Félix Padín

Wikipedia, Entziklopedia askea
Félix Padín
Felix Padin euskal anarkista historikoa 2012ko Albertia egunean berari egindako omenaldian. Padinek 36ko gerran Albertian bertan borrokatu zuen faxisten kontra.
Bizitza
JaiotzaBilbo1916ko uztailaren 9a
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
HeriotzaMiranda Ebro2014ko urriaren 7a (98 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jardueraksindikalista
KidetzaLanaren Konfederazio Nazionala
Zerbitzu militarra
Adar militarraIsaac Puente Batailoia
Graduateniente
Parte hartutako gatazkakEspainiako Gerra Zibila
Asturiasko Iraultza

Félix Padín Gallo (Bilbo, 1916ko uztailaren 9a - Miranda de Ebro, 2014ko urriaren 7a) bilbotar anarkista izan zen, Euzko Gudarostearen eta CNTren batailoietako tenientea izan zena.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bilbo Zaharran familian ugari eta txiro batean jaioa, gosea ezagutu zuen. 12 urte zituela, janari-denda batean hasi zen lanean eta, hiru urte geroago, etxegintza. 14 urteekin anaien sindikaturen, Lanaren Konfederazio Nazionala, kide egin zen,[1] baita gero Juventudes Libertariasena ere. Porfirio Ruiz, Alberto Lucarini edo Severiano Montesekin lan egin zuen kultura arloan, propagandan, grebetan eta sabotajeetan. Sindikatuko bozeramailea, Juventudes Libertariasko prentsa-arduraduna eta, 1935ean, propaganda-arduraduna. 1934ko urrian, urteko horretako Iraultzan parte-hartzeagatik preso hartu zuten.

1936ko uztailaren 18ko altxamendu aurretik giroa gaiztotzen ari zela ohartu zenean, Gazte Libertarioa[2] ekintza taldea osatu zuen beste lau anarkistarekin. Propaganda, greba eta sabotajea tresnatzat zituzten, eta arma laburrak eta dinamita lortzen eta nola erabili ikasten aritu ziren.[3]

Armak eskuan Bilbon altxamendu militarraren aldekoei aurre egin zieten, matxinadaren bat-bateko lehen kolpean. Sarjentu eta teniente izan zen Isaac Puente eta Durruti batailoietan. Otxandioko bonbardaketaren lekuko,[4] 1937ko ekainaren 16an faxistek preso hartu zuten.[3] Sei urte eman zituen gartzeletan (Arrigorriaga, Galdakao eta Gazteiz), Miranda Ebroko kontzentrazio-esparruan[5] eta diziplina-batailoietan (Guadalajara, Elizondo eta Peñaranda de Bracamonte). 1939ko ekainean aske utzi zuten arren, Bilbora itzuli eta hilabete eskas egin zuen libre, ordea, eta Miranda Ebrora bidali zuten atzera, eta handik diziplina batailoietara.[3] Beste hiru urte eman zituen diziplina-batailoian.

1947ko maiatzean berriro atxilotu zuten urte hartako greba ospetsuan parte-hartzeagatik. Lanaren bila, 1954an Miranda Ebrora joan zen. Franco hil zenean, bere kidetza berpiztu zuen. 1990ean Bilboko Batzorde Anarkistan behatzailea izan zen. 1993an Iparraldeko Eskualdeko delegatua izan zen Bartzelonan. 1996ko Batzordean ere aritu zen eta baita 1993 eta 2000ko konferentzietan.

2002an Miranda Ebron hartu zuen omenaldia eta 2006an Bilbon CNTren omenaldi ofiziala hartu zuen. Kontzentrazio-esparru frankisten dokumentaletan- Manuel Palaciosen Rejas de la memoria (2004) eta Desafectos. Esclavos de Franco en el Pirineo (2007)- parte hartu zuen.

2014ko maiatzean María Servini de Cubría argentinar epaileak frankismoaren krimenei buruzko bere ikerketan Padín elkarrizketatu nahi zuen[6] baina ezin.[7]

Azkenean Miranda Ebroko auzitegian deklaratu zuen 2014ko abuztuaren 4an Maria Servini epaile argentinarra ikertzen ari zen auziaren baitan. Padinen kasua bereziki garrantzitsua zen, bizirik zegoen gerra osteko errepresaliatu bakanetakoa zelako. Aipatutako deklarazio hartan, CNTko militante historikoak "justizia eta konponketa morala" eskatu zizkion epaileari.[2]

CNTk gogora ekarri zuenez, sindikatuko militante historikoa kartzela eta kontzentrazio esparru ugaritan egon zen, eta frankismoak "esklabo bezala lan egitera behartu zuen".[2]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]