Ferdinand Piëch
Ferdinand Piëch austriar enpresaburua da (Viena, 1937). Porsche auto-markaren sortzaile Ferdinand Porschen eta Volkswagenen «kakalardo» ospetsuaren diseinatzailearen iloba da. Ingeniaritza Zientzietako ikasketak egin zituen Zuricheko Teknologia Aurreratuko Unibertsitate Kantonalean (Suitza), eta han eskuratu zuen doktoregoa 1962an. 1963an, Porsche KG enpresan hasi zen lanean motor esperimentalen sailean, eta, harrezkero, hainbat kargu eskuratu zituen, harik eta 1971n enpresako zuzendari tekniko izendatu zuten arte. Administrazio Kontseiluan sartzerik ez zuen lortu, eta lehiakideentzat hasi zen lanean. Horrela, 1975erako, Audi Nsu Auto Union AG enpresako (gerora Audi AG) Zuzendaritza Kontseiluko kide izendatu zuten, eta Garapen Teknikoko Sailaren ardura eman zioten. 1988an, Audi AG konpainiako Zuzendaritza Kontseiluko lehendakari egin zuten. Piëchek aurreramendu tekniko bikainak sartu zituen Audin, besteak beste, bost zilindroko injekzio-motorra, turbokonpresore eta intercoolerrez hornituriko motorra, hiru bideko katalizagailudun motorra, segurtasuna areagotzeko zenbait berrikuntza eta abar. Azkenik, 1992an, Volkswagen Taldearen Zuzendaritzako lehendakari izendatu zuten.
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.