Frederiko II.a Germaniako Erromatar Inperio Santukoa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Xirkan (eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 19:27, 21 urtarrila 2016

Txantiloi:Agintari infotaula Frederiko II.a[1] (Jesi, Markak, 1194ko abenduaren 26aCastel Fiorentino, Apulia, 1250eko abenduaren 13a), ezizenez Stupor mundi edo «Munduko miraria» deitua, Germaniako Erromatar Inperio Santuko enperadorea izan zen 1220-1250 bitartean. Horrezaz gain, Italiako erregea (1220-1250), Alemaniako erregea (1212–1250) eta Siziliako erregea (1198–1250) izan zen. Seigarren Gurutzadan parte hartu ondoren, Jerusalengo errege bihurtu zen[2].

Erdi Aroko Germaniako enperadorerik boteretsuenetariko bat izan zen, eta bere burua erromatar enperadoreen ondorengo zuzentzat jotzen zuen[3]. Aitasantutzarekin hainbat gerra izan zituen; izan ere, Aita Santuen Lurraldea iparraldeko Italian zituen lurraldeen eta hegoaldeko Siziliako Erresumaren artean zegoen. Lau aldiz eskumikatu zuten eta Gregorio IX.ak antikristo deitu zion.

Bizitza

1198an, Roger II.a Siziliakoa osaba hil zenean, Siziliako errege bilakatu zen. Artean hiru urte besterik ez zuenez, ama, Konstanza I.a Siziliakoa, erreginordea izan zen[4]. Oton Brunswickekoaren kontra, Honorio III.ak enperadore izendatu zuen 1227ko azaroaren 22an. Aita Santuarekin hitzarmena egin zuen eta gurutzada antolatzeko hitza eman arren Italian luzamendutan ibili zen, eta Gregorio IX.ak eskumikatu egin zuen 1227ko azaroaren 17an[4]. Hala ere, Seigarren Gurutzada egin zuen, diplomatiko gisa, ordea: Egiptoko sultanaren eskutik, Jerusalem, Belen eta Nazaret, eskuratu zituen, eta Jerusalemgo errege koroa beretzat hartu zuen.

Frederiko Italiako arazoez kezkatuago zegoen Alemaniakoez baino, eta Aita Santuaren kontra aritu zen etengabe; hark Lonbardiako bigarren Liga eratu zuen. Gurutzadatik itzultzean, matxinada bat zapaldu behar izan zuen Italian (1230) eta Gregorio IX.ari San Germanoko bakea sinarazi zion. 1235ean, Alemanian erromatarren errege koroarazi zuen bere seme Henrike VII.aren matxinada zapaldu zuen, preso hartu zuen eta Konrado beste semeari eman zion inperioa. Italian Lonbardiako hiriak Cortenuovan menderatu zituen 1237an, eta berriro eskumikatu zuen Aita Santuak. 1241ean, bera kondenatu behar zuten kardinalak atxilotu zituen eta Inozentzio IV.ak erregetza kendu zion Lyongo kontzilioan (1245).

Hil arte ez zuen bakerik egin Aita Santuarekin, eta hark beste enperadore bat, Gilen Holandakoa, izendatu zuen bere ordez. Politika bikoitza eraman zuen beti: Alemanian feudalismoa bultzatu zuen, Elizari, printzeei, jaunei eta hiriei mesedeak eta eskubide bereziak eman zizkien; hala, anarkia bultzatu eta enperadoretzaren gainbehera ekarri zuen. Italian, bere aginpidea ezartzen saiatu zen, Melfiko Konstituzioen bidez (1231), eta erregetza absolutua ezarri zuen. Nekazaritza bultzatuz, eta kolonoak ekarriz, bere mendekoen bizitza hobetzen saiatu zen; barneko aduanak kendu zituen eta merkataritza sustatu eta erregearen lurraldeetako zergak kendu zituen. Finantzen antolakuntza oso eraginkorra izan zen, eta Palermoko gortean jakitun greko, arabiar, italiar eta juduak bildu zituen.

Bera ere ikasia zen, eta hizkuntza askotan mintzatzen zen: latin, siziliera, aleman, frantses, greziera eta arabieraz[5]. Letrak eta arteak bultzatu zituen, eta Aristoteles, Ibn Rusd, Ptolomeo eta Galenoren obrak latinera itzularazi, Padua, Bolonia eta Salernoko ikasketak bultzatu, eta Napoliko Unibertsitatea sortu zuen (1224). Bere erreinaldian siziliar poesia eskola gailendu zen, lehendabizikoz italiar erromantze literarioa bultzatu zuena[6]. Idazlea eta poeta ere izan zen eta falkoneriaren lehendabiziko tratatua idatzi zuen, De Arte Venandi cum Avibus izenekoa.

Nortasun handikoa, berritzailea eta irekia (arabiarren ohitura batzuk hartu zituen) izan arren, ez zen, ordea, gauza izan Alemania osorik bere mende edukitzeko. Haren heriotzak aro oso baten amaia ekarri zuen, Alemaniako eta Italiako aginpide inperialarena, alegia, eta bide batez Hohenstaufen familiarena.

Erreferentziak

  1. Euskaltzaindia. 66. araua: Santutegiko izen ohikoenak. .
  2. David Abulafia, Frederick II. A Medieval Emperor, Allen Lane the Penguin Press, 1988, ISBN 88-06-13197-4
  3. Roberto Weiss, The Renaissance Discovery of Classical Antiquity (Oxford: Blackwell) 1973:12.
  4. a b Moraleda Tejero, Juan Miguel. Federico II. Emperador del Sacro Imperio y Rey de Sicilia (1194-1250).. mcnbiografias.com (Noiz kontsultatua: 2016-01-21).
  5. Giovanni Villani Cronica, VI. Liburua e. 1.
  6. Claudio Rendina, Federico II di Svevia - Lo specchio del mondo, Newton Compton, Rome, 1995, ISBN 88-7983-957-8
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Frederiko II.a Germaniako Erromatar Inperio Santukoa Aldatu lotura Wikidatan


Aurrekoa
Oto IV.a
Germaniako Erromatar Inperio Santuko enperadorea
12201250
Ondorengoa
Henrike VII.a