arana Goirik foruen aldarrikapena alde batera utzi eta politika nazionalaren ideia zabaldu zuen.

Sabin Arana[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gernikako Sanrokadaren argazkia (1893), euskal abertzaletasun politikoaren abiapuntutzat joa
Sakontzeko, irakurri: «Sabin Arana»

Euskal abertzaletasuna, horrenbestez, une historiko berezi batean sortzen da, aldeko faktore batzuk biltzen dituen une zehatz batean, XIX. mendearen amaieran. Eta faktore horietako bat espainiar nazionalismo zentralistaren agerpena da, euskal foruak indargabetu berri dituena (1876an); esan liteke, beraz, euskal nazionalismoa Espainiakoaren erantzun gisa agertzen dela, defentsarako dela, eta bere ustez mehatxupean dauden euskal identitatearen zantzuak (hizkuntza, kultura, arraza, ohiturak...) babesteko azaltzen dela [33]

Sabin Arana (1865-1903) da euskal nazionalismo modernoaren lehenengo ideologo nagusia. Egia bada ere bera jaio aurretik beste batzuek (Larramendik, Xahok...) euskal nazionalitatearen aldeko diskurtsoa plazaratu zutela, inork ez zuen Aranak bezain ongi landu abertzaletasunaren corpus teorikoa, eta are gutxiago euskal kontzientzia nazionala euskaldunen artean arrakasta handiz zabaldu [34].

Familia karlista batean jaio zen Bilbon Sabin Arana, eta bera ere karlista izan zen gaztetan. Hasiera batean 1876ko aurreko egoerara itzultzea zen bere helburu politikoa, karlista eta fuerista guztien antzera, baina 1882an, bere anaia Luisen eraginez, karlismoa baztertu eta independentzia politiko osoa aldarrikatu zuen Bizkaiarentzat eta gainontzeko euskal lurraldeentzat.

Aranak 1892. urtean Bizkaya por su Independencia liburua idatzi zuen. Haren pentsamoldearen oinarriak independentismoa, abertzaletasuna, euskal arrazaren garbitasuna, katolizismoa eta euskara garbia izan ziren eta ideia multzo hori Jaungoikua ta Lagizarra (JEL) leloan laburbildu zuen. Aranak Bizkaiaren independentzia eskatzen zuen, beste gainerako euskal herriekin batera Euzkadi izeneko euskal konfederazio edo nazio federalean batzeko. Gaur egun aski ospetsua den eta garai hartan Euskal Herriko gizartean asaldura eragin zuen esaldi berritzailea eta apurtzailea honako hau izan zen:

« Euzkotarren aberria Euzkadi da. »
Arana ta Goiri'taŕ Sabin

Euskal proiektu nazional hau gauzatzeko asmoz, euskal abertzaletasunari ikur, ideologia, alderdi, aldizkari eta esaera edo lelo multzo bat eman izan zizkion, horien artean Ikurrina, Euzko Alderdi Jeltzalea edota Euzko Abendaren Ereserkija daudelarik.

Sabin Aranaren osteko abertzaletasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gazte hil zen Arana, baina mugimendu nazionalistaren oinarriak (arraza, hizkuntza, katolizismoa eta independentismoa), tresnak (EAJ) eta sinboloak (ikurrina, ereserkia...) finkatuta utzi zituen. Arana euskal herritarren kontzientzia nazionala piztu zuen lehenengo ideologoa dugu, euskal abertzaletasunaren lehenengo formulazio teorikoa burutu zuena. Bere mezuak arrakasta azkarra lortu zuen Euskal Herriko biztanleriaren sektore zabal batean, eta -aldaketak aldaketa- ezinbesteko erreferentzia bihurtuko da eusko abertzaletasuna landuko duten hurrengo belaunaldientzat.

Hasieratik bertatik, euskal nazionalismoak errepresio bortitza jasan zuen espainiar agintarien aldetik: bere lehenengo komunikabidea (Bizkaitarra aldizkaria) 1895ean itxiarazi zuten, Sabinek berak espetxea bisitatu zuen bi aldiz (1895ean eta 1902an) eta Bilboko lehenengo zinegotzi abertzaleak ere kargurik gabe utzi zituen gobernadore zibilak (1899an) [35]. Oztopoak oztopo, hauteskunde-emaitzek etengabeko gorakada ekarri zioten mugimendu berriari: 1898ko hauteskundeetan Arana bera diputatu probintziala hautatu zuten, eta Bizkaiko Foru Aldundian sartu zen. 1899ko Udal Hauteskundeetan abertzaleek 5 zinegotzi lortu zituzten Bilbon, eta presentzia zabala Bizkaiko hainbat udalerritan. Bizkaiko hiriburuak lehenengo alkate abertzalea izango du 1907an (Gregorio Ibarretxe) [36]. 1911an Bizkaian, Gipuzkoan, Araban eta Nafarroan Buru Batzarrak zeuden, Euskadi Buru Batzarra osatzen zutenak. 1917an EAJk Bizkaiko Foru Aldundia kontrolatzen du, eta hurrengo urtean Espainiako Parlamentuan ordezkaritza lortuko du lehenbizikoz.

Arana hil eta gutxira, EAJren barruan bi joera nagusi azaldu ziren, hurrengo urteetan aurrez aurre agertuko direnak: alde batetik, Sabin Aranaren oinordeko ideologikotzat jotzen zirenak, hots, ortodoxia independentista mantendu nahi zutenak (Luis Arana -Sabinen anaia- eta Angel Zabala ordezkatuta); bestalde, Ramon de la Sota eta Engrazio Arantzadiren -Kizkitza- inguruko taldea, arlo nazionalean joera autonomista eta posibilistagoa zutenak. Bi ildo horien arteko ika-mikak traumatikoak izatera iritsi ziren hainbat unetan (1915ean Luis Arana -Sabinen pentsamenduan eragin handia izan zuena- alderditik kanporatu zuten) eta alderdiaren zatiketarekin bukatu ziren (1921ean). Ez dira gutxi EAJren barruan aipatutako bi joera sorreratik gaur arte iraun dutela defendatzen duten historialariak [37].

1911an Eusko Langile Alkartasuna-Solidaridad de Obreros Vascos (ELA-STV) sindikatu abertzalea sortzen da, ordura arteko sindikalismo sozialista espainiarrari aurre egin nahian. ELAk hazkunde azkarra ezagutu zuen, 1921ean 10.000 afiliatu baitzituen, eta 1936an 50.000 [38]. Sindikatu horrek ideologia sozial-kristaua zuen oinarria, eta hasiera bateko jarrera bateratzaileetatik jarrera antikapitalista izatera pasatu zuen Espainiako II. Errepublikaren garaian.

1921ean EAJaren barne liskarrek bitan banatu zuten alderdia: Euzko JEL-Batza (EJB), 1916an agertutakoa, eta EAJ-Aberri/Eusko Alderdi Jeltzalea; lehena moderatua, bigarrena independentista. Buruzagi nagusiak Engrazio Arantzadi -Kizkitza- eta Eli Gallastegi -Gudari-, hurrenez hurren, izan ziren. Independentistek Irlandako gertaeretan aurkitu zuten inspirazioa, bereziki garrantzitsua izanik Terence MacSwineyren gose grebaren inguruan harrotutako borroka.[39]

Primo de Riveraren diktadurak legez kanpo utzi zituen bi alderdi horiek. Diktadura hori erori zenean, 1930ean, batasuneko akordio batera iritsi eta alderdia birsortu zuten, Eusko Alderdi Jeltzalea izen zaharrarekin.

1930. urteak alderdi abertzale berri baten sorrera ere ikusi zuen: Eusko Abertzale Ekintza (EAE-ANV). EAJren aldean, alderdi berria akonfesionala eta liberalagoa zen, eta zentro-ezkerreko espazioa bete zuen bere lehenengo urteetan. Ezkerreko abertzaletasunaren aitzindari honek emaitza apalak lortu zituen XX. mendeko 30eko hamarkadaren hauteskundeetan, eta nazionalismo jeltzalearen kontrapuntu progresista bihurtu zen.

Espainiako II. Errepublikaren garaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Donostiako Aberri Eguna, 1933an

Espainiako II Errepublikaren garaian euskal abertzaletasunaren ahaleginak, hein handi batean, Hego Euskal Herrirako autonomia estatutua lortzera bideratu ziren. Autonomia estatuaren eskaera lehenago planteatu bazen ere (1917an Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako Foru Aldundiek Espainiako Gobernuari eskaera hori egin zioten lehenbizikoz), Errepublika garaian bereziki urrats esanguratsuak eman ziren xede hori gauzatzeko asmoz. Nahiz eta abertzaletasunaren sektore batek (Eli Gallastegi eta Jagi-Jagi taldeak) ez zuen begi onez ikusten eskaera hori (burujabetza osoa nahi zutelako), abertzale gehienak (EAJ eta EAE/ANV) estatutuaren alde mobilizatu ziren, etorkizunean burujabetza gehiago lortzeko asmoari muzin egin gabe.

Lizarrako biltzarrean (1931ean) abertzaletasunak, karlismoarekin batera, autonomia estatutuaren proiektua aurkeztu (Eusko Ikaskuntzak prestatuta) eta Hego Euskal Herriko udal-ordezkari gehienek onartu zuten. Espainiako Gobernuak, baina, atzera bota zuen, proiektuaren konfesionalismoak talka egiten zuelako errepublikako balore laikoekin. Hortaz, 1932an beste proiektu bat aurkeztu zen Iruñean, karlisten eta tradizionalisten sostengua jaso ez zuena, Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak onartuta, baina Nafarroako ordezkarien babesa (ozta-ozta) jaso ez zuena (historialari batzuen ustez Nafarroako ordezkarien bozketan irregulartasun ugari egon ziren [40]).

1933an Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako biztanleek erreferendum baten bidez onartu zuten, gehiengo osoz, estatutuaren proiektua baina Espainiako gobernu eskuindarrak bidea moztu zion.

1936an, altxamendu faxistaren baino apur bat lehenago, Frente Popular ezkertiarrak irabazten ditu Espainiako hauteskundeak. Horrek, Espainiako Gerra Zibilak eta abertzaleek errepublikari erakutsitako leialtasunak autonomia estatutua martxan jartzen du 1936ko urrian. Lehenengo Eusko Jaurlaritza osatu zen, Jose Antonio Agirre (EAJ) lehendakari zuena eta beste alderdi politikoetako ministroak ere zituena. Jaurlaritza berriak (praktikan Bizkaian soilik agintzen zuena) autonomia handiz jardun zuen zortzi hilabeteetan, faxistek Bizkaia osoa hartu zuten arte.

Errepublikaren garaian, 1932an, ospatu zuten euskal abertzaleek lehenengo Aberri Eguna, Bilbon, arrakasta handiz (60.000 lagun bildu ziren). Hurrengo urteetan, eta Espainiako Gerra Zibilera arte, Donostian (1933an), Gasteizen (1934an) eta Iruñean (1935ean) ospatu zen.

Frankismopean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Francoren garaipenak (1939an) Espainiako Gerra Zibilean espainiarra ez zen nazionalismo ororen kontrako errepresio bortitza ekarri zuen. Eusko Jaurlaritzak erbesteko bidea hartu behar izan zuen, abertzale asko fusilatu edo espetxeratuak izan ziren, euskarak jazarpen latza jasan zuen, euskal kultura zokoratua izan zen eta ikurrina eta euskal sinbolo guztiak debekatuta eta jazarrita. Erregimen faxista berriak Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiak indargabetu zituen, "probintzia traidoreak" zirelakoan.

Gerra Zibila bukatuta, errepresio latzak eusko abertzaletasunaren erresistentzia zapaldu zuen, eta fusilatuak, espetxeratuak edo erbesteko bidea hartu ez zuten militanteek nekez mantendu izan zuten piztuta abertzaletasunaren sugarra. Iturri batzuen arabera [41] 1936-1939ko gerrak 50.000 hildako eragin zituen Hego Euskal Herrian, 10.000 preso, 1.000 fusilatu eta 150.000-200.000 arteko erbesteratu.

1946an Donostiako Artzain Onaren katedralean Joseba Elosegik zintzilikatutako ikurrina

XX. mendeko 40ko hamarkadan, klandestinitatea inoiz baino ilunagoa izan zen, eta katakunbetan jardun zuen. Errejimen faxistak zirrikitu gutxi uzten zituen, eta militantzia politikoak arrisku handiak zekartzan, Luis Alava Sautu burukide jeltzaleak (Gasteizen erresistentzia antolatzen saiatu zena) bere haragian egiaztatuko zuenez (1942an atxilotua eta fusilatua izan zen).

XX. mendeko 50eko hamarkadan erresistentzia abertzalea haziko da Hego Euskal Herrian, militantzia eta jardueraren aldetik. Ezkutuko propagandaren banaketa, ikurrinen jartzeak, monumentu frankisten aurkako erasoak... ohikoagoak bihurtuko dira hamarkada aurrera joan ahala. 1947an eta 1951ean, halaber, Bizkaiak eta Gipuzkoak Francoren garaiko lehenengo greba handiak ikusiko dituzte ere.

1950eko hamarkadan Ipar Euskal Herrian aterpe hartu zuten hegoaldeko abertzale batzuek (Monzón, Manu Sota, Manu Robles-Arangiz...), bertako euskaltzale batzuen laguntzaz (Piarres Lafitte, Piarres Lartzabal...) abertzaletasunaren sustraiak finkatu zituzten Iparraldean, euskal kulturaren sustapena bultzatuz eta geroagoko Enbata taldearen agerpena erraztuz.

1952an gipuzkoar eta bizkaitar ikasle gazte batzuek talde abertzale klandestinoa sortu zuten Bilbon, Ekin taldea, hurrengo urteetan eragin handia izan zuena eta etorkizuneko ETAren enbrioia izango zena. Julen Madariaga, José Luis Alvarez Enparantza, "Txillardegi", José Maria Benito del Valle, Manu Agirre, Iñaki Gaintzarain eta Rafa Albisu, besteak beste, talde horretako partaideak ziren. Ekin taldearen helburua euskal gaietan (euskara, kultura, historia, politika...) kontzientziatzea eta heztea zen, ikastaroak eta bilera irekiak antolatuz; abertzaletasun klasikoarekin kritikoak ziren eta frankismoaren aurrean EAJk agertzen zuen aktibismorik eza salatzen zuten. Halere, harreman estua mantendu zuten EGI (EAJren gazte taldea) erakundearekin.

XX. mendeko 50eko urteak, aldi berean, goibelak izango dira erbesteko Eusko Jaurlaritzarentzat. Izan ere, AEBak eta Europako herrialde askok errejimen frankistaren aurkako isolamenduari amaiera emango diote, konturatuko baitira Franco aliatu ezin hobea dela komunismoaren aurkako borrokan (Gerra Hotzaren garaiak ziren). Jose Antonio Agirrek zuzentzen zuen gobernuarentzat kolpe latza izan zen hori, Euskal Herrira epe laburrean itzultzeko itxaropena ezerezean geratzen zelako mendebaldeko potentziek frankismoari hauspoa ematerakoan. Ekin taldeko gazteek, aldiz, aktibismoa areagotuko dute traizio horren aurrean, jeltzaleen patxada, bide batez, salatuz.

1959an oihartzun handia izan zuen Hego Euskal Herriko 339 apaizek idatzi zuten eskutitzak, euskal kultura eta identitatearen aurkako errepresioa salatzen zuena.

Ekin eta EAJren arteko harremanak nabarmen gaiztotu ziren 1957tik aurrera. Alderdi jeltzaleak Ekin taldean zeuden EGIko militante batzuk zigortu zituen (tartean, Jose Maria Benito del Valle). Horrek bi erakunderen arteko haustura ekarri zuen, alferrik izanik Jose Antonio Agirre lehendakari beraren ahaleginak lotura mantentzeko.

« Sabin Aranak Alderdi Karlistarekin moztu zuen bezala, edo Leninek II. Internazionalarekin, guk ere uste genuen gauza bera egin behar genuela Eusko Alderdi Jeltzalearekin, ezinezkoa baitzen bere militanteak izatea »
Txillardegi

Ekineko kideek talde berri bat sortu zuten EAJrik gabeko etapa berriarentzat. Modu horretan jaio zen ETA, 1959ko uztailaren 31an. Erakunde berriak naziotasunaren hainbat oinarri berraztertu zituen jaio bezain laster: Sabin Aranaren aldean, ETAk ez dio aparteko garrantzirik emango arrazari edo erlijioari, adibidez. Aldiz, hizkuntzan oinarrituko du nazioaren funtsa. Naziotasuna egiten izaerak konstatazio eta erreferentzia izanik ere, komunitate-bilakaerara irekia dago ETA. Horrek esan nahi du, praktikan, Euskal Herrian jaio ez arren euskal hizkuntza eta sentimendua bereganatzen duen etorkina euskal nazioaren semea dela. Horrek ikuspuntu berritzailea zekarren, EAE/ANVren ildotik gertuago zegoena [42]

Sorreratik bertatik argi uzten du ETAk zein den bere helburu nagusia: Euskal Herriko independentzia. Erakundea ez da antifrankista, independentista baizik. Autodeterminazioaren bidez, bere iritziz, lortu behar du Euskadik bere burujabetasun osoa, Frantziatik eta Espainiatik at [43]

ETAren agerpena testuinguru berezi batean gertatu zen, bere sorrera eta hazkundea erraztu zuena: Euskal Herrian ezkutuan eta isilpean zegoen sentimendu abertzalea, EAJren immobilismoa, frankismoaren errepresio bortitza, garapen industriala eta etorkinen etorrera masiboa, Espainiako Gerra Zibilak sortutako eta itxi gabeko zauriak, etab.

Diktaduraren gainbehera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Itsasuko oroitarria, 1963ko Aberri Egunean Enbata taldeak jarrita

Bere ibilbide luzean barne aldaketa sakonak ezagutu zituen ETAk. Aldaketa horiek barne tentsioak eragin zituzten sarritan, eta erakundeak bizi zituen zatiketa ugariren atzean daude. Hasierako abertzaletasunari laster gehitu zitzaion sozialismoa ere, eta V. asanbladatik aurrera (1967an), marxismo-leninismoa, militante historiko batzuen (Txillardegi, Benito del Valle...) irteera eragin zuena. Lehenengo urteetako ekintzak ez ziren odoltsuak izan (propagandaren banaketa, potentzia gutxiko lehergailuak jarri, ikurrinak eskegi, Espainiako banderak erre, pintadak egin...) baina 1968tik aurrera jauzi kualitatiboa emango du, hilketa selektiboak burutuz. Urteen poderioz, baina, hilketa horiek ez dira hain hautakorrak izango, eta biktimen eta mehatxatuen espektroa asko hedatuko da.

1963an, Ipar Euskal Herrian, Enbata taldea agertu zen, bertako lehenengo mugimendu politiko abertzalea. Ordura arte Iparraldean abertzaletasuna mugimendu kultural hutsa zen, euskaltzalea, antolakuntza politikorik gabekoa. Harrezkero, abertzaletasuna aukera politiko bihurtuko da eta hauteskundeetan parte hartuko du, emaitza apalekin lehenengo urteetan. Halere, XX mendeko 80ko hamarkadatik aurrera gero eta garrantzi handiagoa hartuko du Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako eremu politikoan. Sorrerako ekitaldian, Enbata taldeak euskal departamendua eskatzen zuen Ipar Euskal Herrirako, lehenengo fase batean. Bigarren fase batean, Euskal Estatu baten sorrera Hegoaldeko lau lurralde historikoekin batera [44].

1964an, Gernikan, frankismopeko lehenengo Aberri Eguna ospatu zuten euskal abertzaleek, EAJk deituta. Frankismoak debekatu arren, 30.000 lagun bildu ziren Bizkaiko hirian, kontrolak, isunak eta mehatxu guztiak gaindituz [45]

Ez Dok Amairu taldearen musikari batzuk

XX. mendeko 60ko hamarkadak Gerra Zibilaren osteko euskal kulturaren aldeko mugimenduaren berpiztea ekarri zuen. 1960 inguruan gerra ondorengo lehenengo ikastolak agertu ziren, frankismoak uzten zituen zirrikitu txikiak aprobetxatuz. 1970ean 12.000 ikasle zituzten, 120 ikastoletan banatuak. Euskal kultura eta hizkuntzaren suspertze prozesu biziak euskal literaturaren lan eta idazle berrien agerpena dakar (Gabriel Aresti, Txillardegi, Ramón Saizarbitoria...), hizkuntzaren batuketa prozesua (Arantzazuko batzarra, 1968an), euskal musika berriaren sorrera (Ez Dok Amairu), ikastolak, dantza taldeak.... Euskal Herria osoan kontzientzia kolektiboa berpizten da biztanleriaren zati handi batean, diktaduraren aurkako borroka politikoak eta euskal kulturaren pizkundeak eraginda.

1970ean ETAk nazioarteko oihartzun handia lortu zuen, frankismoak erakunde horren 16 kide Burgosen epaitzen dituenean.

1973an Iparretarrak erakunde armatua agertzen da Ipar Euskal Herrian. ETAren antzeko helburuekin, 2000. urtera arte jardun zuen, frantziar erakunde eta ordezkarien aurkako atentatuak eginez.

Franko hiltzerakoan (1975ean) euskal abertzaletasuna bi adar nagusitan banatzen zen Hegoaldean: demokrata kristaua (EAJ) eta sozialista. Azken honetan, era berean, adar eta erakunde asko zeuden, sozialdemokraziatik marxismo-leninismoraino. Esan daiteke ezkerreko abertzaletasuna oso atomizatuta zegoela, eta Herri Batasuna sortu arte (1978an) hala jarraitu zuela.

XX. mendeko 70eko hamarkadan euskal abertzaletasunak presentzia handia zeukan ezkerreko alderdi gehienetan, baita espainiar eremuko alderdietan ere (PSE, EPK, LKI...). Hego Euskal Herriko lurralde batasuna eta autodeterminazio eskubidea, esaterako, ezkerreko alderdi guztietako programetan aipatzen ziren. Denbora aurrera joan ahala, 80ko hamarkadan, oinarri horiei muzin egin zieten alderdi politiko estatalistek.

Frankismoaren ondoren[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Franco hil eta gero (1975ean) errejimenaren barruko sektorerik irekiena, Espainiako oposizioaren alderdi politikoen laguntzarekin, bidea demokraziarantz jorratzen hasi zen. 1978ko Espainiako Konstituzioak demokraziaren oinarriak jarri zituen Estatuan, baina lurralde egiturari dagokionez ez zituen Hego Euskal Herriko eta Kataluniako naziotasuna onartzen, eta ezta haien autodeterminazio eskubidea ere. Horrenbestez, euskal alderdi abertzaleek abstentzioaren aldeko deia egin zuten, eta Hego Euskal Herrian gehiengoak ez zuen Konstituzio hori onartu [46].

1979an Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Autonomia Estatutua onartu zuen lurralde horietako biztanleen %55ak. Ezker abertzaleak ez zion babesik eman, besteak beste Nafarroa kanpoan geratzen zelako. Herrialde honetako alderdi hegemonikoek (UCD, PSOE...) erabaki zuten erresuma zaharra gainontzeko euskal probintzietatik bereiztea, eta 1982an Foru-Hobekunta adostu zuten Espainiako gobernuarekin. Lege horrek autonomia uniprobintziala bihurtzen zuen Nafarroa, inongo kontsulta edo erreferendumik egin gabe.

Bestalde, Ipar Euskal Herrian XX. mendeko 80ko hamarkadak abertzaletasunaren gorakada ekarriko du. Euskal departamenduaren aldeko aldarrikapena gero eta ozenagoa izanen da, eta eremu abertzalea gaindituko du (1996an, auzapezen %66a departamenduaren alde agertu zen). 1985ean EMA (Ezkerreko Mugimendu Abertzalea) sortu zen, eta 1986an EB (Euskal Batasuna) [47]. Departamenduaren aldeko borroka luzeak Euskal Hirigune Elkargoaren sorrera ekarriko du, 2017an.

1986an, EAJren ezker aldetik izandako zatiketa batek Eusko Alkartasuna (EA) sortu zuen. Alderdi berriak abertzale, sozialdemokrata eta independentistatzat jotzen du bere burua.

Era berean, Batasuna alderditik gertatutako bereizte batek Aralar alderdiaren sorrera eragin zuen, 2001ean.

1980tik hona, euskal abertzaletasuna hegemonikoa izan da Gasteizko Parlamentuan (diputatuen %55-%65 lortuz) eta gutxiengo esanguratsua Iruñeko Parlamentuan (diputatuen %20-%35 lortuz). Ipar Euskal Herrian, 2021eko departamenduetako hauteskundeetan botoen %24,5a eman zieten alderdi abertzaleei [48]

Ikerketa soziologikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gure Esku Dagok 2014an Durango eta Iruñearen artean antolatutako Giza katea, Itsason

Euskobarometro izeneko ikerketak burutzen ditu tarteka EHUak. Ohikoa da[49] ikerketa horietan jendearen iritziak jasotzea bere identitateaz edo lurralde-egituraz (independentzia, autonomia...). Antzeko galderak ere egiten ditu Eusko Jaurlaritzaren Soziometroak.

2000 eta 2016 urteen artean, ikerketa horien emaitzek gorabehera batzuk dituzte, egoeraren arabera. Baina hiru segmentu garbi jasotzen dituzte EAEko biztanleen artean estatus politikoari dagokionez:

  • %30-%35aren artean, urteen arabera, gaurko autonomiaren alde agertzen da
  • %25-%35aren artean, urteen arabera, independentziaren alde jotzen du
  • %25-%30aren artean, urteen arabera, errejimen federala hobesten du [50]

Bestalde, erabakitze eskubideari dagokionez gehiengo zabal batek (%60 inguruk) independentziari buruzko erreferendum lotesle baten alde jotzen zuen 2013an [51]. Balizko erreferendum horretan, jendearen erantzunak aldakorrak izan dira, urteen arabera:

  • %30-%40ak, bai independentziari
  • %30-%40ak, ez independentziari
  • %20-%30ak, baldintzen arabera

Ikerketa berritzaile bat burutu zuen 2015ean Parte Hartuz EHUko ikerkuntza taldeak, euskal estatuaz euskal gizartean dauden iritziak eta jarrerak zehatz ezagutzeko. Beste ikerketen aldean, Euskal Herriko zazpi herrialdeetan gauzatu zen azterketa hau, eta jendeari ez zitzaion independentziaz galdetu, Euskal Estatuaz baizik. Euskal estatu baten aukera mahai gainean jarrita, jendeari haren alde ala aurka bozkatuko lukeen galdetu zitzaionean, inkestatutako gehienek (%40,7) alde egingo luketela esan zuten; beste batzuek, aldiz, kontra (%35,3). Eta abstenitu edo erantzunik eman ez zuten kopurua %24koa izan zen [52]

Beste ikerketa baten emaitzak jakinarazi zituzten 2020an Telesforo Monzon laborategiak eta Euskal Herriko Unibertsitateko Parte Hartuz taldeak. Euskal Herriko zazpi lurraldeetan 1.289 elkarrizketa egin ziren, eta independentziari buruzko erreferendum legal eta lotesle batean %42,5 batek euskal estatu baten alde bozkatuko zuela esan zuen, eta %31,5ak aurka [53]. Euskal Autonomi Erkidegoan euskal estatuaren aldekoak %48,3 ziren, eta Nafarroan %23,7 (eta aurkakoak %25,8 eta %54,3, hurrenez hurren).

Sinbologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal abertzaleek erabili dituzten hiru bandera: Nafarroako bandera, Ikurrina eta Arrano Beltza. Gudari Eguna, Aritxulegi, Oiartzun, 2006.
Txistulari bat Durangon, 2022.
Biarritz Olympiqueeko jokalariak elastikoan ikurrina daroatela, 2009.

Euskal abertzaleek hainbat ikur erabili izan dituzte beren burua identifikatzeko. Ikurrina, hasiera batean mendebaldean sortutako ikurra izan bazen ere, arrakasta izan du Euskal Herria osoan. Nafarroako bandera, euskal abertzale batzuentzat, aspaldiko estatu bat eta etorkizuneko estatu bat lotzen duen ikurra da, Arrano Beltzaren ikurra bezala.

Lauburua, Euskal Herriko Antzineko ikurtzat jo izan dute euskal abertzale askok.

Letra tipo batzuk erabili izan dira euskal identitatea azpimarratzeko, eta badaude "euskal letrak" bezala identifikatzen diren letra-tipo batzuk.

Euskal folklorean erabili izan diren hainbat elementu ere, euskal ikurtzat jo izan dira: alboka, txistua, danbolina, esku-soinua, txalaparta...

Gure arbaso askorentzat eguneroko jantzietako elementuak ziren txapelak eta buruzapiak, esaterako, balio sinboliko berria hartu dute gaurko euskal abertzale askorentzat. Halaber zenbait jaka mota: kaikuak, mendigoizaleak, gudariak.[54]

Ardi latxa eta basurdea agian izan dira autoetan gehien erabili izan diren ikur-animaliak, ardia batez ere.

Euskal abertzale batzuek, edo merkataritza interes jakin batzuk dituzten batzuek, bertoko jaki batzuk ikurtzat hartu dituzte: Ezpeletako piperrak, sagardoa, ardi-gasna...

Euskal abertzaletasunaren sinbologia askotan nahastu egin da zenbait kirol profesionaleko talde batzuen sinbologiarekin, futbolean, txirrindularitzan, rugbian, arraunketan...

Euskal abertzale askok, ia guztiek, euskarari balio sinboliko handia ematen diote, hizkuntza orok duen balio komunikatibotik harago.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «abertzale» sarrera, Harluxet Hiztegi Entziklopedikoan.
  2. Halaxe ageri da gaur egungo hiztegi guztietan: Euskalterm terminologia bankuan, Elhuyar hiztegian, Zehazki hiztegian, 3000 Hiztegian, Labayru hiztegian.
  3. Etimologikoki, «euskararen abertzale» esanahia du.
  4. EAJk Eusko Abertzaleak izeneko taldeak sortu ditu, konparazio batera, Gipuzkoako Batzar Nagusietan[Betiko hautsitako esteka], Portugaleteko Udalean[Betiko hautsitako esteka] eta Eusko Legebiltzarrean.
  5. Imanol Murua Uria: «Hura bai haustura», Berria, 2006-09-02.
  6. «La Junta Electoral del País Vasco deja sin espacios públicos gratuitos a PNV-EA, por no presentarse en las tres provincias vascas como una única coalición. En Vizcaya y Álava se presentan bajo la denominación PNV-EA, y en Guipúzcoa concurren bajo el nombre PNV-EA-Eusko Abertzaleak, a fin de que los dos partidos puedan formar posteriormente dos grupos parlamentarios propios.» Espainiako Barne Arazoetako Ministerioaren web orria, 2001eko apirileko albisteei buruzkoa[Betiko hautsitako esteka], 2010-07-08an hartua.
  7. EHUn euskal nazionalismoari buruzko masterrak izen hori du: Euskal nazionalismoa XXI. mendean[Betiko hautsitako esteka]
  8. Nazionalismoari buruzko artikulu batzuk Uztaron, tartean euskal nazionalismoari buruzkoak[Betiko hautsitako esteka]
  9. «Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa (Beherea eta Garaia) eta Zuberoa batera izendatzeko erabil bedi Euskal Herria izena». Euskaltzaindia, 137. araua («Euskal Herria izena»).
  10. Nación, Patria y ruído de sables, Jose Mari Esparza Zabalegi, euskalkultura [1]
  11. Wasconum nationem -ut sunt natura leves- proptes eventum supradictum valde elatos, et propter multationem Adelarici nimis repperit efferatos" (Baskoniako Nazioa -berez geldiezina dena- oso aztoratuta ikusi zuen, aipatutako gertakaria eta Adelarikori ezarritako zigorra direla-eta)
  12. a b Jose Mari Esparza Zabalegi: Mapas para una Nación, Txalaparta (2011), 47. orr.
  13. Auñamendi Eusko Entziklopedia
  14. Jose Mari Esparza Zabalegi: Mapas para una Nación, Txalaparta (2011), 25. orr.
  15. Apalategi, Jokin: Los vascos, de la autonomía a la independencia, Txertoa argitaletxea (1985), 37-39 orr. ISBN: 84-7148-172-3
  16. Jose Mari Esparza Zabalegi: Mapas para una Nación, Txalaparta (2011), 47-48. orr.
  17. a b c Urkizu Sarasua, Patricio. «Zazpiak Bat» Auñamendi Entziklopedia (Noiz kontsultatua: 2019-11-10).
  18. (Frantsesez) «Papiers d'Antoine-Th. d'Abbadie (1810-1897)» RHPST (Noiz kontsultatua: 2019-11-0).
  19. (Frantsesez) «Affiche illustrée des fêtes internationales de Saint-Jean-de-Luz (1892)» Chateau Abbadia Obserbatoire (Noiz kontsultatua: 2019-11-10).
  20. (Gaztelaniaz) Jimeno Jurio, Jose Maria. (1997). Navarra: historia del euskera. Txalaparta.
  21. a b Zabaltza, Xabier. Zazpiak Bat. (Noiz kontsultatua: 2019-11-10).
  22. Esparza, Andoni. (2011-11-22). «'Zazpiak bat' Egañaren artikuluari buruz» Berria (Noiz kontsultatua: 2019-11-04).
  23. Apalategi, Jokin: Los vascos, de la autonomía a la independencia, Txertoa argitaletxea (1985), 26-30 orr.
  24. Esparza Zabalegi, J.M.: Mapas para una Nación, Txalaparta (2011), 70-72 orr.
  25. Recherches sur le peuple primitif de l’Espagne ; sur les révolutions de cette péninsule ; sur les Basques espagnols et françois. Rapport établi en 1811 pour Napoléon Ier
  26. Xaho, el genio de Zuberoa
  27. Zabaltza, X: Agustin Chao, precursor incomprendido [2]
  28. Discursos Políticos y Literarios de Arturo Campión, Ed. La Gran Enciclopedia Vasca (1976), 256 orr.
  29. Estornes Lasa, B.: Arturo Campion Jaimebon Auñamendi Eusko Entziklopedia
  30. Discursos Políticos y Literarios de Arturo Campión, Ed. La Gran Enciclopedia Vasca (1976), 256 orr.
  31. Discursos Políticos y Literarios de Arturo Campión, Ed. La Gran Enciclopedia Vasca (1976), 254-255 orr.
  32. Kintana, Jurgi: Sabino Arana Goiri, Euzkadiren aita, Elkar, 2007, 147-148 orr. IBSN: 84-9783-526-8
  33. Lorenzo Espinosa, J.M.: Historia de Euskal Herria, tomo III, Txalaparta (1995), 62-66 orr. IBSN 84-8136-948-9
  34. Lorenzo Espinosa, J.M.: Historia de Euskal Herria, tomo III, Txalaparta (1995), 87-88 orr. IBSN 84-8136-948-9
  35. Lorenzo Espinosa, J.M: "Historia de Euskal Herria", Tomo III, Txalaparta (1993), 114-115 orr
  36. Un alcalde olvidado: Gregorio Ibarretxe
  37. El péndulo patriótico, Ludger Mess eta Santiago de Pablo Arabatik bloga
  38. Lorenzo Espinosa, J.M: "Historia de Euskal Herria", Tomo III, Txalaparta (1993), 146 orr
  39. Cullen, Niall. «Matxinada baten adar guztiak» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-01-01).
  40. Jimeno Jurío, J.M.: Navarra jamás dijo no al estatuto vasco Txalaparta (1997)
  41. Apalategi, Jokin: Los vascos, de la autonomía a la independencia, Ed. Txertoa (1985), 153-155 orr.
  42. Apalategi, Jokin: "Euskal abertzaleen sozialismoa", Euskal Herria, Historia eta Gizartea, Caja Laboral Popular (1985), 558-563 orr.
  43. Apalategi, Jokin: "Los vascos, de la autonomía a la independencia", Ed. Txertoa (1985) 242-244 orr.
  44. Apalategi, Jokin: Los vascos, de la autonomía a la independencia, Ed. Txertoa (1985), 268-269 orr.
  45. Aberri Eguna de 1964. Gernika, símbolo de libertad[Betiko hautsitako esteka]
  46. Resultados del referéndum de la Constitución española de 1978(Gaztelaniaz)
  47. Iparraldea XX. mendean
  48. Frantziar estatuko nazioek eskualdeko hauteskundeetan bozkatu dute Naziogintza, 2021-07-02
  49. (Gaztelaniaz) Pérez-Agote, Alfonso.. (1984). La reproducción del nacionalismo : el caso vasco. (1a ed. argitaraldia) Centro de Investigaciones Sociológicas ISBN 8474760860. PMC 13345657. (Noiz kontsultatua: 2019-10-28).
  50. Egungo estatusa gainditu edo independentziarako aukera izan nahi dute %52k Berria egunkaria, 2012-11-23
  51. EAEko %58 independentziari buruzko erreferenduma egitearen alde daude Berria egunkaria, 2013-06-29
  52. Euskal Estatuaz Berria egunkaria, 2016-02-21
  53. Urain, Jon O.: Herritarren %42,5ek euskal estatuaren alde bozkatuko lukete erreferendum adostu batean BERRIA, 2020-12-18an
  54. Narbaiza, Leire. «Kaikuak, gudariak eta mendigoizaleak; hiru izen eta jaka bi» eibar.org (Noiz kontsultatua: 2023-06-27).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]