Fala dos arxinas

Wikipedia, Entziklopedia askea

Fala dos arxinas (euskaraz "harginen-hizkera"; galizieraz verbo dos arxinas, latín dos Canteiros, O Verbo edo Arxina ere deitua) Pontevedrako harginen gremio-hizkera izan zen.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Galiziako gizarte tradizionalean, Europa osoan bezala, herritar xumeek bizitza osoa ematen zuten beren sorlekuan edo ezkontzen ziren herrian. Horren salbuespena ziren klase garaietako gizon-emakumeak eta bizimodua ateratzeko herriz herri ibili behar zuten langileak. Harginek, eraikinetan harlanduak jarri ez ezik, harrobitik harriak atera, garraiatu, beharrezko forma emateko landu eta arkitekto lanetan aritu behar zuten, beste gauzen artean. Hori zela eta, denbora luzez zebiltzan sorterritik urrun. Herritarrek atzerritar jendea mesfidantzaz ikusi ohi zuten, eta jarrera mesfidati horri aurre egiteko eta elkar babesteko xedearekin, haien artean gremio-hizkeran egiten zuten harginek.

Hizkera horren oinarria galiziera bazen ere, euskararen, frantsesaren, eta latinaren ekarpen lexiko ugari zituen.

Hizkera ikertzea zail gertatu da, hiztunek betidanik bere gremioaren hizkera sekretutzat hartu baitute, gremiokoak ez zirenek jakin ezin zutena. Urteen joan-etorrian, erresistentzia hori pixkanaka leundu egin da, hargintzaren ogibidea galdu eta hizkeraren erabilera gutxitu ahala. Egungo igeltsero eta eraikuntzako gainerako langileek ez dute verbo dos arxinas zaharraren berri.

Verbo dos arxinas oso hizkera zaharra dela uste dute adituek, nahiz eta ezin den zehazki esan noizkoa den, ahozko hizkera denez gero. Hitz asko gorde ditu beste hizkuntzetan eta galizieran bertan aspaldi galdu zirenak. Esate baterako, zahartasunaren frogatzat eman izan da moi, toi edo soi frantses izenordainak idazten diren moduan ahoskatzen direla, alegia, egungo frantsesaren ahoskera-arauei jarraitu gabe. Hala ere, beste aditu batzuek ez dute argudioa ontzat ematen: frantses zaharrean izenordainok horrela ahoskatzen baziren ere, horrek ez du esan nahi hizkera garai hartakoa denik. Frantsesez oker irakurtzearen ondorio ere izan liteke ahoskera hori.

Verbo dos arxinas ez zen orduko gremio-hizkera bakarra, xíriga, mansolea, gacería, barallete, pantoja edo jarla ere adibideak direlako.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Hizkuntzalaritza Artikulu hau hizkuntzalaritzari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.