Frederik de Klerk

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Frederik de Klerk
Frederik de Klerk

1989 – 1994
Aurrekoa Pieter Botha
Ondorengoa Nelson Mandela

Jaiotza 1936ko martxoaren 18a
Johannesburg, Hegoafrika
Alderdi Politikoa Hegoafrikako Alderdi Nazionala
Lanbidea Abokatua
Erlijioa Kalbinismoa

Frederik Willem de Klerk (Johannesburg, 1936ko martxoaren 18a-) afrikaner jatorriko abokatu eta politikari hegoafrikar erretiratua da, apartheid garaiko azken presidentea (1990-1994) eta sasoi horri amaiera emateko lan egin zuena. Izan ere, 1993an Bakearen Nobel Saria elkarbanatu zuen Nelson Mandelarekin batera.

Euskal Herrian bizi den gatazka konpontzeko lanetan ere inplikatu da eta Bruselako Adierazpenaren sinatzaileen artean dago.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zuzenbidea ikasi zuen eta, 1958an, Potchefstroom Unibertsitatean graduatu ondoren, abokatutzan hasi zen lanean, Vereenigingen. Parlamentuko kide aukeratu zuten, 1972an, Alderdi Nazionaletik. Garai hartan, Hegoafrikan, apartheid sistema zegoen indarrean eta, haren kariaz, gutxiengo zuria gehiengo beltzaren gainetik zegoen politika eta gizarte arloko eskubide askori zegokienez. Alderdi Nazionala apartheidaren aldekoa zen. 1989ko abuztuan, Hegoafrikako lehendakaria, P. W. Botha, gaixorik, kargua utzi behar izan zuenean, De Klerk, Alderdi Nazionaleko liderra zenez, behin-behineko lehendakari izendatu zuten. Berehala egin zen hauteskundeetarako deia eta, espero bezala, De Klerk atera zen lehendakari. Baina aldaketa sakonak etorri ziren; izan ere, Frederik De Klerkek, lehendakaritzarako kanpainan, bost urteko plan bat proposatu zuen apartheid sistema gainditu eta herritar guztien ordezkaritza bermatuko zuen konstituzio berri bat onartzeko. Hauteskundeen ondorenean, 1976tik debekaturik zeuden protesta manifestazioak legeztatu ziren eta preso politiko asko irten ziren kalera, Nelson Mandela, Afrikar Kongresu Nazionaleko buruzagi beltza, tartean zela, 1962. urteaz geroztik kartzelan baitzegoen. De Klerk-ek eta Mandelak batera lan egin zuten trantsizioko konstituzio bat sortzeko eta, halaxe, 1993ko abenduan onartu zen. Konstituzio hark, esan bezala, aldaketa handiak ekarri zituen Hegoafrikara. Hasteko, bederatzi eskualde edo probintziatan banatu zen lurraldea, probintzia bakoitzak autonomia aski handia zuela, arraza eta alderdi politiko guztientzat irekitako hauteskundeak egin ziren eta Batasun Nazionaleko gobernu bat eratzea proposatu zen, hauteskunde demokratikoak egin eta lehen bost urteetarako. Hegoafrikako apartheid sistema ezabatzeko egindako lanagatik, 1993an, Bakearen Nobel saria eman zitzaien De Klerki eta Mandelari, erdi bana.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Frederik de Klerk Aldatu lotura Wikidatan

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]