Federico Mayor Zaragoza

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Federico Mayor Zaragozaren erretratua

Federico Mayor Zaragoza (Bartzelona, Katalunia, 1934 -) espainiar zientzialari eta politikaria da.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehenengo ikasketak Bartzelonan egin zituen, baina Madrilgo Unibertsitatean eskuratu zuen doktoregoa, 1958an, farmaziako ikasketak egin ostean. 1959-1963 bitartean bertako irakasle-laguntzaile izan zen, eta Granadakoan biokimikako katedra eskuratu zuen 1963an. 1968an erretore izendatu zuten, eta Hezkuntzako Nazio Kontseilari izan zen 1969-1972 bitartean.

Politikaren eta zientziaren alorrean eskuratu izan dituen beste hainbat karguz gainera, Hezkuntza eta Zientzietako idazkariordea izan zen 1973tik 1975era. 1977an Espainiako gobernuan sartu zen, UCD alderdiaren zerrendetan, independente gisa, baina 1978an bere kargua utzi eta UNESCOren zuzendari-laguntzaile izendatu zuten. 1981ean Hezkuntza eta Zientziako ministro izan zen, 1982an PSOE alderdia gobernura iritsi zen arte. 1987an Europako Legebiltzarreko kide izendatu zuten CDS alderdiaren eskutik, eta urte hartan bertan egin zuten UNESCOren idazkari nagusi. 1993an zuzendari-karguan berretsi zuten. Lan handia egin zuen Estatu Batuak eta Erresuma Batua UNESCO erakundera erakartzeko, eta kargua hartu zuenetik lan handia egin du giza eskubideen alde; gizabanakoaren formazioaren eta elkartasun intelektualaren ezaugarri nagusitzat azpimarratu ditu eskubide horiek.

Zientzietako zenbait lanez gainera, 1987an Mañana siempre es tarde liburua eman zuen argitara, zeinetan lotu baitzituen garapenaren kontzeptua eta ikerketa zientifikoaren eta hezkuntzaren etorkizuneko beharrak. Erakunde, akademia eta elkarte ugarietako kide da: "Sociedad Española de Bioquímica" (1964), "Asociación Americana para el Fomento de la Ciencia" (1965), "Sociedad de Bioquímica del Reino Unido" (1966)," Real Academia Nacional de Farmacia" (1975), "Club de Roma" (1981), "Real Academia de Bellas Artes de San Fernando" (1994), "Academia China de Ciencias" (1994), "Academia Rusa de Ciencias" (1999), "Real Academia Nacional de Medicina" (2002) eta "Academia Europea de Ciencias y Artes".

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Federico Mayor Zaragoza Aldatu lotura Wikidatan


Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]