Fra Filippo Lippi
Fra Filippo Lippi (Florentzia, Italia, 1406 - Spoleto, Italia, 1469) italiar margolaria izan zen. Florentziako eskolako Berpizkundeko margolari nagusietakoa izan zen.
Biografia [aldatu]
Santa Maria del Carmine komentuan hasi zen dekorazio-lanetan, eta bertan ezagutu zituen Masaccioren lanak. 1432an utzi zuen monasterioa, fresko batzuk margotu ondoren, eta badirudi mairuen aurkako guduetan parte hartu zuela, Itsaso Adriatikoan (esklabo gisa eduki omen zuten mairuek, hemezortzi hilabetez).
1434an Paduara jo zuen, eta 1437an itzuli zen Florentziara, Medicitarrentzat lan egitera. Bi lan nagusi eman zituen urte hartan: "Andre Maria eta Haurra Frediano eta Agustin santuen artean" eta "Andre Maria eta Haurra". Massaccioren eragina handia da lan horietan eta Donatello eta Jacopo della Quercia eskultoreen kutsua ikus daiteke dekorazio-elementuetan. 1441etik 1443ra margotu zuen "Deikundea" lanean, pintura-molde berriak erakutsi zituen: ikuspegi-efektuak, kolorearen eta formaren arteko kontrastasunak eta jantzi arinen mugimendu leuna, Botticelliren artearen aitzindari. Erretaula ospetsu bat pintatu zuen garai hartan, Fra Angelicoren moldean: "Ama Birjinaren koroatzea".
Fra Filippo Lippik beste inork ez bezala landu zuen erretauletan Madonna edo Andre Maria eta Haurra gaia. "Madonna eta Haurra eta Mariaren bizitzako eszenak" da gisa honetako lan aipagarriena. 1445ean beste "Ama Birjinaren koroatzea" bat margotu zuen, baina Fra Angelicoren moldeetatik guztiz urrun. Freskoak eta erretaulak egiten jarraitu zuen, Fra Diamanterekin batean, eta 1467an Spoletora jo zuten biek, Medicitarrentzat lan egitera. Hango katedralean egin zituen Fra Filippo Lippik azken freskoak.
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.