Fotosintesi anoxigeniko

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Fotosintesi anoxigenikoa zenbait bakteriok egiten duten fotosintesi berezia da, oxigenorik gabe burutzen dena (anaerobioa baita). Fotosintesi mota hau burutzen duten bakterioek ez dute landareek duten klorofila, bakterioklorofila izeneko pigmentua baizik.

Landareek egiten duten fotosintesia oxigenikoa da, hots, oxigenoa sortzen du:


6 CO2 + 12 H2O + argia → C6H12O6 + 6 O2 + 6 H2O


Fotosintesi anoxigenikoan, aldiz, elektroien emailea ez da ura, SH2 baizik:


CO2 + SH2 + argia → (CH2O)n + 2S


Fotosintesi anoxigenikoa sufrearekin dago lotua, eta sulfobakterio izeneko bakterioek burutzen dute. Sulfobakterio horiek, bakterioklorofilaz gain, beste pigmentu batzuk dituzte, berde eta purpura kolorekoak. Pigmentuek izena ematen diete bakterio fotosintetiko hauei: sufrearen bakterio berdeak eta sufrearen bakterio purpurak, hurrenez hurren.

Bakterio gutxi batzuek ez dute SH2 erabiltzen elektroi-emaile moduan, hidrogeno molekularra (H2) edo molekula organiko erreduzituak baizik.

Bakterioek burutzen duten fotosintesi mota honek, fotosintesi oxigenikoaren antzera, bi fase ditu: argi-fasea (ATP sortzen duena) eta ilunpeko fasea (Calvin zikloaren bitartez gluzidoak eratzen dituena).

Bakterio fotosintetiko gehienak autotrofoak dira, baina badaude heterotrofoak ere, materia organikoa karbono-iturri bezala erabiltzen dutenak (Calvin zikloa behar ez dutenak). Bakteriar fotosintesia ingurune anaerobioetan burutzen da beti.