Xalbador

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Bideo honek Ikusgela proiektuko bideo bat barneratzen du
Wikipedia, Entziklopedia askea
Fernando Aire» orritik birbideratua)

Xalbador

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakFernando Aire Etxart, Ferdinand Aire
JaiotzaUrepele1920ko ekainaren 19a
Herrialdea Nafarroa Beherea, Euskal Herria
HeriotzaUrepele1976ko azaroaren 7a (56 urte)
Familia
Ezkontidea(k)Leoni Etxebarren
Seme-alabak
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
frantsesa
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakbertsolaria eta idazlea
Izengoitia(k)Xalbador

Literaturaren Zubitegia: 343 Musicbrainz: fdab9b18-61d1-4cd2-950f-2d77f252feeb Discogs: 2312786 Musikasten: xalbador me come el melos Edit the value on Wikidata
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da.
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da. Bideoak dituzten artikulu guztiak ikus ditzakezu hemen klik eginez gero.
Xalbador eta XX. mendeko bertsolaritza.

Xalbador, jaiotzako izen-deiturez Fernando Aire Etxart (Urepele, Nafarroa Beherea, 1920ko ekainaren 19a - 1976ko azaroaren 7a), bertsolaria eta artzaina izan zen. Bertsolari liriko eta poetikoa, seriostasuna eta malenkonia ordezkatu izan zituen anitzetan; bizitza, familia, baserria, fedea eta natura izan zituen bertsoetako gai. Mattinekin batera, Ipar eta Hego Euskal Herriko bertsozaleak elkartu zituen. Ezin bertzean (1969) eta Odolaren mintzoa (1976) bertso bildumak eman zituen argitara. Zorigaitzez, 1976ko azaroaren 7an Urepele bere jaioterrian eskaini zitzaion omenaldi-egunean bihotzekoak jota hil zen. Euskaltzain ohorezko izendatu zuten 1977an.[1]

Bere garaiko bertsolari txapelketa eta sariketa gehien-gehienetan parte hartu zuen. 1946tik 1960ra bitartean, Hego Euskal Herriko bertso-saioetako asko irabazi zituen. 1960ko Bertsolari Txapelketa Nagusian hirugarren izan zen; 1962 eta 1965ekoetan, hirugarren; eta 1967koan, bigarren. Azken urte horretan, txapelketa horren historian izan den gertakari ospetsuenetako baten protagonista izan zen, gainera.

1967ko txistu, oihu eta txaloak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Patxi Etxeberria[2] Xalbadorri buruz (Ahotsak.eus proiekturako)

1967ko Bertsolari Txapelketa Nagusian parte hartu zuen, eta bigarren amaitu zuen. Hala ere, txapelketako protagonista nagusia izan zen; berak nahi gabe, baina. Bertsolari Txapelketa Nagusien historiako —baita bertsolaritzaren historia osoko ere— gertaera aipatuenetako bat da.

Behin ikus-entzuleak aulkietan eseri eta epaileak mahaian jarri ondoren, Alfonso Irigoienek epaimahaikideen erabakien emaitza irakurri zuen: Xalbador bertsolaria, Uztapiderekin batera, txapelaren atzetik lehiatzeko azken fasera iragan zela.

Une hartan, ikus-entzuleen oihu eta txistuek Anoeta pilotalekuko giroa minutu erdiz gaiztotu zuten. Jada desadostasun adierazpenak apaltzen zihoazelarik, berriz ere entzun ziren txalo zaparradekin nahasitako txistuak eta zalaparta. Uztapide eta Xalbador bertsolariak, mikrofonoen aurrean, isilik ziren. Ikuslegoa bitan banaturik zegoen: txistuek txaloak isilarazten zituztela zirudienean, Xalbadorren aldekoak zutik jarri eta beren bertsolariari txalo egin zioten. Epaimahaiko kide batek bertsolariei saioa hasteko eskatu zien, baina biek ala biek isilik iraun zuten aldi batez. Azkenean, Uztapidek, oihu eta uluen erdian, aurkezpen bertsoa bota zuen.

Ondoren Xalbadorren txanda iritsi zen, baina hark bere saioa hasterako txistu nahiz txalo ugari entzun ziren, atzera. Azkenean, ikus-entzuleen hotsa baretu zen, eta urepeldarrak bertso gogoangarri eta hunkigarri honi ekin zion:

« Anai-arrebok, ez, otoi, pentsa
neu're gustora nagonik,
poz gehiago izango nuen
albotik beha egonik.
Zuek ezpazerate kontentu
errua ez daukat ez nik,
txistuak jo dituzute bainan
maite zaituztet orainik.
»
Xalbador Donostiako txapelketan (1967)

«Zuek ezpazerate kontentu, errua ez daukat ez nik» esaldira heltzean, bat-bateko txaloaldia sekulakoa izan zen, bertsolariaren jarduna eten zuen puska batean, azken bi lerroak bota baino lehen. Bertso horrekin, Xalbadorrek ikus-entzuleen arteko bi muturrak elkartzea lortu zuen. Bere jatorrizko behe-nafarrera alde batera utzita, entzule gehienen euskalkian —gipuzkeraz— moldatu zuen bertso hori, eta horrela haien bihotzetara heltzea lortu.

Ezkerretik hasita, Azpillaga, Koxme Lizaso, Lopategi, Joxe Lizaso, Uztapide, Lasarte, Mitxelena, Mattin eta Xalbador, Ereñotzun, 1975eko maiatzaren 4an Uztapideri egindako omenaldian.

Xalbadorren bertso horren ostean, entzuleek haserrea eta desadostasuna epaimahaiaren erabakiagatik izan zela ikusarazi nahi izan zuten. Gertakari hartatik aurrera, Xalbadorren aldeko maitasun erakustaldiak areagotu egin ziren. Gainera, epaileei beren haserrea erakusteko aukera ez zuten alferrik galdu: epaimahaiko kide bat zutitu zen batean, ikusleek gogor txistukatu zuten, eta txistualdi hura epaimahaiko kidea pilotalekuko pasabidetik zehar bozkagunera zihoan denbora guztian luzatu zen. Gertakari haren ondoren lehiaketa gorabeherarik gabe joan zen.[3]

Egiaz, baina, Xalbadorri jo zitzaizkion txistuekin, epaimahaia ez zen ausartu hari txapela ematera. Bertsolariek eta bertsozaleek askotan aipatu izan dute geroztik egun hartan Urepeleko artzainarekin egindako bidegabekeria. 1968ko otsailean antolatu zen sariketan, ordea, Basarriren eta Xalbadorren artean banatu zen ehun mila pezetako lehen saria.[4]

Gipuzkoarrek txistukatu zuten Anoeta pilotalekuan, Gipuzkoan gelditu zen nehoiz nafar batek hurbilen izandako Euskal Herriko txapela; nafarra izanik ere, gipuzkeraz kantatu behar izan zuen. Ordu arte bezala geroan ere, Gipuzkoan egin zuen saiorik gehien. Eta hil ondoan, gipuzkoarrek altxatu dute Xalbador aldareetara.[5]

Lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bertsoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Xalbadorren hilarria Urepelen
Pilotari buruzko Xalbadorren bertsoz osatutako oroitarria Urepeleko pilotalekuan ikusgai.
Oroitarriaren xehetasuna.

Urepeleko artzaina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Xalbadorren heriotzean»

Xalbadorren omenez, Xabier Letek Xalbadorren heriotzean abesti ezaguna apailatu zuen, «Urepeleko artzaina»ri eskainia. Erramun Martikorenak kanta horrekin egindako bertsioa ere oso ospetsua da.

Hauek dira abestiaren koroaren hitzak:

«

Nun hago, zer larretan
Urepeleko artzaina,
mendi-hegaletan gora
oroitzapen den gerora
ihesetan joan hintzana...

»

Oroimena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2014ko abenduan Xalbador, izana eta izena dokumentala estreinatu zen, Eneko Dorronsorok zuzendua, eta bertan Xalbadorren bizitza kontatzen eta gogora ekartzen dute haren lau seme-alabek.

Kaleak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Donostian, haren izena daraman kale bat dago, Antiguako Benta Berri auzoan.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Xalbador Gaztain Kormutxa» filmoteka.eus (Noiz kontsultatua: 2023-01-02).
  2. «Etxeberria Zubiria, Patxi - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2019-11-06).
  3. (Gaztelaniaz) Félix IRAZUSTABARRENA ARSUAGA: «Fernando Aire Etxarte Xalbador», Auñamendi Eusko Entziklopedia.
  4. Mikel ATXAGA: Xalbador, Bidegileak bilduma, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza, 1993.
  5. Pablo Jose ARISTORENA: Nafarroako bertsolaritza, Nafarroako Foru Erkidegoko Gobernua, Hezkuntza eta Kultura Saila, 1992.

Ikus gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]