Eztabaida:1929ko kraka

Orriaren edukia ez da onartzen beste hizkuntza batzuetan.
Wikipedia, Entziklopedia askea
Eztabaida:1929ko kraxa» orritik birbideratua)

"Krak" idatzi beharrean, "crack" idaztea proposatzen dut: ingelesetik hartutako hitz bat da, eta ingelesezko grafia errespetatzearen alde nago. Are gehiago, kontuan harturik euskaraz jadanik existitzen dela "kraka" hitza, guztiok ederki dakigun bezala artikulu honen gaiarekin inolako zerikusirik ez duena. Zer iruditzen? --Belkoainpe 15:40, 29 Apirila 2009 (UTC)

Sarean beste batzuk nola idatzi duten ikusita, nik ez nuke "crack" hitza ez bere moldaketarik erabiliko. Badaude euskaraz hori esateko moduak, "crack" hitza erabili gabe. Berriak "krisi" darabil gehienetan, zenbaitetan atzetik "ekonomiko" edo "finantzario" jarrita. "Krak" ere erabiltzen du behin, eta beste behin "hondamendi". Argiak ere "krisi" edo "krisialdi" erabiltzen du gehien, nahiz eta "krak" ere hainbat aldiz erabili duten, bai eta "porrot", "crash" eta "atzeraldi" ere. Elebilan begiratuta, "1929ko krisia" nahiko arrunta da. Bide batez, badirudi gehiago erabiltzen dela "krak", "crack" baino. Hala ere, badago arazo bat "krisi" hitza erabiltzean: "krak-a" zehazki 1929ko hiru egun horietan gertatutakoa dela, eta "krisia" nahasgarria izan daitekeela, norbaitek uler baitezake egun horietakoa gehi ondorengo urteetan gertatu zen krisi ekonomikoaz ari dela. Hala ere, 1929 ondoko krisia adierazteko badago beste termino bat, Depresio Handia, beraz ez dago hainbeste arazorik "krisi" erabiltzean. Beste aldagai bat: bitxia bada ere, ingelesezko artikuluan ez da erabiltzen "crack", "crash" baizik, beraz ingelesezko hitz bat erabiltzekotan "crash" izan beharko litzateke.
Nire proposamena "1929ko krisi ekonomikoa" edo "1929ko krisia" da.--Assar; (erantzun hemen) 17:02, 29 Apirila 2009 (UTC)
Kaixo, Assar:

Erantzun luze samar bat idazteko denbora aurkituko nuelakoan, azkenean konturatzen ari naiz berandutzen ari naizela; beraz, lerro gutxi batzuk behintzat idatzi nahi nizkizuke, nire erantzuna zuk eman zenidana bezain azkarra ez izatearen damuz, betiere. Badakit ingelesez ez dela "crack" erabiltzen, baina webgune solteren batean ere ikusi izan dut, eta hemen "krak" soinuekin ohituta gaudenez, pentsatu nuen agian hobe zela horri eustea, baina ortografia errespetatuz. "Hondamendi", "krisi" eta tankera horretakoei ikusten diedana da zerorrek aipaturikoa: kontzeptu zabalagoa eta lausoagoa direla. Alegia, "burtsa-crash" bat eta (adibidez) krisi bat ez direla, zorrozki, gauza bera. Ikusi besterik ez dago nola ingelesezko eta beste zenbait hizkuntzatako Wikipedietan berariazko artikulua daukan "Stock market crash" kontzeptuak. Oso ondo iruditzen zait euskarazko hitz jatorrei lehentasuna ematea, baldin eta esanahi hori duten hitzak euskaraz existitzen badira; baina nire ustez akats larria da (eta entziklopedia baten balioen eta espirituaren kontrakoa) zehaztasuna bilatu beharrean kontzeptuak nahastea; hain zuzen ere, Berria-koak eta Argia-koak, dirudienez, egiten ari diren bezala. Ingelesez "crack"en ordez "crash" erabiltzen dutela ikusirik, egokiagotzat jotzen baduzu, ez zait gaizki iruditzen "crash" erabiltzea. Horrek, ordea, beste korapilo bat sortzen du. Tira, egia esateko, nik ez dut berez inongo korapilorik ikusten euskaraz "crash" jartzearekin, baina kontuan hartuta zenbait jendek zilegi deritzola "crack"en ordez "krak" idazteari... "crash"-en ordez, euskaraz nola? "Krax"? Agian bozketa egin beharko genuke? Ea zer deritzozun. Ondo izan, --Belkoainpe 15:09, 4 Maiatza 2009 (UTC)

Nire argudioen aldeko zerbait (gehiago) idaztea pentsatua neukan; laburbilduz, ni ez naizela inor gauzak euskaraz nola esan behar diren erabakitzeko, eta egin dezakedan gehiena dela hortaz dakitenek edo euskaraz gehiago idazten dutenek nola idazten duten ikustea. Eta horretan, zalantzarik ez Berria dela erreferentzia nagusia. Internetek baliabide asko ematen dizkigula hitzak euskaraz nola erabiltzen diren jakiteko. Gero gogoratu dut ItzuL posta-zerrendan hain justu atzo aipatu zutela Ibon Sarasolaren Zehazki hiztegia sarean jarri duela Googlek. Hor begiratu dut "crack" hitza eta hara non hau agertu zaidan: crack m (crac, quiebra) krax, porrot. Beraz, hor dauzkagu euskal taliban jatorraren eta Mitxelenaren eskuineko aulkian eserita egongo denaren gomendio biak: "krax" edo "porrot".--Assar; (erantzun hemen) 20:51, 4 Maiatza 2009 (UTC)
Are eta gehiago, goiko paragrafoan "New Yorkeko burtsako kraxa" aipatzen du. -Theklan · eztEztabaida · @ E-maila 21:46, 4 Maiatza 2009 (UTC)
Ondotxo dakit ez zarela inor gauzak euskaraz nola esan behar diren erabakitzeko, Assar. Ez zu, ez ni, eta ez bere kasa dabilen inor. Hain zuzen ere, horrexegatik eman diot hasiera artikulu honen eztabaida-atalari, iritzi eske, guztioi zuzendutako galdera bat eginez, jendearen ikuspegia ezagutu nahian.

Guztiok daukagu eskubidea iritziak eta argudioak emateko, eta ez soilik bestek egindakoa ikusteko. Bestela, jakin nahi nuke zertarako daukaten artikulu guztiek "eztabaida" izeneko atal bat. Ildo horretatik, eta oso ziur ez banago ere nortaz ari zaren "hortaz dakitenak" edo "euskaraz gehiago idazten dutenak" aipatzen dituzunean (ziur nago jende askok idatziko duela euskaraz nik baino hobeto, baina nik baino "gehiago", ez hainbestek), honako hau esan nahi dut: -- "Berria" euskarazko argitalpen goraipagarria (ikuspegi askotatik) izateak ez du esan nahi akatsik gabea denik. Eta "crash", edo "krax", edo dena delakoa esateko "krisi" hitz orokorragoa erabiltzen baldin badu (zure lehenbiziko erantzunean egindako aipamena ongi ulertu badizut), nire ustez kontzeptuak nahasten ari da. Hurbileko kontzeptuak, baina kontzeptu ezberdinak. "Berria"k erabiltzen duen sintaxiaz ez naiz hemen jardungo, luzeegi joko bailidake. Berriro diot: goraipagarria bai, bada; baina akatsik gabea, ez. -- "Zehazki"ri dagokionez, asko errespetatzen dut zure iritzia, baina, alderdi on ukaezin batzuekin batera, eskastasun asko aurkitzen dizkiot. Batez ere, kontuan harturik norabide bakarreko hiztegia dela (gaztelaniatik euskarara); hau da, beste hiztegiek euren gain harturiko lanaren erdia soilik hartzen duela kontuan harturik, ez zait iruditzen halako uzta oparoa eskaintzen digunik (iritzi orokor gisa). Eta, gure aztergaiari helduz, jakin nahiko nuke, adibidez, zergatik ez duen errespetatzen "crash" hitzaren jatorrizko ortografia, baina bai "crack"ena. Ea non dagoen hor koherentzia. Edo zergatik "shock" esateko "xok" proposatzen duen, baina "sheriff" esateko... sheriff (hots, ez "xerif"). Ea non dagoen hor koherentzia. Eta "leasing" nola esaten du? Ingelesezko hitzak euskaratu behar badira, "lising", ezta? Ba ez, "leasing". Beraz, aintzat hartzeko erreferentziak badira, bai, baina eztabaidagarriak ere bai. Nahi baduzu, garagardo bat hartzera gonbidatzen zaitut (eta zu ere bai, Theklan, zuek biok soilik erantzun baitidazue), eta segituko dugu mundua konpontzen. Ondo izan.--Belkoainpe 23:45, 4 Maiatza 2009 (UTC)

"Hortaz dakitenak" diodanean, Ibon Sarasolaz (eta oro har Euskaltzaindiaz) eta euskarazko hiztegiak egiten dituztenez ari naiz. Zehazki hiztegia azken finean ez baita Euskaltzaindiaren hiztegia, baina bai gaur egun Euskaltzaindian pisurik handiena duenetako batena. Duela zenbait hilabete, Euskaltzaindiaren arauak errespetatzea erabaki genuen, eta egia esan ez daukat gogo gehiegirik berriro gai hori eztabaidatzeko. Gainera, gaztelaniazko "crack" hitza euskarara nola itzuli daitekeen esaten duen nik aurkitutako hiztegi bakarra da.
Eta "euskaraz gehiago idazten dutenak" esaten dudanean, Berriaz ari naiz. Seguru zuk asko idazten duzula euskaraz, baina Berriak egunkariko 60 orrialde ateratzen ditu egun guztietan. Nik orain arte ez dut inoiz idatzi "Wall Street Crash of 1929" euskaraz, eta Berriak 40 aldiz baino gehiagotan idatzi du hori euskaraz, hemen ikus daitekeen bezala. Beraz, seguru Berriako (eta Argiako) kazetariek eta estilo-zuzentzaileek nik eta zuk baino askoz gehiagotan hausnartu dutela hori nola esan.
Ni ez naiz hasiko orain ordubeteko gogoeta egin ondoren "crack" euskaraz nola esan behar den erabakitzen. Egin dezakedan gehiena da ikustea hiztegietan nola ageri den, eta ageri ez bada, euskaraz gehien idazten dutenek orain arte nola esan duten ikustea, eta bigarren kasu honetan nire aukera seguru asko horiek hartu duten erabakia jarraitzea izango da.
Gaiaren harira joanda, beste egunean aipatu nuen proposamena baztertu eta beste hau proposatzen dut orain: 1929ko kraxa.--Assar; (erantzun hemen) 05:14, 5 Maiatza 2009 (UTC)

Assar: Nik adierazitako argudioei erantzuteko nekerik ez duzu hartu, eta besterik gabe baztertu dituzu, nik ez ditudalako egunero "60 orrialde ateratzen". Arrazoiketa galanta, zurea! Primeran, aizu: ni ere ez naiz nekatuko argudioak ematen. Oraintxe bertan lotara joateko aitzakia ederra.--Belkoainpe 23:37, 5 Maiatza 2009 (UTC)

Euskaltzaindiaren Hiztegian ez datoz, ez krax, ez crash, krak baizik. Krak: Burtsako kotizazioen eroriko bortitza. 1929ko krak sonatua. Ongi iruditzen bazaizue, izenburua aldatuko dut.--Xirkan (eztabaida) 21:12, 8 apirila 2022 (CEST)[Erantzun]