Fernando Muniozguren

Wikipedia, Entziklopedia askea
Fernando Muniozguren
Bizitza
JaiotzaEibar1950eko abenduaren 7a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaZarautz2006ko uztailaren 8a (55 urte)
Jarduerak

Inguma: fernando-muniozguren-urkiola-1950-2006

Fernando Muniozguren Urkiola (Eibar, 1950eko abenduaren 7a - Zarautz, 2006ko uztailaren 8a) pentsalaria eta euskalgintzako eragile handia izan zen.

Ikasketak eta hasierak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Fernando Muniozguren Eibarren jaio zen 1950. urteko abenduaren 7an. Bere gurasoak Juan eta Inazia ziren, biak ere Munitibarkoak, baina gaztetan Eibarrera joandakoak. Urki auzoan jaio eta hazi zen, nahiz eta bere gaztaroko tarte luzeak senideen baserrian pasa, Oiz azpian dagoen Ganbe baserrian.

Eibarko eskola nazionaletan ikasi zuen lehenengo, eta fraideetan ondoren. Amak Armeria Eskolan sartu nahi izan zuen 17 urte bete zituenean, baina Fernando ez zegoen prest horretarako. Bizpahiru urtez Eibarko lantegi batean lanean jardun ondoren, Eibar txiki geratu zitzaiola eta mundua ikustera abiatu zen.

Hippyen garaia zen eta mugimendu hark bete-betean harrapatu zuen Fernando. Pare bat uda Sitgesen eta Ibizan igaro ondoren, Paris aldera joan zen 1973an. Pili Ibarguren izan zuen lagun, urte batzuk geroago bere emazte izango zena (Ibizan ezagutua).

Parisen aurkitu zuen Muniozgureneak bere lekua, 1968ko iraultzaren oihartzunak oraindik itzali gabe zituen hirian. Frantsesa ikasteaz gain, filosofia ikasketak ere egin zituen Vincenneseko unibertsitatean. Euskarako D titulua ere atera zuen, Parisko Euskal Etxean. Parisko giroak, eta bereziki unibertsitatean jaso eta bizi izandakoak, arrasto sakona utzi zuen Fernandorengan. Baita Euskal Herrira itzultzeko eta nazioaren zein euskararen alde lan egiteko gogo irmoa ere.

Lana[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1979. urtean itzuli zen Eibarrera. Heldu eta berehala hasi zen euskara irakasten, AEKn eta Alfako eskolan. Gainera, UNEDen magisterio ikasketak egin eta IRALEn ere hasi zen eskolak ematen, irakasleak euskalduntzen.

AISE talden ere sartu zen. 1980ko hamarkadako lehenengo urteetan hain eskasa zen ikasmateriala sortzen jardun zuten, euskara ikasteko ikasmateriala.

1986. urtean Zarautzera joan zen bizi izatera eta hantxe jaio zen bere alaba Ainhize.

1988. urtean Eibarko euskara teknikari lanpostua hartu zuen. Lehenagotik ere, 1982. urtetik, Eibarko udaleko euskara batzordean parte hartu zuen, herritar euskaltzale modura, herrian euskara sustatzeko eta berreskuratzeko beharrezko ziren lan-ildoak zehaztuz.

Eibarko udaleko euskara teknikari izan zen 2005. urtera arte (bere bizitzako azkenengo urtean eszedentzia hartu eta irakaskuntzara itzuli zen). Hamazazpi urte horietan buru-belarri aritu zen euskararen alde lanean, bai alderdi teorikoan, bai praktikoan.

  • Eibarko udala euskaldundu zuen
  • eta kitto! euskara elkartea eta aldizkaria sortu eta gidatu zituen
  • Zarauzko Txaparro aldizkaria sortu zuen eta aurreneko lehendakaria izan zen
  • Astixa sortu zuen, gazteei aisialdian euskarazko baliabideak eskaintzeko
  • Transmisio kanpainak burutu zituen
  • Topagunea sortu eta lehenengo lehendakaria izan zen, hiru urtez
  • Eibarko euskara jasotzeko eta hedatzeko hainbat lan bultzatu eta argitaratu zituen
  • Badihardugu euskara elkartearen sorreran ere zerresan handia izan zuen
  • Zarauzko Oteiza lizeoaren sorreran ere jardun zuen

Fernando Muniozguren 2006ko uztailaren 8an hil zen. Uztailaren 15ean omenaldi beroa egin zitzaion Eibarko Txantxazelaian. 2008. urteko udazkenean Bidegileak bildumako ale bat eskaini zitzaion, Iñaki Arrutik idatzitakoa.

Iturriak eta informazio gehiago[aldatu | aldatu iturburu kodea]