Finlandiako historia

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Finlandiako historia
SuomiNeito.png
Gai garrantzitsuak

Historiaurrea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Finlandiako historiaurrea»

Paleolitoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Finlandia lurraldeko lehenengo giza-biztanleen aztarnak Kristinestadeko Susiluola leizean (euskaraz, Otsoaren leizea) aurkitu dira. Eginiko datazio-proba desberdinek topatutako objektuen adina 130.000-120.000 urte bitartekoa dela baieztatu dute; horrela, aurreneko gizakiak garai hartan iritsitako Neanderthalgo gizakiak direla ondorioztatu dute, Izotz Aroaren etorrerarekin batera hegoaldera jo eta leku hura utzi behar izan zutenak. Arrasto hauen artean, besteak beste, harrizko tresnak eta sua sortzeko lanabesak aurkitu dira. Nahiz eta objektu hauek gizakienak ez direla esaten duten arkeologoak ere badauden, Kristinestadekoa garai honetako Ipar Europako aztarnategi nagusiena da [1][2].

Bestalde, herrialdeko historialarien artean teoria aski zabaldua da Cromagnongo gizakia aurrenekoz Azken Maximo Glaziarra baino lehen iritsi zela Finlandia hegoaldera. Izan ere, k.a. 34.000 eta 22.000 urteen bitartean, alegia, tenperatura nabarmen leundu zen garaian, elur-orein eta mamut taldeak iristen hasi ziren bertara eta hainbat mendez klima gogorreko lurralde honetan egokitu ziren. Horrenbestez, gertaera honen frogarik ez dagoen arren, zentzuzkoa da pentsatzea mamut iletsu eta ugaztun handi hauen atzetik Goi Paleolitoko ehiztariak ere etorriko zirela [3].

Susiluola aztarnategi arkeologikoa.

Izotz Aroan lurralde guztia glaziar sendo baten azpian zegoen eta honek, bertako geografia guztiz moldatzeaz gain, animalien egonlekuak oztopatzen zituen. Finlandiar lurraldearen lehenengo zatiak ez ziren glaziarra urtzen hasi zen garairaino azaleratzen hasiko, 13.000 bat urte atzera; orduan, klima gogorrak irauten zuen arren, aurreneko lur-eremu hauetan zuhaitzik gabeko tundra egokitu zen. Aztarna arkeologikoen arabera, gizakiak duela 12.000 urte iritsi ziren beste behin, larre berri bila zebiltzan ugaztun belarjaleen atzetik; hauek Bielorrusia eta Polonia ingurutik lekualdatu zirela uste denez, Swideriar kulturako giza-taldeak zirela pentsatu izan da. Gizakia behin betiko Finlandian finkatu zen garaia iritsi zen, Mesolitoaren hasiera [4].

Mesolitoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Izotz Aro gogorraren ondoren, Holozeno garaia iritsi zen. Klima hotz eta lehorrak zirauen Finlandia hegoaldean, baina lehenengo urkidiak hazten hasi ziren. Garai honetan ere, glaziarraren higadurak herrialdea bitan banatzen duen mendikate txikia sortu zuela uste da, alegia, hegoaldea gainontzeko lurraldetik bereizten duen Salpausselkä mendikatea. Mendebaldea, bestalde, glaziarraren urtzearen ondorioz sortu zen Yoldia itsasoaren azpian zegoen eta ekialdeak, aldiz, tundra eremu zabala izaten jarraitzen zuen. Hurrengo milurtetan, Onega aintziraren mendebaldean eta Estonian, Kunda izeneko kultura garatzen hasi zen. Ehiztari-biltzaileetan oinarritutako gizartea zen, Finlandian eta Oka-Volga ibaien artean eragin handia izango zuena, eta baso eremuak eta ibai ertzak gogoko zituen. Badirudi, Kunda kulturako giza-taldeak k.a. 9000. urte inguruan iritsi zirela Finlandiara, Ipar Europako glaziarraren muga lurraldearen erdialdean zegoen garaian [5].

Klima epeltzen zihoan heinean, urkidiak eta pinudiak hazi eta hego-ekialdeko gizakiak erakartzen zituzten ehizakiak iristen hasi ziren; hala nola, kastoreak, hartzak eta oreinak. Glaziarra dagoeneko ia urtuta zegoen Finlandian eta Yoldia itsasoaren ondotik, Suedian zegoen Närkeko itsasartea itxi zenean, Ancylus aintzira erraldoia sortu zen. Arrantzak pisu handia zuen garai hartako gizartean eta, hain zuzen, lehen giza-arrastoak ibai eta aintzira ertzeetan aurkitu dira. Hauen artean, aipatzekoak dira animaliak harrapatzeko tresnak, egurrezko lerak, zizelak, aiztoak, zeramika ontziak, amuak eta pinuaren azalaz eginiko arrantza-sareak. Jatorrizko gizarte honen lehenengo bizilekuak Orimattila, Eno, Joutseno, Kareliako istmoan dagoen eta arrantza-sarea aurkitu zen Antrea, iparraldeko muturrean dagoen Utsjoki, aztarnategi nagusiena den Ristola, Mäntsälä, Hyrynsalmi eta ekialdeko Suomussalmi dira, zaharrenetik berrienera. Nahiz eta Kunda kulturaren barneko giza-taldeak izan, finlandiar tribuek Askola edo Suomusjärvi deiturak ere jasotzen dituzte [6][7].

Mesolito garaia bereizten duen kultura mota k.a. 7000. urte inguruan egonkortu zen bertan; k.a. 6500. urterako, gainera, klima dagoeneko gaur egungoa bezain epela zen hegoaldean. Lehen esan bezala, Ancylus erraldoiak Finlandia mendebaldea ur azpian zuen eta gaur egungo Itsaso Baltikoa, bi mila urtez, gutxi gorabehera k.a. 5800. urtera arte, ur gezako eremua izan zen. Glaziarrak atzera egiten zuen heinean, finlandiar guneak urez bete ziren eta urtzearen ondorioz ere, Øresund itsasartea urpean gelditu zen. Horrela, Ipar Itsasoko eta Ozeano Atlantikoko ur geza sartzen hasi zen Ancylusen eta ordura arte aintzira izandakoa, Littorina izeneko itsaso bihurtu zen; itsaso honen ondorengo zuzena da Itsaso Baltikoa. Horrela, uraren maila jaitsi eta Finlandiako mendebaldea azaleratu egin zen. Ur mugimendu hauen aztarna nabariena herrialdeko milaka aintzirak dira, ekialderaino zabaldu zirenak.

Kunda kulturaren ondoren, buztingintza iritsi zen k.a. 4200. urtean, Danimarkara nekazaritza eta Ekialde Hurbilera kobrea moldatzeko teknikak iritsi ziren garaian. Kultura berri honi Orraziaren zeramika kultura deitzen diote adituek, egindako ontziak orrazien hortzen markekin apainduak daudela diruditelako. Ordurako hiru-bost mila lagun bizi zirela uste da eta taiga edo baso boreala, bestetik, Kainuu eskualderaino iristen zela. Garai hau, Mesolitoaren amaiera eta Neolitoaren hasieratzat hartzen den muga da Finlandiako historian [8].

Neolitoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Neolitoa buztingintza eta Orraziaren zeramika kulturaren eskutik iritsi zen Finlandiara. Kultura honen eragin-eremua Ural mendien eta Vistula ibaiaren, eta Ozeano Artikoaren eta Oka-Volga ibaien artean zegoen; eta badirudi, kultura honetako giza-taldeak finno-ugriarrak zirela. Aspalditik zientzialariek darabilten hipotesia europarrak Izotz Aroko hotz jasanezinetik babesteko, kontinenteko hiru leku epel desberdinetan babestu zirela da. Honela, hiru taldeetan bereizita, Europako hiru hizkuntza familia handiak sortu ziren, indoeuroparrena, euskararena eta finno-ugriarren aurrekaria izan zen uraldarrena. Izotz Aroa bukatzerakoan, hiru talde hauek Europa eta Asian barrena egin eta euren hizkuntza leku desberdinetan zehar zabaldu zuten. Dena den, aipatzekoa da azken urteotan hizkuntzalari askok hipotesi hau ez dutela hain ziurtzat jotzen.

Lehen esan bezala, kultura honen berezitasuna orrazien hortzen markak diruditen buztinezko kaikuak ziren eta, gutxinaka, tenperatura leunei esker, lurralde osora zabaltzea lortu zuten. Orrazien zeramika kulturako gizaki hauek bost-hamar familiako herri txikietan bizi ziren eta elur-orein, altze eta itsas-txakur ehizatik, fruitu-bilketatik eta, batez ere, ibai-arrantzatik bizi ziren. Tribu hauen arma eraginkorrenak, batik bat, egurrezko arkuak eta geziak ziren, hala ere, garai hartan hego-ekialdetik iritsitako sukarri xaflak agertzen hasten zaizkigu aztarnategietan. Hildakoak objektu eta bitxi baliotsuenekin batera ehorzten zituzten okre gorriz apaindutako hilobietan eta erritu konplexuagoak ospatzen hasi zirela uste da. Horrela, xamanismoarekin lotura izan dezaketen labar-pintura ugari aurkitu dira herrialdean, animalien eta gizakien irudiak dituztenak; ospetsuenak Europan osasun apartagatik izen handia duten Astuvansalmiko labar-pinturak dira. Vantaa hiriko Jokiniemi auzoan, bestalde, Ipar Europa osoko buztinezko figura zaharrena ere aurkitu da, "Buztinezko Idolo" izenekoa (finlandieraz, Savi-idoli). K.a. 3500. urterako biztanle hazkunde garrantzitsua izan zenez kontinentean, adituek garai honetan Finlandian 10.000 lagun zeudela kalkulatzen dute [9].

Finlandiako Orraziaren zeramika kulturako gizartea bi talde nagusitan bereizita zegoen: hego-mendebaldeko Järkärläko eta iparraldeko Säräisniemiko taldeak.

K.a. 3200. urtean, bestalde, Kordeleztatutako zeramika edo Gerra aizkoraren kultura eratzen hasi zen herrialde baltikoetan, Finlandian (Jäkärläko taldearen esparruan gutxi gorabehera) eta Suedia hegoaldean. Kultura honek gerrarako erabiliko zituen armak hobetu eta errituetarako objektuak sortu zituen; Finlandian, guztira, kultura honekin lotura duten 900 pieza baino gehiago aurkitu dira. Gainera, zeramika bitxia egiteko kordelak erabiltzen hasi ziren, kulturari izena emango ziotenak. Hildakoak banako hilobietan ehorzten zituzten eta animalia sinbologiarik ez zutela dirudi. Litekeena da herri hauek nomada izateari utzi eta garia landatzeari edo abereak zaintzeari ekitea. Dena den, hemengo kulturak, gainontzeko bizilagunekin alderatuz gero, zenbait berezitasun garatu zituen zeramikaren arloan: platerak txikiagoak ziren, hondoa lauagoa zuten eta goiko aldea baino ez zuten apaintzen. Finlandiako gizartean gainera, ez zegoen Estonian izan zen batasuna, zabalera dela-eta, lurraldeko gizartea zatitua zegoelako. Kultura honen esparru-eremuaren muga gaur egungo Kokkola, Tampere eta Vyborg hiriek osatuko luketen zuzena izango litzateke.

Kultura hau moldatuz joan zen eta Saimaa aintziraren inguruko herritarrak esaterako, teknologia garatzen hasi ziren. Zuntzak eta amiantoz eginiko zeramika egiten hasi ziren; amiantoa eta buztina nahastuz, berezko zeramika mota berri bat sortu zuten, amianto zeramika deitua eta Finlandiaz gain, bakarrik Japonian aurkitu daitekeena. Teknika berri hau Saimaa aintziratik barnealde guztian zehar zabaldu zen Botniako Golkoraino, eta honen baitan, zeramika egiteko bi azpitalde sortu ziren ipar eta erdialdean, Kierikkikoa eta Pöljäkoa.

Bestalde, k.a. 3000-2000 urteen artean, Botniako Golkoaren ertzean bizi ziren herritarrak Jätinkirkko (Erraldoien eliza) izeneko eraikin erraldoiak eraiki zituztela uste da. Erdialdeko Europa eta Eskandinaviako megalitismo ohitura jarraitzen duten eraikin hauek hirurogei metro diametroko oina eduki zezaketen eta harrizko horma handien gainean egurrez eginiko teilatu sendo bat zegoen. Eraikin hauen kokapena eguzkiaren mugimenduarekin zegoen zuzenean lotuta eta Ostrobotnian izan ziren eraikiak batik bat. Ospetsuena eta handiena Kastellin jätinkirkko izenekoa da, Raahe eta Vihanti udalerrien artean [10].

Kultura hauen nahasketaren ondorio zuzena da lurraldean k.a. 2400 eta 1400 urteen artean eratu zen kultura, Kiukainengo kultura. Harri Aroaren azkenengo garaia izan zen eta, arrantza eta nekazaritza gizartean berebiziko garrantzia edukitzen hasi ziren. Finlandiako koniferoen baso epelak bota eta abere eta hazientzako lursailak sortu zituzten herritarrek. Gizarte honek Finlandia hego-mendebaldea kultura berean batu zuen, Satakunta eta Hego Ostrobotnian hasi eta Vyborg inguruan bukatzen baitzen. Ardi eta behi hezurrak aurkitu dira garai honetako aztarnategi arkeologikoetan, eta badirudi, itsas-txakur muturbeltzaren ehizak ere, espezie hau Itsaso Baltikotik desagerrarazi zuela.

Finlandia ekialdean eta iparraldean, aldiz, garai honetako aztarna arkeologikoak murriztu egiten dira eta ez dago k.a. 2500. urtetik aurrera eraikitako erraldoien eliza berriren arrastorik. Eremu honetako herri txikiak zatitu eta banandu zirela dirudi; beraz, pentsatzekoa da bizilagun gutxiko eremu bihurtu zirela.

Brontze Aroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Brontze Aroa k.a. 1500. urtean iritsi zen Finlandiara. Hego-mendebaldeko itsasertzean brontzezko objektu asko aurkitu dira, Brontze Aro Nordikoaren barnean sailka daitezkeenak. Hain zuzen, hego-mendebaldean, lehenengo etxaldeak eraikitzen hasi ziren eta Itsaso Baltikoko gainontzeko herriekin harremana estutu zen. Garagar eta gari landaketak eta txerri, behi, ardi eta ahuntzen abeltzaintza hasi zen. Garai honekin batera, alegia, nekazaritza eta abeltzaintzaren sarrerarekin batera, finnen sinesmenen kultura ere aldatu zela uste dute adituek. Europako nekazaritza giroko sinesmenak iritsi ziren Finlandia hego-mendebaldera eta arbasoen memoriaren garrantziak gora egin zuen. Hildakoak errausten hasi ziren eta badirudi arima ulertzeko modua ere aldatu zela. Hilarrien apaindurek gora egin zuten eta orduan, Eskandinavian hain ospetsuak diren harrizko mukuruak eraikitzen hasi ziren. Kuninkaanhauta edo Erregearen hilobia da, hain zuzen, Brontze Aroan eraikitako Finlandiako eta Ipar Europako harrizko mukuru eta hilobi-monumentu handiena; guztira, 30 metroko luzera eta 4 metroko altuera dauka eta finlandiar folklorearen arabera, garai hartako errege aberats baten hilobia da. Hala ere, Finlandiako ehorzketa mukuru-multzo ospetsuena 1999. urtetik herrialdeko UNESCOren zazpi Gizateriaren Ondareetako bat den granitozko Sammallahdenmäki da, Lappi herrian dagoena [11].

Sammallahdenmäki mukuru-multzoa.

Ipar-ekialdean, bestalde, brontzearen kultura Volga eta Oka ibaien ingurutik iritsi zen, ekialdetik. Finlandiaren alde honetan ere, aldaketa kultural handiak izan ziren: hildakoak errausten hasi ziren eta gutxiengo nekazaritza ere iritsi zen. Hala ere, iparraldekoena, ehiza, arrantza eta fruitu-bilketan oinarritutako kultura nomada izaten jarraitu zuen. Badirudi, Finlandiako bi kultura hauen artean sortu ziren desberdintasunak eta gainontzeko herriekin izandako harremanak herrialdeko bi etnia garrantzitsuenak sortu zituela, hau da, finn eta sami etniak. Lehenengoa mendebaldeari begira zegoen eta bigarrena, aldiz, batik bat ekialdera; fenomeno hau hizkuntzalaritzak aztertu du, izan ere, gaur egungo finlandieran dauden eta samieretan ez dauden germaniar hitz gehienak aro honetan hartutakoak dira; hala nola, "errege" (kuningas), "printze" (ruhtinas), "botere" (valta), "errenta" (vuokra), "ohore" (kunnia), "erreskate" (lunnaat), "hilketa" (murha) edo "jende" (kansa).

Burdin Aroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Finlandia bereizketa honetan zetzala, Burdin Aroa iritsi zen k.a. 500. urtean. Lurraldeko aintziretan burdin mea dagoenez, burdinaren erabilpena lanabesen ekoizpenetan azkar zabaldu zen. Burdinezko objektu zaharrenak Finlandia iparraldean aurkitu diren ezpatak dira, beraz, burdinaren kultura ekialdetik etorri zela uste dute adituek. Hegoaldea, bestalde, itsasertzean bizi ziren biztanle egonkorrek osatzen zuten eta Itsaso Baltikoan nagusitu zen Jastorf kulturaren eragina bizi izan zuten kristo aurreko azken mendeetan. Ekonomia mistoa zuten, hau da, nekazaritzan, abeltzaintzan, ehizan eta arrantzan ibili ohi ziren. Harrizko mukuru txikiez eginak izaten ziren hilobiak brontzezko objektuez apainduak izaten jarraitzen dute. Garai honetan, gainera, Baltikoaren finlandiar itsasertzean, Jatulintarha edo Troia izenaz ezagunak diren harrizko labirintoak eraikitzen hasi zirela uste da. Labirinto hauek finn kultura eta mitologiaren barruan zuten helburua zehaztea zaila den arren, badakigu leku berezi eta sakratuak izan zirela. Historialari eta ikerlariek adierazi dute eraikin bitxi hauen helburu nagusia izpiritu gaiztoak bertako bide nahasietan kateaturik mantentzea zela, baina badirudi labirintoen erdigunean arbasoen espirituekin harremanetan jartzeko errituak ere ospatzen zirela.

Hainbat menderen ostean, V. mendean, Erromatar Burdin Aroa moduan ezagutzen den garaia iritsi zen Finlandiara. Herrialde baltikoen eta germaniarren eragina handitu zen hegoaldean eta herri eta hilerri handiagoak eraiki zituzten kostaldean. Nekazaritzak eta metalezko objektuek, hala nola urrezkoek, gora egin zuten eta germaniar armamentuak agertzen hasi ziren. Hego Ostrobotnia eskualdea garai honetako aztarnategi garrantzitsu bat bilakatu da, izan ere, bertan aurkitu diren hilerrietan gizartea mailetan banatua zegola antzeman daiteke; maila altuagoa zutenek, apaingarri gehiago eta hilobi dotoreagoak izan ohi zituzten. Vöyri herrian, esaterako, gainontzekoetan aurkitu ez diren urrezko txanpon, eraztun, bitxi eta apaingarri ugari daude hilobi bakarrean. Hegoaldea, dena den, batez ere abeltzaintzan oinarritutako ekonomia izaten jarraitzen zuen eta badirudi, bakar batzuk lortutako aberastasunak larruaren merkataritzan lortu zituztela eta ez bizilagun germaniarrak ospetsu egin zituzten borroketan. Produktu hauek ziurrenik Laponia eta iparraldetik iritsiko ziren hegoaldeko portu eta herrietan saltzeko; ondorioz, garai hau iparraldean bizi ziren samien Burdin Aroa deitua izan da.

VI.-VIII. mendeen artean, Migrazioen Garaia iritsi zen. Finlandia hego-mendebaldean sortutako kultura oparoa ekialderantz mugitzen hasi zen, Karelia eta Savoniara; zabalkuntza honen erakusgarri nagusia Savonian berriz ehorzketak egiten hasi zirela da. Åland uharteak finn herriaren lehenengo zabalguneak izan ziren, baina ondoren, Eskandinavia osoko herriak iritsi ziren bertara, eta kultura nahasketak, uharteetako kultura propioa eratu zuen. Gainontzeko Finlandiako gizarteak lotura estua izan zuen Suedia erdialdeko eta Eskandinavia hegoaldeko buruzagiekin, ustez, merkataritzaren ondorioz, eta honela, penintsularen gaur egungo harremana itxuratzen hasi zen. Garai honetako aztarna arkeologiko ugari aurkitu da; Orismala herrian, esaterako, Leväluhta izena jaso duen garai honetako herri bat aurkitu dute; bertan, finn herriaren aberastasun-garai honen berri ematen duten lanabes eta bitxi asko aurkitu dira [12].

Burdin Aroaren azken fasea Bikingoen Aroak osatu zuen 800 eta 1025. urteen artean; Itsaso Baltikoan bikingo herria nagusitu zen garaia izan zen eta arrasto handia utzi zuten Europan eta bereziki, Finlandian. Bikingoen hiri eta portuak nagusi ziren itsasoan eta Danimarka, Norvegia eta Suediako buruzagiak ziren. Finlandia hego-mendebaldea eta Åland uharteak suediar bikingo leinuen esku zeuden eta finn askok eremu honetara jo zuen aberastasun bila. Åland uharteak, hain zuzen, bikingo hauen bizileku egonkorrenetako bat izan ziren, ekialdeko arpilatze bidaietako base nagusia, eta ondoan dagoen Rosala herrian, honi buruzko Rosala Bikingo Gunea deitzen den museoa dago. Nahiz eta, finnek ez zuten espedizioetan parte hartzen, hauetatik etekina ateratzen zuten eta ondorioz, merkatal kolonia asko sortu zituzten itsasertzean. Hämeenlinnako Vanajavesi aintziran, garai honetako aztarna ugari aurkitu dira eta hiri baten arrastoak diren ustea dute finlandiar historialariek. Garai honetan, badirudi, ekialdea eta erdialdea hustuz joan zirela eta iparraldeko samiak finnen lurraldeak hartu eta Aintziren Finlandiaraino jaitsi zirela. Garai honetan, samiekin batera Finlandia osatzen zuten finn etniaren barruan, kulturalki desberdinak ziren hiru tribu edo herriak bereizten hasi ziren: hego-mendeladeko jatorrizko finnak (Suediarekin hartu-eman handiena izan zutenak), erdialdeko tavastiarrak eta ekialdeko kareliarrak (Kieveko Rusa osatu zuten hastapeneko eslaviarrekin harremana izan zutenak) [13].

Bikingoen nagusitasunaren azken urteetan, kristautasuna Finlandian lehorreratu zen; zehazki, Olof Skötkonung suediar errege kristauaren eskutik sartu zen erlijioa. Honek ere, lurraldeko gotorlekuak eraiki eta sendotu zituen, Lietoko gaztelu zaharra esaterako. XI. mendean eskualdeko gobernuak eratzen hasi ziren eta lurraldea Suediar Erresumaren kontrolpeko eremu bilakatu zen. Honela, kristautasunaren sarreraren eta gutxiengo gobernu antolakuntzaren bidez, Erdi Aroan murgildu zen Finlandia.

Suediar Erresuma[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Suediar Finlandia#Historia»

Erresumaren hastapenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Finn gerrak»

XI. mendean, kristautasunari eta gutxiengo gobernu antolaketa bati esker, historia Finlandiara iritsi zen. Mende honetakoak ditugu lurraldeari buruzko lehen eskuizkribuak eta suediarren lehen sarrerak. Erik Santuaren kondairaren eta garaiko beste kronika batzuen arabera, 1150. urtera arte suediarrek ez zuten lurralderik konkistatu; baina, XII. mende erdialdean azkenean, Erik IX.a buru zuen Lehen Gurutzadak Finlandia hego-mendebaldea menperatzea lortu zuen. Konkista hau eskualdeak kristautzearekin batera eman zen eta horrela, erregearen konkistatzaile nagusia Henrike Uppsalakoa gotzaina izan zela uste da. Jatorrizko Finlandia eta Satakunta lurraldeak kristautu eta bertako biztanleak gurutzearen aurrean makurrarazi ondoren baino ez zen bukatu Erik Santuaren Lehen Gurutzada. Hernike Uppsalakoaren heriotza da, hain zuzen ere, finn mitologiako eresi ospetsuenaren -Henrike Uppsalakoaren eresia- gai nagusia. Badirudi, hilketa lurraldean eratzen ari zen eliza-gobernu organizazioaren aurkako finn paganoen erasoa izan zela; gaur egun, gainera, Lalli hiltzailea, finlandiar sinesgabeen edo zapalkuntzaren aurkako erakundeen ikur nagusi bilakatu da. Salbuespenak salbuespen, herritar iraultzaileek ez zuten beren helburua lortu eta finn tribuen arteko batasunik ez zegoenez, Suediar Erresumari hego-mendebaldearen konkista eta kristautzea erraza gertatu zitzaion [14].

XIII. menderako, Suediar Erresumak, Birger Jarl agintari ospetsua buru, boterea bermatua zuen lurraldean. Erresumak, bigarren eta hirugarren gurutzadetan, Tavastia eta ekialdeko Karelia eskualdeak konkistatuak zituen; dena den, Karelia novgorodarrek eta suediarrek irrikatzen zuten lurraldea izanik, hainbat borroka bizi izan ziren oraindik XIII. eta XIV. mendeen artean, Suediar-Novgorodar gerrak izenaz ezagunak direnak. Hain zuzen, Ladoga aintziraren inguruan, Eliza Ortodoxoak eta Katolikoak ere istilu ugari izan zituzten eta bi elizbarrutien eta Novgorodeko Errepublika eta Suediar Erresumaren arteko muga erabakitzeko, azkenik, 1323. urtean Nöteborgeko bake-ituna sinatu zuten bi herrialdeek; honen arabera, suediarren eremua Kareliako istmo zatituan hasi eta Savoniatik Botniako Golkoraino doan Pyhä ibaian amaitzen zen. Suediar Erresumak, orduan, mugetan zeuden gotorlekuak sendotzeari ekin zion eta gaztelu-harresi bat osatu zuen Finlandian; aipatzekoak dira, besteak beste, Tavastiako, Turkuko eta Vyborgeko gazteluak. Oraindik "Finlandia" izeneko gobernu antolakuntzarik ez zegoen arren, lurraldea bitan banatua zegoen, samiak nagusi ziren iparraldeko Norrland eskualdea eta suediarren menpe zegoen Österland; dena den, aurkitutako agirien arabera, badakigu XII. mendetik aurrera Finlandiako duke izeneko titulu bat bazela.

Gazteluak garrantzitsuak bihurtu ziren lurraldea babesteko orduan. Österland eskualdea Suediar Erresumaren barruko eskualde garrantzitsua bilakatu zen eta finnek Magnus IV.a Suediakoaren garaian, hainbat eskubide lortu zituzten; haien artean, Morako harrietan izaten ziren erregeen izendapenetan ordezkariak izatea edo administrazio eta legeak eratzeko eskubidea. Jatorrizko Finlandia eta Satakunta Suediar Erresumaren erdigunea bihurtu ziren bitartean, gainontzeko lurraldeak (Karelia, Savonia eta Tavastia), nekazaritzan eta abeltzaintzan ziharduten herritarrek osatzen zituzten. Gutxinaka, laborari eta abeltzain finn hauek zabaltzen hasi ziren eta kokaleku berriak sortu zituzten Erdialdeko eta Ipar Ostrobotnian. Åland uhartedian, Ostrobotnian eta Nilandia kostaldean ere, Jatorrizko Finlandian eta Satakuntan bezala, suediar eliteak gobernatzen zuen herria eta suedieraren mesedetan, finlandiera eta finn kultura baztertzen hasi ziren. Erdi Aroan oraindik, Finlandia lurralde gehienak basatia izaten jarraitzen zuen, hau da, giza aztarnarik gabeko eremua izaten jarraitzen zuen; ekialdean eta iparraldean zen bereziki basatia, sami nomaden zenbait egonleku aldakor baino ez baitzeuden. Bestalde, suediar dokumentu ofizialak latinez idatzi zirenez XIV. mendera arte, eta hortik aurrera suedieraz idazten hasi zirenez, finlandieraren egoera, eta are gutxiago samierena, zehaztea oso zaila da.

XIII. mendean eraikitako Turkuko gaztelua; zutik dirauen Eskandinaviako gaztelu zaharrenetakoa da.

Garrantzitsua da azpimarratzea Erdi Aroko Europan eman zen feudalismo ereduak ere eragina izan zuen Finlandiako gizartean. Lurraldea jaurerri txikitan banatua zegoen eta jaun boteredunak (suediar elitea) babesa eta lurrak eskaintzen zizkien basailuei zerga eta tributuen truke. Kostaldean zeuden herriguneetan, aldiz, merkatariak, burgesia txikia eta artisauak bizi ziren batik bat. Lurraldeko hiri garrantzitsuenak hego-mendebaldean zeuden, esaterako, Nådendal, Raumo, Ulvsby, Borgå, eta batez ere, Turku edo Åbo eta ekialdeko Vyborg. Azkeneko bi hiri hauetan, Hansako Ligako merkatari alemaniarrak ezarri eta botere handia eskuratu zuten; Eliza Katolikoaren egoitza Turkuko artxidiozesia zen, ustez, Henrike Uppsalakoak XII. mendearen erdialdean sortu zuena [15].

Kalmarreko Batasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Kalmarreko Batasuna»

Kalmarreko Batasuna 1397. urtean sortu zen, Margarita I.a Danimarkakoak Eskandinaviako hiru erresumak batu zituenean. Europako erresuma handienetakoa bilakatu zen, Finlandian hasi eta Groenlandian amaitzen baitzen. Dena den, ez zen oso erresuma egonkorra izan, suediarren eta daniarren botere nahiak borroka asko sortu zituelako. Suediarrek mugak egonkortu nahi zituzten eta Batasuna ekialderantz zabaldu nahi zuten; daniarrek, aldiz, hegoalderantz zabaldu nahi zuten, Germaniarantz. Batasunaren hastapenetan, Finlandiak oraindik ez zuen gobernu antolakuntza finkorik; hau, bi zatitan banatua zegoen, Åbok edo Turkuk gobernatzen zuen mendebaldea eta Vyborgen esku zegoen ekialdea. Batasuneko gainontzeko merkatal-hiriekin alderatuz gero, Turku eta Vyborg txikiak zirenez, ezin izaten zuten Tallinn edo Stockholm bezalako bizilagun erraldoiekin lehiatu. Dena den, hasiera honetan, hiri hauetako burgesiak lurralde barruko merkataritza txiki guztia kontrolatzen zuen [16].

Kalmarreko Batasunaren finkatze urte hauetan, eta batez ere Erik Pomeraniakoaren garaian (XV. mendearen hasieran), lurraldeko agintari gehienak zeharo aldatu ziren. Erregeak Finlandiara egin zuen bisitan, esaterako, Turkuko gazteluaren jaunak aldatu egin zituen. Boteredun familia berriak iritsi ziren, suediarrak, alemaniarrak eta daniarrak, eta finlandiar noblezia atzerritarra eratzen hasi zen. Bestalde, bertako noblezia txikia edo apala ere eratzen hasi zen; hau gehienetan armadako buruak edo administrari txikiak ziren zaldunek eta elizgizonek osatzen zuten. 1407. urtean, Turkuko eskualde auzitegia sortu zen eta Finlandiak, edo nobleziak behintzat, bere lurraldearen kontrola bereganatzen hasi zen. Hala nola, zilarrezko txanponak ekoizten hasi ziren eta zergak biltzeko eskumena ere lortu zuten finlandiarrek. Bake garaia izan zen lurraldean, Batasunaren handitasunari esker novgorodarrek erasotzeari utzi baitzioten. Dena den, Suediar Erresumak zergak eta tributuak izugarri igo zituen daniarren aurka lehiatzeko asmoarekin. Suediar nobleziaren aberastasuna handitu eta erregetzaren boterea indartu zen arren, erdi-mailako merkatariek Hansako Ligako merkatarien aurkako lehia galdu zuten. Odoluste honen aurrean, matxinada ugari izan ziren Suediar Erresuma osoan, bai Suedian, baita Finlandian ere; aipatzekoak dira 1439. urtean Tavastian eragotzia izan zen Daviden matxinada eta Engelbrekt Engelbrektsson suediarraren matxinada arrakastatsua [17][18].

Hain zuzen, azkeneko matxinada honen ondorioz, Erik Pomeraniakoak Suedia, Danimarka eta Batasuneko erregetzak utzi behar izan zituen 1439. urtean. Orduan, elizgizonek eta nobleziak osaturiko aristokraziak Kalmarreko Batasunaren kontrola eskuratu zuten; agintaritza eskuratzen lehena, matxinadaren buru izan zen Engelbrekt Engelbrektsson izan zen. Honi esker, garai ezegonkor honetan, suediarrak esnatzen eta gutxinaka, daniarrei lekua kentzen hasi ziren. Finlandian bestalde, botere goren bakarrak indarra galdu zuen eta gazteluetako eta lur-sail handietako jabeak lurraldeko nagusiak bilakatu ziren. Monarkia berrezartzeko zenbait saiakera izan ziren arren, hala nola, Karlos VIII.a Suediakoarena eta Vyborgen sostengu handia eduki zuen Kristobal Bavariakoarena, aristokraziak bere boterea eta eragina mantetzea lortu zuen erregeordearen irudiari esker.

Sture Zaharraren potreta; Suediako erregeordea izan zen hogeita hamar urtez.

Moskuko Dukerri Handiak Novgorodeko Errepublika 1478. urtean bereganatu zuenean, Kalmarreko Batasunaren ekialdeko muga ezegonkorra bihurtu zen. Herrialde berri boteretsu honek Ipar Karelia inguruan arazoak sortzen hasi zenean, mugak babesteko asmoz, Suediar Erresumak Savonian Olavinlinna izeneko gaztelua eraiki zuen. Aspaldiko Nöteborgeko bake-ituna hautsi zutelakoan, moskutarrek Suediar Erresuma eta Finlandia erasotu zuten; dena den, 1482. urtean sinatu zuten eta gutxi iraungo zuen bake-akordio batean bidez, eraso hauek amaitu egin ziren.

Borroka bizienak, aldiz, Kalmarreko Batasunaren baitan eman ziren; daniar Thott eta suediar Sture leinuen arteko borroka, hain zuzen, sutsua izan zen Finlandian. Bi erresumak gobernatzen zituzten leinuak ez ziren ados jartzen eta bakoitzak bere errege propioa proposatzen zuen Batasunerako. Daniarren eta suediarren arteko harremana gaiztotuz joan zen. Joan I.a Danimarkakoak eta Ivan III.a Errusiakoak bat egin eta Sture suediar familiaren aurka jo zuten. Suediar Erresumako leinu aristokratiko boteretsuena zen Sturetarrena eta moskutarrak 1495. urtean familiak Finlandian zituen lur-jabetzak erasotzen hasi ziren. Gainera, Vyborgeko gaztelua hiru hilabetez setiatu zuten eta Tavastiako gaztelua dagoen Tavastehus hiriraino sartu ziren. Sture leinua gobernutik bota eta daniarrek Batasunaren kontrola berreskuratu zutenean, 1497an, amaitu zen gerra.

XVI. mendearen hasieran, Danimarka eta Suediaren arteko auzien ondorioz, daniarrak Finlandiako itsasertza erasotzen hasi ziren. Suediarren boterea gutxitu nahian, Turkuko katedraleko altxorrak lapurtu eta merkataritza hiri oparoenak arpilatu zituzten. Danimarkako Kristian II.ak, azkenean, suediarren konspirazioetaz gogaituta, Suediar Erresuma guztiz konkistatzea erabaki zuen. 1521eko azaroaren 10ean Stockholm hiriburua hartu eta 80-90 lagun hil zituen; batik bat, Sture leinuaren jarraitzaileak, nobleak eta erlijiosoak. Stockholmeko sarraskiaren ondoren, Gustavo Vasa aristokratak suediar aldekoak batu (haien artean betidanik daniarren etsai izandako Hansako merkatari alemaniarrak) eta errege izendatu zuen bere burua. Ondorioz, 1521. urtean Suediar Erresumak Kalmarreko Batasuna hautsi eta erresuma beregaina bilakatu zen. Vasa leinuaren garai oparoa hasi zen [19].

Vasa leinua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Vasa leinua»

Vasa leinuak Suediako erregetza eskuratu zuenean hasi zen etorkizuneko Suediar Inperioa eratzen. Gustavo Vasak, alemaniarren eragin zuzenaren eskutik, erreforma ugari sartu zituen Erresuman; hala nola, banaketa administratibo berria (probintziak), erlijio eraberritua (protestantismoa) eta oinordetzako monarkia ezarri zituen. Banaketa administratibo berriari esker, gainera, zergak biltzeko sistema eraginkorragoa lortu zuen eta honela, diru-kutxa betetzen hasi zen. Gaur egungo Finlandia hiru probintzietan zatitua zegoen: Åland Svealanden zegoen, Ipar Finlandia Norrland probintzian eta gainontzeko eskualdeek, aldiz, Österland probintzia osatzen zuten. Aipatzekoa da "Helsingfors" izena eman zion Helsinki hiria Gustavo Vasak sortu zuela 1550. urtean; lehenbiziko bi mendeetan arrantza eta merkatal herri txikia izan zen arren, gutxinaka Finlandia osoko hiriburu bilakatuko zen [20].

Errege berriak bereak eta bi egin zituen protestantismoa Finlandian eta Erresuma osoan txertatzeko. Horretarako, Elizak Suediar Erresuman zuen boterea deuseztatzen saiatu zen; besteak beste, elizgizonen pribilejioak gutxitu, konfiantzazko gizonak gotzain izendatu eta guztira Erresumaren azaleraren %21a ziren Elizaren lur-sailak konfiskatu zituen. Finlandian izan zuen laguntzaile prestuena Mikael Agricola Turkuko gotzaina izan zen, 1551. urtean Itun Berria finlandierara itzuli zuena; hain zuzen, Abckiria edo ABC-liburua finlandieraz idatzitako edo finlandierara itzulitako lehen obra dugu [21].

1582. urteko Joan Vasa edo Joan III.a Suediakoaren erretratua; van Utherren lana.

Kalmarreko Batasuna hautsi zenetik, Moskuko Dukerri Handiaren eta Suediaren arteko harremana gaiztotzen hasi zen. Errusiar Tsarerria sortu zuen Ivan Izugarriak ez zuen Gustavo Vasa erregetzat onartzen eta mugako lurraldeak zabaltzeko 1555. urtean Finlandian sartzea erabaki zuen. Gerrak hiru urte iraun zuen, eta Novgorodeko bigarren itunaren bidez, mugak bere baitan uztea adostu zuten bi erregeek. Dena dela, bi herrialdeen arteko harremanak ez zuen onera egin eta hurrengo urtean Livonian bi herrialdeen arteko tentsioak eztanda egin zuen. Luze joko zuen Livoniar gerra hasi zen. Dena dela, Gustavo Vasa errege maitatua 1560. urtean hil zen eta bere seme Erik XIV.ak erregetza oinordetzan hartu zuen. Errege berriak Livoniar gerran sutsuki parte hartzea erabaki zuen eta Tallinn konkistatzea lortu zuen 1561. urtean. Herrialde guztien aurkako borroketan itsututa, bere anaia Finlandiako dukea zen Joan Vasa atxilotu zuen Katalina Jagellonika poloniarrarekin ezkontzeagatik. Anaia Turkuko gazteluan atxilotu zuen arren, finlandiar matxinada batek gaztelua sitiatu eta behera bota zuen. 1568. urtean, Joanek, bere anaia gaztea Karlosek eta nobleziak, Erik XIV.a erregetzatik bota eta lehenengoa Suediako errege izendatu zuten, Joan III.a Suediakoa [22].

Livoniar gerra, azkenean, Joan III.aren erregealdian amaitu zen, 1583. urtean. Tsarerriaren eta Ivan Izugarriaren aurkako aliantzak errusiarrak garaitu zituen eta Estonia Suediar Erresumako dukerri bilakatu zen. Erresumak, bitartean, iparralderantz zabaldu nahi zuen eta zergen jaitsiera eta bizi-maila hobea eskainiz, herritarrak lurralde hauetara bultzatu zituen. Askok, gehien bat savoniar eta tavastiarrek, iparraldera jo zuten eta samien eta kareliar ehiztari-nomaden lurraldeak hartu zituzten. Urte hauetan, kareliarren eta finn kolonoen arteko borroka ugari izan ziren, baina azkenean, bien etsai nagusiaren aurka borrokatzako batu ziren 1590ean. Hain zuzen, Errusiar Tsarerriarekin erlazioak ez zuen hobera egin eta Finlandia erasotzen hasi zen urte hartan; Errusiar-Suediar izenaz ezaguna den gerra hasi zen. Gerra honetan, Finlandiako pertsonaia historiko ospetsuenetako bat izan zen nagusi, Pekka Vesainen gerrillari kareliarra. Hau errusiarren amesgaizto beldurgarriena bilakatu zen eta hala nola, Petxengako monastegia suntsitu, bertako 50 fraideak erail, eta Kandalakxa eta Kem hiriak arpilatu zituen. Gerrillariak garaipen ugari lortu zituen arren, gerra Teusinako itunarekin amaitu zen eta Errusiar Tsarerriak Ingria lurraldea berreskuratu ahal izan zuen. Hala ere, Finlandia Suediar Erresumaren parte zela errusiarrei jakinarazteko, Joan III.a Suediakoak Finlandiako duke handi titulua sortu eta suediar erregetzaren titulu zerrendari gehitu zion.

Joan III.a oinordekorik utzi gabe hil zen 1592. urtean. Honekin, Vasa leinua, mugako erresumetan euskarria zuten beste hautagai batzuen aurkako ondorengotza gerra batean murgildu zen. Urte hauek gogorrak izan ziren finlandiarrentzat; zergak izugarri igotzen zituzten bando bakoitzeko buruzagiek, suediar eliteak finlandiar gazteak bahitzen zituen gudetan parte hartzeko eta berez biztanleentzat izan beharko luketen hornigaiak militarren eskura iristen ziren. Hau guztiagatik, 1596-97 urteen bitartean, matxinada ugari izan ziren inguru honetan; matxinada hauek odoltsuak izan ziren eta lorpenak, aldiz, urriak. Aipatzekoa da Finlandia mendebaldean izan zen Astamakilen matxinada. Borroka guzti hauen artean, Karlos IX.a Suediakoak, Joan III.aren anaia gazteak, boterea eskuratu zuen 1604. urtean [23].

Karlos IX.a Suediakoa errege berria odoltsua izan zen. 1608. urtean, Europako herrialdeen gidaliburua zen "Moisesen legea" aplikatu zuen Erresuman; biraogileak, lukurariak, azti-sorginak, ziurtagiri faltsudunak, lapurrak, hiltzaileak eta sexu joera ez-egokia zutenak heriotza-zigorrera bidali zituen. Bere erregealdiko zazpi urteak, gainera, borroketan igaro zituen Polonia-Lituania, Errusiar Tsarerria eta Danimarkaren aurka. Poloniaren aurka, ia hogeita hamar urtez bizirik iraun zuen gerra-kate bat hasi zuen; honen barruan, aipatzekoa da De la Gardie kanpaina basatia. Bestetik, 1610. urtean, Errusiar Tsarerriaren eta Suediar Erresumaren arteko Ingriar gerra hasi zen. Zazpi urte iraun zuen gerra Stolbovoko itunarekin amaitu zen eta Erresumak Estonia, Livonia eta Ingria lurraldeak, Kexholm eta Nöteborg gotorlekuak, eta 20.000 errubloko ordaina lortu zituen. Suediar Inperioaren eraketa hasi zen. Azkenik, Danimarkaren aurkako gerra, Kalmarreko gerra izenaz ezaguna, Karlos IX.a Suediakoak berak eragin zuen 1607. urtean bere burua "Nordlandeko laponiarren errege" izendatu zuenean. Erregeak Nordland eskualde norvegiarreko samiei zergak kobratzen hasi zenean, Danimarkak Suedia erasotzea erabaki zuen. Oraingo honetan Erresuma galtzailea izan zen arren, Karlos IX.a Suediakoa 1611. urtean hil zenean, bere semeak, Gustavo Adolfok Suediar Inperioari hasiera eman zion.

Suediar Inperioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Suediar Inperioa»

Bi milioi biztanle baino ez zituen herrialde honek, Europa osoko armada sendoenetakoa zuen eta Gustavo Adolfo erregearen eta Axel Oxenstierna kantzilerraren eskutik, Suediar Inperioa sortu zen 1611an. Izendapen ofizialarekin batera, aldaketak iritsi ziren politikara; hala nola, gainontzeko herrialdeekin harremanak hobetzen hasi ziren, Inperioa konderrietan banatu zuten (Turku eta Poriko, Nilania eta Tavastehusko, Viborg eta Nyslotteko, Ostrobotniako eta Kexhomgo konderrietan banatua izan zen), iparraldeko birkarleak garaitu eta Karleby eta Torneå bezalako hiri berriak eraiki zituzten. Honekin batera, 1623. urtean, erregeak Turkuko gazteluan ezarriko zuen Finlandiako dukerriko lehen gobernadore nagusia izendatu zuen, Nils Bielke.

Dena den, gerrak ez zituzten alde batera utzi eta 1618. urtean, Hogeita Hamar Urteko Gerrak eztanda egin zuen kontinente zaharrean. Hasiera batean, Suediar Inperioak parte ez hartzea erabaki zuen arren, Inperio Santuko iparraldeko herrialdeetan zuen interesak parte hartzera bultzatu zuen 1631. urtean. Gustavo Adolfo erregea gerraren erdi-erdian sartu eta 150.000 gizoneko armada bidali zuen protestanteen alde; haien artean, aipatzekoa da bataila asko irabazi zituen Hakkapeliitta izeneko zalduneria finlandiarra. Gustavo Adolfo erregeak ere batailetan parte hartzen zuen, eta honenbestez, 1632an Lützengo batailan zendu zen. Hala ere, gerra ez zen 1648. urtera arte bukatu. Orduan, Westfaliako ituna sinatu ondoren, Suediar Inperioa Europako superpotentzia nagusietako bat bihurtu zen, hala nola, Bremen-Verden, Mendebaldeko Pomerania eta Wismar lurraldeak eskuratu baitzituen.

Oraingo honetan, errege hilaren alabak, Kristina Suediakoak eskuratu zuen erregetza eta herrialdea gobernatzen zuen lehen emakumezko agintaria bihurtu zen. Kristinaren erregetza porrot ekonomikoak eta aristokraziaren gehiegikeriek markatu zuten arren, aipatzekoak dira Finlandian eginiko hobekuntzak. Hala nola, Turkuko Apelazio Auzitegia 1640. urtean eta Erret Akademia fundatu zituen; hain zuzen, Kristina unibertsitate bat fundatu zuen mundu osoko lehen emakumea izan zen. Gainera, bere erreginaldian, zehazki 1642an, Itun Berri osoa finlandierara itzulia izan zen. Honela, Turku edo Åbo hiria Finlandiako erdigune kultural eta politikoa bihurtu zen.

Inperioaren finkatzea lan zaila izan zen. Batez ere, Kristina eta Karlos Gustavo X.a errege-erreginen trakestasun eta Inperioa gobernatzeko gaitasun ezagatik. Kristinaren gestio ekonomikoa deskalabru bat izan zen eta Suedia ia porrotera eraman zuen. Aristokraziak Inperioaren boterea eskuratu zuen, zergak biltzen zituen nonahi eta askatasun osoz agintzen zuen bere lurraldetan. Gainera, armada erraldoi hura mantentzeko diru asko behar zenez, herritarrek ordaindu beharreko zergak urtez urte igo egiten ziren; Europako herrialde boteretsuenetakoa bihurtu zen arren, herritarrak geroz eta behartsuagoak ziren. Emakume bat herrialdea gobernatzeko ezgai zen usteak, suediarrak erreginaren aurkako zenbait hilketa saiakera egitera bultzatu zituen. Saiakera hauek eta bere bitxikeriek, azkenean, erregetzari uko egitera bultzatu zuten Kristina. Descartes filosofoaren eskutik, katolizismora aldatu eta Erromara joan zen ihesean. Ustez, emakumeak gustoko zituen erreginak seme-alabarik ez zuenez, Karlos Gustavo X.a lehengusuak eskuratu zuen erregetza. Honek, nobleziari askatasuna kentzea eta herritarren uste ona berreskuratzea lortu zuen. Murrizketa nabariena, Reduktion izenekoa izan zen eta nobleziari lur-ondasun asko kendu eta zergak igoarazi zizkion. Garai onak ez zuen asko iraun eta ekonomia arrakastak itsututa, Inperioa ezertarako balioko ez zuen Poloniaren aurkako gerra batean sartu zuen; Iparraldeko Bigarren Gerran hain zuzen. Sei urteko gobernualdiaren ondoren, erregea zendu zen eta bere semea adingabea zenez, Riksdag edo Suediako Parlamentuak kontrola berreskuratu zuen. Lehentasuna, Inperioaren etsaiak murriztea zen eta horretarako, Olivako bakea sinatu zuten; honekin, Suediak Eskandinaviako Eskania, Halland, Blekinge, Bohuslän eta Ven lurraldeak eskuratu zituen.

Karlos XI.a Suediakoaren erregealdiaren hasieran, bake garai luze bat izan zen herrialdean, armada Herbehere inguruan baitzebilen. Hala ere, Karlos XI.a gobernatzeko gazteegia zenez, borroka Gyllenstienna eta De la Gardie aristokrata boteretsuen artekoa izan zen. Bakoitzaren interesak itsututa, Suediar Inperioa alde batera gelditu zen eta, gutxinaka, Europan zabalduta zuen prestijioa galtzen hasi zen. 1675. urtean Inperioaren gainbehera hasi zen. Gainbehera honen aurrean, Inperioaren betiko etsaiak, Danimarka-Norvegiak, Inperio Santuak eta Brandenburgeko Margraverriak, Eskaniar gerra piztu zuten. Frantziako Erresumak eta Suediar Inperioak gerran batera egin zuten arren, Karlos XI.aren eta Luis XIV.aren arteko erlazioa gaiztotu egin zen bake-itunean; honen ondorioz, Inperioa aliatu gabeko herrialde babesgabe bat bihurtu zen Europan. Karlos XI.ak politika egiteko modua zeharo aldatu eta suediar gobernua, monarkia absolutuan bihurtu zuen nobleziaren borrokak gelditzeko asmoz. Suediar Inperioak boterea mantenduko bazuen, aldaketa ekonomiko eta gizarte-mailakoak egin behar zituela pentsatu zuen. Suediar Erret Itsas Armada birmoldatu egin zuen eta diru gutxi zegoen arren, Inperioa babesteko armada sendoa utzi zuen hiltzerakoan. Dena den, Inperioak, armada gerra luze batean mantentzeko ezgai izaten jarraitzen zuen.

Finlandiarren egoerak aldiz, ez zuen onera egiten. Inperioaren etengabeko gudak ordaintzeaz gain, mende bukaeran, gose asko ekarri zuen klima aldaketa bortitz bat eman zen munduan, Izotz Aro Txikia izenaz ezaguna dena; adituen arabera, Finlandiako biztanleriaren herena hil egin zen hotzaren eta gosetearen ondorioz. Horrenbestez, sakabanaturik bizi zen biztanleria, bizi-nukleotan bizitzera igaro zen eta herri berri asko sortu ziren bertan. 1676. urtean bestalde, Suediako sorgin-ehiza bortitzenak izan ziren; eliza luteranoa oso zorrotza zen Inperio guztian eta sinesgabeak gogor zigortzen zituen. Nobleziak gainera, herritar asko erretzeko agindua ematen zuen akusazio faltsuen bidez. Egoera honetan, finlandiar asko Inperioak Mundu Berrian zuen koloniara, Suedia Berrira joan zen.

1700. urtean Iparraldeko Gerra Handia hasi zen. Inperioaren etsai guztiak batu ziren herrialdeari azken erasoa egiteko; hala nola, Errusiar Tsarerria, Saxoniako Dukerria, Danimarka eta Norvegiako Erresuma eta Polonia-Lituania batu ziren Suediaren aurka. Danimarkak mendebaldetik erasotzen zuen bitartean, Petri Handia tsarrak ekialdetik sartzea erabaki zuen. Errusiar Tsarerriak Finlandia okupatzea lortu zuen eta Amorrurik handiena (finlandieraz, Isoviha) izenaz ezaguna den okupazioa 1714tik 1721era arte iraun zuen, Nystadeko bakea sinatu zenera arte. Errusiarrek finlandiar soldaduak garaitu zituzten Pälkäneko, Storkyroko eta Ganguteko guduetan eta garai beltza izan zen Finlandiarentzat. Ehunka pertsona hil zituzten, beste asko Errusiara bidali zituzten, lur eta herriak suntsitu zituzten, eta agintariek eta apaizeriak Suediara alde egin zuten. Karlos XII.a borroketan hil zen eta erregina bihurtu zen arreba Ulrika Leonorrek amore eman eta Inperioaren lurralde gehienak eman behar izan zituen. Errusiar Tsarerriak, Estonia, Livonia, Petri Handiak San Petersburgo hiriburua 1703an fundatu zuen Ingria, Viborg eta Nyslotteko konderriaren zati handi bat eta Kexholmgo konderria eskuratu zituen. Bestalde, Danimarka eta Norvegiako Erresumak Schleswig-Holstein lurraldea, Hannoverrek Bremen-Verden, eta Prusiako Erresumak Mendebaldeko Pomerania eskuratu zituzten. Suediar Inperioaren desegitearekin batera, inperio berri bat sortu zen Europan, Errusiar Inperio erraldoia.

Askatasunaren eta Absolutismoaren garaiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Inperioaren gainbeheraren ondoren, Argien mendea iritsi zen kontinente zaharrera eta Federiko eta Ulrika Leonor Suediakoak zientzia garatu eta ekonomia eta gizartea egonkortzea helburu zuten aldaketak bultzatu zituzten. Errege-erreginaren irudia askatasunaren bidez sendotzea erabaki zuten eta Erresumaren botere guztia Riksdag edo Suediar Parlamentuaren esku uztea erabaki zuten; horrela, Suedia errege-erreginek botere gutxien zuten Europako monarkia bihurtu zen, baina aldi berean, erreginak erregetzari eusteko behar zuen euskarri soziala lortu zuen Hedvig Sofia ahizpa nagusiaren Karlos Federiko semearen kaltetan. Riksdaga lau ganberek osatzen zuten: nobleziaren, kleroaren, burgesiaren eta herri xehearen ganberek. Lege edo erabaki bat aurrera ateratzeko, gutxienez, lau ganberatatik hiruren onarpena behar zen eta ondorioz, leinuen arteko botere-nahien ordez, hurrengo urteetan herrialdearen norabidea oztopatuko zutenak gizarte-mailen arteko borrokak izango ziren. Entzute handia izango zuen garaian sortu zen Kapeluen alderdiak; alderdi hau Carl Gyllenborg eta Carl Gustaf Tessin konteek sortu zuten eta hauen helburu nagusia Erresumak Iparraldeko Gerra Handian galdutako lurraldeak berreskuratzea izan zen. Alderdi honek parlamentuan botere osoa eskuratu zuenean, Errusiar Inperioarekin arazoak iritsi ziren berriz ere; 1741an bi urtez iraun zuen Kapeluen Gerra hasi zen eta Errusiak, Finlandian enegarren aldiz sartu ondoren, Lappeenranta, Hamina eta Savonlinna hiriak eskuratu zituen Åboko itunaren bidez. Dena den, errusiarren sartu-irten hau bestelakoa izan zen, lehenbizikoz, Elisabet tsarrak Finlandia menperatzeko nahia erakutsi baitzuen. Ulrika Leonor erregina umegabea hil zenean, aldiz, Elisabet tsarrak bere hedatze asmoak alde batera utzi eta politika bakezaleagoa egin behar izan zuen Suediako errege izango zen Adolfo Federiko lehengusuak boterea lortzeko.

Anders Chydenius Argien mendeko filosofo eta parlamentari ostrobotniarra.

Hain zuzen ere, Ulrika Leonor Suediakoa 1751. urtean hil egin zenean, ondorengotza krisia iritsi zen berriro Erresumara. Dena den, Adolfo Federiko erregegaiak noblezia eta Kapeluen alderdiaren aurkakoak bat eginez eta Errusiar Inperioari politika bakezalea hitz emanez, erregetzara heldu zen arazo handirik gabe. Arazoak Adolfo Federikoren ezkontideak sortuko zituen, alegia, Luisa Ulrika erreginak. Ezkontideak, hainbat aristokratekin batera, monarkia sendotzeko iraultza bat bultzatu zuen 1756ean, baina matxinada bertan behera gelditu zen eta Luisa Ulrikak Parlamentuaren agintea onartu behar izan zuen. Erresumak, bestalde, Zazpi Urteko Gerran parte hartzea erabaki zuen; parte hartze hau Pomeraniara baino ez zen mugatu, eta bertan Prusiako Erresumaren aurka borrokatu behar izan zuten Pomeraniako Gerra izenaz ezaguna den gudan. Bost urtez luzatuko zen gerra honek Erresuma pobretu egin zuen eta gainera, Prusiak Itsaso Baltikoan zuen boterea bermatzea lortu zuen. Izan ere, Elisabet Errusiakoak suediarrekin zuen aliantza tsarra hil zenean bukatu zen 1762an eta Erresumak porrot entzutetsurik nahi ez zuenez, bake-akordio bat sinatu behar izan zuen prusiarrekin; dena dela, Baltikoaren bestaldean zituen menpeko lurraldeak mantentzea lortu zuen.

Mendearen bigarren erdi honetan, ontzigintza industria garatu zen Finlandian. Industria honek diru asko ekarri zuen Erresumaren alde honetara eta lurraldea esnatzen hasi zen. Turkuko Akademiak garai honetan Erresuman eragina izango zuten pentsalariak eskolatu zituen, hala nola, adierazpen-askatasuna eskuratzea lortu zuen Anders Chydenius, finn kultura eta batez ere historia ikertu zituen Henrik Gabriel Porthan, Daniel Juslenius eta Cristfried Ganander erudituak. Hauen eskutik, probintzia desberdinetan banaturik zeuden finnak, etnikoki Botniako golkoaren bestaldean zeuden suediarren desberdinak zirela ohartzen hasi ziren. Horrela, finn nazionalismoa eratzen hasi zen Turkuko Akademian ikasten eta irakasten zuten erudituen artean. Gainera, San Petersburgo Inperioaren hiriburuaren eragina nagusi zen herrialdearen ekialdean eta bizi-baldintza hobeek finlandiarren kopurua bikoiztu zuten 50 urtetan (1750eko 428.000tik 1810eko 863.000ra).

1771. urtean Adolfo Federiko erregea hil egin zen eta bere semeak, Gustavo III.a Suediakoak boterea lortu zuen. Honek, Luisa Ulrika amaren poztasunerako, Suedian nagusitzen ari zen askatasuna alde batera utzi eta Inperioaren garaiko absolutismoa berrezarri zuen. Voltaireren miresle zen honek nobleziaren boterea gutxitu eta Parlamentuarena ia deuseztatu zuen; eta gaur egun bizirik dirauten artearen inguruko elkarte, eraikin eta erakunde sortu zituen. Herri xeheak Gustavo III.a errege absolutista maite zuen, baina ez zen sentimendu bera izan amarekin. Luisa Ulrikak, Suedian gorrotatua zen arren, itzalpean agintzea zuen helburu; bere semeak erregetza lortu zuenean, aldiz, jauregi batera aldendu zuen eta buruhauste handiak emango zizkion etsaia irabazi zuen. Hain zuzen ere, ama izan zen suediar gortean zebilen zurrumurrua zabaldu zuena, alegia, erregearen seme zaharrena, Gustavo Adolfo, Sofia Magdalena Danimarkakoaren Adolfo Federiko Munck konte finlandiarraren semea zela.

During the period 1788-1790 between Sweden and Russia were Gustav III started the so-called Gustav III's war in the war. Sweden was also up against Denmark. Opposition to war among other things, Anjala officers formed a union. Ruotsinsalmi victory in spite of Sweden has been at peace Varala additional areas. The Association of 1789 and registered securities increased power of the king. Bitterness of the war the nobility to the king rose, and this eventually led to the murder of the king in 1792. [11] [1] [2]

King Gustav III was assassinated in 1792, and his son Gustav IV Adolf assumed the crown after a period of regency. The new king was not a particularly talented ruler; at least not talented enough to steer his kingdom through the dangerous era of the French Revolution and Napoleonic wars.

.
Alexandro I.a enperadorean erretratua.

Finlandiako Gerra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Finlandiako Gerra»

Iparraldeko Gerra Handiak iraun zuen bitartean, Finlandiako hego-ekialdea, Errusiarren esku gelditu zen, Viipuri herria berriro menperatuz. Gerra honengatik, Suedia, Europako potentzia garrantzitsu izateari utzi zion, eta Errusia bilakatu zen iparraldeko potentzia nagusia. Suediako egoera politiko nahasian, iraultza baten bitartez, monarkia absolutua desegin eta parlamentu demokratikoa ezarria zen.

Finlandiako biztanleak, bitartean, bitan zatituta jarraitzen zuten: Errusiarekin bake-akordioa mantentzearen aldekoak, eta mendekua nahi zutenak.

Mende hasieran Finlandiako biztanleria, ez zen milioi erdira ere iristen, baina mende bukaeran, biztanleriak, %90ko hazkuntza eduki zuen. Parlamentuak gainera, ongizatea eta aukerak eman zizkien finlandiarrei.

Finlandiako gizartean 4 talde desberdintzen ziren: Jauntxoak (zergarik ordaintzen ez zutenak), eliz-gizonak, nobleak eta, azkenik, burgesak. Biztanleriaren erdia, ez zen hauetako taldeetan sartzen, eta nahiz eta parlamentuan errepresentaziorik ez izan, gustora bizi ziren beste gizarte-taldekoek haietaz arduratzen baitziren.

Mende hau, erlatiboki lasaia izan zen. Hala ere, Suediak, Finlandiako eskualde galduak berreskuratzeko gurutzada bat antolatu zuen eta Errusia berriro Finlandian sartzea ahalbidetu zuen. 2 urte buruan, errusiarrek, Finlandia utzi zuten eta Suediak menperatu zuen berriro.

Iraultza lehenagoko Frantziak eta Errusiar inperioak, suediarren konpromiso eta laguntza ziurtatu nahi izan zuten urte horietan, eta erresuma bilakatu zuten Suedia berriro. Hala ere, horrek ez zuen bakea ziurtatu Errusiarekin eta 1788. urtean, bien arteko gerrak hasi ziren berriro ere. Gerrak Finlandiako ekonomia arriskuan jartzeko balio izan zuen bakarrik. Suediar konstituzio berria sinatu ostean, suediarren artean tira-birak sortu ziren. Tirano baten lana zela ziotenez, hainbat altxamendu egon ziren. Finlandiar batzuk momentu hori erabili zuten Errusiar inperioaren laguntzarekin Finlandiar erresuma independiente bat eratzeko.

Gudak bukatu ostean, garapen garaia iritsi zen Finlandiara, izan ere nekazariak erreakzioinatzen hasiak ziren eta hain boterea handiagotu eta argiagoak eta konszienteagoak bihurtu ziren, burgesen kalterako.

Goi-mailako klasekoak eta jakitunak, suediarrak ez zirenak, Finlandia independiente baten ideia garatzen hasi ziren. Tentsio politikoen ondorioz, finlandiar guztiak, independientzia lortzeko, Errusia inperialistarekin aliatzea ezinbestekoa izango zela ulertu zuten. Finlandia hegoaldean gainera, San Petersburgo, Errusia inperialeko hiriburua, ondoan izanda, bere gizarte garatua begiratu eta Suedia atzerakoitik irteteko irrika sorrarazten zien. Finlandiar nazionalismo sentimendua piztu zen.

1792. urtean, Suediako erregea eraila izan zenean, oraindik erregetzarako prestatua ez zegoen semeak hartu zuen erregetza. Suediaren botere urria kontuan hartu gabe, Frantziako Iraultza eta Napoleonen gudetan bete-betean sartu zen, Suediaren botere apurra ezabatuz.

Finlandiako Dukerri Handia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Finlandiako Dukerri Handia»

Suedia eta Errusiaren arteko Finlandiako Gerran, biak, Finlandiaren kontrola lortzeko borrokatu ziren. Errusia inperialista, Europako potentzia nagusienetakoa zenez, erraz gailendu zitzaion Suediari eta akordioa baten bitartez, Finlandia, Errusiaren esku gelditu zen, 1809. urtean. Finlandiak, Errusiak ostu zizkion lurraldeak berreskuratu zituen eta hauek, begirunea erakutsiz, dukerri bat sortu zuen Errusiaren barnean.

Finlandia, bere autonomia osoaren jabe izan zen eta suediarrekin ez zuten askatasunaz gozatu zuten. Errusiarekin batera XIX. mendean industrializazioa iritsi zen dukerrira eta basogintzako industria pisu hartzen hasi zen, Finlandiako basoei esker.

.

Finlandiar nazionalismoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Finlandiera, batez ere errusiarrak menperatu osteko nazionalismo sentimendu sakon batek berreskuratu zuen. Suediarren menpe egondako mendeetan suediera, alemana eta latinaren atzetik egon behar izan baitzuen. Errusiak anexionatzerakoan, Finlandian bizi ziren Suediar gehienak, ihes egin zuten bere herrialdera, eta honela ia ahaztua zegoen Finn herriaren leialtasuna, irabazi zuten errusiarrek.

1835. urtean, finlandierazko poema epiko nazionala idatzia izan zen, Kalevala. Ohitura zahar eta leienden poema epikoa zen, finlandierak hurrengo urteetan izango zuen garrantzia iragartzen zuena. Suedieraz hitz egiten zuten biztanleak finlandierara ohitu eta hau erabiltzen hasi ziren Finlandiaren baterakuntza ikusiz. Azkenik 1892. urtean, finlandierak suedieraren garrantzi bera edukitzera pasa zen. Gaur egun, biztanleriaren %95,6ak hitz egiten du finlandieraz, eta suedieraz hitz egiten dutenak, gutxiengo dira. Beraien hizkuntza ama ia galduaren berreskuraketa izan da Finlandiar nazionalismoaren garaipen garrantzitsuena.

Errusiar Iraultzaren ondorioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1906. urtean, 1905eko Errusiar Iraultzaren ondorio bezala, finlandiak munduko lehenengo sufragio unibertsala aplikatu zuen parlamentua berriaren lehenengo aukeraketan, eta emakumeak eta nekazariak lehenengo aldiz bozkatu ahal izan zuten.

Independentzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Finlandiako Gerra Zibila»
Armada Zuriko 13 urteko soldadua.

Errusiak bere iraultzaren kontrola bermatzeko, eskubideak kendu zizkieten finlandiarrei, askatasun osoz bizi izan zirenak. Jazarpenak egon ziren, baina jazarpen guztien gainetik, independentzia nahiak irabazi zuen. Ondorioz, parlamentua desegin egin zuen Errusiako gobernuak eta berauen legeak ezarri zituen Finlandian. Burges dirudunak, errusiarrekin bat egitea gomendatu zuten, eta hauteskunde berrietan Errusiar legea onartua izan zen, aurkeztu ahal izan zuten alderdi bakarra izan zirelako.

Urriko iraultzan, Boltxebikeak nagusitu ondoren, finlandiar sozialistak hauen ideien alde egin zuten. Bitartean burgesak, Finlandiaren independentzia aldarrikatu zuten 1917ko abenduaren 6an. Finlandia Sobietarren eraginpetik aldentzea nahi zuten, baina horretarako, boltxebikeek ezarritako legea erabili zuten, sezesio eskubidea. Momentu hartan, Finlandiako sozialistek 1914. urtean hasitako gerra zibila krudeldu egin zen. Alde batean, armada zuria zegoen (burgesak) eta bestetik, armada gorria, sozialistak. I. Mundu Gerraren bataila bat bilakatu zen Finlandia. Alemania inperialak eta Suediak, zurien alde egin zuten eta Sobietarrek aldiz, gorrien alde. 1918ko maiatzaren 14ean bukatu zen gerra eta zuriek irabazi zuten, Alemaniaren laguntza izugarriagatik batez ere (soldaduen erdia baino gehiago alemaniarrak baitziren). Behin-behineko independentzia urtarrilaren 3an ezarri zen.

Zorionez I. Mundu Gerra, Alemaniak galdu zuen, eta estatu satelite bat izateaz salbatu zen Finlandia. Gainera, gerra zibila gorriek irabazi izan balute, SESBen parte izango lirateke finlandiarrak. Honela, hasieratik nahi izan zutena gertatuko zen, independentzia. Brest-Litovsk ituna sinatu ondoren, Finlandia, eskubide osoko herrialdea bihurtu zen azkenik, eta hau berreskuratzeko edozein trikimailu egiteari muzin egin behar izan zion SESBk itunean.

Munduko bi gerren arteko tartea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errepublika berriak, Åland Uharteen gatazkari egin behar izan zion lehenik. Hauek, Suediaren barne egon nahi zuten. Bere kultura, suediarrenaren antzekoa zelako (hizkuntza, ohiturak...). Finlandiak, autonomia estatutu bat eskaini zien uharteei, eta hauek onartu egin zuten. Honenbestez, uharteen erabakiak Finlandiaren esku gelditzen ziren, baina bertan inolako kontrolik ezarri gabe.

SESBekiko harremanak hobetzen hasi ziren, eta hainbat lur irabazi zituen bake-tratuen arabera.

I. Mundu Gerratik zirauen nazionalismo sentimenduak, faxismo mugimendu bat ekarri zuen Finlandiara, Lapua Mugimendua, 1929. urtean sortua. Hala ere mugimenduak akats asko zituenez, 3 urte ondoren deseginda gelditu zen. Mugimendu horrek, arazoak ekarri zituen SESBekin, eta Ladoga lakua eta Finlandiako Golkoko merkataritza-bideak gutxinaka isten hasi ziren hauek, 1937. urte arte, SESBek bidea guztiz itxi zienean.

Finlandia II. Mundu Gerran[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Finlandia Bigarren Mundu Gerran»

Finlandiak hiru guda desberdinetan parte hartu zuen II. Mundu Gerran, bi SESBen aurka eta bakarra Alemania naziaren aurka.

Lehenengo guda, Neguko Gerra izan zen, 1939-1940 urte bitartean. Finlandiak, Karelia eskualdea galdu zuen SESBen aurka gerran. Bigarrengo gerra, Jarraipenaren Gerra, SESBen aurka baita ere, 3 urte iraun zituen (1941-1944), Alemania naziaren laguntza izugarria jasoz. Finlandiak hainbat lurralde irabazi eta Petsamo lurraldea galdu zuen, Finlandiak Ozeano Artikoan zuen itsasozko irteera bakarra. Azkenengo gerra, nazien aurkako Laponiako Gerra, (1944-1945), independentzia berreskuratzeko gerra izan zen. Alemaniarrak, Finlandia, Norvegiarekin egin zuten bezala, estatu satelite bihurtu nahi izan zuten, baina finlandiarrek gogor babestu eta naziak Norvegian gelditzera behartu zituzten.

Gerra bukatzerakoan, ehundaka hildakoz, pobreziaz eta herrialdeko suntsiketaz aparte, Finlandia oso gogor izan zen zigortua, eta bere bigarren hiri garrantzitsuena, Viipuri, SESBen esku gelditu zen, beste hainbat eskualde bezalaxe.

Finlandiak, gertutik ikusten zituen SESBen egiten ziren jazarpenak, eta beraien eskutan erortzearen beldur zirenez, hauen aurkako defentsa bat osatu zuten, Alemania naziaren laguntzaz. Esan daiteke, Finlandiak, zuzenki ez zuela II. Mundu Gerran parte hartu, nahiz eta Alemania naziaren helburu bakarra, SESB menperatzea zen, Finlandiaren helburua defentsiboa baino ez zen. Alemania, Finlandiaren boterea eskuratzen ari zela ikusi zuenean, hauek bota egin zituen bitan pentsatu gabe. Hala ere, Alemania naziak gerra galdu ostean, herrialde aliatuek, ez zuten begi honez ikusi Finlandiaren jarrera eta hauen aurkako zigorrak, beste herrialde batzuetan baina gogorragoak izan ziren. Finlandiako 3 gerra nagusi hauetan, 80.000 ume erbesteratuak izan ziren. %5a Norvegiara joan zen, %10 Danimarkara eta gainontzekoak Suediara ihes egin zuten bere gurasorik gabe. Gehienak, bere jaioterrira itzuli ziren, baina %18a erbesteratuak izan ziren herrialdeetan gelditu ziren, gurasoak hil ostean.

Ordudanik, Finlandiak, jarrera hotza hartuko zuen beste herrialdeekiko harremanetan, herrialde aliatuen zigorra, hauek nahi baino hobe ikasiz.

Gerra ondorengo urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

II. Mundu Gerran jasotako ikasgaiari jarraituz, Gerra Hotzean ez zen inoren alde jarri, eta bere burua neutraltzat jarri zuen. Bi ardatzekin kooperatzen hasi zen, baina, SESB, guztiz kontent ez zegoenez, Finlandiak, lurralde batzuk trukean eskaini behar izan zituen bakea bermatzeko.

Urte gogorrak izan ziren Finlandiarentzat. Pobreziak jo zuen herria, eta Suediak, Norvegiak eta SESBk, bere mugak ireki behar izan zizkien finlandiarrei. Hainbat eta hainbat finlandiar herrialde haietara jo zuten lan bila. Urteak joan ondoren, eta inmigrazio horri esker, Finlandiaren ekonomia hobetu eta iparraldeko herrialdeen ekonomien susperketa hasi zuen.

Nahiz eta Norvegia, Danimarka, Suedia eta Islandiarekin pasaporte gabeko muga izan, ezin izan zuen Ipar-Kontseiluan sartu 1955. urte arte. Izan ere, SESBekin itzartutako akordioen arabera, mendebalde oso kapitalistarekin bat hartuko zuelakoaren beldur, debekatua zuten bertan sartzea. Gainera, Norvegia eta Suedia, NATOko partaide ziren, eta ondorioz, SESB gaitzetsi egiten zuen Ipar-Kontseilua. Hala ere urte horretan, 1955an, Finlandiaren neutraltasuna agerian gelditu zen, eta kontseiluan sartzen utzi eta Porkkala penintsula itzuli zion SESBk.

Finlandia 1961. urtean, EMAEn sartu zen, eta legezko partaidea bihurtzea lortu zuen 1986. urtean, komunisten baimenarekin.

Gerra osteko urteetan, Finlandiak, ekonomikoki, izugarrizko hazkuntza izan zuen, eta egonkortasuna lortu zuen politikoki eta sozialki. Gerra osteko herrialde pobre bat izateari utzi, eta 40 urtetan, teknologikoki munduko estatu garatu eta jakintsuena bihurtu zen, merkatuko izugarrizko botere ekonomikoarekin eta eguneroko bizitza maila altuarekin. Argi dago, neutraltasunak, on egin ziola Finlandiari, herrialde garatua eta konszietziaduna bihurtzeko gudan.

Historia Garaikidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Border changes in Finland.gif

1990 urte hasieran, ekonomia finlandiarrak, hondoa jo zuen. Hainbat faktorek eragin zuten ekonomiaren gainbehera, baina garrantzitsuenetarikoa, SESB desegitea izan zen. Ondorioak, langabeek jasan zuten gehien bat, eta hauen kopurua %17ra iritsi zen. Hala ere, 90eko hamarkada erdialdean, ekonomia suspertu egin zen, batez ere, Nokia telekomunikazioko konpainiaren arrakastengatik. 1992. urteko martxoan, Finlandia, EBn sartzeko tramiteak egiten hasi zen, eta azkenik, 1995. urtean, bertan sartzea lortu zuen Austria eta Suediarekin batera.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Kristiinankaupungin Susiluola 2010.08.10
  2. Susiluola Neandertalinihminen 2011.09.05
  3. Mammutit Luomus. 2010.08.10
  4. Suomen esihistorian esineistö Helsingin yliopisto ja Museovirasto. 2011.09.05
  5. mikroliitti.fi/aikakaa Kundan kulttuuri. 2011.08.10
  6. mikroliitti.fi/aikakaa 2011.08.10
  7. Suomusjärven kulttuuri 2011.09.05
  8. csc.fi/sivut Mesoliittinen kausi. 2011.08.09
  9. Suomen arkeologia 2011.08.11
  10. Kastellin jätinkirkko Raahe. 2011.08.10
  11. Sammallahdenmäki Lappi. 2011.08.11
  12. Leväluhdan muinaisjäännökset Rautakausi. 2011.08.11
  13. Viikingit 2011.08.11
  14. Pyhän Eerikin legenda IX. 2011.08.11
  15. Turun arkkihiippakunta Historia. 2011.08.13
  16. Kalmarin unioni Historia ja autonomia. 2011.08.11
  17. Kimmo Katajala: Suomalainen kapina. s. 136.
  18. Heikki Ylikangas: Nuijasota s. 174.
  19. Tukholman verilöyly Vaasa. 2011.08.13
  20. Gunilla Petersén 2011.08.13
  21. Mikael Agricola 2011.08.13
  22. Karamzin N.M. "The History of Russia", volume VIII
  23. Kimmo Katajala 2011.08.13

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Finlandiako historia Aldatu lotura Wikidatan
Portal.svg
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Finlandia
Portal.svg
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Historia