Ezti

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Eztia

Eztia gai likatsua eta oso gozoa da, erleek egin eta abarasketan biltzen dutena. Loreetako nektarrarekin egiten dute erleek eztia. Nektarrari ura kenduz eta sakarosa hidrolizatuz ateratzen da; ura, glukosa, fruktosa, sakarosa eta polen hondarrak dira osagai nagusiak. Landare motaren arabera, ezti kolore eta ahogozo ezberdinak bereizten dira. Europako eztia hori kolorekoa izaten da orokorrean, baina zurixkak, berdexkak edo hori ilunak ere badaude. Elikagai gisa eta sendagintzan erabiltzen da batez ere.[1] Erleen zaintza eta ezti bilketari erlezaintza deritzo.

Ezti ohikoena erleena bada ere, badira eztia sortzen duten beste animalia batzuk, hala nola, zenbait liztor eta inurri mota ezberdinak[2].

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Betidanik erabili izan dugu eztia, gizakiak eztiaren balioaz berehala ohartu baitziren. Erleek behar dutena baino ezti gehiago sortzen dute, eta gizakiak (beste animalia askok bezala) erlauntzetatik eztia lapurtu ohi du. Harri Aroan egindako zenbait margolanetan, pertsona baten irudia ikus daiteke eztia biltzen, esate baterako Valentziako Armiarmaren haitzuloetan[3].

Valentziako Bicorp herrian, Armiarmaren haitzuloetan, ezti bilketaren irudia (eskematizazioa).

Gerora, erleak etxekotzen ahalegindu zen gizakia. Horretarako, haien abaraskak eraikitzeko egokiak ziren ontziak prestatu zituzten. Aztarnen arabera, K. a. 9000. urte aldera gertatu zen hori.

Produktuaren ezaugarriak eta lortzeko metodoa zirela eta, balio sakratu edo sinboliko handia eman zioten aitzinako herri askok. Egiptoarrek eztia Ra jainkoaren malkoetatik erortzen zela uste zuten; beraz, kontserbagarri moduan erabiltzen zuten. Eztia produktu preziatua zen antzinako egiptoarrentzat, Tutankamon faraoiaren hilobian ere ezti ontziak aurkitu baitira. Greziarrek, ordea, Olinpoko jainkoen elikagaia zela uste zuten. Hori dela eta, atletei Jokuetan parte hartu aurretik, eztiz egindako jakiak ematen zizkieten.

Mendebaldeko Europan, antzina, eta horren barruan Euskal Herrian ere, gozagarri nagusia eztia izan zen. Alexandro Handiaren almirante batek alternatiba Indian ezagutu zuela esan ohi da: “Bada kanabera mota bat eztia erlerik gabe sortzen duena” idatzi zuen[3].

Ezti motak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erlea, eukalipto landaretik nektarra hartzen.

Erleek erabiltzen duten landare motaren arabera, ezti mota ugari dago eta erabat aldatu daiteke zaporea. Beraz, gizakiek nahi duten lorea erleen erlauntzatik hurbil jartzen dute . Zortzi ezti mota ezberdin dira garrantzitsuenak:

  • Laranja lorearen eztia: anbar kolore argia dauka, usain handikoa eta zapore suabekoa. Limoien, laranjen eta mandarinen polenatik dator. Lo egiteko lagungarria da.
  • Erromero eztia: anbar kolore oso argia dauka. Ez da hipertentsioa duten pertsonentzat gomendagarria.
  • Eukalipto eztia: okre koloreduna eta egur zaporeduna. Antiseptikoa denez, biriketarako eta katarroetarako gomendatzen da.
  • Ezkai eztia: gorri kolorea eta zapore ona daukan eztia da. Tentsioa erregulatzeko, asmarentzat eta eztularentzat gomendatzen da.
  • Izpiliku eztia: zapore berezia daukan eztia da. Intsektuen ziztaden kasuetan gomendatzen da eta ezti mota hau, gripea, bronkitisa baita hotza sahiesteko ere erabil daiteke. Lasaigarri moduan, agresibitatearentzat eta estresarentzat gomendatzen da.
  • Ezki eztia: oso azkar gogortzen da. Bronkitisarako, gripearako, eta hotzariarako gomendatzen da.
  • Hirusta eztia: kolore horia dauka eta nekearentzat oso egokia da.
  • Alpapa eztia: hirusta eztiaren antzeko propietateak ditu.

Konposizioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

osagaia maila eduki tipikoa
ura % 14-22 % 17
fruktosa % 28-44 % 38
glukosa % 22-40 % 31
sakarosa % 0,2-7 % 1
maltosa % 2-16 % 7,5
beste azukreak % 0,1-8 % 5
proteinak eta aminoazidok % 0,2-2  
bitaminak, entzimak, hormonak
azido organikok eta bestelakoak
% 0,5-1  
mineralak % 0,5-1,5  
errautsak % 0,2-1,0  

Prozesua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen prozesua, erleen lana[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erlea, loretik nektarra hartzen.

Erleak udaberritik aurrera hasten dira eztia egiten. Erleak egunez loreetara joaten dira eta haien mingainekin loreen nektarra zurrupatzen dute. Jarraian, erlauntzara bueltatzen dira eta bertan, nektarra erle-langileei pasatzen diete, hauek nektarra ezti bihurtuko dute. Bitartean, erleak nektar gehiagoren bila joaten dira.

Nektarra ezti bihurtzeak egun batzuk behar ditu eta iraupena aldakorra da faktore batzuen arabera (tenperatura, hezetasuna...). Erle gazteek bitartean dituzten entzimekin, nektarraren aldaketan parte hartzen dute, urdailean dituzten entzimak, nektarraren azukrea zenbait azukre bakunetan zatitzen dute, inbertsio deritzon prozesu baten bidez. Gauean, erle mota guztiek nektarra ezti bihurtzeko aldaketan parte hartzen dute.

Aldaketaren bitartean, nektarra, ezti-orrazetan kokatzen dute (hezetasuna galtzen duen bitartean). Erleek eztia sortutakoan, ezti-orrazetan bildu eta argizari kapa batekin estaltzen dute. Hasieran beraien kaxa bete arte uzten dituzte erlezainak. Hori betetakoan, altzak (beste kaxa gehigarri batzuk) jartzen dizkiote gainean, eta horiek bete ahala hasten dira eztia jasotzen.

Bukatzeko, erlauntzan egiten duen beroak nektarraren hezetasuna lurruntzea eragiten du, ondorioz sortzen den eztiak % 18 ur izaten du.

Denboraldi ona bada, erlauntza bakoitzak altza bat baino gehiago ere betetzen du.

Bigarren prozesua, gizakien laguntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erleak argizari kapa eztiari ematen
Erleak argizari kapa ezartzen.

Udazkenarekin batera hasten da erlautzatik eztia ateratzeko garaia.

Ezti-orrazak, kaxak betetak daudenean, argizarizko geruza batez estalita daudenean, erlezainak badaki eztia ateratzeko prest dagoela. Azpiko kaxa beti uzten zaie erleei, neguko erreserba moduan. Erleek beste jatekorik ez dutenean, eztia jaten dute, eta beraiei dagokiena ez da ukitu behar. Goiko ezti orraza erlauntzatik ateratzen dute, behekoa aldiz erleentzat uzten dute. Jarraian, laban berezi batekin, argizaria kentzen dute, operkuluen tapakia moztuz. Zentrifugazio prozesu baten bitartez, ezti-orraza ustu egiten da, garbi utziz, erleek berriro erabiltzeko. Eztia biltzean, iragazi egiten da eta ondoren, pausatzen uzten dute, eztia ontziratu baino lehen probatzeko eta horrela ezpurantasunak kentzeko.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Lur entziklopedietatik hartua.
  2. (Ingelesez) Crane, Eva. (1991). Honey from honeybees and other insects, Ethology Ecology & Evolution. .
  3. a b «Eztiak gozatu zituen Historiaurrea eta Antzinaroa» Argia (Noiz kontsultatua: 2022-05-23).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]