Franco Battiato
Franco Battiato (Catania, Sizilia, Italia, 1946) kantugilea eta abeslaria da. Abeslari ospetsuentzako kantak egin zituen hasieran, baina gero bere diskoak grabatzen hasi zen. Battiatoren lehen diskoak oso espresionistak ziren: Festus (1971) eta Pollution (1972). Gero, musika sofistikatuagoa eta esperimentalagoa egin zuen: Sulle corde di Aries (1973) eta Mademoiselle La Gladiator (1975). 1980ko hamarraldian, arrakasta handiko diskoak plazaratu zituen: L'era del Cinghiale Bianco (1979), Patriots (1980), La voce del padrone (1981) eta L'Arca di Noè (1982). Musika elektronikoko diskoak ere grabatu ditu, hala nola Clic (1974). Rocka eta musika klasikoa nahasten dituzten opera batzuk egin ditu: Genesi (1987) eta Gilgamesh (lehenaren jarraipena). Hala ere, pop musika egiten jarraitu zuen. 1995ean Il cavaliere dall'intelletto diskoa argitaratu zuen, Manlio Sgalambró filosofoaren letrekin. Beste disko batzuk: L'imboscata (1996), Gommalacca (1998), Campi magnetici (2000), Ferro battuto (2001), Dieci stratagemmi (2004), Il vuoto (2007), Fleurs 2 (2008), Inneres Auge (Il tutto e' più della somma delle sue parti) (2010).
Kanpo loturak [aldatu]
- (Italieraz) http://www.battiato.it/
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.