François Rude

Wikipedia, Entziklopedia askea
EnzaiBot (eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 16:09, 26 apirila 2015
François Rude
François Rude
François Rude (Emmanuel Frémieten lana)
Datu pertsonalak
Izen osoa François Rude
Jaio 1784ko urtarrilaren 4a
Dijon (Frantzia)
Hil 1855eko azaroaren 3a
Paris (Frantzia)

François Rude (Dijon, 1784ko urtarrilaren 4a - Paris, 1855eko azaroaren 3a) frantziar eskultorea izan zen.

Biografia

Dijon eta Parisen egin zituen Arte Ederretako ikasketak. 1812an Erromako eskultura sari nagusia eman zioten, baina ez zuen, bere garaiko eskultore askok bezala, Erromara ikasketak egitera joaterik izan, Erromako Akademiak ez baitzien orduko artista gazteei dirulaguntzarik ematen.

Bonapartisten aldekoa zenez, Belgikara atzerriratu behar izan zuen, borboitarrak Frantzian finkatu zirenean. Beraz, 1815ean Bruselara joan zen, eta han bizi izan zen 1827 arte. 1821ean Sophie Fremiet pintorearekin ezkondu zen[1]. Frantziara itzulirik, hainbat erakusketetan parte hartu zuen, eta ospe handiko bat arte lantegi sortu, eskultore bikain askoren eskola izan zena. 1827an Ama Birjina Sortzez Garbia eskultura-lana egin zuen Saint-Gervais-Saint-Protais elizarako.

1835 eta 1836 artean Le Départ des volontaires de 1792 (1792ko boluntarioen irteera) edo Marsellaise izenaz ezagutzen den erliebea landu zuen Parisko Garaipen Arku ospetsuan. Tradizio klasikoan oinarrituriko eskulturak zizelatu zituen. Bestalde, bere garaiko giro erromantikoko jarraitzailea izan zen. Harenak dira, halaber, La Pérouse (1828), Cavaignac jeneralaren hilobia (1847), L'éveil de Napoléon à l'Immortalité (1848, Gaspar Mongeri eginiko bustoa (1848), Joana Arc-ekoa (1852) Général Bertrand eta Ney mariskala artelanak.

Ruderen estiloa

Le Départ des volontaires de 1792, Parisko Garaipen Arkua.

Rudek jarraibide neoklasikoak aintzat hartu bazituen ere, emanagoa zen izadian ikusten zuena zorrotz irudikatzera, eta erretratatuaren berezitasunak bere horretan adieraztera orobat. Eskultura neoklasikoaren joerarik idealistenaren baitan kokatzen da hortaz. Eskultura arte didaktikoa zen Ruderentzat, ideia bat edo sentimendu bat modu atseginean betikotzeko helburuz egina. Ikuspuntu horretatik, Antzinateko gai mitologikoek eta historikoek edozeinek ulertzeko moduko izaerak eta gertaerak eskaintzen zituzten. Oinarri hori harturik, bere garaiko ideiak eskulturaren bidez adieraztea zen Ruderen helburu nagusia. Pentsaera horren adibide garbia da Rudek gogotik parte hartu zuen lan bat: Parisko Garaipen Arkuaren dekorazioa, historiazko eta abertzaletasunezko ikasgai handi bat harriz adierazia izan behar baitzuen. Arku horretarako, Rudek eskultura multzo bat egin zuen, La Marsellaise, obra ospetsua eta arrakasta handia izan zuena.

Eskultura mota asko landu zituen Rudek, batez ere monumentuetako eskultura eta pertsona ospetsuei eginiko omenaldiak eta erretratuak. Anatomiaren ezagutza sakona, antzinako estatuen anatomiazko neurriak eta ereduak bere garaiko pertsonen erretratuetara aldatzea, eta erretratatuen keinu berezi eta bizia zehatz irudikatzea ziren Ruderen ezaugarri nagusiak.

Erreferentziak

Kanpo loturak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: François Rude Aldatu lotura Wikidatan