François Rabelais
| Datu pertsonalak | ||
|---|---|---|
| Jaio | 1483-1494 bitartean | |
| Chinon (Frantzia) | ||
| Hil | 1553ko apirilaren 19a | |
| Paris (Frantzia) | ||
Francois Rabelais (La Devinière, Chinonetik hurbil, 1483/1494 bitartean - Paris, 1533) frantziar idazle bat izan zen. Frantziskotarren ordenan sartu zen lehenik, eta beneditarren ordenara aldatu zen 1525ean. Medikuntzako ikasketak egin zituen Montpellierren, eta ospe handia lortu zuen han mediku gisa. Ekonomia-arazoengatik Lyonera joan zen, eta han argitaratu zituen 1532an Hipokratesen Aforismoak, eta Pantagruel bere lehen eleberria. Erroman egon ondoren, Lyonera itzuli zen, eta Gargantua eleberria kaleratu zuen (1534). Italian egon zen bigarrenez, eta, Frantziara itzulita, medikuntzako ikasketak amaitu zituen, Montpellierren. 1546. urtean, Margarita Nafarroakoari opatu zion Pantagruel bildumako hirugarren liburua. Sorbonak heretikotzat jo zuen liburua, eta Metzeko hirira erbesteratu zen lehenik, eta Lyonera itzuli zen ondoren, Pantagruel bildumako laugarren liburuko lehen kapituluak argitaratzera. Parisen eman zituen azken urteak, eta 1562. urtean argitaratu ziren bosgarren liburuko lehen hamabost kapituluak. 1654. urtera arte, ez zen bilduma osatua kaleratu. Idazle humanista izan zen, parodiaren bidez bere garaiko arazorik larrienak plazaratzen zituena. Fede handia erakutsi zuen gizakiaren izaerarekiko eta zientziarekiko, eta kritika zorrotzak egin zizkion Elizari eta hark bultzatzen zuen hezkuntza-sistema atzerakoiari. Errukirik gabe satirizatzen zituen dogma guztiak, eta kristautasun humanista defenditu zuen, muturreraino eramandako kristautasunaren eta protestantismoaren aurrean. Literatura satirikoaren maila gorena lortu zuen Pantagruel eta Gargantua obra ospetsuekin. Euskarazko hitzak sartu zituen bere Gargantua liburuko 5. kapituluan, eta ahapaldi osoak Pantagruel obran (2. liburua, 9. kapitulua).
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.