Fred Lawrence Whipple
Fred Lawrence Whipple (Red Oak, Iowa, AEB, 1906 - 2004) estatubatuar astronomoa izan zen.
Biografia [aldatu]
Kaliforniako Unibertsitatean egin zituen ikasketak, Los Angelesen. Pluton aurkitu berriaren lehen orbita kalkulatzen lagundu zuen ikasle-garaian. Ikasketak bukatuta, 1931n, eskolak ematen hasi zen Harvardeko Unibertsitatean, eta bertako irakasle izan zen 1977 arte.
1955etik 1973ra Smithsonian Astrofisika Behatokiko zuzendari izan zen. Argazki-sistema berriak erabiliz meteoroen ibilbideak kalkulatu zituen, eta ia meteoro guztiak kometa-zati hautsiez osaturik daudela frogatu zuen.
1950ean, kometak elur pilota zikinak bezalakoak izango zirela proposatu zuen, hondakinezko geruza isolatzaileen barruan izotzezko bihotza zutelako. Bere proposamena 1986an frogatu zen, Halley kometa igaro zenean egin ziren azterketetan. Bestalde, kometen errotazioa aztertu zuen eta eguzki-sistemari buruzko liburuak idatzi zituen.
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.