Iberiar Federazio Anarkista

Wikipedia, Entziklopedia askea
Federación Anarquista Ibérica» orritik birbideratua)
Iberiar Federazio Anarkista
Datuak
Motaanarchist federation (en) Itzuli
HerrialdeaEspainia
Ideologiaanarkismoa
Jarduera
Honen parteInternational of Anarchist Federations (en) Itzuli
Historia
Sorrera1927
webgune ofiziala

Iberiar Federazio Anarkista (FAI) 1927an sortu zen, Valentzian (Espainia), Portugalgo Batasun Anarkista Portugaldarra (UAP) eta Estatu espainiarreko Talde Anarkisten Federazio Nazionala (FNGA) batu eta gero.

Erakunde honek anarkistatzat definitzen zuen bere burua eta lotura estua zuen CNT anarkosindikalistarekin. Horrela, askotan CNT-FAI siglak batera ikusten ziren. "Trabazón" deritzon estrategia aurrera eraman zuten faistek (FAIko kideei emandako izena); hau da, FAIko kideek CNTko militante izaten jarraitzea, horrela CNTren izaera anarkista mantentzen laguntzeko.

Baina CNTk langileen borroka espezifikoan (sindikalean) indarra jartzen zuen bitartean, FAIk sindikalismoa gainditu eta Estatua, Eliza eta autoritate mota guztien suntsitzea bilatuz, gizarte anarkistaren eraikuntza bilatzen zuen; hau da, inolako autoritaterik gabeko eta autogestioan oinarritutako gizarte askea. FAIk gizarte burgesaren desagerpena bilatzen zuen.

Zenbait egileren arabera, 30eko hamarkadan FAIk gimnastika iraultzailea deitutako estrategia garatu zuen, penintsulan barna ekintza armatu bortitzak eginez.

Anarkistek mantendu zuten autoritatearen eta mota guztietako hierarkien aurkako jarrerak, anarkistak eta komunistak elkarren aurka jarri zituen, langile mugimenduan zatiketa garrantzitsuak eraginez. Nahiz eta bi mugimenduek kapitalismoa suntsitzea eta gizarte berri bat eraikitzea bilatu, bi mugimenduen arteko aldeak oso handiak izan ziren.

Espainiako Gerra Zibila hasi zenean, anarkistek, Katalunian eta Aragoien bereziki, lurralde zabalak beren kontrolpean eduki zituzten, eta ekoizpena komunismo libertarioaren arabera antolatzeko lehen saioak egin zituzten: Lur sailak kolektibizatu eta industriako hainbat sektore sindikatuen eskuetara igaro ziren. Faxisten aurkako erresistentzian, militarren ohiko hierarkia eta diziplinatik erabat urrun zeuden miliziak antolatu zituzten. Gudarosteetan, demokrazia zuzenaren oinarriak aplikatzen ziren: Milizianoek osatutako batzarrak ofizialak demokratikoki aukeratzeaz arduratzen ziren eta hauek batzarretan hartutako erabakiak bete behar zituzten.

Dokumentatu izan denez, errepublikaren kontroletik kanpo zeuden talde hauetako askok hainbat bidegabekeria egin zituzten. Elizaren eta burgesiaren aurkako erasoak eta epaiketarik gabeko exekuzioak egin ziren.

Erakunde hauek irabazitako indarraren beldur, Fronte Popularraren gobernua, gerrako unerik gorienean POUM (Partido Obrero de Unificación Marxista) eta CNT-FAIko milizien aurka errepresio kanpaina hasi zuen, hainbat buruzagi espetxeratuz eta heriotzera kondenatuz. Miliziak legez kanpo jarri eta soldadu guztiak armada bakar batean sarrarazi zituzten; ordurarte sindikatuek kudeatutako esparruak (Kataluniako garraio publiko guztia, adibidez) estatuaren esku jarri ziren, eta hala, errepublikaren kontrolpeko eremuetan bene-benetako guduak bizi izan ziren: Militarizazioari uko egin zioten anarkistak eta POUMeko milizianoak alde batetik, eta Erepublikako armada bestetik, bi bandotan bereizita elkarren aurka gerran aritu ziren. Ken Loach zinemagileak errealitate hau fikzioan islatu zuen Land and Freedom (Tierra y Libertad) filman.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]