Fontainebleauko Eskola

Wikipedia, Entziklopedia askea
Fontainebleauko eskola» orritik birbideratua)
Fontainebleauko gazteluko dantza aretoko freskoa.

Fontainebleauko Eskola[1] Fontainebleauko gazteluan 1526an kokatu zen arte-eskolari ematen zaion izena da. Frantzisko I.ak deiturik, Italiako zenbait artista (Rosso Fiorentino, Francesco Primaticcio eta Nicolò dell'Abbate) izan ziren eskolako zuzendari, eta eragin handia izan zuen Frantziako hainbat margolarirengan (Jean Cousin, François Clouet, Antoine Caron eta beste batzuk). Estilo hori apainketa handietan erabili zen (freskoa eta igeltsoa), tapizgintzan eta gainerako arte aplikatuetan, eta asko zabaldu zen grabaketari esker.

Fontainebleauko lehenbiziko eskola[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Frantziako margolaritzan Frantzisko I.a erregearen agintaldian hasi zen nabarmentzen Italiako Pizkundeko artearen eragina. Frantzisko I.a, Paviako hondamenaren eta irainaren ondoren, Italiako eta Europako gune itzaltsuenekin lehian aritzeko gaitasuna izango zuen gorte bat osatu nahi izan zuen, mendeku gisa. Fontainebleauko gaztelua aukeratu zuen gorte hori osatzeko. Gorte berriaren gune nagusi izan behar zuen gaztelua apaintzera italiar artistak deitu zituen eta, han egin ziren margolan bikainei esker, Fontainebleauk eman zion izena, hain zuzen, Frantziako Berpizkundeko margolaritzaren joera nagusia izan zenari. Eskola honetako margolariek gai mitologikoak eta alegoria ilunak irudikatu zituzten, batez ere, eta estiloari dagokionez manierismoaren eragina nabarmentzen da haien lanetan. Irudi biluziak eta forma luze, bihurgunetsu elkarri lotuak ugariak dira Fontainebleauko margolarien obretan.

Fontainebleauko eskolako margolari nagusia Rosso Fiorentino (Florentzia, 1495 - Fontainebleau, 1540) izan zen. Italian Andrea del Sartoren lantegian jardun zuen, eta manierismoari jarraitu zion oro har Italian egindako lanetan. Garai hartako lan aipagarriena Gurutzetik eraistea da. 1530ean Parisa aldatu zen, eta Frantzisko I.aren margolari ofizial izendapena lortu zuelarik, Fontainebleaun hasi zen lanean. Lan bikaina egin zuen han: freskoa, estukoa eta tapizgintza landu zuten taldeen zuzendari izan zen, eta urte gutxian lantegi bikaina osatu zuen. Horrez gainera Frantzisko I.aren galeria (1533 ing.- 1540) margotu zuen, besteak beste. Galeria horretan hamabi fresko egin zituen; irudi dotoreak dira, estukozko markoez hornituak, eta antolaketa konplexua dute.

Gabriela d'Estrees eta haren ahizpetako bat, Fontainebleauko eskolaren joerei jarraituz egile ezezagun batek margoturiko koadroa, 1594.

Rosso hil ondoren Francesco Primaticciok (Bolonia, 1504 - Paris, 1570) hartu zuen Fontainebleauko lanen ardura. Niccolo dell'Abaterekin batera (1552az gero), Rosso Fiorentinok hasitako lanari jarraitu zion eta kultura artistiko berria osatu zuten, forma dotore, Pizkundeko osagai eta antzinateko ezaugarriez hornitua. Primaticcioren lan gehienak, ordea, galdu egin dira. Duchesse d'Étampesen gelan ikus daitezke haren zenbait apaingarri, estukoa eta margoa bateratuz eginak. Frantzisko I.aren galerian alegoria moralak protagonismoa zuen bezala, Primaticcioren margoetan mundu atseginzaleagoa azaltzen da, emakumezkoen irudien bidez adierazia nagusiki.

Primaticciorekin batera lan egin zuen, esan bezala, Fontainebleauko beste margolari ospetsu batek, Niccolo dell'Abatek (Modena, 1509 ing. - ?, 1571). Italian lanean jardun ondoren, Fontainebleaura iritsi zenean gazteluko areto aipagarrienetakoak (Ulisesen aretoa eta Dantza aretoa) ari ziren apaintzen, eta haietan jardun zen bera ere. Primaticciok harturiko bideari jarraitu zion dell'Abatek ere, baina bere lanetan erakutsi zuen askoz ere urrunago iristeko gaitasuna zuela, adibidez, paisaje margolaritzan. Herrixka eta pertsonaia finak eta antzinateko eraikinak irudikatu zituen, eta izaera irreal eta poetikoa eman zien bere obrei.

Fontainebleauko eskolaren estiloan eragina izan zuten orobat Frantziako gortean bizi izan ziren beste artista italiar batzuek, adibidez, Benvenuto Cellinik, Vignolak eta Serliok. Baina, Fontainebleauko estiloa zabaltzen, berebiziko garrantzia izan zuten grabatzaileek, Fantuzzi, Mignon, eta Milanek esaterako. Izan ere, margolaritzan ez ezik, artearen gainerako alorretan ere arrakasta handia izan zuen ikonografia eta apaingarri errepertorioa osatu zuten, Rosso Fiorentinoren eta Primaticcioren lanetan oinarriturik.

Fontainebleauko bigarren eskola[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Toussaint Dubreuil: La montée au Calvaire, XVI. mendearen amaiera, Musée national de la Renaissance, Écouen.

1589 Henrike III.aren eraila izan zenetik, 1598an Vervinsko bakea sinatu zen arte, Zortzigarren Erlijio Gerrak Frantzia sakailatu zuen eta Fontainebleuko obrak bertan behera gelditu ziren. 1600 eta 1620 artean, ordea, Henrike IV.ak eta Maria Medicik bultzada handia eman zieten arte ederrei, Fontainebleau eta Louvreko jauregiak edertzeaz gain, Saint-Germain-en-Layen beste bat eraiki zutelako. Primaticcio eta dell'Abateren lanek eragin handia izan zuten eraikin horietan lan egin zuten margolariengan (Ambroise Dubois, Toussaint Dubreuil, Martin Fréminet...). Hori dela eta, Fontainebleauko bigarren eskola deitzen zaio [2].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]