Francesco Guardi

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Francesco Guardi 050.jpg

Francesco Guardi italiar margolaria eta diseinatzailea izan zen (Venezia, 1712 - Venezia, 1793). Hasierako lanetan Tiepoloren molde barrokoak eragin handia izan zuen Guardiren obran, baina ondoren Veneziako eskolan lan egin zuen, eta eskola horretako azken margolari ospetsua izan zen. Veneziako ikuspegiak margotu zituen.

Paisaiagile gisa nabarmendu zen batez ere, eta lirismo eta sentiberatasun handiko koadroak egin zituen oro har. Aipagarriak ditu aintzira inguruko paisaiak eta ohitura koadroak. Lehenengoetan intentsitate poetiko bikaina iritsi zuen kolore urdinen gamaren, ortzi-muga urrunen eta zeru-goien adierazpenaren bidez, eta bigarrenetan, berriz, Veneziako gizartearen ezaugarriak adierazi zituen.

Francesco Guardi 006.jpg

Marieschiren eta Canalettoren lantegietan egin zituen lehen ikasketak, eta anaia Gian Antonioren zuzendaritzapean lan egin zuen Guarditarrek Venezian zuten lantegian, 1730etik 1760ra gutxi gorabehera. Irudi historikoak egin zituzten batez ere, baina Francescoren kasuan bereziki aipagarria da, bai garai hartako obretan eta bai bere karrera guztian zehar, pertsonaiak eta irudiak paisaiari edo giroari atxikitzeko zuen trebetasuna. Anaiak baino fantasia, arintasun eta argitasun handiagoko lanak egin zituen orokorrean Francesco Guardik. Anaiarekin elkarlanean egin ez zituen margolanak aipagarriak dira, batez ere, koloreen kontrastearen bidez eta irudi inguru hautsi eta sartu-irten ugarikoen bidez lortzen zuen dramatismoagatik. Arreta berezia eskaini zien jaioterriko eszenei eta paisaiari, hasi Marco Ricciren kapritxoak oinarri harturik egindako irudizko ikuspegietatik eta Tobiasen bizitzako eszenak (Angelo Raffaele eliza, Venezia) obraraino. Francescoren ezaugarrien erakusgarri dira, orobat, Santua estasian (Trentoko museoa) edo Alegoriak (Sarasotako Ringling museoa).

Guardipiazzetta.JPG

1760an anaia hil zelarik hasi zen hil ondoren Venezian ez ezik nazioartean ere ospea emango zioten uharteak egiten. Lehen esan bezala, hasieran Canalettoren eta Ricciren eragina izan zuen, aintziren ikuspegietan ikus daitekeenez, baina 1760ko hamarraldian garbi-garbi erakutsi zuen bere estilo propioa, batez ere kolorea argitan difuminatzeko joeran antzematen dena.

Francesco Guardi 053.jpg

Canalettoren konposizio zorrotz eta egitura garbiak alde batera utzirik, paisaien interpretazio fantastikoagoa egiten hasi zen, eta Canalettoren arkitektura osagaien argazki moduko irudien ordez kutsu erromantikoagoko irudiak osatu zituen; argiaren dardara biziaren eraginez hirietako arkitektura osagaiak aintziraren giro zilar-kolorekoan urtzen direla dirudi. Garai eta joera harri dagokio, adibidez, Gondola aintziran (Poldi-Pezzoli bilduma, Milan) obra.

1782. urtean Pio IV.a Aita Santuak Veneziara egin behar zuen bidaia zela-eta antolaturiko ospakizunetarako margolan batzuk egiteko enkargu ofiziala jaso zuen (gaur egun hainbat museotan sakabanaturik, Cleveland, Oxford eta Milango bilduma pribatuetan besteak beste); eta enkarguak jaso zituen, halaber, Errusiako artxidukeen aldetik.

Azken urteotako obretan ere behin eta berriro utzi zuen agerian, aurreko aldian bezala, bizitasun fantastikoa eta erritmikoa, bere marrazkietan ere ikusten denez.


Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Francesco Guardi Aldatu lotura Wikidatan