Fabio Maximo

Wikipedia, Entziklopedia askea
Fabio Maximo

Antzinako Erromako senataria

ezezaguna - ezezaguna

Erromako kontsula

K.a. 233 - K.a. 233
Erromatar diktadorea


Erromatar diktadorea


Erromatar zentsore

Bizitza
JaiotzaAntzinako Erroma, ?
Herrialdea Antzinako Erroma
HeriotzaErroma, K.a. 203 ( urte)
Familia
AitaQuintus Fabius
Amaezezaguna
Ezkontidea(k)ezezaguna
Seme-alabak
LeinuaFabii Maximi (en) Itzuli
Hezkuntza
Hizkuntzaklatina
Jarduerak
JarduerakAntzinako Erromako politikaria eta Antzinako Erromako militarra

Kinto Fabio Maximo Verrukoso (latinez: Quintus Fabius Maximus Verrucosus; c.K.a. 280- K.a. 203) Cunctator (geroratzailea) edo Ovicula (arkumea) ere deitua, Antzinako Erromako politikaria eta militarra izan zen, bost aldiz kontsula (K.a. 233, 228, 215, 214 eta 209) izan zena eta bitan diktadorea (K.a. 221-219 eta 217). Bigarren Gerra Punikoa nabarmendu zen Erromako defentsan, Hanibalen armadaren kontra zuzenean borrokatu gabe. Hori dela-eta jaso zuen Cunctator goitizena,

Jatorria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Fabii izeneko familia patrizio zaharrean jaioa, Kinto Fabio Maximo Gurgesen biloba zen, eta agian Kinto Fabio Maximoren semea. Verrucosus goitizena jaso zuen goiko ezpainaren gainean garatxo bat zeukalako; Ovicula-rena portaera samurrekoa zelako, eta Cunctator-ena gerran oso zuhurra zelako.

Agian Lehenengo Gerra Punikoan ere parte hartu zuen Fabio Maximok. Gerraren ondoren magistratura politikoetan nabarmendu zen: kontsula K.a. 233an eta K.a. 228an, eta diktadore izendatu zuten K.a. 221eko hauteskundeak presta zitzan. K.a. 218an Kartagora bidalitako enbaxadoreetakoa izan zen, eta berari egokitu zitzaion gerra deklaratzea Hanibalek Sagunto hartu ondoren.

Bigarren Gerra Punikoan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Senatuak diktadore izendatu zuen K.a. 217an, Trasimenoko aintzirako triskantzaren ondoren. Fabiok uste zuen lehenengo porrot haiek, hein batean, jainkoak behar bezala ez zaintzeak eragin zituela. Hortaz, agindu zuen sakrifizioak egiteko eta jaialdiak ospatzeko, jainkoen omenez. Halaber, Fabioren iritsiz kartagotarrek nagusitasun militarra zeukaten borroka hartan. Hori dela eta, Hanibalek Italia inbaditu zuenean, aurrez aurreko borrokari muzin egin zion. Horren ordez, Hanibalen armadatik hurbil eduki zituen tropak, zelatak eginez eta hornidurak moztuz.

Baina erromatar guztiek ez zuten Fabioren estrategia onartu, Hanibal Italiako uztak lapurtu edo suntsitzen ari zelako, eta koldarra izatea edo agintea gorde nahi izatea egotzi zioten. Nahigabe horretaz baliatuta, M. Minuzio Rufo, Fabioren zalditeriaren burua, hasi zen bururz buru borrokatzen. Hastapenean emaitza onak lortu zituen arren, Minuzio Hanibalen tranpa batean erori zen, eta Fabiok berak eskua sartu behar izan zuen Minuzio bizirik ateratzeko.

Fabioren agintaldia bukatu zenean (K.a. 216), kontsulak izendatu ziren berriz. Baina K.a. 215eko kontsulek izugarrizko porrot militarra jasan behar izan zuten Cannaeko guduan. Handik aurrera hasi zen hautematen Fabioaren estrategiak emaitza onak ematen ahal zituela, eta kontsul izendatu zuten Fabio bi urte jarraituetan. K.a. 209an bosgarren aldiz izan zen kontsula. Urte hartan Tarento hiria berreskuratuta Hanibali kolpe latza eman zion.

Hurrengo urteetan, Afrika inbaditzearen kontra agertu zen Senatuan, politikari gazteagoek, batez ere Eszipion Afrikarrak, nahi zuten bestera. Fabio Maximo K.a. 203an hil zen, Hanibalek Italia utzi zuen urtean hain zuzen, eta, hortaz, ezin izan zuen ikusi Eszipion Afrikarrak kartagotarrak garaitu zituela Afrikan.

Oroitzapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erresuma Batuan sortu zen Fabian Society elkarte sozialistak bere izena darama.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]