Francesc Ferrer i Guàrdia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Francesc Ferrer Guàrdia.

Francesc Ferrer Guàrdia (Alella, Maresme, Katalunia, 1859ko urtarrilaren 10a - Bartzelona, Katalunia, 1909ko urriaren 13a) politikari eta pedagogo iraultzailea izan zen, hezkuntza laiko eta arrazionalaren aldezle sutsua. Ruiz Zorrilla buruzagi errepublikazale erradikalaren idazkari izan ondoren, anarkismora jo zuen berehala, eta Parisa ihes egin behar izan zuen (1885). Kataluniara itzulitakoan, Escola Moderna izeneko eskola laiko arrazionala antolatu zuen Bartzelonako aldirietan (1901), eta argitaletxe bat geroago. Marokoko Gerraren denboran (1909), Bartzelonako Aste Tragikoan apaizeriaren kontra izandako istiluen eragiletzat hartu zuten, eta fusilatu egin zuten.

Biografia

Lur txiki batzuen jabe zen familia katoliko eta monarkikoan jaio zen. 13 urte zituela, aitak Bartzelonara bidali zuen lanera, apezpikuari jarritako denuntzia bat zela eta familia arazoetan sartzeagatik. Irin saltzaile bezala lanean zebilela, nagusiak gaueko eskoletara bidali zuen, 15 urterekin. Han izan zituen errepublikanoekin lehenengo kontaktuak.

Francesc gaztea zen Espainiako Lehen Errepublika iritsi zenean. Kultura eta ikasketak gizartean bultzatu nahian, ekintza ugaritan hartu zuen parte. 1883an Bartzelona-Cevere tren lineako txartel-ikuskatzaile hasi zen eta, berehala, garai hartan Frantzian zegoen Manuel Ruiz Zorrilla errepublikanoaren mezulari bihurtu zen.

1886an, Madrilen errepublikaren aldeko matxinadak porrot egin eta gero, Francescek, Teresa Sanmartí emazteak eta haien hiru seme-alabek Parisa ihes egin behar izan zuten. Bizirauteko ardo saltzaile bezala hasi zen lanean eta jatetxe baten jabe izatera iritsi zen. Azkenik, 1889an gaztelania irakasten hasi zen.

Bien bitartean, eta inongo soldatarik irabazi gabe, Ruiz Zorrillaren idazkari izaten jarraitu zuen. Parisen igaro zituen urte haietan, geroago sortuko zuen «eskola modernoa»ren oinarriak ezartzen hasi zen.

1893an emaztea utzi eta 1899an berriro ezkondu zen, orduko hartan Leopoldine Bonnard maistra eta pentsalari askearekin. Europan zehar bidaiatzeari eman zion. Errepublikano sutsu zena anarkismorantz hurbiltzen ari zen. Ernestina Meunier bere ikasle ohiak milioi bat franko utzi zizkion herentzian, eta, hamabost urte Parisen eman ondoren, 1901ean, Bartzelonara itzultzeko modua izan zuen, bere asmoa bideragarria izan zitekeela-eta. Azkenean, Escola Modernak bere ateak ireki zituen. Pedagogia libertarioa oso begi txarrez ikusiko dute sektore kontserbadoreenek eta Eliza Katolikoak; izan ere, eskola laikoek haien interesak mehatxatzen zituzten. Berehala, eskolaren berria estatu osora zabaldu eta nazioarteko pentsalari progresisten artean ere ospe handia lortu zuen.

Greba iraultzarako ezinbesteko tresna zela uste zuen Ferrer Guàrdiak eta La Huelga General egunkaria editatzen hasi zen bere kontura; 1906an, Mateo Morral, eskolako itzultzaile eta bibliotekaria zenak Alfontso XIII.aren aurkako atentatua egin zuen. Ondorio txarrak ekarri zizkion horrek Ferrerri: eskola itxi egin zioten eta hilabete batzuk kartzelan igaro behar izan zuen, atentatuan lagundu zuen aitzakiaz. Herri mugimendu ugariei esker, hilabete batzuk kartzelan pasa eta gero 1907an libre jarri zuten.

Escola Moderna berriro irekitzen saiatu zen, baina ez zuen lortu. Hurrengo urtean Frantziara eta Belgikara joan zen; bertan Ikaskuntza Arrazionalistaren aldeko Liga Internazionala sortu zuen, eta berak sortutako Bruselako egunkaria, L’Éducation Renouvée, agitaziorako eta zabalkunderako bide bihurtu zuen.

1909an berriro atxilotu zuten Bartzelonako Aste Tragikoan, gertatutako zenbait istiluren errudun izatea leporatuz. Ez zen sekula bere partaidetza frogatu, baina urte bereko urriaren 13an fusilatu zuten Montjuïcen. Horrek istilu asko eragin zituen kaleetan. Nazioartean Mauraren gobernuak kritika izugarriak jasan behar izan zituen eta honek guztiak haren aginduaren amaiera bizkortu zuen.

Kartzelatik eskutitza

Carlos Alberti. Lagun maitea. Azkenean albisteak ditut. Ez dira onak. Espainiako Gobernuak egoera aprobetxatu eta atsegin hartuko du. Espainia osoan menperatzen duten Elizaren eta Marokoko gerraren aurkako gorroto erakustaldia izan zen Bartzelonako matxinada eta Gobernuak aitzakitzat hartuko du askatasuna eta garapena esan nahi duen guztia ezabatzeko.

Agintarien irispidetik urrun ipini behar izan dut neure burua, besteen hutsak nik ordaintzea nahi zuten eta. Erreakzionarioen plana, momentuz, guztiz antolatuta dago. Lehen esan dudan bezala, Elizaren aurka! dagoen edozein elkarte, erakunde, gizabanako desegitea da helburua. Konturatu zaitezte noraino hel daitezkeen maltzur horiek... Madrilgo eta probintzietako prentsa kontserbadoreak dio gertatutako guztiaren erantzukizuna Eskola Modernoak eta Ferrer zital horrek dutela, eskolen bidez eta Jainkorik gabeko eta Jainkoaren aurkako argitalpenen bidez kalean amorrua piztu du eta (...)≫.

Obra

Haren lanik ospetsuena La Escuela Moderna da.[1]

Erreferentziak

  1. Francesc Ferrer Guàrdia: La Escuela Moderna, online eskuragarri.

Kanpo loturak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Francesc Ferrer i Guàrdia Aldatu lotura Wikidatan