Fosforilazio oxidatibo

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Fosforilazio oxidatiboaren eskema. Puntu gorriak protoiak dira. Erreparatu irudi honetan protoi gehienak mintzarteko gunean daudela


Fosforilazio oxidatiboa arnas kateari lotuta dagoen prozesu metabolikoa da, mitokondrioen gandorretan ATP sortzen duena. Fosforilazio oxidatiboa ez da ATP eratzen duen prozesu bakarra, baina bai nagusia (zelula batean agertzen den ATParen %90a prozesu horren bidez sortzen baita).

Elektroien garraio katean sortzen den energia askeak mitokondrioen barneko mintzean protoien gradiente elektrokimikoa eragiten du; gradiente horrek protoien mugimendua dakar, ATP-sintetasaren entzima aktibatzen duena. ATP-sintetasa da, hain zuzen ere, ATP molekularen sorrera katalizatzen duena.

NADH eta FADH2 koentzimek askatzen dituzten protoiak ez dira arnas katera pasatzen (elektroiak bai), eta gandor mitokondrialen matrizean aske gelditzen dira. Arnas kateak (gandor mitokondrialen mintzean burutzen dena) energia askea sortzen du 3 puntutan, eta protoiak mugiarazten ditu matrizetik mintzarteko gunera (ikus irudia). Modu horretan protoien kontzentrazioa mintzaren bi aldeetan desberdina da, potentzial elektriko eta kontzentrazioaren gradientea agertuz matrizea eta mintzarteko gunearen artean.

Gradiente horren ondorioz protoiek mintza zeharkatzen dute berriz, matrizera pasatuz. Mintzean topo egiten dute bertan dauden ATP-sintetasekin, haien konformazioa aldatuz eta beren jarduera entzimatikoa aktibatuz.

Esan daiteke, beraz, arnas katea eta fosforilazio oxidatiboa elkarri egokitzen dioten bi prozesuak direla: arnas katea prozesu exergonikoa da, energia askatzen duena, fosforilazio oxidatiboa endergonikoa den bitartean. Mintzean dagoen protoien mugimenduaren bidez elektroien garraio katetik askatutako energia ATP-sintetasa entzimara eramaten da. Protoi-ponpaketa horrek ATP-sintetasaren egitura-aldaketa eragiten du, entzima hori gai izanik ATParen sorrera katalizatzeko.