Francisco de Zurbarán

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Francisco de Zurbarán
Francisco de Zurbarán
Datu pertsonalak
Izen osoa Francisco de Zurbarán
Jaio 1598ko azaroaren 7a
Fuente de Cantos (Espainia)
Hil 1664ko abuztuaren 27a
Madril (Espainia)

Francisco de Zurbaran (Fuente de Cantos, 1598ko azaroaren 7a - Madril, 1664ko abuztuaren 27a) Espainiako Urrezko Mendeko artista nagusietakoa izan zen eta Sevillako eskolako maisu handiena. Sevilla zen garai hartan Espainiako arte gune aipagarrienetako bat, eta bertako pintura eskola izan zen pintura naturalistaren bultzatzaile garrantzitsuena. Zurbaranez gainera beste artista ezagun batzuk bildu zituen, besteak beste Velazquez eta Alonso Cano.

Zurbaran erlijio gaien margolari gisa nabarmendu zen batez ere. Bere obran aipagarria da Caravaggioren eragina, haren naturalismoa eta tenebrismoa beretu baitzituen. Oso giro bereziko obrak egin zituen, konposizio soilekoak eta mistizismo sakonekoak. Irudi estatiko eta monumentalak egin ohi zituen. Forma gehienak itzalen bitartez adieraziak dira bere koadroetan, eta argiak direnetan ere, dramatismoa adierazteko erabiltzen du argia. Gauzaki arruntak eta irudi poetikoak bateratu zituen, eta, horrela, arruntasunari halako arrandia ematen zion bitartean, izadiaz gaindiko irudiak ikusleari hurbiltzen dizkio, bere mailara jaisten ditu aingeru, santu eta fraideak.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikasketak eta lehenengo obra aipagarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kristo gurutziltzatua, 1627 (290 x 168 cm), Art Institute, Chicago

Zurbaran Fuente de Cantosen (Badajoz) jaio zen, estuasunik gabeko familia batean. Aita, euskal jatorriko merkataria, 1582tik Extremaduran kokaturik zegoen[1]. Sevillan egin zituen pintura ikasketak 1614 eta 1617. urteen artean. Pedro Diaz de Villanueva margolariaren ikaslea izan zen, eta garaitsu hartan ezagutu zuen Velazquez. 1617 inguruan Marta Paezekin ezkondu zen Sevillan eta ondoren Llerenan hartu zuen bizitokia. Emaztea hil ondoren (1623), Beatriz Moralesekin ezkondu zen bigarrenez (1625), eta 1628an Sevillara aldatu ziren. 1626. urtea baino lehenagoko Zurbaranen obrarik ez da ezagutzen, nahiz eta gauza ziurra den 1619an Llerenako ate baterako Ama Birjinaren irudi bat margotu zuela eta 1622an bere jaioterriko parrokiako erretaulan Arrosarioko hamabost misterioak margotu zituela. 1627an sinatu zuen Kristo gurutziltzatua (ArtInstitute, Chicago), Zurbaranen lehen obra handia, bere garaian oso aintzat hartua.

Ondoren Sevillara joan zen, esan bezala, eta egonaldi hartan hasi zen burubelarri lanean. Hainbat lan egin zuen, besteak beste domingotarren San Paulo komenturako 21 irudiko sail bat eta mesedetako ordenarentzat San Pedro Nolascoren bizitzari buruzko 22 margolan. Nolascori buruzko sailetik hamar margolan bakarrik ezagutzen dira, besterik margotu ez zuelako agian, baina hamar horietan aipagarria da San Pedro Nolascoren ikuskaria (Pradoko Museoa, Madril). 1628-1629 urteetan San Buenaventurako frantziskotarrentzat, besteak beste,Santo Tomas Aquinokoaren bisita San Buenaventurari (1945ean Berlinen suntsitua[2]) eta San Buenaventura Lyongo kontzilioan margotu zituen. Lan haiekin lorturiko arrakasta zela eta, azkenik Sevillan jarri zen bizitzen, udalbatzak gonbidatuta .

Helduaroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zurbaranek Sevillan finkatu zuen bere estiloa, 1629. urte inguruko obretan antzeman daitekeen bezala. Bere bilakaeran eragina izan bide zuten Velazquezen hasierako obrek eta orobat José de Riberarenek.

Erretratuak eta izadi hilak, sinbolismo handikoak, irudikatu zituen arren, bere estiloaren berezitasun bikainenak obra erlijiosoetan erakutsi zituen, fraideen eta Ama Birjinaren irudietan batez ere. Izan ere, naturalismoaren bidez fede erlijiosoa adierazteko gaitasun aparta zuen Zurbaranek. Bere koadroetako apostoluak, santuak eta fraideak eskulturak bailiran daude marraztuta eta xehetasun ikusgarriz irudikatuta dago haien janzkera, halako eran ezen bere koadroetan agertzen diren pertsonaien mirarien, ikuskarien eta estasien egiatasunean sinestarazten baitiote ikusleari. Zurbaranek erakutsi zuen errealismoa eta erlijiotasuna bateratzeko joera hori zen, hain zuzen ere, Kontraerreformak Trentoko kontzilioan artistentzat emandako jarraibidea.

1633. urtean Madrilera joan zen eta gai mitologikoko Herkulesen lanak (Pradoko museoa, Madril) saila, Buen Retiroko jauregiko Salon de Reinos aretorako Cadizko defentsa ingelesen kontra obra historikoa, eta gaur egun galdua den beste oihal bat margotu zituen han, Filipe IV.arentzat, Velazquezen bitartekaritzari esker seguru aski.

San Jeronimoren tentaldia, 1639, (235 × 290 cm.) Santa María de Guadalupeko errege monasterioa.

Buen Retiroko enkargua izan zen erregeak eskaturiko bakarra, eta orobat, Zurbaranek gai mitologiko edo historikoez osaturiko obra bakarra (gutxienez gaur arte gorde direnen artean). Adituen ustez, ez zuen izan oso gogokoa gainera, mitologia ez baitzen Zurbaranen gai kuttuna, oso urrunekoa gertzen zitzaiola eta. Gorteko harremanek ez zuten izan, beraz, bere obran eragin handirik, eta probintziako margolaria izaten jarraitu zuen. Ez zuen gizartean sekula osperik izan, nahiz eta erlijio bizitzaren margolari handienetakoa izan zen. Madrilgo egonaldiaren ondoren, dena dela, bere estiloan aldaketa antzeman zen: tenebrismoa alde batera utzi zuen eta Toscanako klasizismoari jarraitu zion gehiago. Bilakaera hori antzeman daiteke, esaterako, 1634. urtean berriro Sevillara itzuli ondoren egindako lanetan.

Sevillako eta Sevilla inguruko monasterioetan bazuten Zurbaranen ezagutza ordurako, eta hainbat enkargu jaso zituen haietatik, batez ere mesedetako ordenaren, frantziskotarren eta kartujoen aldetik. Aipagarriak dira mesedetako fraide oinutsen monasteriorako egindako Santa Apolonia (1636, Louvre, Paris), San Lorentzo eta San Antonio irudiak. 1637-1639. urteen artean, berriz, Jerezen eta Guadalupen jardun zuen lanean, bere karrerako maisulan nagusietakoak izan zirenak egiten. Jerezko kartujarako zenbait koadro egin zuen, hala nola, Mariaren Deikundea, Erdaintzea, Artzainen adorazioa, Magoen adorazioa (gaur egun Grenobleko museoan daude lau koadro hauek) eta Jerezko gudua, eta Guadalupeko jeronimotarren monasteriorako beste batzuk (San Jeronimoren tentaldia, monasterioan bertan gorde dena, besteak beste).

Agnus Dei, 1635- 1640, (38 x 62 cm.), Pradoko museoa, Madril.

Sevillan, Jerezen eta Guadalupen igarotako urteak izan ziren, hain zuzen ere, Zurbararen urterik oparoenak. 1630-1639 tartea hartzen da, bere urrezko garaitzat. Erlijio gaietan, aipatutakoez gainera kontuan hartzekoak dira Alonso Rodriguez dohatsuaren ikuskaria (1630, San Fernandoko Arte Ederretako Errege Akademia, Madril), Santa Margarita (National Gallery, Londres), Santa Elisabet Portugalgoa (1630-1635 bitartean; Pradoko museoa, Madril), eta aba. Gainerako generoei dagokienez, berriz, izadi hilak egin zituen gehienbat: Izadi hila laranjekin (1633, Norton Simon fundazioa, Los Angeles), Izadi hila irasagarrekin (1635 ing., Kataluniako arte museoa), Agnus Dei (1635-1640 ing., Pradoko museoa, Madril)... Izadi hiletan soiltasuna eta konposizio xehea dira ezaugarri nagusiak, eta nabarmentzekoa dute, orobat, testuren eta koloreen arteko kontrastea.

Andre Maria Sartzez Garbia, 1661, 136 × 102 cm, Magyar Szépmüvészeti Múzeum, Budapest

Azken urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1640ko hamarkadari buruzko berri askorik ez dago. Orduan egin zuen, dena dela, Zafrako aldarea (1643-1644), baina 1645az gero gainbehera etorri zen Zurbaran. Garai hartan lortu zuen ospea Murillo margolariak eta konposizio soilagoak, gai atseginagoak, azken batean arte errazago eta herrikoiagoa egiten hasi ziren belaunaldi berriak. Zurbaranen azken obretan belaunaldi berrien moldeetara egokitzeko ahalegina sumatzen da: koadro xumeagoak eta gozoagoak egin zituen, xeheagoak eta sentimentalagoak. Familia Santua eta Andre Maria Sartzez Garbia koadroetan (1659 eta 1661 urteetan eginak hurrenez hurren; Budapesteko Magyar Szépmüvészeti Múzeumen biak) edo Andre Maria eta Haurra agertzen diren koadroetan, adibidez, irudiak hasierako obretakoak baino idealizatuagoak dira eta formak ez dira hain trinkoak. Erlijio emozioaren adierazpena sentimentalismoak kutsatuta agertzen da oro har.

Bezero pribatuen aldetik formato txikiko koadroak egiteko enkargu batzuk jaso zituen arren, azkenaldian Sevillan asko urritu zitzaizkion enkarguak, eta Hego Ameriketara esportatzeko hainbat betelan egin behar izan zuen bizibidea ateratzeko. Gainbehera larriagotuz joan zen eta 1658an Madrilera abiatu zen azkenik, gortera. Han ere ez zuen uste izandako arrakastarik lortu, ordea, eta bizimodu latza izan zuen azken urteetan.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Francisco de Zurbarán Aldatu lotura Wikidatan