Fisio nuklear

Wikipedia, Entziklopedia askea
Uranio-235 atomo baten fisio nuklearra. Uranio-235 atomoaren nukleoak neutroi geldo bat xurgatzen du; nukleoa orduan zatitu egiten da, arinagoak eta azkarragoak diren elementuak eta hiru neutroi aske sortuz.

Fisika nuklearrean eta kimika nuklearrean, fisio nuklearra atomo baten nukleoa zati txikiagotan zatitzen duen erreakzio nuklearra da. Zatiketaren ondorioz, sarritan neutroi askeak eta nukleo atomiko arinagoak sortzen dira, eta azken hauek fotoiak sor ditzakete gamma izpi eran. Elementu astunen fisioa erreakzio exotermikoa denez, energia-kantitate handiak aska daitezke bai erradiazio elektromagnetiko gisa bai pusken energia zinetiko gisa (fisioa gertatu den edukiontziaren materia berotuz). Fisioak energia ekoitz dezan, sortutako elementuen lotura-energiak abioko elementuarenak baino handiagoa izan behar du. Fisioa transmutazio nuklearraren forma bat da, prozesuaren ondorioz sortutako elementuak eta jatorrizko atomoaren elementu kimikoa ez baitira berdinak.

Fisio nuklearraren bi erabilera nagusiak energia nuklearra edo arma nuklearrak sortzea da. Bi erabilera hauetarako ezinbestekoa da hainbat substantziek (erregai nuklear deiturikoek) neutroi askeen kolpea jasaten dutenean hautsi eta neutroi gehiago ekoitz ditzaten. Honi esker, berez manten daitekeen kate-erreakzio bat sortzen da, eta energia modu kontrolatuan askatzen da (erreaktore nuklearren kasuan) edo kontrolik gabe (arma nuklearretan).

Erregai nuklearrak duen energia-kopurua gasolinak daukan energia baino milioika aldiz handiagoa da, eta horregatik fisio nuklearra energia lortzeko iturri tentagarria da; hala ere, fisio nuklearraren produktuak erradioaktiboak dira eta denbora luzez irauten dute, hondakin erradioaktiboen arazoa sortuz.

Gaur egun existitzen diren zentral nuklear gehienetan energia fisioaren bidez lortzen da eta hau aurrera eraman ahal izateko uranioa behar da. Prozesu honetan uranioaren isotopoak erabiltzen dira eta hauek fisioa jasaten dute erreaktoreetan.

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Fisio nuklear Aldatu lotura Wikidatan