Frantziako Iraultza

Wikipedia, Entziklopedia askea
Frantziako historia
Historiaurrea eta Antzin Aroa
Erdi Aroa
Aroa Modernoa
Aroa Garaikidea
Zerrendak

Frantziako Iraultza (frantsesez Révolution française) 1789tik 1799ra bitartean Frantzian aldaketa azkar eta sakonak ekarri zituen prozesu sozial eta politikoa izan zen. Prozesu horretan, Frantziako Antzinako Erregimenaren egitura politikoa (monarkia absolutua, pribilegio feudalekin aristokraziarentzat eta klero katolikoarentzat) irauli zen, Ilustrazioko printzipio arrazionaletan oinarrituta eta Liberté, égalité, fraternité leloan bilduta.

Aldaketa horiek bortizki astindu zuten Frantzia osoa. Errepublikaren aldekoak eta erregearen aldekoak elkarren kontra borrokatu ziren, eta Izualdian, exekuzioak zabaldu eta errepresioa areagotu zen, baita errepublikanoen artean ere. Kanpo harremanei dagokienez, Frantziari gerra egin zioten Europako botere nagusi guztiek garai honetan, lehengo egoera politikora itzularazi nahian.

Iraultza Napoleon Bonapartek boterea eskuratzean amaitutzat jo zen. Inperio bat eta gerra ugariren ondoren, 1815ean monarkia berrezarri zen Frantzian.

Aro Garaikidea Frantziako Iraultzaren atzetik etorri da. Harrezkero, errepublikak eta demokraziak ugaldu eta hedatu dira, eta ideologia modernoak sortu, Frantziako Iraultzan jaiotako liberalismoaren, nazionalismoaren, sozialismoaren eta sekularizazioaren argitan.

Iraultzaren zergatiak

Frantziako egoera orokorra oso zaila zen iraultzaren bezperan, faktore negatibo asko baitzeuden momentu horretan. Arrazoi horien artean ilustrazioaren ideiak, burgesiaren gorakada, krisi ekonomikoa eta uzta txarrak zeuden beste askoren artean.

Egitura kariei begira Frantzian, momentu hartan, monarkia absolutista krisi sakonean zegoen, bere egitura eta erakundeak estatuaren eta herritarren beharrei irtenbide bat emateko kapazak ez baitziren. Alde batetik burgesiaren gorakada handia egon zen XVIII. mende osoan zehar. Honek gero eta garrantzia ekonomiko handiagoa zuen, haien eskuetan baitzeuden finantzak, merkataritza eta produkzio bideak, besteak beste. Honen ondorioz estatuaren ondasun sortzaile eta honen ekonomiaren euskarri ia bakarrak bihurtu ziren. Honez gainera, haiek ziren, halaber, ikasketak egiten zituztenak, eta Ilustrazioaren berdintasun politikoaren eta gobernu eta gizarte arrazionalen ideiak hartu zituzten besteak batzuen artean. Guzti honen ondorioz, bere garrantziaren kontzientzia hartu zuten eta orduan ia ez zuten ordezkapen politikoa eskatzen hasi ziren.

Beste alde batetik, noblezia eta kleroa ziren errepresentazio politikoa zuten bakarrak. Alabaina haiek ez zuten ondasunik ekoizten, bakarrik hauek pilatzen zituzten gizartearen mesederako inolako inbertsiorik egin gabe eta inolako benefiziorik atera gabe. Honez gainera, ez zuten zergarik ordaintzen. Azken gauza hau arazo larria izan zen Iraultza bezperan, Frantzia krisi ekonomiko kroniko eta larri batean sartuta baitzegoen. Finantza egoera hau hobetzeko modu bakarra klase pribilegiatuek ere zergak ordainaraztea zen. Baina erreforma hau aurrera eraman nahi izan zen bakoitzean atzera bota zen, noble eta kleroak haien pribilegiotan oinarrituta zegoen estamentuen gizartea arriskuan ikusten baitzuten. Horregatik, gertatu zen “nobleen errebolta” eta erregeak 1788. urtean Estatu Orokorrak biltzeko deia egin behar izan zuen (nahiz eta ez bildu 1614. urtetik), krisia amaitzeko konponbideak bilatzearren.

Azkenik, aipatutako krisi ekonomiko sakon hori are larriago bihurtu zen Frantziak AEBen independentziako gerraren gastuen ondorioz. Krisi ekonomikoko kinka honetara nekazaritza krisia eta uzta txarrak gehitu ziren, eta ondorioz pobrezia eta gosea gehiago zabaldu ziren. Baina honen beste ondorio larria ere izan zen industriaren produktuen eskaria jaistea, krisi industriala sortu zenarekin.

1789ko Estatu Orokorrak

Luis XVI.a tronura igo zen krisi ekonomiko baten erdian; estatua porrotaren gertu zegoen eta gastuak sarrerak baino handiagoak ziren. Egoerak Zazpi Urteko Gudan eta Ameriketako iraultzan parte hartzean zeukan erroa. 1776ko maiatzean, Turgot ogasun ministroa egotzi zuten erreformak ezartzeko gai izan ez zelako. Hurrengo urtean, Jacques Necker, atzerritar bat, Ogasun Comptroller Orokorra izendatu zuten. Ezin izan zuten ministroa izendatu protestantea zelako.

Necker zerga atzeragarriek herri xumea zapaltzen zutela konturatu zen, aitoren semeentzat eta elizgizonentzat salbuespen ugari zeuden bitartean. Herrian zerga gehiago ezin zirela ezarri eta salbuespenak kendu behar zirela esan zuen; eta mailegu gehiago eskatuz gero, herriaren diru eskasia konponduko zela iradoki zuen. Necker txosten bat argitaratu zuen aldarrikapen hau sustatzeko (bertan defizita gutxiesten zuen 36 milio liberatan), eta legegizonen boterea murriztea proposatu zuen.

Erregeen ministroek ez zuen txostena onartu eta Neckerrek, bere posizioa sendotzeko ministro egiteko eskatu zion erregeari. Hark uko egin zion, Necker egotzi zuen, eta Charles Alexandre de Calonne aukeratu zuen. Calonne dirua xahutzen hasi zen, baina, berehala, herriaren ogasun egoera larriaz jabetu zen eta zerga kode berria proposatu zuen.

Proposamenaren arabera lurraren gaineko zergak ezarriko ziren, beraz, aitoren semeei eta elizgizonei eragingo zien. Legebiltzarrak proposamenari aurre egin zionez, Calonnek Handikien Biltzarra antolatu zuen. Hala ere, Biltzarrak ez zituen Calonneren proposamenak onartu eta, gainera, kritikak zirela medio, bere posizioa ahuldu zuen. Hortaz, erregeak Estatu Orokorrak bildu nahi izan zituen 1789ko maiatzerako, 1614tik lehenengo aldiz. Hori Borboi monarkiaren ahuleziaren seinalea izan zen, herri xumearen erabakiaren pean geratuko baitzen.

Estatu Orokorrak hiru estatutan antolatuta zeuden: elizgizonak, nobleak, eta gainerakoak. Batzartu ziren azken aldian, 1614an, estatuek boto bana izan zuten, beraz, bik bati irabazi ahal zioten. Pariseko Legebiltzarra gobernuak iruzur egiteko beldur zen; emaitzak moldatuko zituelakoan baitzegoen. Hori horrela, biltzarra 1614ko bezalakoa izateko eskatu zuten. 1614ko arauak ez zetozen bat tokian tokiko arauekin, haietan, legebiltzarkideek boto bana zeukaten; hirugarren estatuaren legebiltzarkideen zenbakia (herri xumea) bikoitza zen; legebiltzarkideak hautatzeko hauteskundeak zeuzkaten eta legebiltzarkide bat-boto bat araua zeukaten, estatuka botoa eman beharrean.

Batzartu baino lehen, “Hogeita hamar laguneko komitea”, Parisko liberalen talde bat, estatuka bozkatzearen aurka hasi zen. Talde hark (batez ere aberatsak ziren) Estatu Orokorrean Dauphiné bozketa metodoa erabiltzearen alde agertu zen. Taldekideek antzinako aurrekariak ez zirela nahikoak esaten zuten, burujabetza herrian zeutzalako. Neckerrek handikien bigarren bilkura bat antolatu zuen, bertan, bitartekaritza bikoitza egozten zuten, 333 boto aldeko eta 111 boto aurkako emaitzarekin. Erregeak, hala ere, abenduaren 27an proposamena onartu zuen; baina Estatu Orokorrentzat boto bakoitzaren pisuaren eztabaida utzi zion.

Hauteskundeak 1789ko udaberrian izan ziren; hirugarren estaturako boto-emaile izateko, 25 urte edo goragoko frantses gizonezkoa izan; zergak ordaindu eta bozkatuko zen lekuan bizi behar zen.

Hautesle askok bozkatu zuen eta 1201 bitartekari hautatu zituzten: 291 noble, 300 elizgizon eta 610 hirugarren estatukoak. Bitartekariak gidatzeko, arazoen zerrendak edo “Bidegabekerien liburuak” (Cahiers de doléances) prestatu ziren. Liburu haietan hilabete batzuk aurrerago erradikalak izan ziren ideiak zeuden; hala ere, ia guztiek monarkiaren alde egiten zuten. Asko Estatu Orokorrek zerga gehiago onartuko zituztelakoan zegoen eta Ilustrazioaren ideiak oso arraroak ziren.

Zentsura kendu zutenean, elizgizon eta aitoren seme liberalek egindako esku-orriak hedatu ziren. Sieyès abadeak, teorialari eta elizgizon katolikoak, hirugarren estatuaren garrantzia nabarmendu zuen, panfleto haietako batean: Qu’est-ce que le tiers état? (“Zer da Hirugarren Estatua?). 1789ko urtarrilean argitaratu zuen eta bertan esan zuen: “Zer da Hirugarren Estatua? Dena. Zer izan da ordena politikoan? Ezer ez. Zer izan nahi du? Zerbait.”

Nazio Biltzarra (1789)

Jacques-Louis Daviden Pilotalekuko Zina.

Hilabete bateko eztabaiden ostean, Hirugarren Estatuak ekimena hartu zuen. Abbé Sieyèsek proposatuta, 1789ko ekainaren 17an, Estatu Orokorrek Frantziako Nazio Biltzarra izena hartu zuten, orain nazioa bera (eta ez estamentuak) ordezkatzen baitzuen biltzarrak. Beste bi estamentuei bat egiteko gonbita luzatu zien, baina haiek gabe ere jarraitzeko asmoa agertu zuen. Ekainaren 19an, xeheen arazoez arduratuta zeuden apaizek bat egin zuten Hirugarren Estatuarekin, baita nobleziako 47 kidek ere.

Ekainaren 20an, erregeak biltzeko lekua itxi zien, prozesua mugatzeko asmoz. Hala ere, biltzarra aldameneko pilotaleku batean bildu zen. Hor Pilotalekuko Zina egin zuten, zeinetan Frantziak idatzitako konstituzioa izan arte biltzen jarraituko zutela hitzartu zuten.

Ekainaren 27rako, erregearen aldeko alderdiak amore eman zuen, nahiz eta Parisera eta Versaillesera soldadu asko hurbildu ziren. Biltzarrari babes- eta adore-mezu ugari iritsi zitzaizkion Frantziako hiri askotatik bidalita. Uztailaren 9an, biltzarrak Nazio Biltzar Konstituziogile izena hartu zuen.

Biltzar Nazional Konstituziogilea (1789-1791)

Bastillaren hartzea

Bastilla hartzen, Parisen.
Sakontzeko, irakurri: «Bastillaren Hartzea»

Orduko, Necker Frantziako gorteko kide askok etsaitzat zeukaten Hirugarren Estatua babestu eta gidatzeagatik. Marie Antoinette erreginak, Artoisko kondeak (Luisen anaia gazteagoak) eta erregeko kontseilu pribatuko beste kide atzerakoiek limurtu zuten erregea Necker kanporatu zezan. Uztailaren 11n, erregeak Necker bota zuen, finantza ministerioa guztiz eraberritzen zuen bitartean.

Paristar askok uste zuten ekintza hori atzerakoien kolpe bat zela, eta, hurrengo egunean, berriak entzundakoan, matxinatu ziren. Halaber, errege soldaduek Biltzar Konstituziogilea bertan behera utziko zuten beldur ziren. Horretarako, etengabeko sesioari ekin zion Biltzarrak, berriro biltokitik kanpora ez zitzaten. Paris, berehala, anarkiak bereganatu zuen. Masek Frantziako Guardiaren babesa, tartean hezitako soldaduak eta armak, eskuratu zituzten, batez ere erregearen aldeko buruzagiek hiria utzi zutelako.

Uztailaren 14an, matxinatuek Bastille gotorlekuan barnan zeuden armak begiz jo zituzten. Espetxea, gainera, monarkiaren tiraniaren ikurra ere bazen. Zenbait ordu iraun zuen borrokaren ostean, arratsaldean bertan amore eman zuen gotorlekuak. Su-etena agindu arren, matxinatuek Bernard de Launay markesa hartu, sastatu eta erail zuten, burua moztuta. Pika batean iltzatuta, burua hiri osoan zehar erakutsi zuten. Askatutako presoa 7 besterik ez baziren ere, Antzinako Erregimenaren azpian gorroto zuten guztiaren ikur bilakatu zen Bastilla.

Erregeek eta laguntzaile militarrek atzera egin zuten. Lafayettek Parisko Guardia Nazionala bere mendean hartu zuen. Jean-Sylvain Bailly, Pilotalekuko Zinaren garaian Biltzarreko burua, Parisko alkate berria bihurtu zen, Commune izeneko gobernu-egitura berriaren azpian. Erregeak Paris bisitatu zuen, eta, uztailaren 27an hirukoloredun txanoa onartu zuen, Vive la Nation (Gora Nazioa) oihuen artean. Keinuak keinu, noblezia ez zen seguruago sentitzen, eta atzerrira abiatzen hasi ziren. Horietako batzuek balizko gerra zibila planeatzeari ekin zioten, edo Frantziaren aurka Europako gainerako erresumek egin zezaten eskatzeari.

Uztailaren amaierako, herri burujabetzaren izpiritua Frantzian zehar hedatu zen. Hainbat tokitan, batzuk haratago joan ziren, eta noblearekiko kontratu feudalak erre zituzten, “la Grande Peur” (Ikaraldi Handia) izeneko matxinadan barnan.

Konstituziorako bidean

Abuztuaren 4an, Biltzar Konstituziogileak feudalismoa bertan behera utzi zuen. Noblezia zein kleroen jaun-eskubideak desagerturik zeuden hainbat orduren buruan. Ameriketako Estatu Batuetako Independentziaren Aldarrikapena eredu hartuta, 1789ko abuztuaren 26an, Gizonaren eta Herritarraren Eskubideen Adierazpena plazaratu zuen Biltzarrak. Printzipioen zerrenda zen, indarreko konstituzioa baino.

Necker, Mounier, Lally-Tollendal eta beste batzuk senatuaren alde borrokatu zuten alferrik, herriak hautatutakoen artean koroak izendapenak egin zitzan. Noble gehienek aristokraziak aukeratutako Goi Ganbararen alde egin zuten. Baina herritarren alderdiak ebatzi zuen: Frantziak ganbera bakarreko biltzarra izango zuen. Erregeak “berandutzeko betoa” zeukan, lege bat indarrean jartzea moteltzeko ahalmena alegia, baina zeharo geldiarazterik ez.

Urriaren 5ean, batik bat Parisko emakume langileez osaturiko martxa Versaillesera joan zen amorruari irtenbidea emateko. Izan ere, egoera ekonomiko larri horretan, ogi errazionamenduak indarrean zeuden esaterako, erregeak eta gorteak oturuntzak ospatzen jarraitzen zuten. Aldi berean, erregezaleak Biltzarra geldiarazten ahalegin ez zitezen nahi zuten, baita erregea Parisa joan zedin ere, miseria ikus zezan. Urriaren 6an, atzean Guardia Nazionaleko 20.000 soldadu zituztela, erregea eta sendia Parisera mugitu ziren, Biltzar Konstituziogileari zilegitasuna emanez.

Hastapenean krisialdi ekonomikoari aurre egiteko deituta ere, beste gai batzuez arduratu zen biltzarra. Hala nola, antzinako probintzia zaharrak 83 departamenduren ordez aldatu zituen, gutxi gorabehera zabalera eta populazio berdintsukoak, era berean gobernatzeko. Nolanahi ere, 1789aren amaierako, defizita are handiagoa zen. Honoré Mirabeau izango zen horren arduradun nagusia, Neckerrek finantza-arloetarako botere osoa zeukalarik.

Iraultza eta Eliza

Iraultzak Eliza Katolikotik Estatura igorri zuen botere zinez handia. Antzinako Erregimenaren azpian, Eliza herrialdeko lur-jabe nagusia izan zen. 1790ean indarrean ezarri zen legediaren arabera, elizak uzten gaineko zergak eskatzeko zeukan eskubidea (dîme) bertan behera geratu zen, kleroaren pribilegio bereziak deuseztatu ziren, eta Elizaren ondasun ugari bahitu ziren. Hein txiki batean, Biltzarrak krisialdi ekonomikoari Elizaren ondasunaren bidez aurre egin zion. Ondasun kopuru eskerga hori diru berehala bihurtzeko, gobernuak paper-moneta berezia (assignats) sortu zuen, elizaren bahitutako lur-sailek babestuta. 1790eko otsailaren 13an, botoak ezeztatu ziren. Kleroaren Konstituzio Zibilaren bidez (1790eko uztailaren 12an onartu arren, erregeak abenduaren 26ra arte ez zuen sinatu), gainerako kleroa Estatuko langile bihurtuta geratu zen, eta, horrenbestez, konstituzioari fideltasunezko zina egin behar izan zion.

Araudi honen aurren, Aixko artzapezpikuak eta Clermonteko apezpikuak Biltzar Konstituziogilea utzi zuten. Aita Santuak ez zuen inoiz itun berri hori onetsi. Ondorioz, zina egin eta egoera berria onartu zutenen eta onartu ez zutenen artean zisma bat gertatu zen. Hurrengo urteetan apaizeriak errepresio bortitza pairatu behar izan zuen. Napoleonek eta Elizak 1801ean hitzartutako Konkordatu berrirekin dekristautasunaren garaiari amaiera eman zitzaion, eta, Eliza Katolikoaren eta Frantziako Estatuaren arteko harremana arautu zen, harik eta Hirugarren Errepublikak estatua eta eliza bereizi zituen 1905eko abenduaren 11n.

Alderdien agerpena

Denboraren poderioz, biltzarrean iritziaren arabera alderdiak agertzen hasi ziren. Jacques Antoine Marie de Cazalès aristokrata eta Jean-Sifrein Maury apaiza eskuinaren adarraren buru bilakatu ziren, iraultzaren oposizioa. Eskuin izena hartu zuten biltzarraren eskuinean kokatzen baitziren. Erregezale demokratek (monarchiens), Jean Joseph Mounier, Lally-Tollendaleko kontea, Clermont-Tonnerreko kontea, edo Victor Malouet, Virieuko kontea, Neckerrekin batera, Erresuma Batuaren gisako eredu konstituzional aldera mugitu nahi zuten Frantzia.

Alderdi Nazionalean, biltzarreko erdialdean edo, ezker-erdialdean, Honoré Mirabeau, Lafayette, eta Bailly zeuden lerrokatuta. Adrien Duport, Barnave eta Alexandre Lameth ikusmolde erradikalagoen ikurra irudikatzen zuten. Are ezkerrago, ia bakarrik, Arrasko legegizon bat zegoen, Maximilien Robespierre. Garai honetan Abbé Sieyèsek lortu zuen erdialdearen eta ezkerraren arteko kontsentsua eskuratu zuen araudi gehiena plazaratzeko.

Parisen, nolanahi ere, zenbait komitek, alkateak, ordezkarien biltzarrak edo hiriko barrutiek, guztiek, autoritatea aldarrikatzen zuten besteen esanak gorabehera. Klase ertaineko Guardia Nazionala ere, Lafayetteren agintepean, botere gisa agertzen joan zen, beren kabuz sortutako beste biltzarrek bezala.

Garai honetan, halaber, klub politikoak agertu ziren. Haien artean, jakobindarra nabarmendu zen, zeinek bere barruan beste klub asko bereganatu zituen. Dena den, herrikoiago bihurtuta, zenbait kidek jakobindar kluba utzi zuten, eta 89etako Kluba osatu zuten. Erregezaleek ere berea eratu zuten, lehendabizi Club des Impartiaux izenpean, eta geroago Club Monarchique bezala. Ogia banatuz jende xehearen oniritzia eskuratzen saiatu ziren arren, matxinatu ugariren jomuga izan ziren. Parisko udaleko agintariek, azkenean, klub hori itxi zuten 1791ko urtarrilean.

Konstituzioa burutzen

Oztopoak oztopo, biltzarrak konstituzioa garatzen jarraitu zuen. Justizia-egitura berria eratu zen, magistratura guztiak behin-behineko eta erregearengandik independente bihurtuz. Oinordetzako karguak, monarkia izan ezik, deuseztatu egin ziren. Gerra proposatzea erregearen esku utzi zen, parlamentuak gerra deklaratzeko azken eskumena zuen bitartean. Salerosketarako barneko muga oro bertan behera utzi zituzten, eta lan-anaidiak ezereztatu ziren: edozeinek edozein lan egiteko eskubidea lortu zuen, betiere legezko lizentzia eskuratuta. Grebak ilegal bihurtu ziren.

Nahiz eta erregea eta errege-familia 1791ko ekainaren 20an Frantzia uzten saiatu ziren (eta horregatik zaintzapean gorde zituen Biltzarrak), oraindik ere Biltzarraren gehiengoa errepublika baino monarkia konstituzionalaren alde zegoen. Egoera horretan, hitzarmen bat eskuratu zen erregeari zegokionez: Luis XVI.a estatuburua baino ez zen izango. Konstituzioari zin egin behar zion halabeharrez, eta hitza janda edota nazioaren kontra gerra eginda, de facto, abdikazioa izango litzateke.

Kinka horretan, Jacques Pierre Brissotek eskaera bat plazaratu zuen, non, nazioaren iritsiz, alde egin zuenetik Luis XVI.a ez zen jadanik errege zilegia. Egundoko jendetza bildu zen Champ de Marsen dokumentua sinatzera. Georges Dantonek eta Camille Desmoulinsek hitzaldi sutsuak eman zituzten. Biltzarrak hiriko agintariei ordena publikoa berrezar zezan eskatu zion. Lafayetteren agindupeko Guardia Nazionalak sua erabili behar izan zuen jendetza desegiteko, eta gutxienez 50 lagun hil ziren bertan. Horren ondoren agintariek klub abertzale andana itxi zituzten, baita zenbait egunkari ere, Jean-Paul Maraten L'Ami du Peuple esaterako. Danton Ingalaterrara deserriratu zen; Desmoulins eta Marat ezkutatu ziren.

Bitartean, atzerritik etorri zen mehatxu berri bat: Germaniako Erromatar Inperio Santuko enperatoreak, Prusiako erregeak, eta Charles-Philippe Luis XVI.aren anaiak berak Pilnitzeko Iragarpena sinatu zuten. Frantziako erregearen egoera bere egin zuten, eta askatasun osoa zein biltzarra deuseztatzeko eskatu zuten. Kontrakoa egindakoan, Frantziaren inbasioa, bere onerako, agindu zen. Baieztapen horiek Luisen egoera larriagotu zuten, kanpoko erregeen nahiak arbuiatzen baitzituzten frantziarrek.

Azkenean, indarrean jarritako legeak konstituzio batean bildu ziren, moldaketa berririk egin gabe. Erregeak onartu zuen biltzarraren aurrean, eta txalo zaparrada jaso zuen trukean. Biltzar Konstituziogileak 1791ko irailaren 29rako ezarri zuen bere agintaldiaren muga.

Biltzar Legegilea (1791-1792)

1791n onartutako Konstituzioaren pean, Frantziaren sistema politikoa monarkia konstituzionala zen. Erregeak hautatutako Biltzar Legegilearekin partekatu behar izaten zuen boterea, nahiz eta ministroak aukeratzeko eta betoa ezartzeko eskumena izan. Biltzarra 165 bat erregezale konstituzionalek (Feuillants), 300 bat girondinok (ezkertiar liberalak) eta jakobinok (iraultzaile erradikalak) ezkerrean, eta afiliaziorik gabeko 250 bat diputatuk.

Biltzar Legegilea 1791ko urriaren 1ean bildu zen lehen aldiz, eta urtebete geroago kaosak hartuta zegoen. Porrot horren ondorioz, estatuko altxorra hutsik, armada diziplina gabe eta herria matxinatuta geratu ziren. Hasieratik, erregeak deserriratutako nobleziaren kontrako legediari betoa ezarri zion, baita Konstituzioari zin egin ez zioten apaizei zortzi egunetan zin eragiteko aginduari ere. Urtebete baten buruan, horrelako desadostasunek ezegonkortasuna eta iraultzaren areagotzea ekarri zituzten.

Gerra

Sakontzeko, irakurri: «Frantziako Iraultzako Gerrak»

Garaiko kinka politikoak Frantzia Austriaren eta bere aliatuen kontrako gerrara eraman zuen. Erregeak, atzerakoiek eta girondinoek gerra hori nahi zuten. Erregeak, eta harekin batera atzerakoi frankok, espero zuten gerrak monarkiaren ospea handituko zuela. Gainera, galtzaileak galtzaile, atarramendua atera ahal zion egoerari.

Girondinoek iraultza Europa osoan zehar hedatu nahi zuten, eta ondorioz, Frantzian bertan iraultza defendatzea eta sendotzea. Jakobino erradikalenetako batzuk baino ez zeuden gudaren aurka. Nahiago zuten etxean finkatzea iraultza, kanporatu aurretik.

Baliteke Austriako enperadoreak, Leopold II.ak, Marie Antoinette Frantziako erreginaren anaiak, gerra geldiarazi nahi izatea, baina 1792ko martxoaren 1ean hil zen. Frantziak Austriari apirilaren 20an deklaratu zion, eta Prusiak Austriarekin bat egin zuen hainbat aste geroago. Prusiak Frantzia inbaditu zuen, erresistentzia txikia aurkitzen zuela, harik eta Valmyko batailara arte (1792ko irailaren 20a). Orduko, Frantzia kalapitan zegoen, eta monarkia iraganaldiko kontua baino ez zen jada.

Krisialdi konstituzionala

Tuileries jauregia hartzen.

1792ko abuztuaren 10eko gauean, Parisko Komunak erakunde iraultzaile berriak babestuta, matxinoek Tuileries Jauregia hartu zuten. Erregeak eta erreginak preso amaitu zuten. Biltzar Legegilearen sasoi azkar batean, monarkia ezeztatu zen. Diputatuen heren bat baino ez zegoen bertan, ia guztiak jakobinoak.

Komunak taldeak bidali zituen espetxeetara triskantza egitera. Frantziako beste hirietara gutun bat igorri zuen Parisko ereduari jarrai ziezaioten gonbitea egiten. Biltzar Legegileak erresistentzia eskasa eskaini ahal zion. Gobernu nazionalaren geratzen zen apurra Komunaren esku geratu zen edozein ekimen hartu ahal izateko.

Egoera honek iraun zuen harik eta Konbentzioa bildu zen arte (1792ko irailaren 20ra arte) konstituzio berri bat idazteko helburu zuela. Franziako de factoko gobernu berri honek, hurrengo egunean monarkia deuseztatu zuen. Data hori, geroago, Frantziako Egutegi Iraultzailearen Lehenengo Urtearen hasierarekin batu zen.

Konbentzio Nazionala (1792-1795)

Sakontzeko, irakurri: «Konbentzio Nazionala»

Girondinoak eta jakobinoak aurrez aurre

Erregearen heriotza.

Hastapenean girondinoek menderatzen zuten Konbentzioa. Erregearen kontrako epaiketa saihesten saiatu ziren, kontra-iraultza eta Europako monarkien nahigabea ez areagotzearren. Nolanahi ere, 1792ko azaroaren 20an, erregearen kutxa sekretuan aurkitutako dokumentuek prozesua saihestezina bihurtu zuten, Luis XVI.aren traizioa ukaezina baitzen. Epaiketa abenduaren 10ean hasita, errege erruduntzat jo zuten argi eta garbi (693 boto alde eta 28 boto aurka). Heriotz zigorra ez zen hain nabarmenki ezarri, 366 boto 334ren aurka. Erregea, 1793ko urtarrilaren 21ean gillotinatu zuten. Erregina urriaren 16an.

Exekuzioak erantzun epelak eragin zituen Frantzian eta beroagoak atzerrian. Izan ere, Europako erregeek Lehenengo Koalizioa osatu zuten 1793ko otsailean. Horri aurre egiteko, otsailaren 24an, girondinoek 300.000 gizon altxatu zituzten armadarako. Honek landa-matxinadak sortu zituen Alsazian, Bretainian eta beste hainbat tokitan, zein bortizki utzi zuten bertan behera.

Vendéeko Gerra martxoaren hasieran hasi zen, nobleak, zin egin ez zuen apaizteria eta laborari nahigabetuak batu baitziren. Girondinoek Osasun Publikoko Komitea eta Epaitegi Iraultzailea onartzeko beharra izan zuten arazo horiei aurre egiteko. Dena den, gerraren porroten eta prezioen igoeren aitzinean, sans-culottes zeritzonak (langile txiroak eta jakobino erradikalak) matxinatu ziren Parisen 1793ko maiatzaren 31ren eta ekainaren 2ren bitartean. Jakobinoak horretaz probestu ziren boterea bereganatzeko. Probintzietan kontrakoa gertatu zen, Marseillan edo Lyonen esaterako, girondinoek tokiko jakobinoak atzeman zituzten.

Errepublika kolokan

Maraten heriotza (Jacques-Louis Davidek margotua).

Jakobinoek boterea lortu zutenean, Errepublikak arrisku franko zituen. Vendéeko altxamendua, monarkiko bihurtuta nobleen eskutik, mendebalderantz hedatu zen. Saumur eta Angers 1793ko ekainean hartu zituzten, Nantesek eutsi zuen bitartean. Parisko errepresioa ekidin ahal izan zuten girondinoek departamenduetan hiriburuko gobernuaren aurka altxatzea eskatzen zuten. Uztailaren 13an, Marat Charlotte Corday federalistak erail zuen. Frantziako mugetan Espainiako, Piamonteko, Prusiako, Austriako eta Ingalaterrako armadek aurrera egiten zuten. Horren guztiaren aurrean, jakobinoek, sans-culottesen presiopean, neurri erradikalak ezartzeari ekin zioten.

1793ko ekainean, Konbentzioak konstituzio demokratikoa eta dezentralizatua bozkatu zuen, erreferendumen bidez onetsita. Benetako herri-burujabetzaren alde egin zuen sufragio unibertsaleko hauteskunde ohikoak bultzatzen baitzituen. Hala ere, konstituzio hori ez zen sekula indarrean jarri. Abuztuaren 10ean, Konbentzioak bakera arte utzi zuen bertan behera konstituzioa.

Biltzarretik ateratako erakunde beterazle nagusia Osasun Publikoko Komitea izan zen. 1793ko apirilean sortua, Danton horren buru izan zen ekainaren 10era arte. Hilabetero aukeratzen ziren 12 kidez osatuta, legeen ekimena, botere beterazlea eta funtzionarioen izendatzeko gaitasuna zeuzkan bere gain. Robespierre buru nagusia bilakatu zen, nahiz eta kide bakoitza arlo batez arduratu.

Konbentzioak Jacques-René Hébert buru zuten Parisko sans-culottes erradikalen presioari aurre egin behar izan zion. Konbentzioa hartuta, 1793ko irailaren 4an eta 5ean, armada iraultzailearen eraketa eragin zuten, kontra-iraultza erreprimitzeko. Honen ondorioa, Izualdia eratu zen.

Errepublika salbatzeko neurriak

Gerrari aurre egiteko, 1793ko abuztuaren 23an, gazte ezkongabe guztiak armadara bidaltzeko eskubidea bermatu zen. Gainerako frantziarrek ere laguntza eman behar zuten, harresiak sendotuz edo gerrarako beste eginkizunetan. Nazioaren ekonomia osoa gerrari begira jarri zen. Azkar, 1.000.000 hiritarreko armada antolatu zen. Eskarmentu eza gorabehera, soldadu berrien suhartasunak lehengo garaipen militarrak ekarriko zizkion Frantziari.

Kontra-iraultzari aurre egiteko, Izualdia deritzona abian jarri zuten, susmagarrien legea onartzean 1793ko irailean. Susmagarrien zerrenda luzea zen oso: nobleak, barrukoak zein kanpokoak; zin egin ez zuten apaizak; federalistak... Bakera arte ziren espetxeratzekoak. Sans-culottesek menderatzen zituzten herri-elkarteek polizia eta ikuskatzeko ardura jaso zuten.

Batez ere hornitzeko arazoak, janarien prezioen igoera eta monetaren debaluazioa zirela eta, hirietako biztanleriaren nahigabeari aurre egiteko, Osasun Publikoko Komiteak izu ekonomikoa abiarazi zuen. Uztailaren 27an, saldu ordez, ondasunak biltzen zituztenen aurka heriotz zigorra ezarri zuten. Irailean, gehiengo prezioen legearen arabera, salneurriak 1790ekoan geratu ziren, %30 hazita. Diruaren (assignat) egonkortasuna bermatu zen. Hala ere, hirietan hornitzeko arazoak ez ziren amaitu.

Borondatean oinarritutako politika horrek Errepublika salbatu zuen. Gerran, 1793ko irailaren amaieratik aurrera, Lehenengo Koalizioko atzerriko armadak mugetatik kanpo aterarazi zituzten. Matxinada federalista bertan behera utzi zen, Toulonen izan ezik, non ingelesen laguntza izan zuten. Vendéen ere garaipenak eskuratu zituzten katoliko eta monarkiazaleen aurka. Hor, errepresioa izugarri izan zen. Jean-Baptiste Carrierrek, gobernuko ordezkariak, 1793ko abendutik 1794ko otsailera, milaka lagun hilarazi zituen Nantesen. Fusilamenduak ohikoak izan ziren. Herrietan, zibilak eta matxinatuak bereizi gabe, etxeak erre eta herriak suntsitzen ziren, triskantza handiak eraginez.

Dekristautasunaren aldeko neurriak estatu osora zabaldu ziren. Berdintasunaren izenean, estatuak, gurutzeak eta abar eraitsi ziren. 1793ko urriaren 5ean, egutegi errepublikarra jarri zen martxan. Azaroaren 7an, Parisko artzapezpikuak dimititutakoan, Konbentzioko apaiz guztiek gauza bera egin zuten. Ezkontzera behartu zituzten apaiz errepublikarrak. Elizak itxi ziren. Iraultzaren martirien gurtza bultzatu zen. Azaroaren 10ean, Arrazoiaren besta ospatu zen Parisko Notre-Dame katedralean.

Robespierre eta Izualdi Handia

Robespierren ekimenean, salbuespen-gobernua ezarri zen 1793ko abenduan. Konbentzioak botere guztiak hartu zituen. Probintzietan bidegabekeriak galaraztearren, ordezkarien boterea mugatu zuten. Dekristautasuna eten nahian, ateismoaren kontra egin zuen Robespierrek. Gurtzen askatasuna bermatu eta arimaren hilezkortasuna onartu zuen dekretuen bidez.

Parisen, Konbentzioaren gainean sans-culottesek zeukaten eragina murrizten ahalegindu zen Osasun Publikoko Komitea. Jakobinoen alde ezkertiarrena suntsitzeko asmoz, 1794ko martxoaren amaieran, haren buru nagusiak, Hébert, Jacques Roux eta Varlier, besteak beste, hilarazi zituen. Apirilean, jakobinoen alde eskuindarra garbitu zuten. Georges Jacques Danton eta bere taldekoak gillotinatu zituzten. Fabre d'Eglantine, egutegi iraultzailearen sortzailea, eta Camille Desmoulins, Robespierreren laguna izanda ere, gillotinatu egin zituzten.

Izualdia probintzietan apaltzen zen heinean, Parisen areagotu zen legedi baten bidez eta Izualdi Handiari hasiera emanez. Epaitegi Iraultzailean epaiketa politikoak ugari izan ziren, Iraultzaren etsaiaren definizioa zabala izanik. Lekukorik ezta abokaturik gabe, bi irtenbide besterik ez ziren posible: edota askatasuna edota heriotza. Honela Izualdi Handia hasi zen. Zetozen asteetan, 1.400 lagun baino gehiago gillotinatu zituzten Parisen.

Gerran, 1794ko udaren hasieran, gerra-ahalegin itzelak lehendabiziko emaitzak ekarri zituen. Fleurusko garaipenari esker (1794ko ekainaren 26an), Belgika berriro hartu ahal izan zuen Frantziak. Hartutako eskualdeetatik ondasunak eta janariak Frantziara eraman zituzten.

Bitartean, Robespierrek gero eta arerio gehiago zituen Konbentzioko eta Parisko politikarien artean. Botere osoa bereganatu nahi zuelako zurrumurruak zabaldu ziren. Azkenean, Robespierrek aipatu ez zituen politikarien kontra garbiketa berria egiteko mehatxua luzatutakoan, 1794ko uztailaren 27an, salatu eta atxilotu zuten. Parisko Komunak askatu zuen, baina haiekin sans-culottesek bat ez egitean, Konbentzioak tropak bidali zituen berriro atzemateko. Hurrengo egunean, uztailaren 28an, gillotinatu zuten, bere aldeko batzuekin batera. Izualdia amaiturik zegoen.

Konstituzio berria 1795eko abuztuaren 17an onetsi zuen Konbentzioak, eta irailean herriak berretsi. Indarrean irailaren 26an sartzean, erregimen berri bat sortu zuen: Zuzendaritza (Directoire).

Directoire (1795-1799)

Konstituzio berriak Zuzendaritza (directoire frantsesez) sortu zuen, Frantzian bi biltzar zituen lehendabiziko sistema. Parlamentuek 500 ordezkari (le Conseil des Cinq-Cents, Bostehunen Kontseilua) eta 250 senatari (le Conseil des Anciens, Zaharren Kontseilua) zituzten. Botere betearazlea bost "zuzendarirengan" zetzan.

Zuzendaritza ezartzean, Iraultzak amaiturik iruditu ahal zuen arren, ezegonkortasun politikoa ez zen desagertu. Izan ere, konstituziogileek biltzar berrien bi herenak Konbentziotik hautatu behar zirela ezarri zuten. Hainbat eskualdek, berriz, ordezkari erregezaleak aukeratu zituzten. Alderdien artean izandako triskantzek ez zioten hitzarmenari biderik ematen. Monarkiaren itzulera bultzatzen zutenek 1797ko martxoko hauteskundeak irabazi zituzten. Irailean, ordea, errepublikar moderatuek estatu-kolpe baten bidez bost zuzendarietatik bi kendu zituzten, 177 ordezkarien hautaketa baliogabetzeaz gain. 1798an, hauteskundeak jakobinoek irabaztekotan, kontseiluek barrutien erdiko ordezkariak izendatzeko ahalmena eman zieten euren buruei. Moderatuek boterean jarrai zuten, baina guztiz deslegitimatuta.

Gerrari dagokionez, Frantziako armadek aurrera egin zuten. 1796aren hasieran, Austria bakea sinatzera behartzearren, Alemanian zeharkako ofentsiba burutu zuten frantziarrek. Hala ere, Napoleon Bonaparte jeneral gaztea buru zuen Italiako armadak ustekabe handiena eman zuen. Honela, Austriak Campo Formioko bakea sinatzera beste irtenbiderik ez zuen. 1797 eta 1799 bitartean, Italiako penintsula ia osoan, Frantziak "errepublika ahizpak" sortu zituen, Frantziako erregimena eta instituzio berdintsuak ezarriz. Zuzendaritzari egoera ekonomikoa arintzeaz gain, garaipenek armadaren botere gero eta handiagoa ere ekarri zuten. Barneko tirabiren epaile Bonaparte bilakatu zen.

Botere goseak egonda, politikariek Napoleon Egiptora bidali zuten, Erresuma Batuaren Indiarako bidea oztopatzera. Horretaz gain, Erresuma Batua, Errusiarekin batera, urduri sentitzen hasia zen "errepublika ahizpen" ugaltzearekin. Iraultza hedatzearen eta Europa menpeko bihurtzearen beldur ziren. Bi estatu horiek Bigarren Koalizioaren sorreraren muina izan ziren.

Zuzendaritza Napoleonek emandako 1799ko azaroaren 9ko estatu-kolpearekin amaitu zen. Kontsulatua ezarri zen bere ordez. Hiru kontsul agintearen erpinean egon arren, bakarrak (Napoleonek hain zuzen) zeukan benetako boterea. Bide horretan, 1804an Bonapartek bere burua enperadore izendatu zuen, eta legez Errepublika bukatu zen.

Iraultzaren ondorioak

Iraultzaren ondorioak asko eta ugariak izan ziren eta garrantzia itzela izan dute eta daukate oraindik, horietako askok gure gizartearen oinarria dira eta.

Politikaren aldetik aldaketa eta erreforma garrantzitsu asko egin ziren. Lehenengoa Antzinako erregimenaren desagerpena da. Honek itzeleko aurrerakada ekarri zuen gaurko gizartea osatzerako bidean, haindat printzipio demokratiko ekarri zituelako berarekin. Alde batetik absolutismoa guztiz desagertu zen, eta momentu batetik aurrera monarkia ere bai. Horrekin batera konstituzio idatzia etorri zen, hau da, estatuko antolaketari buruzko alde guztiak erregulatzen zituen lege nagusi bat edo lege markoa. Egin ziren kontituzioetan puntu komunak eta esanguratsuak egon ziren ondoko hauek esaterako: botere banaketa hiru multzotan, legegilea, beterazlea eta judiziala, haien artean independienteak izan behar zirenak; ordezkapen batzarrak, edo beste modu batean esanda, herritarek sufragioaren bitartez ( bai zentsatarioa, bai gizonezko unibertsala) aukeratutako odezkariz osatutako erakunde politiko eta gubernamentalak. Azken honek argi usten zuen herriaren subiranotasunaren ideia, orain boterea herritik gobernuetara zihoalako, herria (edo honen zati bat) baitzen haien gobernuak aukeratzeko eta kentzeko eskubidea zuten bakarrak. Beste alde batetik baita ere lortu zen gizonen artean legeen berdintasuna eta estatuaren batasuna areagotzea, honen legeak lurralde guztian zehar homogeneizatuz.

Administrazioari begira itzelezko aldaketak egon ziren baita ere. Alde batetik ordurarte zeuden konterri, jaunerri, dukerri edo bestelako lurralde nazionalaren banaketa deuseztatu zuten eta nazioa departamentuetan banatu zuten. Horrez gainera administrazioa oraindik gehiago zentralizatu zuten eta nazio osorako Kode Zibil berria sortu zen. Baita ere estatua laikoa bihurtu zen, hau da, estatuaren eta elizaren arteko ezberdinketa osoa egin zen. Beste alde batetik hainbat ereakunde berriak sortu ziren. Estatuaren finantza sistema guztiz berrantolatu zen eta Frantziako Bankua eta Frankoa sortu zen berrantolaketa honetan. Justizia nazionala ere sortu zen estatu osoan justizia modu berdinean banatzeko inolako bereizketarik gabe eta modu berean Ejerzito Nazionala sortu zen Nazioaren interesak defendatzeko.

Aldaketa ekonomikoei begira burgesiaren interesak defendatzen zituzten erreformak izan ziren gehienak. Hauen artean burgesek hainbeste eskatzen zuten ekonomia askatasuna aldarrikatu zen eta horretarako gremioak eta edozein langile elkarte deuseztatu ziren. Horrez gainera jabegoa eskubide sakratua bihurtu zen eta lurren redistribuzio bat egon zen; elizaren eta emigratuen lurrak saldu ziren eta burgesia eta nekazaritzako jaunak izan ziren berrantolaketa honetan benefiziatuenak. Zergak biltzeko modu berria ere sortu zen, bertan estatuak zuzenean hartzen zituen zergak eta hauek hiritar guztiengatik haien egoera ekonomikoaren arabera izan behar ziren ordainduak.

Egin ziren erreformen ondorioz agertu zen gizartea ere guztiz ezberdina izan zen. Gizarte Estamantalaren edozein ezaugarri guztiz ezabatu zen.Honen ondorioz araudi feudala deseuztatu zen, pribilegoiak desagertu ziren eta hiritar (gizon) guztien arteko berdintasuna aldarrikatu zen. Honelako gizartea desagertzean Klase Gizartea deritzona agertu zen. Hau pertsona bakoitza bere trebetasunaren ondorioz irabazitako lorpenen arabera “klasifikatzen” zituen pertsonak. Gizarte hau aurrekoa baino askoz permeableagoa zen, hau da, askoz errazago zen klase batetik beztera pasatzea. Beste alde batetik gizonaren eta hiritarraren eskubideen aldarrikapena egin zen. Bertan gizon guztiei haien oinarrizko eskubideak onartzen zitzaien modu ofizialean. Azkenik ondorio intelektualen artean merkataritzan eta ekonomian ere eragin handia euki zuen pisu eta neurrien berdintasuna egon zen, sistema metriko dezimala hartu zutenean. Beste alde batetik hezkuntza nazionala eta kultura sustatzeko hainbat erakunde sortu ziren. Haien artean eskolak, liceoak eta goi- meskolak egon ziren; eta baita ere sortu ziren liburutegi nazionala eta museoak.

Kronologia

Ikus, gainera

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Frantziako Iraultza Aldatu lotura Wikidatan

Beste iraultza batzuk

Biografiak

Kanpo loturak