Francisco Goya

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Francisco de Goya
Francisco de Goya
Francisco de Goya. Vicente Lopezen margolana, 1826, Pradoko museoa, Madrid
Datu pertsonalak
Izen osoa Francisco José de Goya y Lucientes
Jaio 1746ko martxoaren 30a
Fuendetodos (EspainiaEspainia)
Hil 1828ko apirilaren 16a
Bordele (FrantziaFrantzia)
Sinadura Firma de Francisco de Goya.svg

Francisco José de Goya y Lucientes (Fuendetodos, Zaragozako probintzia, 1746ko martxoaren 30a - Bordele, Frantzia, 1828ko apirilaren 16a) erromantizismoari hasiera eman zion espainiar pintore, marrazkilari eta grabatzailea izan zen. Erretratugile ofiziala izan bazen ere, bere garaiko estilo eta gai konbentzioak baztertu zituen. Irudimen erabat librea agertuz, molde plastiko berezia sortu zuen. Hori dela eta, arauak hautsi nahi dituen margolaritza modernoaren aitzindari izan zen.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Francisco de Goya 1746an jaio zen, Zaragozako probintziako Fuendetodos herrian. Jose, aita, euskal jatorriko margolaria (zehazki Zeraingoa) eta erretaulen urreztatzailea zen, eta Gracia Lucientes, ama, Aragoiko noblezia txikiko nekazari familia batekoa. Francisco txikia zelarik, familia Zaragoza hirira joan zen bizitzera[1].

Lehenbiziko ikasketak Eskolapioetan egin zituen[2]. Aitaren dekorazio lantegian jardun ondoren, José Luzánen margolaritza lantegian sartu zen 1760an. Orduan hasi zen Bayeu sendiarekin eta Martin Zapaterrekin harremanetan. 1763an Madrila aldatu zen, eta urte hartan eta 1766an San Fernandoko Arte Ederretako Akademiaren lehiaketan parte hartu zuen, beka bat eskuratzeko esperantzarekin, baina ez zuen lortu[3]. Madrilen Francisco Bayeuren lantegian kokatu zen eta honek garrantzi handia izan zuen bere hasierako heziketa artistikoan. Urte haietan nabarmena izan zen Goyaren obran eklektizismo neoklasikoaren eragina.

Kartoiak eta lehen erretratuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1769 eta 1771 bitartean Erroman eta Parman bizi izan zen. Azken urte horretan, Parmako Errege Akademiak antolatutako lehiaketa batean aurkeztu eta bigarren saria irabazi zuen[3]. Handik itzuleran jaso zuen garrantzizko lehen enkargua, Zaragozako El Pilar basilikako kupula txikietako baterako horma irudiak egitea hain zuzen ere (1771-1772). Horren ondoren, Zaragozako Aula Dei kartujako horma irudiak margotu zituen (1772-1774). Garai hartako obretan intentsitate handiko kolore trinkoak eta forma dotoreak erabili zituen.

San Isidroko larrea, 1788, El Prado museoa, Madril.

1773an Francisco Bayeu margolariaren arreba zen Josefa Bayeurekin ezkondu zen. 1774-1778 bitartean, Mengsi eta Madrilen margolari gisa ospe handia zuen bere koinatu Francisco Bayeuri esker, Santa Barbarako tapiz lantegirako kartoiak egiten hasi zen. Hemezortzi urtez aritu zen tapizak egiten edo diseinuak margotzen (gehienak El Prado museoan daude). Lan dotoreak dira, efektu bizikoak, eta herriko bizitzaren ikuspegi atsegina, garai hartako despotismo ilustratuaren gustukoa, ematen dute. Horietan aipagarriak dira, besteak beste, Dantzaldia Manzanaresen ertzean (Baile a orillas del Manzanares, 1776-77), Eguzkitakoa (El quitasol, 1777), Larraina (La era, 1786-87), Min hartutako igeltseroa (El albañil herido, 1786-87) eta San Isidroko larrea (La pradera de San Isidro, 1788). Bitarte horretan Espainiako margolaritza tradizioa ikertzen aritu zen eta, besteak beste, Velazquezen obretan oinarrituriko grabatuak egin zituen (1778). Velazquezen kutsua kartoien egitura trinko eta sintetikoan ere antzematen da.

Gorteak eta aristokraziako kideek goretsi egin zituzten Goyaren kartoiak eta, horrela, gora egin zuen Goyaren ospeak. 1780an San Fernandoko Arte Ederretako Akademian onartu zuten, Kristo gurutziltzatua (Cristo crucificado) obrari esker. 1785ean Akademiako margolaritzako zuzendariorde titulua eskuratu zuen. 1786an erregearen margolari izendatu zuten eta handik hiru urtera areto margolari .

Luis Borboikoaren sendia, 1784, Magnani-Rocca fundazioa, Traversetolo (Italia).

1780tik aurrera El Pilarko kupula nagusietako bat dekoratzen aritu zen. Eta hurrengo urteetan ere erlijio pintura landu zuen: Madrilgo San Frantzisko Handia elizako Bernardino Sienakoa (San Bernardino de Siena predicando ante Alfonso V de Aragón 1782-83), Valladolideko Santa Ana komentuko irudiak; Valentziako katedralekoak...

Bere ospeak gora egin ahala aristokraziako familien erretratuak egiteko eskaerak jaso zituen. Horrela hasi zen bere karreran zehar, azkenaldian batez ere, lan aipagarrienetakoa izan zena, erretratugintza alegia, buru-belarri lantzen. Lehenengo erretratu ospetsuak Osunako dukeaentzat egin zituen (Osunako dukearen sendia, 1788, El Prado museoa, Madril) eta ondoren errege familiaren erretratuak margotu zituen, bereziki Luis Borboiko infantearenak (Luis Borboikoaren sendia, 1784, Magnani-Rocca fundazioa, Traversetolo). Aipagarriak dira, orobat, Floridablancako kondea (1783, Banco de España, Madril), Francisco Cabarrús (1788, Banco de España, Madril), Sebastián Martínez y Pérez (1792, Metropolitan Museum of Art, New York), Jovellanos (1798, El Prado museoa, Madril) etab. Hasierako erretratuetan jarrera arranditsuetan margotzen zituen pertsonaiak, baina denborarekin gero eta naturaltasun handiagoz irudikatu zituen, eta azterketa psikologiko zorrotzak islatu zituen bere obretan. Erretratu haiekin Espainiako erretratugintzako maisu bihurtu zen, bere kolore aberats eta ñabardura ugariengatik, besteak beste.

Lehen heldutasun aroa: Goya ilustratua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

San Antonio de la Florida ermitako freskoen xehetasuna, 1798, Madril.

1792an eritasun larri batek (saturnismoak, ziur asko) jo zuen Goya, eta gor utzi zuen ia. Sevillan eta Cadizen eritasunetik osatzeko egin zuen egonaldian koadro txikiez osaturiko sail bikaina margotu zuen, zeinetan egileak berak, 1794an zioenez, sormenean eta egikeran askatasunez jardun zuen, enkarguz egindako obretan ez bezala. Sail harekin beretu zuen Goyak joera berria, herri bizimoduaren eta ohituren ikuspegiari dagokionez, batez ere. Ordura arte sarritan arinkeriaz landu zituen gaietan, nolabaiteko kritika egiten eta kutsu dramatikoa sartzen hasi zen. Elizaren eta, batez ere, Inkisizioaren kontrako jarrera ere erakutsi zuen. Aldaketa horretan berebiziko eragina izan zuten ilustratuen ideiek, haiekiko harremanen bitartez eta haientzat lan eginez ezagutu zituenak.

1796an Albako dukesa ezagutu zuen. Harekin harreman estua izan zuen, eta obra asko eskaini zizkion. Haren etxaldean osatu zituen lehenengo marrazki sailak (A eta B sailak). Bitartean, ordea, ez zituen alde batera utzi erretratuak eta herriko bizitzan eta sineskerietan oinarrituriko konposizioak, hala nola Akelarrea (El aquelarre, 1797, Lázaro Galdiano museoa, Madril). Garai honetako obra bitxia du, orobat, Madrilgo San Antonio de la Florida ermitako freskoak, kupula gainean pertsonaien erakusketa bikaina osatzen duena.

Grabatugintzaren alorrean, 1799an argitaratutako Kapritxoak (Los caprichos) dira azpimarratzekoak, zeinetan nabarmentzen baita Ilustrazioaren eragina eta agertzen baita herri sineskerien, gaiztakeriaren eta zapalkuntzaren kontra, dramatismo eta fantasia handiko irudien bidez. Haiekin hasi zen bere margolaritza iluntzen, orduan hasi zen heldutasuneko obretan islatzen den ametserako eta tragediarako bidea.

Errege-erreginen, Manuel Godoyren eta Chinchongo kondesaren erretratuak egin ostean, Karlos IV.aren familia (1800, El Prado museoa, Madril) margotu zuen, teknika bikaina eta zenbait pertsonaiekiko jarrera kupidagabea agertzen diren maisulana, erregerentzat egindako erretraturik hoberena. XIX. mendeko lehen urteetako erretratuetan emakumezkoen irudiak agertzen dituzten zenbait maisulan egin zituen: Doña Isabel Porcel (1804-05, National Gallery, Londres), Santa Cruzko markesa (1805, El Prado museoa, Madril), Dama abanikoarekin (1805-07, Louvre museoa, Paris), Maja biluzia (La maja desnuda, 1790-1800, El Prado museoa, Madril) eta Maja jantzia (La maja vestida, 1802-05, El Prado museoa, Madril).

Bigarren heldutasun aroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1808ko maiatzaren 3ko fusilatzeak, 1814, El Prado museoa, Madril.

Goyaren karrerako urterik oparoenak Napoleonen gudarostea Espainian sartu zen garaikoak izan ziren, 1808tik aurrerakoak hain zuzen ere. Frantsesen aldekoekin harremanak izan zituen, eta garai haietan bizitako sarraskien irudi bikainak egin zituen Gerrako hondamenak (Los desastres de la guerra, 1808–14) grabatu sail ikusgarrian eta C marrazki bildumako zenbait iruditan. Orduan egin zituen, orobat, 1808ko maiatzaren 2a Madrilen (El dos de mayo de 1808 en Madrid, 1814, El Prado museoa, Madril) eta 1808ko maiatzaren 3ko fusilatzeak (Los fusilamientos del 3 de mayo, 1814, El Prado museoa, Madril) eta herritarren sugartasuna islatzen duten Kolosoa (El coloso, 1808-12, El Prado museoa, Madril) edo Sardinaren ehorzketa (El entierro de la sardina, 1812-19, Real Academia de Bellas Artes de San Fernando, Madril). Fernando VII.aren, Wellington jeneralaren, José Palafoxen eta beste zenbait militarren erretratuak ere egin zituen. Garai honetako obretan fantasia eta krudeltasuna dira azpimarratzekoak.

Saturno bere semea iresten, 1819-23, El Prado museoa, Madril.

Absolutismoaren errestaurazioaren ondoren, majen koadroak zirela eta, Inkisizioaren erasoa jasan zuen eta aurrerantzean trataera berezia eman zien erlijio gaiei, konbentzio guztietatik urrun: Justa eta Rufina santuak (1817, Sevillako katedrala), San Jose Calasanzkoaren azken jaunartzea (1819, San Anton eliza, Madril), etab.

Fernando VII.a erregearen monarkia absolutistak itxikeria nagusiarazi zuen Espainian, eta Goyak giro hartatik ihes egin zuen. 1819–1823 bitartean Quinta del Sordo deitutako etxaldean bizi izan zen. Etxeko hormetan egindako irudiek erakusten dutenez, atsekabez eta ezinegonez beteriko garaia izan zen hura Goyarentzat. Aipagarriak dira, besteak beste Leocadia, Saturno bere semea iresten (Saturno devorando a un hijo), Aker handia (El gran Cabrón) etab. Margolan beltzak izenez ezagutzen den saila osatzen duten irudi beltz gogorrak. Garai honetako maisulanen artean aipatzekoa da, orobat, Tauromakia ur-bortitz sail handia, 1816an argitaratua.

Azken urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espainiako egoerak atsekabeturik, 1824an Frantziara erbesteratu zen, eta bizi poza berreskuratu zuen Goyak han. Bere marrazkigintzaren urrezko arotzat har daitezkeen marrazkiak egin zituen eta, gai ilunak eta etsipena alde batera utzita, generoko koadroak margotu zituen. Garai hartako koadrorik ezagunena Bordeleko esnezalea (La lechera de Burdeos, 1827, El Prado museoa, Madril) da, Goyaren artearen graziaren, alderdi xarmantenaren eta teknika bikainaren erakusgarria. Lagunen erretratuak (Fernandez Moratín, Juan Bautista de Muguiro), kolore distiratsuko koadro txikiak eta miniaturak ere (Maja eta Celestina) egin zituen.

Lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ambox notice.png Irudi bat handitzeko, klika ezazu gainean.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Francisco de Goya Biografiasyvidas.com
  2. Escuelas Pías Zaragoza.es
  3. a b Goya y Lucientes, Francisco de Artehistoria.jcyl.es
Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Francisco Goya Aldatu lotura Wikidatan