Ferra-saguzar txiki

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Artikulu hau Ferra-saguzar txikiari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Ferra-saguzar».
Wikipedia:Taxotaula bat irakurtzeko eraTaxotaula bat irakurtzeko era
Ferra-saguzar txikia
Status iucn3.1 LC eu.svg

Iraute egoera: Arrisku Txikia
Ferra-saguzar txikia
Ferra-saguzar txikia


Sailkapen zientifikoa
Erreinua: Animalia
Filuma: Chordata
Klasea: Mammalia
Ordena: Chiroptera
Familia: Rhinolophidae
Generoa: Rhinolophus
Espeziea: R. hipposideros
(Bechstein, 1800)
Izen binomiala
Rhinolophus hipposideros
Rhinolophus hipposiderosMap.png

Ferra-saguzar txikia (Rhinolophus hipposideros) rhinolophidae familiako saguzarra da, Europan, Ekialde Hurbilean eta ipar-mendebaldeko Afrikan bizi dena[1].

Euskal Herriko eta erregio azpiartikoko ferra-saguzarren arteko txikiena da, izen arruntak dioen bezala. Euskal Herrian banaketa oso hedatua du eta kobazulo ugaritan aurki daitezke espezie honen koloniak. Gainerako ferra-saguzarren oso antzeko ezaugarri morfologikoak ditu, baina tamaina txikiak eta prozesu konektiboaren formak bereizgarri egiten du. Saguzar bakartia da eta maiz eraikinetan ezartzen ditu gordelekuak[2].

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Altuera: Burua eta gorputza, 35-45 mm. artean
  • Hego-luzera: 192-254 mm.
  • Pisua: 5-9 gr..
  • Bizitza: 21 urte ere.

Esan bezala, gure arteko Rhinolophus generoko espezieen arteko txikiena da. Dimorfismo sexual apur bat dago eta emeak arrak baino txikixeagoak izan ohi dira. Emeen pisua 3,7 eta 5 gramo bitartekoa izan ohi da, eta arrena 4,2 eta 6 gramo bitartekoa. Emeen besaurrearen luzera 35,2-37,5 mm bitartekoa den bitartean, arrena apur bat haundixeagoa da, 35,7-39 mm bitartean.

Gainerako ferra-saguzarren bezala, aurpegi oso berezidun animalia da. Zelaren oinarria estua da, goruntzako ertz zuzen eta hurbiltzaileekin. Proiekzio konektiboak adar forma du eta ertza borobildua da. Belarri handiak izan ohi dituzte. Patagioa orkatilan txertatzen da eta uropatagioak forma angeluarra du.

Bizkarreko ilajea arre iluna da ileon puntaren kolorearen ondoriozkoa. Ileen oinarria, berriz, gris argia da. Ilajea alde batera desplazatuz gero, ileen oinaldeko eta puntako kolore aldaketa beha daiteke. Sabelaldeko kolorea argixeagoa izan ohi da, grisaxka. Kumeen ilajea leun eta ilunagoa da. Belarri eta hegoetako mintzen kolorea ilajea baino ilunagoa da, eta atsedenaldian hegoetako patagioekin estaltzen du gorputz osoa.

Taxonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ferra-saguzar txikiak sei azpiespezie ditu:

  • Rhinolophus hipposideros escalerae
  • Rhinolophus hipposideros hipposideros
  • Rhinolophus hipposideros majori
  • Rhinolophus hipposideros midas
  • Rhinolophus hipposideros minimus
  • Rhinolophus hipposideros minutus

Ekokokapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

20-30 ms-ko luzera izaten duten pultsuak emititzen dituzte. Frekuentzia egonkorra izaten da pultsuaren ia tarte osoan eta azkenengo momentuan apur bat jaisten da. Energia maximoko frekuentzia 110 eta 115 kHz-tan izan ohi da, nahiz eta inguruneko tenperaturaren menpekoa izan ohi den. Hegaldian 106 eta 111 kHz bitartean emititzen dute 40 eta 69 ms-ko pultsuetan. Ondorioz, ferra-saguzar ertaina (R. mehelyi) eta ferra-saguzar mediterraneoarekin (R. euryale) nahastea oso erreza da.

Banaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erregio azpiartikoan banaketa zabala duen ugaztuna da. Irlandatik hasita Kaxmir ingururaino hedatzen da eta Etiopiatik Alemania eta Poloniarainoko latitudeetan aurki daiteke[3]. Iberiar Penintsulan banaketa zabal baina irregularra duen espeziea da.

Euskal Herrian herrialde guztietan aurki daiteke. Nafarroa hegoaldean falta den arren, gainerako lurralde guztietan ohiko saguzarra da. Nafarroan ipar-ekialdeko ingurune karstikoetan ageri da batez ere[4].

Habitata[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Haitzuloak atsegin dituen saguzarra da eta ondorioz kareharri ugariko lurralde eta ingurune karstikoekin lotura estua du. Normalean zulo naturalak hautatzen dituzten arren, lurpeko egitura artifizial eta eraikinetan ere aurkitu dira espezie honen koloniak. Nafarroan kolonien kokapena aldakorra da urtaroen arabera. Urteko garairik hotzenetan gordelekua ia kasu guztietan haitzuloetan izaten duten bitartean, hilabete epelenetan eraikinetan ezartzen dituzte koloniak[4]. Sastraka eta zuhaixkadun inguruetan ohikoagoa da eta ur-eskuragarritasuna ere ezinbesteko faktorea da. Hala ere, Arabako Errioxa bezalako inguru deforestatu eta eraldatuan, ohiko espeziea da. Altuera-hein zabalean aurki daiteke, itsas mailatik hasita 2.000 metroko altueraraino. Euskal Herrian 25 metroko altueratik 1.190 metroraino aurkitu da[5].

Elikadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tamaina bertsuko gainerako saguzarren antzera, intsektuez elikatzen dira honakoak ere. Diptero nematozeroak, lepidopteroak eta neuropteroak dira ferra-saguzar txikiaren dietaren osagai nagusiak. Gehienetan hegan dabiltzan intsektuak harrapatzen dituzte lurretik 2 eta 5 metro bitarteko altueran. Gorotzetan, ordea, hainbat intsektu ez-hegalariren arrastoak aurkitu dira, eta honenbestez, lurrazalean pausaturik dauden ornogabeak ere harrapatzeko gai direla badakigu.

Ugalketa eta ontogenia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kumatze-koloniak emeez osaturik egon ohi dira, batez ere, nahiz eta ar banaka batzuk ere egon ohi diren. Iberiar Penintsula hegoaldean erditzeak ekaina hasieran ematen dira eta edoskitzaroa uztaila bukaerara arte luzatzen da. Euskal Herrian, aldiz, bi prozesuek 15 egun inguruko atzerapena izaten dute[4].

Emeakehenengo urterako emankorrak izaten dira, baina normalean ez dute bigarren urtera arte kumerik izaten. Bataz besteko biziraupena 4 urte pasatxokoa den arren, espezie honetako banako baten bizi-luzetasunaren errekorra 21 urte eta 3 hilabetean dago.

Bizimodua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Negua igarotzeko koloniatan, antzerako beste espezietan gertatzen ez den bezala, bakarrik izaten dira[6], hau da, ez dira gainerako saguzar-espezieekin nahasten, eta kobazulo hotzak hautatu ohi dituzte[7]. Bizimodu bakartia izan ohi dute kumatze denboralditik kanpo eta hibernatzeko koloniatan elkartzen direnean ere, bata bestearengandik hainbat metrotara kokatzen dira. Ebro bailaran, ordea, udaberrian hainbat dozenako taldeak behatu izan dira. Espezie sedentarioa da eta neguko eta udako gordelekuak ez dira 20 km-ko distantzia baino urrutiago aurkitzen.

Espezieen arteko elkarrekintzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ez da espezie honenganako harraparitzaren inguruko informazio askorik ezagutzen, baina neguko gordelekuetan muxar grisen (Glis glis) erasoak behatu izan dira.

Antzeko espezieak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Ferra-saguzar handia (Rhinolophus ferrumequinum): Ferra-saguzar handiaren tamaina, izenak berak dioen bezala, askoz ere handiagoa da.
  • Ferra-saguzar mediterraneoa (Rhinolophus euryale):Ferra-saguzar handia bezain handia izan ez arren, mediterraneoa ere R. hipposideros baino handiagoa da.

Kontserbazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kontserbazio-arriskurik ez duen espeziea da.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1.   Wrobel, Murray (2007), Elsevier's dictionary of mammals: in Latin, English, German, French and Italian, Elsevier, ISBN 0-444-51877-0, 9780444518774 .
  2.   Blanco JC (1998), Mamíferos de España, Bartzelona: Planeta .
  3.   Lanza B, Finotello PL (1985), «Biogeografía dei Chirotteri italiani», Boll. Mus. Reg. Sci. Nat. Torino 3 (2): 389-420 .
  4. a b c   Alcalde JT (1995), Distribución y fenología de los quirópteros de Navarra, Iruñea: Nafarroako Unibertsitatea .
  5.   Aiharza JR (2001), Quirópteros de Araba, Bizkaia y Gipuzkoa: distribución, ecología y conservación, Bilbo: EHU .
  6.   Corbet GB, Harris S (1991), The Handbook of British Mammals, Oxford: The Mammal Society by Blackwell Scientific Publications .
  7.   Schober W, Grimberger E (1987), Bats of Britain & Europe .
Wikispezieetan informazioa gehiago aurki dezakezu: Rhinolophus_hipposideros
Commons-logo.svg
Commonsen fitxategi gehiago dago honi buruz:
Ferra-saguzar txiki