Fedor Dostoievski

Wikipedia, Entziklopedia askea
Fedor Dostoievski
Fedor Dostoievski
Datu pertsonalak
Izen osoa Fedor Mikhailovitx Dostoievski
Jaio 1821eko azaroaren 11
Mosku (Errusia)
Hil 1881eko otsailaren 9
San Petersburgo (Errusia)

Fedor Mikhailovitx Dostoievski[1]errusieraz Фёдор Михайлович Достоевский— (Mosku, 1821eko azaroaren 11 - San Petersburgo, 1881eko otsailaren 9a) errusiar idazlea, errusierazko literaturaren egilerik handienetakoa. Zenbaitek existentzialismoaren sortzailetzat hartzen dute. Ziur aski, Oharrak lurpetik, Karamazov anaiak eta Krimena eta zigorra dira haren lanik ezagunenak. Tuberkulosiak jota hil zen.

Aita sendagilea zuen, eta ama oso gaztea zela hil zitzaion. 1843. urtean ofizial militar bihurtu zen, baina bere kargua utzi zuen ondoko urtean. 1844. urtean idatzi zuen Biednie Liudi ("Jende gizagaixoa", 1846an argitara emana), bere lehen eleberria. Gogolen eragin handia du eleberri horrek, eta arrakasta handia izan zuen. 1866. urtean Krimena eta zigorra, Igrok ("Jokalaria") eleberri handiak argitaratu zituen. 1880. urtean Karamazov anaiak eleberria eman zuen argitara. Azken eleberri hori zen, beste guztien artean, onena bere irudiko.

Dostoievskik gizonaren bihotzaren zoko ilunenetan zegoena kanporatzen asmatu zuen; psikologia azaltzeko erakutsi zuen trebetasunak, une distiratsu zenbaitekin batera, XX. mendeko eleberrigintzan eragin sakona izan du.

« Arkadii Ivanovitx urduritu egin zen, baina haren presazko galdeak erantzunik gabe gelditu ziren. Vasia nabarmenki ahalegintzen zen elkarrizketa oro saihesten eta Arkadiiren hitzekin inolako loturarik eta segidarik ez zuten hasperen eta monosilabo bakan batzuk besterik ez zituen jaregiten. »
Bihotz ahula, Josu Lasaren itzulpena.

Biografia

Gaztaroa eta lehen lanak

Fedor Mikhailovitx Dostoievski Moskun jaio zen 1821ean. Fedorren aita behartsuentzako ospitale bateko medikua zen, eta etxeko zerbitzariek hil zuten 1839an, Darovoie herriskan, non, bi urte lehenago, emaztea hil baizitzaion tuberkulosiaren mendean.

Aitak behartuta, Fedorrek, zazpi seme-alabetan bigarrenak, ingeniari militarretarako ikasketak egin zituen San Petersburgon (1838-1843), baina nerabezarorako piztua zuen ariman literaturarako bokazioa.

1843an, kargu bat izan zuen hiriburuko Ingeniaritza Departamentuan, baina Balzac idazle handiaren bisitaren harira, Eugene Grandet itzultzea erabaki zuen, eta hor piztu zitzaion literaturarako bokazioa. Hurrengo urtean bertan behera utzi zuen karrera, literaturan buru-belarri jarduteko.

Gogol miresten zuen, baina, batez ere, Puxkin miresten zuen, azken hori izan baitzuen Dostoievskik idazle ideal eta jarraibide. Balzacen Eugenie Grandet itzuli zuen 1844an. Bere lehen eleberriak (Jende gizagaixoa, 1846) ospe handia eman zion, eta "Gogol berri bat" jaio zela idatzi zuten, nahiz eta "psikologiarako joera handiagokoa" zela ere ez zitzaien oharkabean pasa.

Giza arimaren azterketa sobera konplikatu zitzaion "Bikoitza" idatzi zuenean, non nortasuna bitan banatzen den kasuak aurkezten baititu. Ondoren datoz "Eleberria bederatzi gutunetan, "Polzunov", "Bihotz ahula", "Lapur zintzoa", "Eguberritako zuhaitz bat eta eztei bat", "Besteren emaztea eta senarra ohepean", eta "Gau zuriak", kontakizunak edo eleberri laburrak denak, batzuek kostunbristak, besteak umorezkoak eta heste zenbait gizarte-kritika egiteko intentzioz idatziak.

Garaitsu hartan haserretu zen Belinskirekin, literatura kritikari hari zor zion arren bere bizitzako "unerik miresgarriena", ospetsu egin zenekoa, alegia.

Preso eta zigorturik

Dostoievski 1863an.

Sozialismo utopikoak erakarrita, Petrasevskiren lagunartekoa egin zen. Hori zela-eta, 1849ko apirilean atxilotu zuten eta preso egon zen bederatzi hilabetez Pedro eta Paulo izeneko gotorlekuan, non "Heroi txikia" ipuina idatzi baitzuen. Urte hartako abenduaren 22an, bera eta heste 20 petrasevskista fusilatzera eraman zituzten Semionov plazara (itxurazko fusilamendua zen izatez) eta soldaduen buruzagia apuntatzeko agindua ematen ari zen unean "iritsi" zen barkamena. Dostoievskik ez zituen inoiz burutik ezabatu ahal izan seguru hilko zuten ustetan bizi izan zituen une estu haiek. Horrela bada, heriotzaren ordez beste zigor bat ezarri zioten: Siberian, Omsken, gatibu-lanetan lau urtez penatzea, eta ondoren, soldadutza egin beharra denbora mugagabez. Espetxe hartan debekatuta zegoen ezer idaztea edo irakurtzea, Biblia salbuetsita. Lau urteak pasa zirenean Kazakhstango batailoi batera bidali zuten. Itzal handiko pertsonak sartu ziren tartean eta, hala, 1859ko ekainean, utzi zioten gaurko Tver herrian bizitzen jartzen, eta urtearen azkenerako San Petersburgon zen berriro. Anartean, Maria Dmitrievna Isaieva izeneko alargun batekin ezkondu zen, eta umorezko bi eleberri idatzi zituen: "Osabaren ametsa", eta "Stepansikovo auzoa eta hango auzotarrak" (1859an argitaratu ziren biak). 1861ean argitaratu zuen "Apalduak eta irainduak". Idazlan horiek guztiek, dena den, ez zioten famarik eman; bai, ordea, presondegiko oroitzapenak argitaratu zituenean: "Hilen etxeko oroitzapenak" (1861-1862).

Anaia zaharrenarekin, Mikhailekin, Uremia izenburuko aldizkaria argitaratu zuen 1861ean (debekatu egin zuten 1863an, "zorigaiztoko arazoari" buruzko artikulu batengatik, zeinetan Poloniaren matxinatzea tratatzen baitzen). 1864-65ean, Epoha argitaratu zuten bi anaiek, eta aldizkari horretatik zabaldu eta aldeztu zuen Fedorrek bere sinesmen berria:

« Errusiako herriak gorde du bere baitan kristautasunaren espiritua, eta aitoren semeekin eta jende ikasiarekin anaiturik, tsarraren itzalpean, bere burua eta Europa osoa salbatuko du »

1862an argitaratutako "Pasadizo gogaikarri bat" izenekoan, moda liberalari buruzko satira bat idatzi zuen, urte hartantxe egin baitzuen lehen bidaldia Mendebaldeko Europara (Berlin, Dresden, Paris, Londres, Geneva, Florentzia, Milan, Venezia, eta Viena bisitatu zituen). Hurrengo urtean, "Udako irudipenei buruzko neguko oharrak" argitaratu zuen, zeinetan irri eta trufa egiten baitzion mendebaldeko gizarteari, jainko bakartzat dirua zuelako.

Bi grinak kiskaltzen zioten barrua, maitasunak eta jokoak. Berriro atzerrira joan zen Apollinaria Suslovaren atzetik ("Jokalaria" eleberriko Polina), eta uste izan zuen erruletan aberasteko metodo huts egin ezinezko bat lortu zuela, artean aberasteko ametsak baitzituen (diruak askatasuna zekarrela zioen). Handik urte batzuetara, Hamburgen, berriro ere zituen guztiak galdu ondoren, zin egin zuen ez zuela gehiago jokatuko, eta eutsi zion egindako zinari.

Atzerrira ihesi

1864an, anaia Mikhail -Fedorren adiskiderik eta laguntzailerik onena- eta emaztea hil zitzaizkion. Zorrez ia itoan zebilen. Epoka baliabide faltagatik desagertu zen. Aldizkari hartan argitaratu zituen "Lurpeko oharrak" eta "Krokodiloa" izenburuko eleberritxo amaitu gabea. Lan horietan Dostoievskik garai hartako iraultzaileei egiten zien eraso, Txernitxevskiri, batez ere. 1866an hasi zen "Krimena eta zigorra" izeneko bere eleberri handietan lehenengoa idazten. "Jokalaria" 26 egunetan diktatu zuen, eta handik hilabete gutxira (1867ko otsailean), 24 urtez gazteago zen Anna Grigorievna Snitkina takigrafoarekin ezkondu zen.

Hartzekodunetatik ihesi, dostoievskitarrak atzerrira joan ziren hiru hilabeterako, baina lau urte baino gehiago eman zituzten Errusiatik kanpo. Dresdenen bizi izan ziren lehenik, gero Genevan (han jaio zen izango zituzten lau umeetatik lehena, neska bat, hiru hilabete zituela hilko zena), gero Milanen, Florentzian eta Dresdenen berriro -hiri horretako pintura-galeriari miresmen berezia zion Dostoievskik-. Urte horietan idatzi zuen "Ergela", non gizon erabat ona irudikatu nahi izan zuen: Myskin printzea (errusiar Kixotea). Gainera, izugarrizko buruhausteak eman zizkion idazlan luze bat idatzi zuen Bielinskiri buruz -gero galdu egingo zen- eta baita "Betiereko senarra" izenburuko eleberria ere. Esandako horiek ez ezik, "Deabruak" idazten hasi zen -sozialisten aurkako panfleto bat, egilearen beraren hitzetan- eta beste plan asko landu zituen. Hain zuzen ere, plan horietatik jaioko ziren gero "Nerabea" (1875) -gizarte kapitalistaren azterketa bikaina eta ideia baten indarra urrearena baino ere handiagoa dela baiesten duena- eta "Karamazov anaiak" (1879-80), Dostoievskiren azken eleberria, haren pentsaeraren eta artearen monumentuzko sintesia.

Aldizkarietako zuzendari eta idazle

Dostoievskik beti bilatu izan zuen bere irakurleekin harreman zuzen eta iraunkorretan egotea. Horregatik onartu zuen, 1872 urtearen azkenetan, Meserski printzeak "ordena-misio bat betetzeko" eginkizunarekin sortutako Grazdanin aldizkariko zuzendari izatea. 1874an kargua bertan behera utzi, eta bere aldizkaria sortu zuen -Dostoievski bera zela idazle bakar- Dnevnik Pisatelia ("Idazle baten egunkaria") izenaren pean, izenburu berbereko sekzio bat izan baitzuen aurretik Grazdanin-en. Hilero atera zen 1876an eta 1877an. 1880an ale bakarra atera zen, eta beste bat 1881ean, Dostoievski hil eta gero. Bere aldizkarian, Dostoievskik polemika gogor eta suharrak izan zituen arerio ideologikoen aurka, Errusia handi eta ortodoxoaren aldeko ideiak aldezten zituen, zorroztasun miresgarriz aztertzen zituen Europako mendebaldeko gertaera politikoak, eta kontakizun eta ipuin gogoangarri batzuk argitaratu zituen ("Bobok", "Haur bat" eta Eguberrietako zuhaitza", "Ehun urteko andrea", "Esanekoa", "Gizon barregarri baten ametsa"), eta baita Puxkini buruzko hitzaldi ospetsua ere (1880).

Dostoievskiren lan eskerga

Dostoievskik eskuz idatzitako eskutitz bat.

Dostoievski ez zen, Tolstoi bezala, bere jabetzan bizi zen jaun bat; aldiz, bere lumatik bizi behar izan zuen, nahiko larri bazen ere, eta estutasunean eta gaixotasunean sortzeko gauza izan zen, bere kemen ikaragarriari esker. Ez zuen aintza ezagutu bizitzako azken urtea arte, baina historiak gorde dio leku bat literatura unibertsaleko jeniorik handienen artean. Zorroztasun handiz atera zion zukua egonezin metafisikoari, aldi berean, Kristorengan eta Errusiako herriarengan fede kartsua aldarrikatzen zuela.

Dostoievskik "bizitzak berak eskaintzen zuena" harturik idazten zuen, ";konparaziorik gabe askoz aberatsagoa gure asmakizunak baino" idazlearen beraren hitzetan.

Azterketarako gaitasun paregabea zuen, eta zorroztasun harrigarriz sartzen zen bizitzaren errai dialektikoetan, bizitza horren aberastasun eta kontraesan guztiak gorabehera. Gauza zen, orobat, posiziorik muturrekoenetara heltzeko. "Netxaiev bat izan nitekeen ni" (terrorista bat, alegia) adierazi zuen. Ez zen hala izan, baina ez dago zalantzarik guztiz identifikaturik sentitu zela sortu zituen pertsonaia konplexu eta desberdin guzti-guztiekin. Hark sortutako pertsonaiek bakoitzak beren bizitza du, eta beren izaeraren arabera pentsatzen eta obratzen dute, sortzaileak hasieran nahi izan zuena alde bat geratzen dela. Hala, "Karamazov anaiak" idazten zuen bitartean, beldur izan zen monje errusiarra (aita Zosima) gauza izango ote zen behar adina argudio kontrajartzeko Ivanen ateismoaren aurka, azken hori eleberriko "Alde eta aurka" izenburuko atalean azaltzen baita.

Pertsonaia bakoitzak bere ahotsa du. Horregatik esan izan da Dostoievskiren eleberri handiak polifonikoak direla, halaxe adierazi zuen behintzat Baktin kritikariak.

Dostoievskiren obrak izugarrizko eragina izan du XX. mendeko eleberrigintzan. Nabarmen geratzen da hori Thomas Mann, Proust, Kafka edota Sartrerengan. Inspirazio-iturri izan zuten orobat V. Soloviov filosofoak, A. Bely-k eta gainerako errusiar sinbolista gazteek, eta Leonov eta Bulgakoven gisako sobietar nobelagileek. Nietzschek eta Freudek ere aitortu zuten Dostoievskirengana zuten zorra.

Atergabeko tentsioan bizi izan zen bere bizitza osoan (epilepsia-atakeak izaten zituen gazte-gaztetatik hasita), fede-egarriz eta etengabeko zalantza artean. Dostoievskik jakin zuen ulertzen bere garaiko krisialdi handia, eta gai izan zen bai Errusiaren eta bai Europaren etorkizuneko alderdi batzuk aurrez ikusteko. Europako gizartearen bilakaera historikoa gai hartuta, esate baterako, gizakien aldean gauzakiek hartuko zuten nagusitasuna iragartzen asmatu zuen, eta erdiz erdi asmatu ere, gaur egun geroz eta nabariago den bezala.

Bibliografia

Ikus, gainera

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Fedor Dostoievski

Erreferentziak