Filosofia

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Pentsalaria, Auguste Rodinen eskultura (1880-82): hausnarketan murgildutako gizonaren betiereko irudikapena.

Filosofia (grekotik φιλος eta σοφος) unibertsoaren eta errealitatearen azken funtsaz eta gizakiak bertan duen tokiaz diharduen jakintza da; delako arazoei buruzko gogoeta eta pentsamoldeen arrazionalen multzoa.

Jakintza-moduetako bat da filosofia, hau da, naturaren eta gizakiaren errealitatea aditzeko eta adierazteko bideetako bat, zientzia, artea eta teologia diren bezala. Horien arteko harremanak oso konplexuak dira eta garai bakoitzaren edo pentsaera bakoitzaren arabera elkar osatu ala elkar ukatu ohi dute. Mitologia ere jakintza-modu indartsua izan da kulturen historian; baina Grezian sorturiko mendebaldar filosofia mitologia grekoaren kritika gisa eta hori gainditzeko asmoz agertu zen (Tales Miletokoa, filosofo grekotzat hartzen dena, munduaren sorreraren azalpen naturala ematetik hasi zen, mitologia grekoaren kosmogoniak ukatuz).

Oinarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Filosofia: jakinduriarekiko maitasuna (filos (maitasuna) + sofia (jakinduria)). Gogoetazko jarduera da filosofia, metodikoa eta sistematikoa, arrazoimenean oinarritua. Alde horretatik badu berezitasunik edonolako pentsamendu ez-metodiko eta ez-sistematikoaren aldean. Era berean, metodoari dagokionez bereizi ohi da goian aipaturiko bestelako jakintza-moduetatik; bestalde, ez du bere alor espezifikorik, fisikak edo psikologiak izan dezaketen bezala; alderantziz, errealitatearen eta giza esperientziaren edozein alor da, berez, filosofiaren gai. Eta horrela, filosofiaren alor klasikoekin batera -metafisika, logika, etika eta epistemologiarekin batera- bestelako adar guztiak dauzkagu: zuzenbidearen filosofia, historiaren filosofia, filosofia politikoa, artearen filosofia, erlijioaren filosofia, hezkuntzaren filosofia, etab.; baita zientziaren filosofia ere, ezagutza zientifikoaren baldintzak eta oinarriak aztertzen dituena, hain zuzen ere. Orotarikoa eta orokorra dela esan daiteke filosofiaren azterketa-alorra.filosofia izaera edukitzea da

Grekotiko hitza izanik filosofia, tradizioz horren esanahia ere Greziatik abiatutako eta Mendebaldeko zibilizazioan luzaturiko pentsamendu arrazional sistematikoaren korronte ugariari eta horren barruan eraturiko sistema ezberdinen historiari lotuta egon da bereziki. Ba ote dagokio filosofia kontzeptua bestelako zibilizazioetako gogoeta arrazional sistematikoaren jardunari? Eta hain zuzen ere, ba ote dago Ekialdeko filosofiaz mintzatzerik Asiako jakinduria tradizionalen barruan landutako pentsamendu-sistemei buruz? Gaur egun Ekialdeko filosofiaz mintzatzean, Mendebaldekoaren parean jarriz edo, ez dago adostasunik zein tradizio filosofiko sartu behar den jakintza-modu filosofikoaren barruan. Batzuek txinatar eta indiar tradizioak bakarrik hartzen dituzte Greziakoaren parekotzat; beste batzuek Ekialdeko filosofiatzat, filosofi tradizio espezifikotzat, pentsamendu tradizional persiarra, babiloniarra, siriarra, palestinarra eta arabiarra ere hartzen dituzte.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: Filosofiaren historia

K. a. VI. mendearen inguruan sortu eta eratu ziren historian ezagunak zaizkigun tradizio filosofiko handiak: grekoa, indiarra eta txinatarra. Mendebaldeko filosofia K.a. VI. mendean abiatu zen (Tales Miletokoa), filosofo handienak (Sokrates, Platon, Aristoteles) V. eta IV. mendeetakoak badira ere. Txinako bi eskola handien, konfuzianismoaren eta taoismoaren, sortzaileak (Konfuzio eta Laozi, hurrenez hurren) VI. eta V. mendeen artekoak dira. Era berean, Indiako sistema filosofiko nagusien sortzaileak ere mende berekoak dira: Gautama (nyayaren sortzailea), Kapila (samkhyarena), Buda (budismoarena) eta Mahavira (jainismoarena). VII. eta VI. mendeen artekoak dira Persiako Zaratustra eta Israelgo Jeremias eta Ezekiel profeta handiak ere. Aipaturiko hiru tradizio filosofiko handiek XIX. mendearen bigarren partean egin zuten bata bestearekin topo, bai Txinak eta bai Indiak Mendebaldeari ateak erabat irekitzean, edo, hobeto esanda, mendebaldar zibilizazioa indar handiz Ekialdeko bi herrialdeetara sartzean.

Munduaren elementu aldakorrak aztertzetik eta kosmologia eraikitzetik hasi zen Greziako filosofia (Anaximandros, Parmenides, etab.), hortik arazo metafisikoetara, etikoetara eta politikoetara igarotzeko (Sokrates, Platon); Aristotelesek alor guztiok bildu zituen bere ikuspegi sistematikoan. Erdi Aroan eta kristautasunaren hedapenaren eraginez, filosofia teologiari lotuta garatu zen (San Agustin, filosofo eskolastikoak). Errenazimentuan askatzen hasi ziren ezagutza eta jakintzaren mundua eskolastikarekin zituzten lokarri estuak antzinate klasikoaren ondarea berreskuratzeko gogoak eta gizabanakoaren autonomia bilgune zuten humanismo-korronte desberdinek eraginda (Nikolas Cusakoa, Makiavelo, Erasmo, Tomas Moro, etab.). Geroago, zientzi aurkikuntza eta teoria berriek ordu arteko hainbat filosofi ikuspegi irauli egin zituzten (Koperniko, Galileo, etab.), espekulazio filosofikoaren objektu ziren zenbait gai zientziaren ardurapeko bihurtuz. Filosofia modernoaren garaian, arrazoia ezagutzaren oinarritzat hartu zuten filosofo arrazionalisten aurka (Descartes, Leibniz eta Spinoza), behaketa, esperimentazioa eta indukzioa azterketa filosofikoaren oinarri zuten enpiristen ikuspegia sortu zen (Bacon, Locke eta Hume). Ilustrazioan ordura arteko ideiak kritikatzera jo zuten, materialismotik hurbil zegoen ikuspegi batetik gainera, eta espiritu praktikoak bultzaturik, Montesquieuk eta Rousseauk politikari lotutako filosofia garatu zuten. Kant filosofoaren inguruan Alemaniako eskola idealista sortu zen (Fichte, Schelling); horientzat filosofiaren eginkizun nagusia arrazoiak egia iristeko duen ahalmena mugatzea da. Kantek adimenari emandako garrantzia kritikatuz, Hegelek arrazoia azpimarratu zuen errealitatea hautemateko eta erdiesteko bide gisa. Marx eta Engelsek munduaren interpretazio soilaren ordez, horren eraldaketa sakona proposatzen zuen marxismoa hedatu zuten, klaseen arteko borroka ardatz duen historiaren interpretazio materialista emanez. Aldi berean Frantzian Comtek positibismoa sortu zuen, Britainia Handian enpirismoan oinarritutako utilitarismoa nagusitu zen eta Kierkegaard daniarrak existentzialismoaren oinarriak jarri zituen. XX. mendearen hasierako fenomenologiaren ondoren (Husserl), existentzialismoa (Heidegger, Sartre), filosofia analitikoa (Russell), neopositibismoa (Wittgenstein) indartu dira. Gaur egun aniztasuna nagusi bada ere, bi joera nabarmentzen dira: antropologia, hizkuntzalaritza, psikologia eta psikoanalisiarekin elkarlanean diharduen humanismoa eta ikuspegi pragmatikotik lengoaia, ezagutza eta zientzia aztertzen dituen eskola analitikoa.

Galdera eta auzi filosofikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Filosofiak izan duen norabide-aldaketa aplikatuak orientazioak eskatzen dizkio hari. Hainbat auziri eta galderari gizatasun handiz aurre egiteko. Hauek dira auzi eta galdera horietako batzuk:

  • Medikuntzaren alorreko dilema etikoak.
  • Ingeniaritza genetikoaren aurrerakuntzak dakartzan arriskuak.
  • Aberastasunaren banaketa bidegabea.
  • Oreka ekologikoaren asaldura.
  • Enpresetako lanarekin, eta haien kontsumoarekin eta erantzunkizunarekin lotutako galderak.
  • Politikako ustelkeria eta hainbat profesional talderena.

Etika aplikatuak era honetako arazoez arduratzen den filosofia zatia osatzen dute.

Pentsaerari buruzko galderak elkarrizketa filosofikora garamatzate, zuzenean.

Elkarrizketa bat filosofikoa da arrazoiketa bultzatzen badu.Elkarrizketako parte-hartzaile bakoitzak bere ikuspuntuak modu arrazionalean aurkez ditzan, lagungarri gertatzen dira zenbait galdera.

Galdera horiek honetara bultzatzen dute:hausnartzera, argudiatzra, definizioak ematera,jarrera baten edo beste batn alde egiteko darabiltzagun irizpideak bilatzera eta ondorioetan pentsatzera.

Filosofo ezagunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: Filosofo ospetsuen zerrenda

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Filosofia Aldatu lotura Wikidatan
Wikiesanetan artikulu bat dago honi buruz:
Filosofia