Foehn efektu
Foehn edo Föhn haizea mendi bat zeharkatu eta mendi-hegala jaistean berotu eta lehortu den haizea da[1]. Haizealdean ur lurruna hoztu, kondentsazio edo alderantzizko sublimazioa sortu eta maldetan hodeiak eta euri orografikoak sortzen dira. Malda bien artean alde klimatiko gogorra gertatzen da, haizealdean euriak eta haizebehean oskarbi izanik. Haizebehean jadanik lehortuta dagoen airea jaisten da eta honek presio atmosferikoa eta tenperatura handitzen ditu, haize "lehorgarri" eta oso beroa sortuz[2].
Kantauriar mendikatean, Euskal Herriko arkuko mendietan eta Pirinioetan ohikoa da efektu hau. Hegoaldeko haize honek hotzeriak, buruko minak eta beheraldiak sortzeko fama du[3]. Ez Euskal Herrian bakarrik, non "hego haizea, ero haizea" dio esaera zaharrak, baita hegoaldeko Alemanian ere. Heinrich Hoffmannek "Hitler wie ich ihn sah" ("Hitler nere laguna zen") bere liburuan 1931ko irailaren 18an hauteskundetan zeudela bera eta Adolf Hitlerrek Municheko bere apartamentua utzi zutenean Hitlerrek txarto zegoela esan eta Hoffmannek austriar Föhn haizearen eragina zela erantzun ziola zioen.
Ebroko haranean, mendilerroz inguraturik dagoena, mendi tontorretan dagoen masa-aire hezea jaitsi eta erriberan lehortu eta berotzen da. Horrela Monegroetan, Bardeetan edo Calanda inguruan landarerik gabeko basamortuak sortzen dira. Ziertzoa jotzen duenean, Foehn efektua ere sortzen da. Haizeak hego-ekialderantz jotzen du, ibaiaren norabidean eta topatzen dituen hodeiek euria bota ez ditzatela bultzatzen du.
Izena[aldatu]
Haize katabatiko honen izena Alpetan sortu zen. Alemanerazko Föhn (ˈføːn) latinezko (ventus) favonius hitzetik dator, mendebaldeko haize lehorra Favonius izakiak pertsonifikatua[4].
Munduan zehar honako izenak ditu:
- Alpenföhn Alpeetan.
- Föhn Italia eta Frantzian.
- Favonio italiar Suitzan eta Italian.
- Chinook Estatu Batuetako Mendi Harritsuetan.
- Zonda Argentinan.
- Puelche Andeetan.
- Ljuka Karintian.
- Halny wiatr eta Vântul Mare Karpatoetan.
- Austru Errumanian.
- Favogn Suitzan.
- Halny wiatr Polonian.
- Surada Kantauriar mendilerroan.
- Airín de les castañes Asturiasen.
- L'abregu Kantabrian.
- Poniente Valentzia eta Murtzian.
- Terral Málagan.
- Fogony Lleidan.
- Ziertzo Ebroko haranean.
- Vientos Santana Kalifornia Beherean.
- Lyvas Atenasen.
- Nor'west arch Zeelanda Berrian.
- Bergwind Hegoafrikan.
- Helm wind Peninoetan.
- Hnúkaþeyr Islandian.
Erreferentziak[aldatu]
- ↑ Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa
- ↑ McKnight, TL; Hess, Darrel (2000), «Foehn/Chinoonk Winds», Physical Geography: A Landscape Appreciation (Upper Saddle River, New Jersey: Prentice Hall): 132, ISBN 0130202630
- ↑ Giannini, A.J; Malone, D.A.; Piotrowski, T.A. (1986), «The serotonin irritation syndrome-A new clinical entity», Journal of Clinical Psychiatry (47): 22-25
- ↑ Concise Oxford Dictionary, 10. edizioa, Oxford University Press: föhn