Fosforoaren zikloa

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Fosforoaren zikloa elementu honek naturan jasaten duen eraldaketen multzoa da. Ziklo honetan fosforoa litosferan, hidrosferan eta izaki bizidunengan egon daiteke, egoera hauetan:

  • PO43- (litosferan)
  • PO43- (hidrosferan)
  • H3PO4 (bizidunengan)

Nitrogeno eta karbonoaren zikloen aldean, fosforoa egoera berdinean dago beti, fosfato moduan (PO43-), ez baita oxidatzen edo erreduzitzen. Bestalde, ez dago molekula fosforodunik atmosferan.

Bizidunentzat funtsezko elementua da fosforoa, azido nukleikoek, zenbait lipidok eta ATPk, besteak beste, osagai dutelako.

Fosforo gehiena litosferan dago, mineraletan eta harkaitzetan. Ongarriek, guanoak eta bizidunen eskeletoek ere fosforoz hornitzen dute lurzorua, fosfato moduan. Landareek fosfato horiek hartzen dituzte, beti ere disolbagarriak direnean (fosfato ez-disolbagarriak ez baitira asimilagarriak). Landareak jaterakoan berenganatzen dute fosforoa animaliek. Hauek hiltzen direnean, azkenik, haien molekula organikoen fosforoa lurzorura itzultzen da, mikrobio deskonposatzaileen bitartez, zikloa itxiz.

Bestalde, euriak eta ibaiek litosferako fosforoa itsasoraino garraiatzen dute. Bertan, fosforoaren zati bat landareek eta algek hartzen dute, eta gehiena prezipitatu egiten da. Arrainek eta itsas-hegaztiek ere itsasoko fosforoa eskuratzen dute. Animaliak hiltzerakoan haien fosforo organikoa duten hondakinak itsas hondoan pilatzen dira.

Fosforoa hazkuntzaren elementu murriztatzailea da, bizidunentzat ez baita karbonoa edo nitrogenoa bezain eskuragarria. Fosfato ugari duten inguruneetan landare hazkuntza oparo dago: ohikoa da, esaterako, garbigarriz kutsatuta dauden ibaietan edo lakuetan algen hazkuntza nabaria gertatzea (garbigarriek fosfato anitz dituztelako).