François Girardon
François Girardon (Troyes, Frantzia, 1628 - Paris, Frantzia, 1715) frantses eskultorea izan zen.
Biografia[aldatu]
François Anguierrekin ikasi ondoren, Erroman osatu zituen ikasketak. Versaillesko jauregirako egindako apaingarri-multzoengatik da batez ere ezaguna.
Lehenagotik egin zituen zenbait lan, Sarazinen tankerari jarraituz, baina berrikuntza eta originaltasun handirik gabeak, ofizialismoaren baitakoak. Versaillesen lanean hasi zenez gero asmatu zituen forma berriak eta hartu zituen garai hartako joeren ezaugarriak, adibidez, Apoloren galeriarako egindako lanetan. Le Brunekin lan egin zuen lorategi haietan. Teknika eta estilistika berezia eta dotoretasuna ageri du Apollon servi par les nymphes (1666-1675) multzoak, eta Poussinen eragina nabarmentzen da bai lan horretan bai Ninfen bainua (1670 ing.) eskulturan.
Versaillesko lanez gainera, oroigarrizko monumentuak egin zituen, besteak beste, hauek: Richelieuren hileta-monumentua (1675-1677), Sorbonako elizan; Parisko hiriaren eskariz, Luis XIV.aren zaldi gaineko estatua (Frantziako Iraultzan desegina).
Erreferentziak[aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.