Fermin Imaz

Wikipedia, Entziklopedia askea
Fermin Imaz
Bizitza
JaiotzaDonostia1879ko urtarrilaren 27a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaDonostia1929ko urtarrilaren 8a (49 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakbertsolaria

Juan Fermin Imaz Etxeberria (Donostia, Gipuzkoa, 1879ko urtarrilaren 27a - Donostia, 1929ko urtarrilaren 8a). Bertsolaria eta, batez ere, bertso-jartzaile ezaguna izan zen. Bere garaiko bertsolari bikainenekin batera aritu izan zen, besteak beste Donostiako Antzoki Zaharrean egiten ziren saioetan. 1929ko urtarrilaren 8an hil zen, Donostiako ospitalean.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

San Martin kaleko 38. zenbakian, beheko bizitzan bizi zen Ferminen familia bera jaio zenean. Gurasoak Jose Frantzisko Imaz alegiarra eta Maria Felipa Etxeberria tolosarra izan zituen. Aiton-amonak, berriz, Ataun, Alegia, Amezketa eta Altzakoak izan zituen. Senide bakarra izan zuen, Bizenta arreba, bera baino zaharragoa. Santa Mariako eliza nagusia bataiatu zuten 1879ko urtarrilaren 28an[1]. Juana Otegirekin ezkondu zen, baina ez zuten ondorengorik izan.

Gizon lodi samarra zen, sendoa eta aurpegi ederrekoa, oso bibote sarria eramateko ohitura zeukan. Fermin Imaz itsasoan ibiltzen zen arrantzan, eta bolada ez zenean berriz ikatza deskargatzen Donostiako kaian. Lasartera eta inguruko herrietara arraina saltzera joaten zen emaztearekin batera, zalgurdi batean.

Hil zenean, Fermin Imazek bere etxea Amara auzoan zeukan, Easo plazaren atzean, Osasuniturri kaleko bigarren atariko hirugarren bizitzan. Pneumoniak jota hil zen ospitalean 1929ko urtarrilaren 8an.

Bertso jarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Fermin Imazek bertsoak jartzeko iaiotasun berezia zeukan; bertsoak jarri, paperean inprentaratu eta kalean saldu zituen maiz. Gorde izan diren Imazen bertso jarriak Antonio Zavala ikerlariak bildu eta argitaratu zituen[2]. Herriko jaietara garaiko bertsolari handienekin batera deitzen zuten: Txirritarekin (Jose Manuel Lujanbio), Gaztelurekin (Juan Bautista Urkia) eta Frantzes Txikiyarekin.

Txirritarekin izandako eztabaida[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txirritaren lagun handia izan zen Fermin Imaz, baina behin sekulako sesio gordina izan zuten elkarrekin[3]. Santo Tomas egunean Donostiako Antzoki Zaharrean urtero antolatu ohi zen saiorako, Txirritaren kontu egoten zen bertsolariei deitzea; gehienetan Fermin Imazi deitzen zion, beste batzuekin batera. 1927ko saioa prestatzeko bilerara, ordea, berandu iritsi zela-eta, deialditik kanpora utzi zuen Txirritak. Imazek, ordea, traje berria egina zuen ordurako bertso saio hartako jornalarekin ordaintzeko asmotan. Bertsoak jarri zizkion orduan Txirritari, eta jai goiz batean Errenterian saldu. Txirritaren erantzuna etorri zen gero, eta horrela bost jarrialdi egin zizkioten elkarri.

Hona, erakusgarri gisa, Ferminek jarritakoa:

Bertsuak jarri ditut

merezi bezela

ze izan deran jendiak

jakin dezala

uste nuan Txirrita

gizon fin bat zala

bi ontza bada orren

arpegiko azala

danen kabezala

portatzia ala

dakit gaizki dala

artu duan gala

uste det ori ainbat

gizon gerala.

Txirritaren erantzuna berehala iritsi zen:

Ankak zabaldu eta

balantzaka asi

kopeta illunduta

begiyak itxi

aurrian zein daguen

ezin du ikusi

txandarikan eztiyo

iñori nai utzi

oju eta irrintzi

iñork ezetz autsi

orrek nai du bizi

guziyen nagusi

iñon ametitzerik

eztu merezi.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Donostiako Elizbarrutiko Artxibo Historikoa, DEAH/F06.062//3978/002-01(f.126r, 41/B,1879-01-28). Agirian izen deiturak honela ageri dria idatzita: Juan Fermin Ymaz Echeverria.
  2. Zavala, Antonio: Fermin Imaz, bertso guziak. Auspoa Liburutegia 24. zk. Tolosa, 1962.
  3. Euskararen Donostia. "Gorostian gorosti, Donostian Donosti"http://www.donostiaeuskaraz.eus/donostia/gorosti/gaiak/00005.htm