Ferdinand Lassalle

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Ferdinand Lassalle.

Ferdinand Lassalle (Breslau, Alemania, 1825 - Geneva, Suitza, 1864) politikari sozialista izan zen.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jakintza klasiko, zuzenbide eta filologiako ikasketak egin zituen Breslaun eta Berlinen, eta hegelianismoaren eragin handia izan zuen. 1849an Karl Marx ezagutu zuen. Düsseldorfeko Matxinadaren garaian (1848-1849) giltzapetu egin zuten, eta bazter utzi behar izan zuen borroka, 1859 arte; urte horretan Italiako Gerra eta Prusiaren eginbidea idatzi zuen, Alemaniaren batasuna goraipatuz eta Bismarckengan itxaropena eta Frantziaren eta Alemaniaren arteko gerraren aurkako iritzia adieraziz. Iraultzaren taktikari buruzko tesi hori Marxek eta Engelsek adierazitakoaren guztiz bestelakoa zen: Marx burgesiaren aldekoa eta prusiar estatuaren aurkakoa zen. Lassalle, berriz, prusiar estatuari laguntzeko prest zegoen, burgesiaren aurka. Estrategia desberdin horien oinarrian estatuari eta boto-eskubideari buruzko ikuspegi desberdinak zeuden. Lassalleren ustez, Bismarckek langileen mugimenduaren laguntza behar zuen, eta beraz, estatuak neurri sozialistak hartuko zituela espero zuen.

1861ean, ondasunen eskualdatzea aztertzen duen System der Erworbenen (Hartutako eskubideen sistema) argitaratu zuen. 1862tik aurrera, alemaniar langileen alderdia antolatzeko lanetan jardun zuen. 1863ean, Arbeiter-programm (Langileen programa) argitaratu zuen. 1864an Alemaniar Langileen Elkarte Nagusia eratu zuen, eta batzar nagusian Lassalle bera aukeratu zuten lehendakari. Alemaniar langile-mugimendua zatitua zegoen, ordea, Lassalleren aldekoen eta Marxen jarraitzaileen artean. Lassalleren ekarri teorikoa oso urria izan zen, eta Louis Blanc eta alemaniar ekonomisten sozialismoarekin bat zetorren. Marxek Gothako programari kritika izeneko izkribuan gogor kritikatu zuen Lassalleren joera sozialista.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Ferdinand Lassalle Aldatu lotura Wikidatan