Euzko Alderdi Jeltzalea

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Euzko Alderdi Jeltzalea
Partido Nacionalista Vasco (EAJ-PNV)
Presidentea Andoni Ortuzar
Sorrera 1895
Egoitza nagusia Sabin Etxea (Bilbo)
Ideologia politikoa Abertzalea, kristau-demokrata, europeista, eta zentro-eskuindarra
Nazioarteko afiliazioa Europako Alderdi Demokrata
Euskadiko Batzar Nagusietan
49 / 153

Eusko Legebiltzarrean
27 / 75

Nafarroako Parlamentuan
1 / 50

Espainiako Diputatuen Kongresuan
5 / 350

Espainiako Senatuan
5 / 264

Europar Legebiltzarrean
1 / 736
www.eaj-pnv.eu

Euzko Alderdi Jeltzalea (gaztelaniaz Partido Nacionalista Vasco eta frantsesez Parti Nationaliste Basque) Euskal Herriko alderdi politiko abertzale eta jeltzalea da..

1980an Euskal Autonomia Erkidegoan lehenengo Legebiltzarrerako hauteskundeak egin zirenetik, alderdi hori izan da hauteskunde guztietan (1984, 1986, 1990, 1994, 1998, 2001, 2005, 2009 eta 2012), Euskal Autonomia Erkidegoan boto gehien jaso dituena.

Alderdiak Euskal diasporan zenbait ordezkaritza ditu, nagusienak Venezuelan, Argentinan, Mexikon eta Uruguain dauzka. EAJren gaztediak Euzko Gaztedi-EGIn biltzen dira.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehenengo urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Sabin Arana Goiri»

Alderdia Sabino Arana Goirik sortu zuen 1895. urtean. Badirudi berebiziko eragina izan zuela Luis Aranak bere anaia Sabinoren ideia politikoetan, baina azken hori izan zen lehen euskal abertzaletasuna ideologia, programa eta erakunde politikoez hornitu zuena. 1892an Bizkaya por su independencia eman zuen argitara Sabino Aranak. 1893ko ekainaren 3an Larrazabalgo hitzaldi ospetsua, lehenengo mitin abertzalea, egin zuen Sabinok eta, "Jaungoikoa eta Foruak" esapide karlistaren ordez, "Jaungoikoa eta Lege Zarrak" (JEL) delakoa aldarrikatu zuen (horretatik jeltzale eta jelkide izenak). 1893ko urte berean sortu zuen Sabino Aranak Baserritarra izeneko aldizkaria eta 1894. urtean ireki zen Bilbon lehen "Euzkeldun Batzokija". "Bizkai Buru Batzar" edo Bizkaiko abertzaleen zuzendaritza egituratu zen 1895. urtean eta Sabino Arana hautatu zuten lehendakari.

Euzko Alderdi Jeltzalea Euskal Herriko independentziaren aldeko alderdi kristaua eta errepublikarra zen. Jatorriz alderdi separatista eta katolikoa izaki, egun EAJk euskaldun, demokratiko, parte hartzaile, plural, akonfesional eta humanista modura definitzen du bere burua. Alderdi nazionalista moderatua da, Euskal Herriaren burujabetza helburu duena eta biolentziaren aurkakoa.

1898. urtean, Aldundiko hauteskundeetara aurkeztu zen Sabino Arana eta ozta-ozta ez zuen kargurik atera. 1899an bost zinegotzi lortu zituen Bilbon Euzko Alderdi Jeltzaleak. 1902. urtean, hil baino urte bete lehenago, autonomiaren aldeko bidea jorratu beharraren alde azaldu zen Sabino Arana. 1903tik aurrera, Bizkaia osora zabaldu, Gipuzkoan hasi eta Nafarroan eta Araban jarraitzaile batzuk lortu zituen nazionalismoak. 1904ko otsailean Eusko Gazteria taldeak abiarazi ziren eta 1906an hasi ziren Euzko Alderdi Jeltzaleko astekariak argitaratzen (Bizkaitarra, Gipuzkoarra, Nafartarra,...). 1907tik aurrera, bi joera nagusitu ziren alderdi nazionalistaren barnean: Luis Aranak eta Angel Zabala "Kondaño"-k Sabino Aranaren oinordeko ideologiko argienek independentziaren aldeko joera garbia eraman behar zela argudiatzen zuten ("aberritarrak"); Ramón de La Sota, Chalbaud, Horn, Epalza, Landeta eta beste batzuek, ordea, joera autonomistaren alde zeuden ("euskalerriakoak"). 1908an egin zen Elgoibarren Euzko Alderdi Jeltzaleko lehen biltzar nagusia. Alderdia Hego Euskal Herriko bazter gehienetan zabaldurik zegoen eta herrialde bakoitzak bere egiturak eta bere bitartekoak zituen. Bi joera horien arteko lehian (Arana eta Zabala Aberri izeneko astekariaren inguruan; Sota, Chalbaud, Horn eta abarrak Euskalduna aldizkariaren inguruan) Bizkaiko industrian eragin handia zuen talde burgesa nagusitu zen Elgoibarko biltzarrean. 1910. urtean zatitu zen lehenengoz Euzko Alderdi Jeltzalea. Talde berriak "Askatasuna" izena izan zuen, "Aberri ta Askatasuna" esapideaz, baina bizitza ilaunekoa gertatu zen. Erlijioaren lotura ez zuten onartu eta ezaugarri horrek batu zituen "aberritarrak" eta "euskalerriakoak" haien aurka. 1911. urtean, langile higikunde "arrotzak" Bizkaian eta Gipuzkoan zuen indarra ikusirik, Solidaridad de Obreros Vascos (geroko Euzko Langilleen Alkartasuna) sindikatua sortzea erabaki zuen EAJk.

1913ko otsailaren 1ean "Euzkadi" egunkaria kaleratu zuten lehenengo aldiz.

Lehen Mundu Gerraren garaian, indar handia zuen Euzko Alderdi Jeltzaleak Bizkaian eta goranzko joera zuen Gipuzkoan. Gerrak areagotu zituen bi taldeen arteko desberdintasunak. "Euskalerriakoak" aliatuen aldekoak ziren eta Luis Arana germaniarren aldekoa. Luis Aranak 1916. urtean alderdia utzi zuen, eta Sotak gidatzen zuen alderdiak Comunión Nacionalista Vasca izena hartu zuen. Autonomismoaren bidea hautatu zuen bete-betean Sotaren alderdiak. 1917ko udal hauteskundeen ondoren, alkate nazionalista izan zuten Bilbok eta Bizkaiko herri askok. Bestalde, Bizkaiko diputatu nagusi aukeratu zuten Ramón de la Sota Aburto, buruzagi nazionalistaren semea. 1918an, nazionalistek bost diputatu lortu zuten Bizkaian, bana Gipuzkoan eta Nafarroan, baina emaitza txarrak izan zituen 1920. urteko hauteskundeetan.

1921. urtean Aranaren mugimendua banandu egin zen: Comunión Nacionalista Vasca moderatuak, eta Aberri independentistak. "Aberritarrak" eta Euzko Gazteria taldeko gazte gehienak, Elias Gallastegi, taldearen sortzailea, zela buru, Comunión Nacionalista Vasca utzi eta berriz ere Euzko Alderdi Jeltzalea izena hartu zuen alderdia sortu zuten, Comunión alderdiak abertzaletasunaren printzipioak saldu zituelakoan. 1922. urtean "Emakume Abertzale Batza" sortu zuen Gallastegik berak. 1923an, Primo de Riveraren diktadurak legez kanpo utzi zuen alderdia. Politikan egiterik ez zegoena, ordea, kulturan eta folklorean egin zen. Euskararen eta euskal kulturaren aldeko ekitaldiekin batera "mendigoizale" folklore-elkarteak ugaldu ziren Euskal Herriko bazter guztietan. Miguel Primo de Riveraren diktadura erori zenean, indar aski zuten nazionalistek.

1930eko azaroan, Aberri eta CNV berriz elkartu ziren, Bergaran. Hala ere, hamabost egunen ondoren, talde txiki batek Eusko Abertzale Ekintza (Acción Nacionalista Vasca bezala ere ezagutua, EAE-ANV) eratu zuen. Alderdi nazionalista moderatu ezkertiarra zen, akonfesionala —erlijio lotura gabea—, eta aliantzei irekia errepublikar eta sozialistekin, diktaduraren aurkako borrokan.

Espainiako bigarren errepublika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1931. urtean Espainiako Bigarren Errepublika nagusitu zen Espainiako estatuan eta Hego Euskal Herriko autonomi estatutuaren aldeko politika bideratu zuen Euzko Alderdi Jeltzaleak. Manifestaldi handien garaia hasi zen (Aberri Eguna 1932tik aurrera) eta izen berriak hasten dira alderdian nagusitzen (Agirre, Irujo, Leizaola, Monzon...). 1933. urtean alde batera utzi zuen EAJk Hego Euskal Herriko eskuinen koalizioa (katolikotasunaren eta eskuinaren balio tradizionalen defentsan sortu zen koalizio hura) eta berebiziko garaipena lortu zuen urte hartako hauteskundeetan. Autonomi estatutua, ordea, ez zen onartu eta bide horretatik kanpora geratu zen Nafarroa, bertako eskuinaren azpijokoaren ondorioz. Halaber, autonomista eta independentisten arteko banaketa agertu zen. 1934. urtean, Elias Gallastegi buru zelarik, talde independentista bat, Jagi-Jagi astekarian eta Bizkaiko mendizale federazioaren inguruan mugitzen zena, alderditik kanporatu zuten. Hauek EAJko zuzendaritzari epelkeria egozten zioten.

Espainiako guda zibila[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1936ko hauteskunde nagusietan, botoak galdu zituen EAJk, nagusi iraun arren, eta zuhur jokatu zuen Errepublikaren aurrean.

1936. urteko Uztailaren 18ko altxamenduaren aurrean EAJk barne tentsioa izan zuen. Klerikalismoan errebeldeekin bat zetorren, eta Vatikanotik presioa zegoen katolikoak Errepublikatik aldentzeko. Hala ere, hitzartutako autonomiak zekarren konpromisoagatik eta anti-faxismoak alderdian zuen indarraren ondorioz, Errepublikako gobernuaren alde jarraitzea erabaki zuen:

  • Gipuzkoar eta bizkaitarrek, garrantzitsuenak kopuruan, errepublikari, demokraziari eta anti-faxismoari eman zioten bere babesa Espainiako Guda Zibila hasi zenean.
  • Errebeldeek zeuzkaten lurraldeetan jelkideek askotariko aukerak hartu zituzten:
    • Arabar eta nafar "batzek" oharrak idatzi zituzten errepublikari euskarria ukatuz, herrialde hauek jadanik matxinatuen eskuetan zeudenean.
    • Nazionalista batzuk Frantziara edo errepublika aldera ihes egin zuten.
    • Batzuk errebeldeei aurka egin zieten, gehienek kartzelan edo afusilaturik amaitu zuten.
    • Batzuk gudaloste Karlistetara batu ziren, konbentzimenduagatik edo hala behartuta.
    • Errepresioa bereziki ezkertiarren aurka izan zen gupidagabea, jainkogabe arriskutsutzat hartzen baitzituzten, baina nazionalista asko ere afusilatu zituzten.

Alderdia euskal administrazioa antolatzen hasi zen Euskadiko Autonomi Estatutua onartu ondoren (1936ko urriaren 1). EAJ izan zen Eusko Jaurlaritzako alderdi nagusia.

Frankoren diktadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jose Antonio Agirre lehendakaria, 1939an.

Gerra galdu ondoren (1937 ekaina-uztaila), Paris eta Londresa joan behar izan zuten Euzko Alderdi Jeltzaleko buruzagi nagusiak (Irujoren eta Agirreren inguruan) eta 1940ko hamarkadako urteetan hasi zen Hego Euskal Herriko sarea berriz osatzen (Rezola, Lasarte, Mitxelena, Solaun eta, batez ere, Juan Ajuriagerraren inguruan). Agirrek eta Euzko Alderdi Jeltzaleko kide gehienek aliatuen garaipenak Francoren gobernuaren desagerpena ekarriko zuela uste zuten, baina 1947 eta 1951. urteetako grebak hutsean geratu ziren eta 1953. urtetik aurrera, Francoren gobernua babesteko asmoa agertu zuten Ameriketako Estatu Batuek.

1951. urtearen ondoko greben ondorengo zapalkuntzak oso egoera txarrean utzi zuen EAJk Hego Euskal Herrian zeukan egitura. 1960. urtean Jose Antonio Agirre lehendakaria hil zen arte tirabira handiak izan ziren Euzko Alderdi Jeltzaleko buruzagi gehienen eta, hasieran, EKINen eta, gerokoan, ETAren inguruetara bildu ziren kide abertzale gazteen artean. 1960-70 urteetan, ageriko ekintza gutxi burutu zuten Euzko Alderdi Jeltzaleko kideek eta, aldiz, gerra ondoko lehenengo koadro tekniko, politiko eta ideologikoak hasi ziren antolatzen Hego Euskal Herrian, Juan Ajuariagerraren ardurapean.

1971. urtean Xabier Arzalluz eta beste alderdikide gazte batzuk hasi ziren Ajuriagerrarekin lanean eta bete-betean hasi zen Euzko Alderdi Jeltzalea Francoren ondorengo aldaketa politikorako prestatzen.

Demokraziaren hasierako urteak: Garaikoetxea lehendakari[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1977ko martxoan, Gerra Zibilaren ondoko lehen biltzarra egin zuen EAJk Iruñean eta, erlijio lotura gabeziarekin batera, sabinismo klasikotik urrun dagoen irudi modernoagoa eskaini zuen eraberrituriko EAJk, ideologia demo-kristauaren barnean betiere. 1978an, Juan Ajuriagerra hil ondoren, aurre egin behar zion Arzallusek, Euskadi Buru Batzarreko lehendakariak, Ormazaren eta haren jarraitzaile sabindar eta independientziazaleei. 1977an erregetzaren garaiko lehen hauteskundeak egin zirenetik nagusi agertu zen EAJ Bizkaia, Araban eta Gipuzkoan; Nafarroan ordea askoz indar gutxiago zuen. 1978. urtean euskal alderdiak hasi ziren Euskadiko Autonomi Estatuaren aldeko urratsak ematen eta Euzko Alderdi Jeltzalea izan zen horretan parte garrantzitsuena. Euzko Alderdi Jeltzalea izan zen Euskadiko Autonomia Erkidegoko lehen gobernuko alderdi nagusia eta Karlos Garaikoetxea hautatu zuten lehendakari.

Zatiketa eta Eusko Alkartasunaren sorrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1985. urtean Euskadiko Autonomia Erkidegoko administrazio antolamenduari buruzko eztabaida batek zatiketa ekarri zuen berriro ere Euzko Alderdi Jeltzalera. Lurralde Historikoen Legearen prestakuntzan, talde bat herrialde bakoitzeko aldundiari eta erakundeari aginpide handia ematearen alde zegoen eta beste batek sortu berria zen eusko jaurlaritza gehiago indartzearen premia azpimarratu zuen. Lehenak nagusitu ziren, eta aitzakia horretan, Karlos Garaikoetxea agintetik kendu eta Jose Antonio Ardanza jarri zuten lehendakari (1985eko abendua). Garaikoetxeak eta bere jarraitzaileek alderdia utzi eta beste bat antolatu zuten (Eusko Alkartasuna). Eusko Alderdi Jeltzalea alderdi nagusia da Euskadiko Autonomia Erkidegoan. Erabateko nagusitasuna du Bizkaian, indartsu dago Araban eta kontuan hartzekoa da Gipuzkoan. Nafarroan, ordea, eta gerra aurrean ez bezala, ez du indar handirik. Euzko Alderdi Jeltzalea Ipar Euskal Herrira hedatzen da, halaber, baina ez du oraingoz indarrik. Euzko Alderdi Jeltzalea gobernu alderdia da gaur egun Euskadiko Autonomia Erkidegoan, Espainiako P.S.O.E. alderdiarekin batera.

1985eko krisialdiaren ondoren urte hartan utzi zuen EAEko lehendakari kargua EAJko Carlos Garaikoetxeak eta handik urte batera aurkeztu zuen Eusko Alkartasuna, berak eragindako alderdia Euskal Autonomia Erkidegoko alderdi nagusi jarraitu du Euzko Alderdi Jeltzaleak. Nafarroan, hala ere, eragin handiagoa izan zuen zatiketak eta hainbat urtez ia desagertuta egon zen EAJ Foru Erkidegoan. Azken hamarraldi honetan, bestalde, leunduz joan dira EAJren eta EAren hasierako tirabirak, eta lankidetza izan da nagusi azken urteotan bi alderdi abertzaleon artean, bai erakundeetan, bai jarduera politiko orokorrean.

Ardanza lehendakari[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1985eko urtarrilean Jose Antonio Ardanza jelkidea ordu arte Gipuzkoako Aldun Nagusia izandakoa hautatu zuen Euskal Legebiltzarrak Lehendakari, eta 1986. urtean egindako hauteskundeetan ere lehendakaritzari eta nagusitasun politikoari eutsi zion EAJk EAEn.

1990. urtean Eusko Legebiltzarreko egin ziren hauteskundeetan botoen % 28,9 eta 22 parlamentari lortu zituen EAJ, eta berriro ere Jose Antonio Ardanza lehendakari zela EArekin eta une hartan desegite bidean zegoen Euskadiko Ezkerrarekin Eusko Jaurlaritza eratzeko akordioa izenpetu zuen. Hiruren arteko gobernua, ordea, urte bereko irailean hautsi zen, eta PSE-PSOE alderdia sartu zen orduan Jaurlaritzara. 1994ko Euskal Legebiltzarreko hauteskundeetan zertxobait hobetu zituen botoetan bere emaitzak EAJk, aurrekoekin alderatuz gero: botoen % 28,84 lortu zuen, eta lehendik zituen 22 parlamentariei eutsi. EArekin eta PSErekin batera osatu zuen orduko hartan Eusko Jaurlaritza, betiere Jose Antonio Ardanza jelkidea lehendakari zela. Akordio horrek 1998an sozialistek Eusko Jaurlaritza uztea erabaki zuen arte iraun zuen. Nafarroari dagokionez, 1995eko hauteskundeetan ez zuen inolako presentziarik izan, eta 1999. urtean EArekin batera aurkeztu zen koalizioan; bi alderdien artean 16.512 boto (% 5,57) eta hiru parlamentari lortu zituzten.

Ibarretxe lehendakari[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1998. urtean Eusko Legebiltzarrerako egin ziren hauteskundeetan ere garaile gertatu zen EAJ, nahiz eta parlamentari bat galdu eta 21ekin gelditu. Juan Jose Ibarretxe jelkidea lehendakari izendatu ondoren, EAJk eta EAk ez zutenez behar adina parlamentari Jaurlaritza bien artean osatzeko, 1999ko maiatzean 1999-2002 legegintzaldirako Legebiltzarrean Lankidetzan Jarduteko Oinarrien Akordioa izenpetu zuten Euskal Herritarrok koalizioarekin, lehenbiziko aldiz Euskal Herriko hiru alderdi abertzale nagusiak legebiltzarrean elkarrekin jarduteko modua ireki zuena. 1999an beste hiru hauteskunde garrantzitsu egin ziren EAEn baita aipatutako Foru Parlamenturakoak ere Nafarroan: udal hauteskundeak, Batzar Nagusietarakoak eta Europako Parlamenturakoak. Hiru hauteskunde horietan elkarrekin joan ziren gehienetan EAJ eta Eusko Alkartasuna. Udal eta lurralde historikoen mailako hauteskundeei dagokienez, zerrenda bateratuak aurkeztu zituzten alderdi biek udal askotan, eta elkarren artean lortu zuten beste inork baino boto gehiago (% 23,09). Bakarka aurkezten zen udalerrietan, EAEn eman ziren guztizko botoen % 8,45 eskuratu zituen Euzko Alderdi Jeltzaleak. Hauteskundeen ondoren, Hego Euskal Herriko hainbat udaletan elkarlanari ekin zioten EAJ-EAk eta EHk, alkatetzak lortzeko elkarri laguntza eskainiz. Elkarlan hura Bizkaiko 25 udaletan, Arabako 11tan eta Gipuzkoako 8tan gauzatu zen.

2000. urtearen erdialdera, ordea, bertan behera gelditu zen lankidetza udal gehienetan, ETAk su-etena bertan behera utzi eta borroka armatuari berriz heldu ondoren, EHk ez baitzuen, gainerako bi alderdiek eskatu bezala, ETAren jarduna gaitzetsi. Nolanahi ere, ordurako erabat nabarmena zen alderdi abertzaleen eta ez abertzaleen arteko etenak ere izan zuen eraginik EAJk erakundeetan zuen presentzian, Arabako Foru Aldundia, Batzar Nagusiak eta Gasteizko Udala galdu baitzituen PPren mesedetan (Batzar Nagusien kasuan, PSE-PSOE Euskadiko Ezkerraren mesedetan). Europako Parlamenturako hauteskundeetara ere elkarrekin aurkeztu ziren EAJ eta EA 1999an (Coalición Nacionalista-Europa de los Pueblos koalizioan), eta 1994an bakarka aurkezu zirenean alderdi bakoitza koalizio desberdin baten barruan; EAJ Coalición Nacionalista zelakoaren barruan lortutako botoak hobetu eta EAEn eman ziren botoen % 33,39 eskuratu zuten. 2.000. urtean egin ziren Madrilgo Gorteetarako hauteskunde orokorretan 5 diputatu eta 6 senatari lortu zituen Euzko Alderdi Jeltzaleak. Jarduera politiko orokorrari dagokionez, erakundeetako egonkortasun faltaren eragina ere jasan du EAJk neurri batean. Izan ere, 1998an hurrengo urteetako bilakaera politikoa baldintzatuko zuten gertakari garrantzitsuak izan ziren: irailaren 12an alderdi eta sindikatu abertzaleek, IU-EBk eta hainbat gizarte higikunde eta elkartek Lizarrako ituna sinatu zuten, eta handik egun gutxira su-etena iragarri zuen ETAk. Une hartatik aurrera, aurreko urteetan PSE-PSOErekin zein PPrekin estatuan gehienbat zituen lankidetza harremanak eten eta alderdi abertzaleen arteko elkarlanaren aldeko apustu argia egin zuen EAJk, erakundeetan zein politika orokorrean.

1999ko azaroan ETAk su-etena bertan behera uzten zuela adierazi zuen, eta 2000. urteko urtarrilaren 21ean egin zuen bere lehenengo atentatu hilgarria. ETAk jarduera armatuari berriz heldu ondoren, berehala hasi ziren pitzatzen EAJren eta EHren arteko harremanak, Euskal Herritarrok koalizioak ez baitzuen ahots kritiko gutxi batzuk izan ezik ETAren indarkeria gaitzetsi. Horrek, epe laburrera, zuzen-zuzeneko ondorioa izan zuen erakundeetan, hainbat udaletan zeuden akordioak ez ezik Eusko Jaurlaritzari eusten zion lankidetza ere bertan behera gelditu baitzen, Ibarretxe lehendakariak EHrekin zeukan akordioa etetea erabaki ondoren, eta EHk, hilabete batzuk geroago, Euskal Legebiltzarrean presentzia iraunkorrik ez izatea erabaki zuenean. Berehala hasi ziren nabarmentzen EAJren barnean lehendik ere hainbatek Jose Angel Cuerda Gasteizko alkate ohiak, esate baterako plazaratutako iritzi desberdintasuna. EAJren aginte egiturak eta buruzagi nagusiek Xabier Arzalluz eta Joseba Egibar, esaterako abertzaleekiko lankidetzari eusteko apustuari lotzen zitzaioten bitartean, beste kargudun eta militante ezagun askok alderdiaren estrategia beste era batera bideratzearen alde egin zuten. Nolanahi ere, 2000. urteko udaberrian egin zen barne-eraberritze prozesuan lehendik ere alderdiaren ardura nagusia zuten burukideak hautatu zituzten afiliatuek EBBrako, eta EHrekiko lankidetza gartsu defenditu duen Xabier Arzalluz berretsi zuten haren buru izateko. 2004an, alderdiaren lehendakaritzarako hautagaiak Josu Jon Imaz eta Joseba Egibar izan ziren. Imaz alderdiaren moderatuen artean sailkatzen zuten eta Egibar, berriz, Arzalluzek babesten zuen hautagaia zen. Azkenean, Josu Jon Imaz atera zen garaile, gutxigatik izan bazen ere, barne hautaketa tirabiratsu baten ondoren. 2007ko irailaren 12an, baina, Imazek politika uztea erabaki zuela iragarri zuen. Aditu batzuen arabera, EAJko soberanistek menderatzen duen sektorearekiko desadostasunek bultzatu zuten Imaz erabaki hori hartzera. Harrezkero Iñigo Urkullu da alderdiaren lehendakaria.

2008ko Espainiako Hauteskunde Orokorretan EAJk atzerakada nabarmena egin zuen, ia 120.000 boto galdu baitzituen. Ez zen zerrenda bozkatuena izan EAEko inongo lurraldetan, ez ezein hiriburutan.

2012ko abenduaren 13an Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria izendatua izan zenez eta kargu horretan EAJko ohituraren arabera lehendakaria aldi berean alderdi horretako barne erakunde nagusia den Euskadi Buru Batzarreko presidentea karguan ezin egon daitekenez, 2013ko urtarrilaren 12an Urkulluren ordez EBBko presidente berria Andoni Ortuzar aukeratua izan zen.

Euzko Alderdi Jeltzaleko lehendakarien zerrenda[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sabin-Etxea, EAJren egoitza nagusia (Bilbo)

Oharra: 1908an Euzkadi-Buru-Batzarra sortu zen. Horrek Sabin Arana eta Aingeru Zabala Bizkai-Buru-Batzareko lehendakariak bakarrik izan zirela esan nahi du.

Bizkai Buru Batzar / EAJ[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Bizkai Buru Batzar»

Euzkadi Buru Batzar / EAJ[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Euskadi Buru Batzar»

Banaketa: Aberri eta Comunión Nacionalista Vasca[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aberri

Comunión Nacionalista Vasca

Berrelkartzea: Euzkadi Buru Batzar / EAJ[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Barne antolaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euzkadi Buru Batzar (EBB) erakunde nagusi eta orokorra da, herrialdeetako batzordeek osatutakoa: Bizkai Buru Batzar (BBB), Gipuzko Buru Batzar (GBB), Araba Buru Batzar (ABB), Napar Buru Batzar (NBB) eta Ipar Buru Batzar (IBB). Gainera, ordezkaritzak daude Madril, Bartzelona, Venezuela eta Argentinan.

Ordezkaritza instituzionala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ordezkaritza instituzionala Euzko Alderdi Jeltzalea
Zinegotziak 882
Alkateak 93
Bizkaiko Batzar Nagusiak 22 51tik
Gipuzkoako Batzar Nagusiak 14 51tik
Arabako Batzar Nagusiak 13 51tik
Nafarroako Legebiltzarra 1 50tik
Eusko Legebiltzarra 27 75etik
Espainiako Diputatuen Kongresua 5 18tik
Espainiako Senatua 5 15etik
Europar Legebiltzarra 1

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Euzko Alderdi Jeltzalea Aldatu lotura Wikidatan